Roh Tae-woo
- Hau korear izena da, abizena Roh du.
Roh Tae-woo (koreeraz: 노태우; no tʰɛ.u ahoskatua; Taikyu, Keisho-hokudo, Japoniaren menpeko Korea, gaur egun Hego Korea, 1932ko abenduaren 4a - Seul, 2021eko urriaren 26a) hegokorear politikaria izan zen. Herrialdeko presidentea izan zen 1988-1993 bitartean.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Familia apal batean sortu zen. Koreako Akademia Militarrean ikasketak egin ondoren, Vietnamgo Gerran jardun zuen 1960ko hamarkadan. Chun Doo-hwan jeneralaren adiskidea zen, eta haren alde agertu zen lehendakaria eraisteko matxinadan; horrela, Chun Doo-hwanek lehendakaritza eskuratu zuelarik, Rohk armada utzi eta gobernuko zenbait kargu eskuratu zituen. Agintean zen Justizia Demokratikoaren Alderdia (DJP) alderdiko lehendakari izendatu zuten 1985ean.
Chunen diktadura zapaltzailearen aurkako matxinada lehertu zelarik, sistema demokratikoa ezartzeko lehen urratsak egin behar izan zituzten. 1987an Chunek bere kargua Rohren esku utzi zuenean, herritarrek diktaduraren jarraipena etorriko zela uste izan bazuten ere, lehendakaritzarako hauteskundeak prestatzeko aukera emango zuten aldaketak egin ziren konstituzioan, eta Rohk oposizioaren eskaera gehienak onartu zituen.
1988an, Hego Koreako lehendakaritzarako lehenengo hauteskunde demokratikoetan, Roh Tae-woo bihurtu zen Korea herrialde zatituaren buruzagi. Beste zenbait ekimenez gainera, haren agintaldian, 1991n, Hego eta Ipar Korearen adiskidantzarako hitzarmena sinatu zuen. Bere alderdiaren eta beste zenbaiten bategitetik sorturiko Alderdi Demokrata Liberaleko buruzagitza bertan behera utzi zuen 1992an, eta 1993an bertan behera utzi behar izan zuen lehendakaritza, konstituzioak agintzen zuenez.
1996an, Roh epaitu eta espetxeratu egin zuten, eta Chun Doo-hwani heriotza zigorrra ezarri zioten, ustelkeriaz eta hainbat hilketaz eta estatu-kolpea eman izanaz salatu zituztelarik; baina 1997an, Kim Young-sam lehendakariak eta haren ondorengo izendaturiko Kim Dae-jungek aske utzi zituzten, nazio-adiskidantzarako urrats gisa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roh Tae-woo |
Aurrekoa Chun Doo-hwan |
Hego Koreako presidentea 1988–1993 |
Ondorengoa Kim Young-sam |