Lucilio Vanini
Lucilio Vanini | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Taurisano, 1585 | ||
Heriotza | Tolosa Okzitania, 1619ko otsailaren 9a (33/34 urte) | ||
Heriotza modua | heriotza zigorra: sutan errea | ||
Hezkuntza | |||
Hizkuntzak | italiera latina | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | filosofoa, medikua, naturalista, astrologoa eta idazlea | ||
Influentziak | Giordano Bruno eta Pietro Pomponazzi | ||
Mugimendua | Eskolastika panteismoa | ||
Izengoitia(k) | Giulio Cesare Vanini eta Lucilio Vanini | ||
Sinesmenak eta ideologia | |||
Erlijioa | katolizismoa | ||
Erlijio-ordena | Karmeldarrak |
Lucilio Vanini (1585 – 1619ko otsailaren 9a), lanetan bere burua Giulio Cesare Vanini gisa izendatzen zuena, filosofo, fisikari eta librepentsalari italiarra izan zen, libertinaje intelektualaren ordezkari nagusienetarikoa. Unibertsoa lege naturalak gobernaturiko entitate gisa (determinismo nomologikoa) irudikatu zuen lehenetariko pentsalari modernoa izan zen. Horrez gain, idazten eta irakurtzen zekien eboluzio biologikoaren lehenetariko defendatzailea izan zen, gizakiak eta bestelako tximinoak arbaso komunak dituztela tesiari eutsiz.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Vanini Taurisano-n jaio zen, Lecce-tik urbil, 1585ean, eta filosofia eta teologia ikasi zituen Napoles-en. Horren ondoren, Leccera bueltatzerakoan, fisika ikasten hasi zen, batez ere medikuntza eta astronomia; izan ere, modan jarri ziren berpizkundean. Vanini, Giordano Bruno-k bezala, eskolastika gogor eraso egin zuen. Vanini Giordano Bruno-ren antzekoa zen, ez soilik bere bizimoduan, baizik eta kristautasunaren aurkako bere ideietan.
Napolesetik Padua-ra joan zen, non Pietro Pomponazzi alejandrista bere maisu bilakatu zen. Paduan zuzenbidea ikasi zuen eta apaiz izendatua izan zen. Horren ondoren, bizitza ibiltari bat eraman zuen Frantzia, Suitza eta Herbeheretatik. Bertan, klaseak emanez, enkarguz idatziak sortuz eta ideia erradikalak, batez ere kristautasunaren aurkakoak, zabalduz ekonomikoki mantentzen zen. Frantziatik; hain zuzen ere Lyon-etik, Ingalaterrara ihes egin behar izan zuen 1612an, salatua izan baitzen liburu bat faltsifikatu eta saltzeagatik; baina han, Londresen, harrapatu egin zuten eta espetxeraturik egon zen 49 egunez. Vaninik egindakoa Erdi Aroko obra juridiko bat hartzea izan zen, horren hitz asko aldatu eta jurista frantziar bati liburua saltzea izan zen, berea izango balitz bezala Ludovico Martinus izenpean.
Italiara bueltatzerakoan, Genova-n irakasle izaten saiatu zen, baina Frantziara bidalia izan zen berriro ere, kristautasunaren kontrako jarrera izatea leporaturik, eta han bere burua defendatu behar izan zuen ateismoaren aurkako liburu bat idatziz 1615ean, Amphitheatrum Aeternae Providentiae Divino-Magicum izenekoa. Nahiz eta obran Jainkoari buruz ematen duen definizioa nahiko panteista izan, bere helbururako nahikoa izan zen, susmoak berarengandik aldendu baitzituen. Hala ere, Vaninik bere ideiak garatu eta bigarren liburu batean agerian ipini zituen, izena De Admirandis Naturae Reginae Deaeque Mortalium Arcanis izan zuena eta Parisen idatzia izan zena baita ere, 1616an. Hala ere, hasiera batean Sorbonako doktoreek onarturiko obra hori berriz aztertua izan zen, eta oraingoan kondenatua; izan ere, eliza katolikoaren testu pribatuen oharrak agerira ateratzeagatik.
Horren ondoren, Vaninik Paris utzi zuen, Bassonpierre-eko mariskalaren kapilau gisa lan egiten egon zen, eta Tolouse-n irakasten hasi zen, Ponponio Uciglio izen faltsuaren pean. 1618ko azaroan atxilotua izan zen Vanini. Tolouseko parlamentuak, ez inkisizioak, aurrera eramandako epaiketa luze baten ondoren ateotzat jo zuten Vanini; eta hortaz, kondenatu. Mingaina moztu zioten, itoarazi zuten eta sutan erre 1619ko otsailaren 9an, Salin-eko plazan.
Lana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amphitheatrum
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Amphitheatrum Aeternae Providentiae Divino-Magicum (hitzulpen posiblea: "Betiereko Probidentziaren Anfiteatroa - Erlijioso-magikoa"), Lyonen publikatua izan zena 1615ean, 50 idatziz osaturik dago. Hauetan, Vanini Janikoaren existentzia demostratzen saiatzen da, bere esentzia definitzen, bere probidentzia deskribatzen eta Pitagoras, Protagoras, Zizeron, Boecio, Akinoko Tomas, epikurearrak, Aristoteles, Averroes, estoikoak, etab. auzi horren inguruan zituzten ideia edo iritziak aztertzen eta ezeztatzen.
De Admirandis
[aldatu | aldatu iturburu kodea]De Admirandis Naturae Reginae Deaeque Mortalium Arcanis (hitzulpen posiblea: "naturaren, hilkor guztien erregina eta jainkosaren sekretu zoragarrietan") obra, 1616an Parisen publikatua Adrien Périer editorearen eskutik, lau liburutan banatzen da.
- Zeruaz eta aireaz
- Uraz eta lurraz
- Animaliaz eta pasioez
- Erlijio ez kristauez
Lau liburu hauek 60 dialogoz osaturik daude (egia esan 59; izan ere, XXXV. dialogoa galdurik dago). Dialogoak autorearen; hau da, Vanini, ezagutzaren barreiatzaile gisa jokatzen duena, eta irudimenezko Alessandro baten inguruan ematen dira. Dialogoetan, Alessandro honek Vaniniri eskatzen dio gizakiaren barneko eta inguruko naturaren misterioak zerrendatzea eta hauek azaltzea.
Obra berrinterpretazio bat da, non nahasketa bat ematen den antzinako ezagutzaren eta teoria zientifiko eta erlijioso berrien artean. Protagonistak hurrengoak aztertzen ditu: zeruaren materiala, figura, kolorea, forma, energia eta betierekotasuna; zeruaren mugimendua; eguzkia, ilargia eta izarrak; sua; kometak eta ortzadarra; tximistak, elurra eta euria; mugimendua eta aireko gainontzeko jaurtigaiak; motrailu eta balezten abiada; haizea eta haize leuna; ibaien sorburua; uraren mugimendua; landareak; esperma; ugalketa, bai arrain, hegazti eta gizakiena; zentzumenak; mirariak; ametsak, etab.
Pentsamendua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Obretan bere ideiak ilundu zituenez, ohiko estrategia autoritate erlijioso eta politikoekin arazorik ez izateko, Vaniniren pentsamenduaren interpretazioa lan zaila da. Hala ere, filosofiaren historian fedegabetzat edo ateotzat hartu izan da. Lasaikeriaren aita kontsideratu izan da, eta kristau konbentzionalek, arrazoi horrengatik, gaizki ikusi zuten Vanini, nahiz eta honek Trentoko Kontzilioaren defentsa bat idatzi
Vaniniren pentsamenduaren jatorria ulertzeko bere testuinguru kulturala kontuan hartzea beharrezkoa da. Testuinguru kultural hori Berpizkundea da, non aristotelismo averroista nagusi zen, baina baita ere elementu mistizistak eta neoplatonistak aurkitzen dira. Beste alde batetik, Vaninik Nicolas de Cusa-ren elementu panteistak hartzen ditu, Giordano Bruno-ren oso antzekoak direnak, baina materialistagoak. Munduari buruz zuen ikuskera oinarriturik zegoen materiaren betierekotasunean eta uste zuen naturan Jainko bat zegoela “indar” gisa, forma eman, ordenatu eta zuzentzen duena. Bere ustez bizitza forma oro bat-batean sortu zen lurretik, honen sortzailea bezala.
Esan bezala, Vanini ateotzat hartu izan zuten, baina bere lehenengo lana, Amphitheatrum, kontrakoa adierazi zuen; izan ere, obran hainbat elementu panteista aurkezten baititu. De Admirandis-en, bere bigarren lanean, lehenengo obraren gaiak aurkitzen dira, askoz garatuagorik, obra hau bere lan nagusia bihurtu zuena eta bere filosofiaren laburpena. Bertan, Jainkoa naturan ikusi zuen honen indar gisa; hortaz, benetako erlijioa “naturaren erlijioa” izango da, ez duena Jainkoa ukatzen, baizik eta indar espirituala kontsideratzen duena.
Vaniniren pentsamendua nahiko zatiturik dago eta baita ere bere jatorriaren konplexutasuna agerian ipintzen du; izan ere, pertsona erlijiosoa zen, naturalista, baina baita ere medikua eta esan daiteke nolabaiteko magoa ere zela. Hala ere, bere lan osoa ezaugarritzen duena bere sentimendu antiklerikala da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- La Vie et L'Oeuvre de J.C Vanini, Princes des Libertins mort a Toulouse sur le bucher 1619an, Emile Namer, 1980.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Francesco De Paola, Vanini e il primo '600 anglo-veneto, Cutrofiano, Lecce (1980).
- Francesco De Paola, Giulio Cesare Vanini da Taurisano filosofo Europeo, Schena Editore, Fasano, Brindisi (1998).
- Giovanni Papuli, Studi Vaninini, Galatina, Congedo (2006).
- Giovanni Papuli, Francesco Paolo Raimondi (ed.), Giulio Cesare Vanini - Opere, Galatina, Congedo (1990).
- Francesco Paolo Raimondi, Giulio Cesare Vanini nell'Europa del Seicento, Roma-Pisa, Istituti Editoriali e Poligrafici Internazionali, Roma (2005).