Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Hominoidea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hominoidea
Oligozeno-Gaur egun

Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaPrimates
Superfamilia Hominoidea
Gray, 1825
Azpifamiliak

Hominoidea primate Catarrhiniren barruko goifamilia bat da. Haren barruan Hominidae eta Hylobatidae familiak sailkatzen dira. Batzuetan antropomorfo edo gizaide izena ere ematen zaie. Iraungi direnak kontuan hartu gabe, 25 espezie dira guztira.

Proconsul baten hezurdura, isatsik gabeko tximinoa.

Miozeno goiztiarrean, duela 22 milioi urte inguru, Afrika ekialdeko zuhaitzetako katarrino mota ugariek aldez aurreko dibertsifikazio-historia luzea iradokitzen dute. Duela 20 milioi urteko talde honetako fosil oso ezagun bat Victoriapithecus da. Duela 13 milioi urte arte tximinoen leinukoak zirela uste den generoen artean, Proconsul, Rangwapithecus, Dendropithecus, Limnopithecus, Nacholapithecus, Equatorius, Nyanzapithecus, Afropithecus, Heliopithecus eta Kenyapithecus daude, guztiak ekialdeko Afrikatik etorriak.

Oso urruti dauden aztarnategietatik (Tavipithecus, Namibiako labar-aztarnategietatik, eta Pierolapithecus eta Dryopithecus, Frantziatik, Espainiatik eta Austriatik) datozen Miozeno ertaineko beste forma orokor batzuen presentzia Afrika osoan eta Mediterraneo arroan Miozeno goiztiar eta ertaineko erregimen klimatiko nahiko beroetan forma ugari izatearen froga da. Miozenoko hominoideoen artean gazteena, Oreopithecus izenekoa, duela 9 milioi urte datatutako Italiako ikatz aztarnategietatik dator.

Proba molekularren arabera, giboien leinua gainontzeko tximino handiko leinutik bereizi zen orain 18-12 Ma inguru, eta orangutanena (Ponginae subfamilia) beste tximino handiengandik 12 Ma inguru. Ez dago giboien jatorria argi dokumentatzen duen fosilik, orain arte ezagutzen ez zen Asiako hego-ekialdeko hominoideoen populazio batean sortuak izan zitezkeenak, baina proto-orangutan fosilak Indiako Sivapithecus eta Turkiako Griphopithecus generoak dira, orain 10 milioi urte ingurukoak[1].

Modu orokorrean tximino deitzen ditugun giza arbasoen eboluzioa Afrikan gertatu zen. Gizaki modernoen arestiko afrikar jatorria onarpen handiko teoria da, nahiz eta eztabaidak existitu[2], eta bere arbasoak kontinente horretan bizi izan zirela are eta onartuago[3]. Miozenoaren amaieran, orain dela 10 milioi urte inguru, Rift Haran Handia sortzen hasi zen, Afrikako ekialdeko guneak altxatu zituen prozesua. Belarrez beteriko sabanak sortzen hasi ziren, ugaztun belarjale handiagoen eboluzioa eragin zuena. Bertan bizi ziren primateek zuhaitz gutxiago eta belardi handiagoak zituzten. Eremu horietan zutik ibiltzea eraginkorragoa zen[4]. Hominidoak (gizakiak eta Australopithecina eta Panina subtribuak barne) 8-9 Ma artean bereizi ziren Gorillini tributik (gorilak); Australopithecina tribuak (gizakien arbaso bipedo desagertuak barne) Pan generotik (txinpantzeak eta bonoboak[5]) 4-7 Ma. Homo generoaren lehen arbaso ezaguna H. habilis izan zen, duela 2 Ma baino gehiago agertu zena[6][7]; anatomikoki modernoak diren gizakiak, berriz, duela 300.000 urte inguru sortu ziren Afrikan.

Filogenia eta eboluzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen artean azken urteetan gailendu den ikuspegiaren arabera, hominoideen harreman filogenetikoa honako kladogramaren bidez adieraz liteke [8]:

Hominoidea

Hylobatidae

Hominidae
Ponginae

Pongo

Homininae  
Gorillini

Gorilla

  Hominini

Pan

      

Ardipithecus

Australopithecus

Homo

Egungo espezie bizidunen banaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hogeita bost gizaide espezie bizi dira:


Hominoideen taxonomiaren bilakaera XX. mendean zehar

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bi adar nagusi: 1960. urte ingururaino, taxonomistek, normalean bi adar nagusi bereizten zituzten Hominoidea superfamiliaren baitan: batetik Hominidae familia (egungo gizakiak eta haien senide bipedo iraungiak) eta bestetik Pongidae familia (gainerakoak: txinpantze, gorila, orangutan eta giboiak).[9]
Hiru adar nagusi: 1960ko hamarkadan biologia molekularraren teknikak primateen taxonomiari aplikatzen hasi ziren. Hola, Goodman-ek 1964an hiru adar nagusitako sailkapen berri bat proposatu zuen Hominoidea superfamiliaren baitan: batetik Hominidae familia (gizakiak eta senide bipedo iraungiak), bestetik Pongidae (txinpantzeak, gorilak eta orangutanak) eta azkenik Hylobatidae familia (giboiak).[10] Laster, ordea, hiru adarretatik zein banatu zen lehenik zehaztu nahi izan zuten ikertzaileek.
Giboiak kanpoko taldea: Ikerketa berriek ondorioztatu zuten giboiak zirela kanpoko taldea Hominoidea superfamiliaren baitan. Horrek esan nahi zuen gainerako espezieak elkarrengandik gertuago zeudela, giboiekiko baino. Hartara, txinpantzeak, gorilak eta orangutanak, Hominidae familian sailkatu ziren, gizakiekin batera, eta giboiak aparte Hylobatidae familian. Baina Hominidae familiaren baitan bi azpitalde bereizi ziren: gizakiak batetik (Homininae subfamilia) eta txinpantze, gorila eta orangutanak bestetik (Ponginae subfamilia). Azpifamilien sailkapen hau, ordea, laster berrikusi zen.
Orangutana kanpoko taldea: Gizakia eta beste hiru simio handiak konparatuz ondorioztatu zen kanpoko taldea orangutanena zela, eta beraz orangutanak bakarrik utzi zituzten Ponginae subfamilian. Aldiz Afrikako simio handiak (txinpantze eta gorila) gizakien Homininae subfamiliara bildu zituzten, hirurek elkarren artean antz handiagoa baitute orangutanekin baino. Sailkapen berri hau 1974an aurkeztu zuen lehen aldiz Goodman-ek [11]
Hominini: Homo (gizaki), Pan (txinpantze) eta Gorilla (gorila) generoen trikotomia zehatzago sailkatzeko asmoz, autore batzuek Homininae subfamilia bi taldetan banatzea proposatu zuten, Gorillini tribua batetik (bertan txinpantze eta gorilak sartuta) eta Hominini tribua bestetik (bertan Homo generoa bakarrik utzita, hau da, gizakia eta bipedo iraungiak).
Gorila kanpoko taldea: ADN arloko ikerketa berriek, ordea, ondorioztatu zuten gorilak zirela kanpoko taldea Homininae subfamiliaren baitan, eta ez gizakiak. Beraz, Gorillini tribuaren baitan gorilak bakarrik utzi ziren eta Hominini tribuan, berriz, batera sailkatu ziren Homo eta Pan generoak, hau da, gizakiak eta txinpantzeak. Sailkapen hau 1990ean aurkeztu zuten lehen aldiz Goodman-ek eta bere kideek.[12]
Giboi genero berriak: Gerora egin diren ADN ikerketek ondorioztatu dute giboien familiaren baitan (Hylobatidae), ez dagoela Hylobates genero bakar bat, lehen uste zen bezala, baizik eta gutxienez lau genero desberdin bereizi beharra dagoela: Hylobates, Hoolock, Nomascus eta Symphalangus.[13][14]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Srivastava 2009.
  2. «Out-of-Africa versus the multiregional hypothesis | Learn Science at Scitable» www.nature.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  3. (Ingelesez) Wilshaw, Alex. (2018-10-04). Trevathan, Wenda ed. «Out of Africa hypothesis» The International Encyclopedia of Biological Anthropology (John Wiley & Sons, Inc.): 1–7.  doi:10.1002/9781118584538.ieba0357. ISBN 978-1-118-58442-2. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  4. (Ingelesez) Owen-Smith, Norman. «Large mammals shaped the evolution of humans: here’s why it happened in Africa» The Conversation (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  5. (Ingelesez) «Bonobos Join Chimps as Closest Human Relatives» www.science.org (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  6. The Cambridge encyclopedia of human evolution. Cambridge University Press 1992 ISBN 0-521-32370-3. PMC 26096467. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  7. (Ingelesez) Schrenk, Friedemann; Kullmer, Ottmar; Bromage, Timothy. (2007). Henke, Winfried ed. «9 The Earliest Putative Homo Fossils» Handbook of Paleoanthropology (Springer): 1611–1631.  doi:10.1007/978-3-540-33761-4_52. ISBN 978-3-540-33761-4. (Noiz kontsultatua: 2023-01-26).
  8. Tree of Life: Hominidae
  9. Simpson, G. G.. The principles of classification and a classification of mammals. .
  10. Goodman, M. (1964). «Man's place in the phylogeny of the primates as reflected in serum proteins». In: S. L. Washburn (ed.): Classification and Human Evolution, Aldine, Chicago, 204–234
  11. Goodman, M. (1974). "«Biochemical Evidence on Hominid Phylogeny». Annual Review of Anthropology 3: 203-228.
  12. Goodman, M.; Tagle, D. A.; Fitch, D. H.; et al. (1990). "Primate evolution at the DNA level and a classification of hominoids". Journal of Molecular Evolution. 30 (3): 260–266.
  13. Mootnick, A. & Groves, C. P. (2005). "A new generic name for the hoolock gibbon (Hylobatidae)". International Journal of Primatology, 26(4): 971-976
  14. Groves, C. (2005). «Order Primates». In: Wilson, D. E. & Reeder, D. M. (eds): Mammal Species of the World (3. ed.). Johns Hopkins University Press, 178-184. ISBN 0-8018-8221-4.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]