Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Florence Nightingale

Wikipedia, Entziklopedia askea
Florence Nightingale

Ahotsa
Bizitza
JaiotzaFlorentzia1820ko maiatzaren 12a
Herrialdea Britainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
BizilekuaBritainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
HeriotzaLondres1910eko abuztuaren 13a (90 urte)
Hobiratze lekuaWellow (en) Itzuli
Familia
AitaWilliam Nightingale
AmaFrances Smith
Ezkontidea(k)ezkongabea
Haurrideak
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakerizaina, estatistikaria, idazlea, politikaria, irakaslea eta soziologoa
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Statistical Society (en) Itzuli
Izengoitia(k)The Lady with the Lamp
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaanglikanismoa

Musicbrainz: 6d36d479-ca77-4758-b627-adef5d3a0208 Discogs: 1195412 Find a Grave: 12439 Edit the value on Wikidata

Florence Nightingale (Florentzia, Italia, 1820ko maiatzaren 12a - Londres, 1910eko abuztuaren 13a), erizaina, idazlea eta estatistikari britainiarra. Erizaintza profesional garaikidearen aitzindaria izan zen eta erizaintzako lehen eredu kontzeptuala sortu zuen.

Bere garaian munduko matematikarik garrantzitsuenetakoa izan zen eta Estatistikan ekarpen garrantzitsuak egin zituen: ezaguna da lehen azalera polarreko diagramatzat jotzen den coxcomb izeneko diagrama eratzeagatik. Ezagutza horiek epidemiologian eta osasun estatistikan aplikatu zituen. Royal Statistical Society britainiarrean onartutako lehen emakumea izan zen[1], eta American Statistical Association[2] elkarteko ohorezko kidea.

Erizaintza profesionalizatzeko oinarriak ezarri zituen 1860an Londresko Saint Thomas ospitalean[3] erizaintza eskola ezarriz. Erizaintzako lehen eskola laikoa izan zen munduan. Bere lana inspirazio iturri izan zen Gurutze Gorria sortu eta Genevako konbentzioek hartutako proposamen humanitarioak egin zituen Henri Dunant filantropoarentzat.[4] Gaur egun, ospitale hau Londresko King's College eta National Health Service osasun zerbitzu publikoaren kide da.[5]

Erizain moduan ere egin zuen lana, Krimeako Gerran. 1854ko urriaren 21ean, 38 erizainez osaturiko talde batekin abiatu zen Krimeara. Scutarin, bere lankideak eta berak, bertako ospitalea erreformatu eta garbitu zuten eta horri esker heriotza tasa %40tik %2ra jaitsi zuten. Lanpararen dama[6] deitzen zioten, pazienteak artatzeko lanpara batekin gaueko txandak egiteko ohitura zuelako. Nightingale bere garaiko aurreiritzien kontra altxatu zen, emakumearen eskubideak defendatu zituen eta emakumeak garai hartan zuen rola gaitzetsi zuen erizain bilakatuz.

Erizainek graduatzean egiten duten Nightingale zina 1893an sortu zen bere ohorez. Erizaintzaren Nazioarteko Eguna bere urtebetetze-egunean ospatzen da.[7]

Hasierako urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Villa Colombaian, Florentzian, goi mailako britainiar familia batean jaio zen eta bere jaioterriaren izena jarri zioten. Bere gurasoak William Edward Nightingale eta Frances Smith ziren. 1837an, berak Jainkoaren deia gisa interpretatu zuenak bultzatuta, 1844tik aurrera erizaintzan aritzeko erabakia iragarri zion familiari. Familia aurka agertu zen arren, batez ere ama eta ahizpa, erizain gisa prestatzea lortu zuen. Garai hartan, erizaintzako lanbidea langile klaseko emakumeekin lotzen zen, ez Florence bezalako emakume gazte eta kultu baten; bere gisakoak ezkontzera bideratuta zeuden erabat. Richard Monckton Milnes politikari eta poetak, bere aldeko politiko eta intelektual indartsuenetako bat izango zenak, ezkontzea proposatu zion baina Florencek proposamena baztertu zuen, erizaintzan aritzeko erabakia oztopatuko zuela sinetsita.

1847an Sidney Herbert ezagutu zuen Erroman, eztei-bidaian zegoen politikari gaztea eta harekin adiskidetasuna hasi zuen; gerora, Gerra Idazkari zenean, bere proiektuak garatzeko babesa eman zion Nightingaleri. Grezian eta Egipton zehar jarraitu zuen Charles eta Selina Bracebridgerekin batera. Egiptori buruz egindako idatziak bere ikasketa prozesuaren, literatur trebetasunen eta bizitzaren filosofiaren lekuko dira.

1850ean, Alemaniako Kaiserswerth-eko erlijio-komunitate luteranoa bisitatu zuen, eta lau hilabeteko mediku prestakuntza jaso zuen, eta bere karreraren oinarria izan zen.

1853an, Londresko Gaixoen Emakumezkoen Zaintzarako Institutuko superintendente kargua hartu zuen, 1854ko urrira arte izan zuen kargua. Bere aitak urteko 500 liberako diru-sarrerak ematen zizkion, garai hartan zifra esanguratsu bat. Aldi horretan bizitza erosoa egin eta bere karrera jarraitzeko aukera eman zion.

Krimeako Gerra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ekarpenik ospetsuena Krimeako Gerran gertatu zen. Sidney Herbert Gerra Idazkaritzako buruak, armadaren osasun arazoez jakitun, Nightingale eta erizain talde bat gatazka gunera eramatea ahalbidetu zuen. 1854ko urriaren 21ean, berak pertsonalki prestatutako 38 erizain boluntarioz osatutako talde bat, bere izeba Mai Smith barne, Otomandar Inperiora abiatu zen.

Scutariko Selimiye kuarteleko operazio base britainiar nagusira garraiatu zituzten, eta 1854ko azaroaren lehen egunetan iritsi ziren. Bertan ikusi zuten zauritutako soldaduek tratamendu desegokiak jasotzen zituztela lanez gainezka zeuden medikuengandik eta ofizialek ez ziotela egoerari kasurik egiten. Medikuntza-hornidura urria zen, higienea eskasa zen eta infekzioak ohikoak eta kasu askotan hilgarriak ziren.

Scutari-n egin zuen lehen udan, tifusa, sukar tifoidea, kolera eta disenteria bezalako gaixotasunengatik hamar aldiz soldadu gehiago hil ziren gudu-zelaian izandako zauriengatik baino. Kuartel ospitaleko baldintzak izugarriak ziren gaixoentzat, gainezka zeudelako, drainatze sanitario eskasa zegoelako eta aireztapen faltagatik. Florence Nightingale iritsi eta ia sei hilabetera, gobernu britainiarrak osasun batzorde bat izendatu zuen zabortegi kutsatzaileak garbitzeko eta aireztapena hobetzeko. Neurri horiei jarraituz, hilkortasun-tasa azkar jaitsi zen.

Gerran ez zuen onartu higiene-falta zela heriotza-kausa nagusietako bat, hilkortasun-indize handia elikadura txarragatik, mediku-hornidura ezagatik eta gizonen neke larriagatik zela uste baitzuen, eta ez zuen inoiz inolako krediturik eskatu heriotza-kopurua murrizten laguntzeagatik. Baina Londresera itzuli zenean soldaduak ospitaleko bizi-baldintza tamalgarriengatik hil zirela frogatzeko datuak biltzen hasi zen. Esperientzia hori erabakigarria izan zen bere geroagoko ibilbidean eta ospitaleko osasun baldintzak hobetzearen garrantzia defendatzera eraman zuen. Horrek bake garaian militarren heriotzak murrizten lagundu zuen eta ospitaleen diseinu sanitario egokia sustatu zuen.

Geroko karrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krimean zegoen bitartean bilera publiko bat egin zen funtsak biltzeko helburuarekin. Deialdiak izan zuen arrakastari esker erizainen prestakuntzarako Nightingale Fondoa sortu ahal izan zen. 1859an Nightingale-k 45.000 £ zituen funts honi esker, eta Saint Thomas ospitaleko Nightingale Training School sortzeko erabili zituen. Eskola honetan prestatutako lehen erizainak Liverpooleko Workhouse Infirmary asiloan hasi ziren lanean. Aylesbury Royal Buckinghamshire[8] ospitaleko aireztapen sistema, eskaileren zabalera edota armairuen antolamenduaren egungo diseinuan eragin handia izan zuen Nightingalek.

1859an "Notes on Nursing: What it is, and what it is not",[9] liburua argitaratu zuen, Nightingale Eskolako eta eredu berari jarraitu zioten beste erizaintza eskola batzuetako ikasketa-programaren oinarri gisa balio izan zuena, nahiz eta etxean erizaintzako zainketak egiten zituztenentzako gida gisa idatzia izan.

« Gero eta garrantzi handiagoa du higienearen ezagutzak, erizaintzaren ezagutzak, beste hitz batzuetan esanda, osasun-egoeran mantentzeko arteak, gaixotasunari aurrea hartuz edo gaixotasunetik berreskuratuz. Mundu guztiak izan behar duen ezagutza gisa onartzen da —jakintza medikoaz bestelakoa, lanbide bakarrari dagokiona—. »
FLORENCE NIGHTINGALE - "Notes on Nursing: What it is and what it is not." liburuaren hitzaurrean
« Liburua idatzi zen lehena izan zen. Osasun-arau errazenak ezagutzen hasi berriak ziren garaian agertu zen, bere gaiak gaixoen ongizaterako eta suspertzeko ezinbesteko garrantzia zuen garaian, ospitaleak infekzioz beteta zeudenean, erizainak oraindik ezjakintzat hartzen zirenean, hezkuntzarik gabeko jendetzat. Liburu honek ezinbestean du bere lekua erizaintzaren historian, erizaintza modernoaren sortzaileak idatzi baitzuen. »
Nightingale School of Nursing eskolako JOAN QUIXLEY - 1974ko ingelesezko edizioaren sarreran.

Nightingalek erizaintzaren ezarpena eta garapena lanbide gisa sustatzen eta bere forma modernoan antolatzen eman zuen bizitza osoa. Bere liburu ezagunenen artean Notes on Hospitals[10] dago, bertan, osasun-tekniken eta instalazio medikoen arteko korrelazioari buruz hitz egiten da, eta Notes on Matters Affecting the Health, Efficiency and Hospital Administration of the British Army[11]. Nightingaleren lorpen handienetako bat Ingalaterran eta Irlandan etxean gaixoak zaintzeko erizain trebatuak ezartzea izan zen 1860tik aurrera. Horrek esan nahi zuen gaixo pobreak ere langile gaituek zaindu zitzaketela. Berrikuntza hau bera hil eta berrogei urtera ezarri zen Britainia Handiko Osasun Zerbitzu Nazionalaren aitzindari gisa ikusten da. 1882an, Nightingaleko erizainek gero eta presentzia handiagoa eta eragin handiagoa zuten osatze bidean zegoen erizaintzako lanbidearen garapenean. Batzuk abangoardiako ospitaleetako emagin bihurtu ziren Britainia Handian eta Australian.

1857tik aurrera, depresioa jasaten hasi zen eta sarritan ohean gelditu behar izaten zuen. Zenbait biografiak bruzelosia eta espondilitisa aipatzen dituzte beren gaitzaren eragile gisa.[12] Bere depresioaren azalpen alternatibo bat gerraren ondoren hilkortasun indize altuaren arrazoiei buruz oker egon zela deskubritzean oinarritzen da. Hala ere, ez dago teoria hori babesten duen ebidentzia dokumentalik.[13] Gaur egun, bere jaiotzaren urteurrenean, Gaixotasun Neurologiko eta Immunologiko Kronikoak Kontzientziatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da, gaixotasunaren sintomak nahaste neurologiko batekin bat datozela uste baita.[14]

Gaixorik egon arren, oso emankorra izan zen gizarte-erreformaren arloan, eta lan aitzindariak egin zituen ospitale-plangintzaren arloan. Haren lana berehala zabaldu zen Britainia Handian eta munduko gainerako tokietan.

Bere lanak emakumeen egoera soziala hobetzea eragin bazuen ere, gizon eragingarriekin adiskidetasuna nahiago zuen. Askotan termino maskulinoetan aipatzen zuen bere burua, esate baterako, "ekintza-gizona" eta "negozio-gizona".[15]

Hala ere, hainbat adiskidetasun garrantzitsu ezarri zituen emakumeekin. Gutun bidezko harreman luze bat izan zuen moja irlandar batekin, Mary Clare Moore, Krimean lan egin zuena. Bere konfidenterik maitatuena Mary Clarke izan zen, 1837an ezagutu zuen emakume britainiarra.

"Superstars: twelve lesbians who changed the world" argitalpenean esaten da Nightingale-k sutsuki maite zituen hiru emakume zituela, horien artean bere lehengusua, Marianna Nicholson, eta harengandik hurbil egon ahal izateko bere anaia gustatzen zitzaiola itxura egin behar izaten zuela.[16]

Ikertzaile batzuek diote bizitza osoan kastua izan zela, dela bere karrerarekiko betebehar ia erlijiosoa zuelako, dela viktoriar moralitate sexual zurruna nagusi zen garaian bizi izan zelako.[17]

1910eko abuztuaren 13an, 90 urte zituela, bere gelan lo zegoela hil zen. Westminster Abadian lurperatzeko eskaintzari uko egin zioten senideek, eta Hampshireko St. Margaret elizako hilerrian lurperatu zuten. [18]

Erizaintzako lehen prestakuntza programa ofiziala, Nightingale School for Nurses, 1860an inauguratu zen. Eskolaren eginkizuna zen erizainak prestatzea ospitaleetan lan egiteko eta behartsuenei laguntzeko euren etxeetan, gaur egun oraindik aurrerakoia den planteamendua.[19] Florence Nightingaleren ekarpenik iraunkorrena erizaintza modernoa lanbide gisa sortzean izan zuen eginkizuna izan zen. Errukia, pazientearen arretarako dedikazioa, ardura eta zaintzaren parametroak ezarri zituen ospitaleetako administrazioan.

Estatistika eta osasun erreforma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ekialdeko armadaren hilkortasunaren kausen diagrama, Florence Nightingaleren eskutik.

Nightingale-k matematiketarako trebetasuna erakutsi zuen bere lehen urteetatik, eta gaian nabarmendu zen aitaren tutoretzapean. Informazioaren irudikapen bisualak eta grafiko estatistikoak erabiltzen aitzindari izan zen. [20]  Besteak beste, grafiko zirkularra erabili zuen. Grafiko horren lehen garapena William Playfair-ek egin zuen 1801ean, eta oraindik ere datuak aurkezteko modu berria zen. Izan ere, "datu estatistikoen irudikapen grafikoan benetako aitzindari bat" dela deskribatu dute, eta gaur egun Nightingale arrosa diagrama izenez ezagutzen dena[21] garatu izana dagokio. Grafiko mota hau intentsiboki erabili zuen Britainia Handiko Parlamentuko kideei eta funtzionario zibilei egindako txostenetan, estatistika-txosten tradizionalak ulertzeko zailtasunak izan zitzaketenei lana errazteko asmoz.

Bere azken urteetan, Indiako landa-eremuetako osasun-baldintzei buruzko txosten estatistiko zehatza egin zuen, eta herrialde horretako osasun-laguntzan eta osasun-zerbitzu publikoan hobekuntzak egin zituen. 1859an Nightingale Royal Statistical Society-ko lehen emakumezko kide hautatu zuten eta gero American Statistical Association-eko ohorezko kide hautatuko zuten.[22]

Gurutze Gorrirako inspirazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eragin erabakigarria izan zuen Britainia Handiko Gurutze Gorriaren sorreran 1870ean, eta bertako andreen batzordeko kide izan zen, mugimenduaren jardueretan interesa hartu zuen hil arte.

« Gurutze Gorriaren sortzaile eta Genevako Konbentzioaren sustatzaile bezala ezagutzen banaute ere, dama bati zor zaio konbentzio horren ohore guztia. 1859ko gerran Italiara bidaiatzera bultzatu ninduena Florence Nightingale andereñoak Krimean egindako lana izan zen. »
HENRI DUNANTE, Gurutze Gorriaren sortzailea, 1872an Londresera egindako bisitan

Literatura eta feminismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erizaintzaren eta matematikaren alorretan egindako ekarpenengatik ezaguna, Nightingaleren lanak ere lotura garrantzitsua da ingeles feminismoaren ikerketan. XIX. mendearen lehen erdiaren amaieran, bere autodeterminazioaren alde borrokatu zuen, klase altuko kideren batekin komenientziazko ezkontza baten familiaren itxaropenen aurka.

1860an bere pentsamenduak Suggestions for Thought to Searchers after Religious Truth liburuaren edizio pribatu batean aurkeztu zituen, hiru liburukitan 829 orrialdeko lana.[23] 2008an, Kanadako Wilfrid Laurier Unibertsitateak lan hau argitaratu zuen Nightingaleren lan osoa biltzen duen 16 liburukiko proiektu baten 11. liburukian: "The Collected Works of Florence Nightingale". [24]Saiakera horietako ezagunena, Cassandra, 1928an argitaratu zuen Ray Stracheyk, eta mugimendu feministaren historia kontatzen duen The Cause (Kausa) lanean sartu zuen.

Cassandra entseguan, emakumeen gehiegizko feminizazioa gaitzetsi zuen, baliaezintasun sozialaren atarian uzten baititu, amak eta ahizpa zaharrenak zeramaten bizimoduan ikus zezakeenez, nahiz eta biek heziketa ona izan. Erosotasun lasaiko bizitza baztertu zuen eta, horren ordez, gizarte zerbitzuetarako dedikazioa aukeratu zuen. Saiakera honek bere ideiak eraginkorrak eta kontuan hartuak ez izateko beldurra ere islatzen du, Casandra printzesa troiarraren profeziak bezala. Elaine Showalter literatur kritikari eta feminista estatubatuarrak adierazi zuen "feminismo ingelesaren testu nagusi bat dela, Wollstonecraft eta Woolf-en arteko lotura".[25]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «Nightingale 2020: The bicentenary of our first female fellow» RSS (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  2. (Ingelesez) Florence Nightingale: Modern-Day Lessons and Legacies | Amstat News. 2016-06-01 (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  3. (Ingelesez) «St Thomas' Hospital» Guy's and St Thomas' NHS Foundation Trust (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  4. (Ingelesez) «Florence Nightingale and the Red Cross | British Red Cross» web.archive.org 2015-11-20 (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  5. (Ingelesez) «Florence Nightingale Faculty of Nursing & Midwifery | Florence Nightingale Faculty of Nursing, Midwifery & Palliative Care | King’s College London» www.kcl.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  6. (Gaztelaniaz) «La dama de la lámpara que salvó vidas con las matemáticas» BBC News Mundo 2015-05-17 (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  7. «Erizainaren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia» UPV/EHU (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  8. (Ingelesez) «The Royal Buckinghamshire Private Hospital | Aylesbury, Bucks» The Royal Buckinghamshire Hospital (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  9. (Ingelesez) Nightingale, Florence. (1860). Notes on Nursing: What it Is, and what it is Not. D. Appleton (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  10. (Ingelesez) Nightingale, Florence. (1863). Notes on Hospitals. Longman, Roberts and Green ISBN 978-1-9741-1480-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  11. (Ingelesez) Nightingale, Florence. (1858). Notes on Matters Affecting the Health, Efficiency, and Hospital Administration of the British Army, Founded Chiefly on the Experience of the Late War. Harrison and Sons (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  12. (Ingelesez) Bostridge, Mark. (2015-02-26). Florence Nightingale: The Woman and Her Legend. Penguin Books Limited ISBN 978-0-14-193080-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  13. (Ingelesez) Small, Hugh. (1998). Florence Nightingale: Avenging Angel. Constable ISBN 978-0-09-479010-0. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  14. (Ingelesez) Cara, Graziella. (2019-05-09). «Sunday, May 12th: International Fibromyalgia Awareness Day» Inserm Newsroom (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  15. (Ingelesez) Nightingale, Florence. (1979). Cassandra: An Essay. Feminist Press ISBN 978-0-912670-55-3. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  16. (Ingelesez) Riese. (2015-09-11). «12 Women They Didn't Tell You Were Queer In History Class» Autostraddle (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  17. (Ingelesez) Dossey, Barbara Montgomery. (2000). Florence Nightingale: Mystic, Visionary, Healer. Springhouse Corporation ISBN 978-0-87434-984-9. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  18. (Ingelesez) «Florence Nightingale: The Grave at East Wellow» www.countryjoe.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  19. (Ingelesez) Neeb, Kathryn. (2005-09-28). Fundamentals of Mental Health Nursing. F.A. Davis ISBN 978-0-8036-2034-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  20. (Ingelesez) «DataScope: Speaking of Graphics» www.datascope.be (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  21. (Ingelesez) Brasseur, Lee. (2005-04). «Florence Nightingale's Visual Rhetoric in the Rose Diagrams» Technical Communication Quarterly 14 (2): 161–182.  doi:10.1207/s15427625tcq1402_3. ISSN 1057-2252. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  22. (Ingelesez) «Nightingale 2020: The bicentenary of our first female fellow» RSS (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  23. (Ingelesez) McDonald, Lynn. (2008-12-11). Florence Nightingale’s Suggestions for Thought: Collected Works of Florence Nightingale, Volume 11. Wilfrid Laurier Univ. Press ISBN 978-1-55458-252-5. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  24. (Ingelesez) Nightingale, Florence. (2001). The Collected Works of Florence Nightingale: Florence Nightingale: extending nursing. Wilfrid Laurier University Press (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
  25. (Ingelesez) Gilbert, Sandra M.; Gubar, Susan. (2007). «Florence Nightingale» The Norton Anthology of Literature by Women: Early twentieth-century through contemporary. W.W. Norton & Company ISBN 978-0-393-93014-6. (Noiz kontsultatua: 2024-05-25).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Florence Nightingale Aldatu lotura Wikidatan