Digestio-aparatu
Digestio-aparatua | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | gizakiaren gorputza |
Konponenteak | giza ahoa Hestegorria Urdaila heste meharra Heste lodia ondestea gibela pankrea behazun hodia Ttu guruina faringea |
Identifikadoreak | |
Latinez | Systema digestorium |
MeSH | A03 |
TA | A05.0.00.000 |
TH | H3.04 |
FMA | 7152 |
Terminologia anatomikoa |
Digestio-aparatua edo aparatu digestiboa[1] janariaren digestioan, hots, gorputzera sartzen diren elikagaiak organismoaren zelulek bereganatzeko gai bihurtzen dituen prozesuan, parte hartzen duten egitura eta organoen multzoa da.
Bere funtzioak elikagaien garraioa, digestio urinen jariaketa, elikagarrien xurgapena eta hondakin produktuak kanporatzea dira. Digestio prozesua berdina da urdail bakarreko animalia guztietan: molekula handiak (gluzido, lipido eta proteinak) hesteetan xurgatuko diren molekula txikietan bihurtzen dira digestio entzimei esker; xurgatu ondoren, odolera pasatzen dira, eta, honen bidez, gorputzeko zelula guztietara garraiatzen dira.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxi gorabehera hamaika metroko luzera duen digestio-hodia aho-barrunbean hasi, eta uzkian amaitzen da[2]. Digestioa bera ahoan hasten da; hortzek janaria ehotzen dute, eta listu-guruinen jariatzeek hezetu eta bere deskonposizio kimikoa hasten dute helikadura-bolo bihurtuz. Gero, boloak faringea zeharkatzen du; hestegorritik jarraitzen du, eta urdailera iristen da, litro eta erdiko edukiera duen poltsa gihartsua zeinaren mukosak urin gastriko indartsua jariatzen duen. Urdailean, janaria aztoratu egiten da kimo bihurtu arte.
Urdailaren irteeran, heste meharra dago, sei metro luze neurtzen duena eta bere baitan oso tolestuta dagoena[2]. Bere lehen zatian edo duodenoan, heste-guruinetako jariaketak, behazun-maskuaren behazunak eta pankrearen zukuak jasotzen ditu[2]. Jariatze horiek guztiek elikagaiak deskonposatzen dituzten eta aminoazidoak izeneko substantzia disolbagarri sinpleetan eraldatzen dituzten entzima kopuru handia dute. Digestio-hodiak heste lodian zehar jarraitzen du, metro eta erdi pasatxoko luzera duena. Bere azken zatia ondestea da, uzkian amaitzen dena, non digeriezinak diren elikagaien hondarrak kanpora ateratzen diren.
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestio-aparatua osatzen dute: digestio-hodiak, guruin erantsiek (listu-guruinak, gibela eta pankrea) eta behazun-bideek (behazun-xixku barne). Digestio-hodia endodermotik dator enbriologikoki, arnas aparatua bezala. Ahoan hasi eta uzkiraino zabaltzen da. Gizakian, luzera 10-12 metrokoa da, gorputzaren luzera osoa halako sei edo zazpi. Enborrean zehar egiten duen ibilbidean, bizkarrezurraren aurretik doa. Aurpegian hasten da; lepoan behera jaisten da, eta gorputzaren hiru barrunbe handiak zeharkatzen ditu: torazikoa, abdominala eta pelbikoa. Lepoan, arnas bidearekin lotuta dago; toraxean, bi biriken eta bihotzaren arteko atzeko mediastinoan dago; abdomenean eta pelbisean, berriz, ugal-aparatuko organoekin.
Digestioaren funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi motatako funtzioak gauzatzen dira digestioan: mekanikoak eta kimikoak.
- Digestioaren funtzio mekanikoak:
- Murtxikatzea: hortz-haginek elikagaiak xehatu eta birrintzen dituzte digestio entzimen eginkizuna errazteko. Aldi berean, elikagaiak listuaz nahasten dira. Horrela eratzen da elikadura-boloa.
- Irenstea: elikadura-boloa ahotik urdaileraino igaroarazten da mihiaren eta faringeko, laringeko eta hestegorriko giharren mugimenduen bidez
- Urdailak, bere giharrak behin eta berriz uzkurtuz, elikagaiak prestatzen ditu urdaileko jariakinak har ditzaten.
- Hesteek, peristalsiaren bidez, uzkirantz igaroarazten dituzte elikagaiak.
- Digestioaren funtzio kimikoak: elikagaiak ehunetara iristeko moduko gai bilakatzea da haien helburua, ura, gatz mineralak eta zenbait azukre soilik baitira, berez, hesteetatik ehunetara iristeko gauza. Gainerako kimika gaiak digestio entzimen eraginez prestatzen dira ehunetara igaro ahal izateko
- Polisakaridoak digeritzen dituzten entzimak: amilasak (listuan, pankrean eta hesteetan), almidoia maltosa bihurtzen dutenak; maltasa (hesteetan), maltosa, hidrolisiz glukosa bihurtzen duena; sakarasa edo inbertasa (hesteetakoa), sakarosa molekula bakoitzetik glukosa eta fruktosa molekula bana lortzen dituena; laktasa, laktosatik glukosa eta galaktosa.
- Proteinak digeritzen dituzten entzimak: pepsina (urdailean), proteinetatik peptonak eta polipeptidoak; Lab hartzigarria (urdailean), esnea gatzatzen duena; tripsina (pankreak jariatua), proteinetatik polipeptidoak, eta, hauetatik, aminoazidoak; erepsina (hesteetan), pepsinarekiko eta tripsinarekiko erresistentzia duten polipeptidoetatik aminoazidoak.
- Lipidoen digestioa: pankreako lipasak gantzak emultsionatu eta saponifikatzen ditu, eta hesteetako lipasak emultsionatutako gantzak saponifikatzen ditu. Funtzio horiek gauza daitezen, behazuna ezinbestekoa da.
Histologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Histologiaren ikuspegitik, digestio-bidearen hormak lau geruza ditu, barnetik kanporakoan honelaxe sailkatzen direnak:
1) Mukosa: elikagaiekin kontaktuan dagoen geruza da. Bertan, xurgapena gertatzen da. Azpigeruza hauek ditu:
- Epitelioa: hemen xurgapena izaten da.
- Lamina propioa: ehun konektibozko geruza da.
- Muscularis mucosae: muskulu leunez osatutako geruza da. Honen uzkurdurari esker, tolesdurak agertuko dira mukosan xurgapen azalera handituz.
2) Azpimukosa: ehun konjuntiboz osatuta dago, eta, bertan, odol hodiak, guruinak eta nerbioak kokatzen dira. Nerbio sistema enterikoaren azpimukosako edo Meisnerren plexua hemen kokatzen da, eta prozesu lokalak kontrolatzen ditu.
3) Muskularra: muskulu leunez osatutako geruza da. Bi azpigeruza ditu:
- Zirkularra: barrukoa
- Luzetarakoa: kanpokoa
Bi azpigeruza hauen artean, nerbio sistema enterikoaren 2. plexua kokatzen da, Avermach-en plexu mesenterikoa hain zuzen ere, eta honek peristaltismoa kontrolatzen du.
4) Serosa: kasu batzuetan, geruza hau peritoneoa izaten da.
Hormaren lodiera eta gainazalaren itxura, leuna izan daitekeena ala ez, aldatu egiten da leku anatomikoaren arabera. Mukosak kriptak eta biloak izan ditzake, eta azpi-mukosak tolestura iraunkorrak edo tolestura funtzionalak izan ditzake. Paretan, plexu azpi-mukoso eta mienterikoak ere badaude, digestio-hodi osoan zehar banatzen den nerbio-sistema enterikoa osatzen dutenak hestegorritik uzkiraino.
Digestio-hodia | Mukosa | Epitelio |
Lamina propio | ||
Muscularis mucosae | ||
Azpi-mukosa | ||
Muskulu | ||
Serosa |
Fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Elikagaiak listu-guruinek sortutako listuaren laguntzaz irentsi eta hortzek birrindu ondoren, elikadura-bolo bat osatzen dute, eta hestegorritik igarotzen dira urdailera bidean mugimendu peristaltikoari esker. Behin urdailean sartuta, digestio-prozesua hasten da urdaileko zelula parietalek eta digestio-entzimek jariatzen duten azido klorhidrikoek erraztuta. Ondoren, heste meharrera pasatzen dira, eta, bertan, elikagaien degradazio kimikoak jarraitzen du, eta ura eta mantenugaien xurgapena gertatzen da, horiek odolera eta linfara garraiatzen baitira. Heste lodira iristean, gorotzak eratzen dituzten hondakin-substantziak pilatzen dira, eta uzkitik kanpora botatzen dira[3].
Digestio-hodia animalia ornodunen kanpoko eta barne-ingurunearen arteko truke-azalera nagusia da. Batez besteko gizon heldu batean, hesteetako mikrobiloak erakusten dituen mukosa gastrointestinalaren azalera osoa 350 metro koadro ingurukoa da. Digestio-aparatuari esker, gizabanakoak elikagaietan dauden mantenugaien digestioaren eta xurgapenaren bidez egin dezake elikadura-prozesua, baina bere defentsa-funtzioa ez da gutxiagorako, kanpoko agente edo substantzia arrotzak ezagutu eta baztertzeko sistemak baititu[4].
Hesteak barruan hesi bat osatzen duten zelula geruza bat dauka. Bere eginkizuna da, substantziak digeritzeaz gain, gorputza ingurumenaren kanpoko etsaiarengandik (irensten ditugun substantziak eta hesteetan dauden mikroorganismoak) defendatuz jardutea. Hori zelulen arteko lotura estuak itxita mantenduz lortzen du, horrela substantziak, toxinak, gai kimikoak, mikroorganismoak eta makromolekulak kontrolatu gabe sartzea ekidituz, bestela odolera pasa litezkeenak. Zelula arteko lotura estuen proteina sarearen muntaketa-egoera orkestratzen duen sistema erregulatzaile bat dago. Era berean, bakterioen kolonizazioak oso paper garrantzitsua betetzen du, organismoarentzat bakterio onuragarriz osatutako hesteetako mikroflora deritzona osatzen duena.
Entzima digestiboak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestio-entzimak elikagaietan dauden molekula handiak apurtzeko eta, hestearen bidez, xurga daitezkeen molekula txikiagoetan bihurtzeko gai diren substantziak dira. Garrantzitsuenetako batzuk dira: pankreak sortutako lipasa; urdailak eta pankreak aminoazidoetan deskonposatzen dituen proteasak; amilasa; esnean dagoen laktosa desegiten duen heste meharrak jariatzen duen laktasa, eta sakarosaren gainean eragiten duen sakarasa, zeinak glukosa eta fruktosa bihurtzen dituen[3].
Odol-jario edo hornidura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestio-aparatua osatzen duten organoen odol-hornidura, batez ere, sabeleko aortaren hiru adarretatik dator:
Organoak eta funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiaren kasuan, organo nagusiak honakoak dira: ahoa, faringea, hestegorria, urdaila, heste meharra eta heste lodia.
Ahoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahoa da, agian, digestio organorik bereziena, gainerakoak ez bezalakoa baita, bai osaeraz, bai funtzionamenduaz. Listu-guruinek litro bat listu egiten dute egunean, eta hainbat motatako kitzikadurak (psikikoak, usainak, etab.) eragin dezakete jario hori. Listuak entzima bat du, amilasa, maltosa ematen duen almidoiaren hidrolisia katalizatzen duena. Gainera, lisozima ere (bakterioen aurkako entzima) badauka. Aho-barrunbean, hortzak eta mingaina daude, eta hartara isurtzen dute listu guruinek.
Organo honetan, digestio prozesu mekanikoak eta kimikoak gertatzen dira, bietakoak.
- Murtxikatzea ahoaren lan mekanikoa da, funtsean hortzek egiten dutena. Janaria, irentsi aurretik, xehatu eta listuarekin nahasi beharra dago. Janariak ongi murtxikatuz gero, bai haien irenstea eta bai ondoko digestio kimikoaren prozesuak errazten dira, zatiak zenbat eta txikiagoak izan orduan eta errazago burutuko baitute entzimei dagokien zeregina.
- digestioaren prozesu kimikoa ahoan hasten da listuari esker. Hiru listu guruin parek jariatzen dute isurkari hori: mihipekoek, masailezurpekoek eta parotidek. Azkenik, uraren eta muzinaren zeregina nabarmentzekoa da, horien eraginez janaria hezetu eta labaingarritu egiten baita murtxikatzerakoan, eta, hala, hodian zehar aiseago igaro dadin prestatzen.
Faringea eta hestegorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iraganbideko digestio organoak dira zentzu hertsian, ez baitute digestio prozesurik betetzen. Faringean, irenstearen fenomeno bizkor eta konplexua gertatzen da. Kontuan hartu beharra dago organo hori benetako bidegurutze bat dela, ahoa, sudurra, hestegorria eta trakea elkartzen baitira bertan. Hala, beraz, irensteko unean, elikadura-boloa egokiro bideratu beharra dago ahotik hestegorrirantz. Irenstea borondatezko ekintza da; elikagaia, behar bezala murtxikatua eta listuztatua, mingainaren zolara iristen da, eta horren giharrek atzerantz bultzatzen dute. Haraz gero, irensteko erreflexua eragiten dute: ahosabai bigunak sudurbidea ixten du, eta epiglotisak gauza bera egiten du trakearen sarrerari (glotisa) dagokionez.
Hestegorria da goian deskribatu eredu histologikoari jarraitzen duen digestio-hodiko lehen organoa. Epitelio leun geruztatu gogor batez estalia da, gutxi murtxikatu den janariaren marruskadura erasotzaileaz babesten duena. Funtzio mekaniko soila betetzen du elikadura-boloa arin aurreratzen bideratuz. Paretako giharren, mugimendu peristaltikoek eragiten diete aurrera joate hori. Lehen zatian, gihar horiek, bitxia bada ere, ildaskatuak dira (faringean bezala).
Urdaila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urdaila diafragmaren azpian dago, sabelaren ezker aldean. Digestio-hodiaren zabalunea da, poltsa itxurakoa, muturreko kasuetan 5 litro janari ere bil dezakeena. Urdailean, ondoko zatiak bereiz daitezke: hondoa, goiko partean; gorputza, organoaren parte gehiena hartzen duena, eta piloro-barrunbea.
Urdailaren paretak ezaugarri bereziak ditu:
- Zelula geruza bakarreko epitelio gogorra.
- Miloika guruin tubularrez hornituriko muki-mintza.
- Hiru gihar geruza.
Urdailaren paretak digestio mekaniko bizia eragiten du bere giharren mugimendu peristaltikoen bidez. Elikagaiak zanpatzen dira paretako ertzetatik jaisten direnean, eta berriro igotzen dira erdialdetik; piloroa itxita edukitzen da, era horretara hesterako bidea galaraziz. Modu horretara, janaria oratuz doa, eta, horrenbestez, mucus eta urin gastrikoarekin nahasten da.
Hala epitelio zelulak nola muki-mintzako guruin tubularrak mukia eta urin gastrikoa jariatzeko gauza dira. Guruinetan zehar, hainbat zelula mota aurkitzen da: mukiarenak; parietalak (edo oxintikoak), azido klorhidrikoa ematen dutenak; zimogenoak (edo nagusiak), entzimak ematen dituztenak. Azido klorhidrikoak eta entzimek urdaileko digestio kimikoa eragiten dute. Zelula zimogenoek bi entzima ez aktibo jariatzen dituzte, pepsinogenoa eta prorrenina, gero pepsina eta errenina bihurtuko direnak. HClren eraginez, urdaileko pHa oso apala da (1,5-2). Horrek hainbat ondorio ditu: pepsinaren eta erreninaren eraketa; janariarekin sar litezkeen bakterio eta beste parasitoak suntsitzea; kaltzio eta burdinaren xurgaketa laguntzea... Pepsinak proteinen polipeptidoetarako hidrolisia katalizatzen du. Erreninak, berriz, esnea gatzatzen du kaseinogenoa kaseina disolbaezina bilakatzen duenean.
Mukiak urdaileko paretaren babesle funtzioa du, guztiz beharrezkoa dena organo horren azidotasun handia eta pepsinaren agresibitatea direla eta. Urdaileko digestio honek lau ordu inguru irauten du, eta, denbora horretan, elikadura-boloa arian-arian ahi erdilikido bilakatzen da, kimo izenekoa. Une horretan irekitzen da piloroa. Irekitze hori modu erritmikoz gertatzen da piloro-barrunbearen uzkurduren eraginez, halako bonba baten gisa baitihardu. Era horretara, elikadura heste meharrean sartuz doa.
Heste meharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heste meharra digestio eta xurgaketaren organo nagusia da. 6 m luze ingurukoa da honela banaturik: duodenoa (20 cm), ieiunoa (2,4 m) eta ileona (3,4 m).
Egituraz, heste meharreko paretak digestio-aparatuaren eredua jarraitzen du, baina aipaturiko bi funtzio horiekin zerikusia duten ezaugarri propioak ditu. Agian, paretak (muki-mintzak, batez ere) jasaten dituen aldaketak izango dira nabarmengarrienak. Hesteak, duen luzera handiaz gainera, beste hiru modutara zabaltzen du elikagaiak xurgatzeko eremua:
- Lehen buruan, muki-mintzak 7 mm garai diren tolesturak dauzka, asko duodenoan eta ieiunoan.
- Tolesturen eremuan, behatz itxurako luzakinak daude, heste-biloak, 0,5 mmko garaierakoak. Halakoak gutxi dira ileonean, baina milioika batzuk daude heste meharrean.
- Bilo horiek estaltzen dituzten epitelio-zelulek mikrobiloz hornituriko mintza agertzen dute. Hori guztia dela eta, heste meharraren 6 metro horien xurgapen eremuak zifra ia sinestezina hartzen du: 550 metro karratu.
Digestioarekin zerikusia duten guruinak dira egitura horren beste ezaugarri garrantzitsu bat.
- Muki-mintzean, Lieberkühn-en kriptak daude, bertako biloen artean zulaturiko putzu estuen itxurakoak. Zenbait entzima eta beste gai batzuk jariatzen dituzte.
- Duodenoaren azpiko muki-mintzean, guruin duodenalak aurkitzen dira, kripten hondoan zabaltzen direnak. Horien jariakina, gehienbat, mukiz osatua da, baina entzima gutxi du.
Heste meharraren konplexutasun handia kontuan harturik, banan-banan heldu behar zaio funtzio bakoitzari.
Digestioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piloroan zehar duodenoan sartzen den kimoak, batez beste, 7 ordu behar du heste meharra burutik buru igarotzeko. Aurreratze hori paretaren gihar leunaren mugimendu peristaltikoen eraginez gertatzen da. Gainera, beste mugimendu batzuek lagundu egiten dute kimoa aurrera joan eta biloekin nahas dadin.
Heste meharreko egonaldi luze horren lehen zatian, hiru urin gastriko desberdinek erasotzen diote kimoari: heste-urinak, urin pankreatikoak eta behazunak. Urin horiek, gehienbat, duodenoan dihardute:
- Pankreako alde exokrinoak pankreako urina jariatzen du, eta hodi pankreatikoaren bidez iristen da duodenora. Urin pankreatikoaren osaeran, bikarbonatoa (kimoaren pH azidoa neutralizatzeko) eta entzima batzuk sartzen dira: amilasa, lipasa, tripsinogenoa (tripsina ematen duena), kimotripsinogenoa (kimotripsina ematen duena), peptidasak eta nukleasak.
- Goian aipatu diren Lieberkühn-en kriptetan sorturiko heste-urinak entzima asko izaten du: amilasa, maltasa, laktasa, sakarasa, lipasa, enterokinasa, peptidasa, nukleasak eta nukleotidasak. Bestalde, guruin duodenaletan sortzen den urinak bikarbonato asko du (pH azidoa neutralizatzeko), eta mukia eta entzima piska bat ere bai (enterokinasa eta amilasa).
- Gibelak jariatzen duen behazuna behazun xixkuan biltzen da, eta, hartatik, hodi koledokoan zehar, duodenora igarotzen da Wirsung-en kanalarekin batean. Behazunak ez du entzimarik, baina bai digestiorako funtsezkoak diren beste zenbait gai, behazun gatzak bereziki. Gai horiek tanta mikroskopiko anitzetan emultsionatzen dituzte kimoaren gantzak, tanta horien gainean pankrea eta hesteko lipasak ihardun dezaten moduan.
digestio urin guztiek ihardun ondoren, kimoa kilo bihurtzen da, gai urtsuagoa berau.
Xurgatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestioa edo jakiak elikagai txikietan bereizte hori amaitu ondoren, beroriek hesteko epitelioa igaro eta muki-mintzako odol eta linfa hodietara iritsi behar dute; fenomeno hori xurgatzea da. Goian ikusitakoaren arabera, muki-mintzaren eremu eskergak elikagaien xurgatzea faboratzen du.
Xurgatzea era desberdinetara gertatzen da molekula motaren arabera:
- Gluzidoak, ia duodenoan eta ieiunoan soilik xurgatzen dira. Hestearen pareta monosakarido moduan zeharkatu (% 80 glukosa; % 10 galaktosa; % 10 fruktosa) eta hodi kapilareetan sartzen dira. Disakaridoak eta polisakaridoak ezohikoak diren zenbait egoeratan xurgatzen dira soilik.
- Proteinak aminoazido moduan xurgatzen dira. Ama-esnearen inmunoglobulinak (antigorputzak) salbuespen guztiz interesgarriak dira, haurtxoaren hesteak, ezertan aldatu gabe, xurga baititzake, modu horretara haurrak defentsa inmunitario guztiz baliotsuak bereganatzen dituela.
- Lipidoak dira xurgatzeko modu gehien izaten duten elikagaiak. Digestioaren ondorio diren molekulen parte bat (gantz azidoak eta glizerina, batez ere) odolera igaro daiteke. Elikagai horietariko gehienak, alabaina, biloen baso kilifero edo linfatikoetara doaz. Gantz azidoak eta glizerina epitelio zelulek xurgatu ondoren, berriro elkar daitezke baso kilifero horietan sartzen diren gantz tanta txikiak moldatuz. Tanta horiek proteinaz hornitzen dira, eta lipoproteina konplexuak (kilomikroiak deituak) eratzen dira; halakoak, linfa sistemaren bidez, bihotzerantz joaten dira.
- Ura eta ioiak (Na + , K + , Ca 2+ , Fe 2+ , etab.), azkenik, ileon aldean xurgatzen dira.
Xurgatzeko mekanismoak ere askotarikoak dira: osmosia, difusio bakuna eta erraztua eta garraio aktiboa. Odolera igaro diren elikagaiak gibeleraino eramaten dira mesenterio eta porta zainen bidez. Gibelean, produktu horietariko asko bildu edo bestelakotu egiten dira beste berri batzuk emanez. Gibeletik bena hepatikoaren bidez irteten dira bihotzera joateko eta handik gorputz osora zabaltzeko.
Heste lodia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Digestio-hodiaren azken parte hau 1,5 m inguru luze da, eta bi osagai ditu: kolona eta ondestea. Kolonak heste itsu izeneko halako zabalgune edo zaku moduko batean hasten da, ileona bertara datorrela. Itsutik, apendizea irteten da, behatz itxurako 8-12 cmko dibertikulua. Jarraian, kolonaren lau zatiak datoz (goranzkoa, zeharkakoa, beheranzkoa eta pelbisekoa), eta uzkian amaitzen den ondestea. Bilorik eza da heste lodiaren ezaugarri nagusia.
Heste lodiak ez du digestio funtzio berezirik. Izan ere, digestioa eta xurgapena ileonean amaitzen dira, eta, horregatik, kolonera iristen diren gaiak hondakinak dira; horiekin, gorotza moldatuko da. Prozesu horretan, uraren parte bat xurgaturik gera daiteke, eta odolera pasa. Gainera, kolonean, bakterio-flora ugaria dago; horrek hartzidura eta usteltzea eragiten ditu, eta, halakoetan, gorputzak aprobetxa ditzakeen bitaminak (K eta B) sintetizatzen dira. Gorozkiek 3 edo 4 ordu behar izaten dute heste lodia igarotzeko, eta hori hiru edo lau aldiz gertatzen da egunean. Azkenik, gorotza ondestean pilatu eta iraitzi egiten da.
Uzkia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uzkia digestio-hodiaren azken irekiera da. Kanpoko uzki-esfinter batek eta barneko batek osatzen dute, gorotzak kanpora isurtzeko prozesua kontrolatzeko funtzioa dutenak. Uzki-esfinterren funtzionamendu desegokiak gorotz-inkontinentzia eragin dezake[5].
Digestio-aparatuaren disfuntzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Txantxarra. Bakterio plakan pilatzen diren mikrobioek janarien azukreak hartzitu egiten dituzte, eta hartatik sorturiko azidoak hortz-haginen esmaltea eta dentina desegiten ditu. Kariesa eratzea eragiten duten zenbait eragile seinalatu dira: azukre gehiegi jatea; aho higienerik eza; urak fluor gutxiegi izatea...
- Gaixotasun periodontalak. Bakterio plakako mikrobioek eragiten dituzten oien aldaketak dira. Hasieran, oien hantura gertatzen da, eta, sarri, odoletan izan ohi dira. Gero, hortzaren erroak albeoloari eta hezurrari berari atxikitzen dioten zuntzak jotzen ditu hanturak; horren ondorioz, hortza mugitzen da, eta, azkenean, erori egiten da.
Urdaila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ultzera. Urdaileko paretaren zati bat desegiten denean sortzen da ultzera. Pepsina entzimak paretari eraso, eta txegosi egin dezake behar bezala babesturik ez izanez gero. Orain dela gutxi arte, gaixotasun horren kausak ezezagunak ziren. Egun, ordea, Helicobacter pylori bakterioa eta hanturaren aurkako sendagailuak ultzera eragile nagusitzat hartzen dira.
- Gastritisa. Urdaileko muki-mintzaren hantura da, eta faktore askok eragin ohi dute, hala nola B bitaminen eskasiak eta alkohol, janari edo zenbait botika (aspirina, adibidez) gehiegi hartzeak.
Gibela
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Zirrosia. Gibeleko ehunaren suntsitzea da; ehun horren lekua alferrikako zuntzezko ehunak hartzen du. Behazunaren produkzioa apaltzen da, eta ikterizia agertu ohi da behazunaren jariatze eskas horregatik, eta, horren ondorioz, pigmentuak (bilirrubina, bereziki) odolean zehar hedatzen dira. Kausa nagusia alkoholaren gehiegizko kontsumoa izaten da.
- Behazun harriak. Kolesterolezko kristalez eratuak izan ohi dira; gai hori ez da oso solugarria, eta gotortu egiten da behazunaren kontzentrazioa handiegia denean. Kasu honetan ere, behazunaren ebakuazioa oztopatu egin daiteke ikterizia sortuz.
- Hepatitisa. Gibelaren hantura da, eta infekzio, botika edo gai kimikoren batek eragina izan ohi da. Ikteriziak mina, sukarra, goragalea, etab. eragiten ditu. Hainbat birus motak eragindako infekzio birikoa izaten da hepatitisaren kausarik ohikoena.
Hestea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Idorreria. Behar adina libratu ez eta gorozkiak heste lodian pilatzen direnean gertatzen da. Gehienetan, gorozkien igarotzearen moteltasunak eragiten du; hainbat arrazoi izan daitezke horretarako, behar adinako heste-mugimendua ez izatea, adibidez. Zuntz kontsumo egokiak urritasun hori konpontzen laguntzen du.
- Beherakoa. Gorozki erdijariakariak edo gehiegizkoak libratzea da, eta gorozkien igarotze lasterrak eragina izan ohi da. Kausak askotarikoak izan daitezke: muki-mintzaren hantura, infekzioren batek eragina; jaki narritagarriak; nerbio-arazoak, etab.
- Gastroenteritisa. Urdailaren eta heste meharraren aldi bereko hantura da eta hainbat sintoma eragin ditzakeena, hala nola sukarra, goitikoa eta beherakoa. Kausak, gehienetan, birus-infekzioak eta jakien bidezko pozoitzeak izan ohi dira.
- Crohn gaitza. Heste meharreko zenbait zatiren hanturak eragina izan ohi da (heste larrian ere gertatzen da, baina gutxiagotan). Sabeleko mina eta beherakoa eragiten ditu. Kausa zehatza argitu gabe badago ere, hutsune inmunologikoren baten ondorioz gertatzen bide da.
- Apendizitisa. Sarrienik agertzen den digestio aparatuko gaixotasuna da. Infekzio batek eragiten duen apendizearen hantura da, eta min handia ematen du zilborraren inguruan.
Digestio aparatua zoologian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ornodun guztietan, digestio-aparatua, funtsean, ahotik uzkiraino, gorputz osoan zehar, doan hodi hutsa da. Hala ere, animalia espeziearen arabera desberdintasun garrantzitsuak daude, besteak beste, horietako bakoitza dieta mota batera egokituta dagoelako.
Beste ugaztun batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hausnarkarietan, adibidez, urdaila hainbat ganberatan banatzen da hestegorritik duodenora etengabeko segidan, lau barrunbeak hauek dira[6]: Errumena edo sabela, sarea edo boneta, omasoa edo liburuxka eta abomasoa, mamia edo benetako urdaila.
Hegaztiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegaztien digestio-aparatuak organo espezifiko batzuk ditu, adibidez paparoa; hau lepoaren mailan hestegorriari loturiko ehun-poltsa bat da, non irensten diren elikagaiak aldi baterako gordetzen diren gainerako digestio-hodietara igaro aurretik[7].
Narrastiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Narrastietan, heste meharra ondestean irekitzen da, eta hura kloakan, zeina digestio-aparatuaren zein gernu-aparatuaren eta ugaltze-aparatuaren aho komun gisa erabiltzen den. Espezie askotan, urdaila izugarri zabal daiteke, eta, otordu bakarrean, pisuaren % 70 arte irensteko aukera ematen du[8].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/06/20 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Digestio-aparatu Euskalterm. Euskara.euskadi.net
- ↑ a b c María Cascales Angosto y Antonio L. Doadrio Villarejo. «Fisiología del aparato digestivo[Betiko hautsitako esteka]». p. 1. Consultado el 8 de junio de 2023.
- ↑ a b Guyton y Hall. Tratado de fisiología médica. Consultado el 8 de diciembre de 2017
- ↑ Guarner, F.. (2007-05). «Papel de la flora intestinal en la salud y en la enfermedad» Nutrición Hospitalaria 22: 14–19. ISSN 0212-1611. (Noiz kontsultatua: 2023-09-15).
- ↑ 2 Fisiología anorrectal. X.L. Fernández. Tesis doctoral, Barcelona 2005
- ↑ Ganadería de la leche, p. 94. Autor: Álvaro Castro Domínguez. Consultado el 7 de diciembre de 2017.
- ↑ Anatomía específica de aves: Aspectos funcionales y clínicos. Archivado el 11 de junio de 2017 en Wayback Machine. Autor: Francisco Gil Cano. Consultado el 8 de diciembre de 2017.
- ↑ Reptiles y anfibios. Gran Atlas de la Ciencia, 2014. Consultado el 8 de diciembre de 2017