Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Artikulu hau fenomeno meteorologikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Laino (argipena)».

Lainoa edo lanbroa lurretik gertu edo ukitzen duen hodeia da[1], lurrazalaren edo ur-azalaren gainean lurruna eratzen duen fenomeno meteorologikoa, ikusgaitasuna kentzen duena. Lainoa normalean lurzoruaren hezetasuna lurruntzeak sortzen du, aire hezearen igoera eragiten duena. Euskalki batzuetan, laino hodeiren sinonimoa da, zenbagarria. Horregatik, lurretik gertu dagoenari behe-laino deitzen zaio[2].

Lainoa mendi goitik ikusia (Ibarrola, Aia)
Lainoa errepidean.

Laino da euskara batuan erabili beharrekoa[1], nahiz eta euskalki eta eskualdearen arabera beste aldaera batzuk ere erabili[3].

Euskalki batzuetan, gipuzkeraz batez ere, laino erabili izan da hodeiak izendatzeko, eta hortaz, testu batzuetan bien arteko nahasketa ikusten da. Horregatik, batzuetan behe-laino erabiltzen da biak desberdintzeko.

Bide batez, ez dira nahastu behar laino eta laño: laino izena da (hodei mota), eta laño izenondoa apala edo laua (adibidez: Itsasoa laño dago = bare dago).

Ezaugarriak

aldatu

Lurra ukitzen ari den hodeigisa definitu ohi da askotan lainoa; izan ere, itxura eta egitura bera dute lainoak eta hodeiek. Horrenbestez, askotan ezin izaten da bereizi lainoa eta hodeia, nahiz eta ez diren era eta leku berean sortzen bata eta bestea. Lainoa intentsitate handiko gertaera izaten da batzuetan, baina egun gutxi batzuk baizik ez du irauten, desagertu egiten baita eguzkiaren beroarekin lurruntzea areagotzen denean edo haizearen lastertasuna handitzen denean.

 
Egunsentiaren lainoa mendian.
  • Irradiazio lainoa, sartaldean ohikoa dena.
  • Haize lainoa, kostaldetan ohikoa dena.
  • Lurrun lainoa, eskualde hotzetan ohikoa dena.
  • Prezipitazio lainoa, euria egitean ohikoa dena.
  • Aldapa lainoa, mendietan ohikoa dena.
  • Haran lainoa, haranetan ohikoa dena.
  • Izotz lainoa, eskualde hotzetan ohikoa dena.

Zein prozesu fisikoren ondorioz sortzen den, hiru laino mota hauek bereizten dira: erradiaziozkoak, adbekziozkoak, eta industriaren ondorioz sortuak.

Erradiaziozkoak

aldatu

Erradiazio bidez sorturiko lainoak oso laino mota ugaria da, aire geruza batek beste aire geruza hotzago bat ukitu eta eguratsa hoztean sortzen dira, erradiazioz (energia igortzez) beraz. Gau oskarbietan eratzen dira era honetako lainoak, eguraldia egonkorra denean, eta lur arrasean azpikoz goratze termikoa gertatzen delarik: lurraren tenperatura asko jaistean ihintza edo antzigarra eratzen da, eta laino geruzak sortzen dira eguratseko geruza apalak hoztu ahala. Erradiazio bidezko lainoa sortzeko eguratsean egonkortasuna behar den arren, haize leuna ere behar izaten da orobat, 3-10 km/h haizea hain zuzen, airea astindu dezan, eta zurrunbiloen bidez behe geruzetako airea goiko geruzetakoekin nahas dadin. Oro har, egunez eguzki irraden bidez gainaldea berotu egiten da eta lainoa lurrundu eta desagertu egiten da; lainoa «barreiatu» edo «altxa» egiten dela esan ohi da, nahiz eta lurra asko hozten denean eta azpikoz goratzea oso geruza lodian gertatzen denean lainoak zenbait egunetan irauten duen.

Adbekziozkoak

aldatu

Adbekziozko lainoak gainaldeko aire geruzak horizontalean mugituz hozten direnean sortzen dira. Aire geruza nola mugitzen den, bi eratakoak izaten dira hartara: aire epel hezea gainalde hotz baten gainean mugitzean sortuak, batetik, edo gainalde epel batean zehar aire geruza hotza mugitzean sortuak, bestetik.

Lehenengo kasua itsasoan gertatu ohi da batez ere, aire epela Ternuan Labradorko itsaslaster hotzaren gainean mugitzen denean, adibidez, edo Britainiako ekialdeko kostaldean ekialdeko haizeak Ipar itsaso hotzera iristen direnean. Kasu horretan laino trinkoa eratzen da, lurretik edo itsasotik hurbileko egurats geruzetan, eta indarra airearen eta uraren arteko kontrastearen araberakoa izaten du. Oro har, 6-24 km/h haizeak behar izaten dira: haizea ahulagoa izanez gero, hodei geruza txiki bat bakarrik eratzen da, eta haize indartsuagoak direnean, berriz, laino geruzak gora egiten du eta behe hodeiez estaltzen da zerua.

Bigarren motako lainoari, masa hotz batek gainalde epel batean sorrazten duenari alegia, lurruntze laino ere esaten zaio; laino geruza mehea izaten da, lurrun edo ke itxurakoa. Era honetako lainoak ur epeleko aintziren gainean aire hotza igarotzean sortzen dira batez ere, eta baita itsaslaster epeletan ere, Persiako golkokoan edo Kuroshio mendebalekoan, Japonia iparraldean, besteak beste.

Kutsadurazkoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Smog»

Industriak sorturiko lainoak, azkenik, haran hondoetan eta sakongune topografikoetan eratzen dira besteak beste, hiriguneetan edo industria guneetan. Aireak zatiki higroskopiko asko izaten ditu ingurune horretan, hiriko eta lantegietako jardueraren bidez eguratsera igorriak, eta horrek lainoak sorrarazten ditu, laino trinkoak gainera, % 100 baino hezetasun erlatibo apalagoa denean ere. Kutsadura handiko guneetan, beraz, laino trinkoa eratu ohi da, kea eta beste gai kutsagarri batzuk lainoarekin nahasten direnean, eta smog edo ke-laino esaten zaio laino trinko horri.

Konparaketa beste fenomeno meteorologikoekin

aldatu
Meteoroa Ikusgaitasuna Hezetasuna Aerosola
Euria < 3 km %100 Ura edo izotza
Zirimiria < 1 km %100 Ura edo izotza
Lainoa < 1 km %90-100 Ura edo izotza
Lainobera 1 - 2 km %80-90 Ura edo izotza
Bisutsa < 2 km < %80 Partikula solidoak
Gandua > 2 km < %80 Partikula solidoak

Ikur meteorologikoak

aldatu
Ikurra Zenbakia Deskribapena
 
11 Laino adabakiak, ez 2 metro baino handiagoak
 
12 Laino leun jarraitua, ez 2 metro baino handiagoa
 
28 Lainoa edo izotz lainoa, ordubete baino gehiago bukatua
 
40 Lainoa urrun ikuslearentzat
 
41 Lainoa ez jarraitua
 
42 Zerua ikusi uzten duen lainoa
 
43 Zerua ikusten uzten ez duen lainoa
 
44 Urdubete baino gehiagorako zerua ikusi uzten ez duen lainoa
 
45 Zerua ikustezina uzten duen lainoa
 
46 Zerua ikusi uzten duen lainoa
 
47 Zerua ikusi uzten ez duen lainoa
 
48 Zerua ikusi uzten duen lainoa, izotza edo kalamokoarekin batera
 
49 Zerua ikusi uzten ez duen lainoa, izotza edo kalamokoarekin batera

Ikus, gainera

aldatu
  1. a b Laino Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-02-13)
  2. «behe-laino». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-9-4.)
  3. Laino] Euskaltzaindiak egindako Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (kontsulta: 2021-02-12)

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu