Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Lurrikara

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

1906ko San Frantziskoko lurrikarak sortutako kalteak.
1963-98 arteko lurrikara guztien epizentroak

Lurrikara —orobat seismoa deitua— lurzoruaren astinaldi edo mugimendu bortitza da, oro har jatorri tektoniko edo bolkanikoa dutenak, Lurraren mugimendua esan nahi du eta seismoa itsasoan gertatzen bada, itsasikara deritzo. Lurrikarak, haien jatorriak eta uhin sismikoak lurrean nola hedatzen diren aztertzen duen zientziari sismologia deritzo. Hau da, lurrikarak Lurraren mugimenduak dira.

Lurrikara gehienak plaka tektonikoen mugetan kontzentraturiko indarrek lurrazalaren egokitze bat behartzen dutenean gertatzen dira. Ziklo sismiko izeneko ziklo baten amaieran gertatzen dira, noiz lurraren barnean deformazioaren indarra pilatzen da, gero bat-batean askatuz eta lurrikara sortuz. Honen ondoren, deformazioa berriro pilatzen hasten da.

Lurrikara gertatzen den lurrazpiko puntuari hipozentro deritzo, eta bere bertikalean dagoen lurrazaleko puntuari (eta, noski, kaltetua izango den lehen puntuari) epizentro. Beraz, Lurrikara bat aztertzerakoan, bere osagaiak aztertu beharko ditugu, hau da hipozentroa eta epizentroa, lurrikarak bi puntu hauetaz osaturik daudelako.

Itsaspeko lurrikarek itsasikarak eta tsunamiak sor ditzakete. Adibidez, 2004ko Indiako ozeanoko lurrikarak Eguberrietan Indonesia, Thailandia eta kostako beste hainbat herrialdeetan 200.000 hildakotik gora eragin zituen.

Munduko plaka tektonikoen mapa.

Lurrikarak, denboraldi luze batez, pilatuta egon den energiaren askatasunean du jatorri (Lurraren barne energiaren erakustaldi nabarienetako bat dira). Lurrazalean edo mantuaren azaleko eremuan sortzen dira eta, uhin sismiko elastikoen bidez, norabide guztietan hedatzen diren dardarazko higidura modura agertzen dira. Energiaren pilaketa hau, plaken artean ematen da, izan ere, Lurra hainbat plaka desberdinez osaturik dago eta, plaka hauek, ezaugarri fisiko (lodiera, tamaina...) eta kimiko desberdinez osaturik egongo dira. Lurraren historian zehar, aipatutako plaka hauek, mugitzen joan dira, orain dauden eremuan kokatu arte, hau, plaka tektonikoen teoriaren bidez azaldu daiteke, eta teoria honetan, Wegenerren eta ozeano fosaren eraketaren plaken teoriak hartzen dira. Gaur egungo kontinenteen edo plaken mugimenduak, oso geldoak dira eta, hau dela eta, ez ditugu nabaritzen. Batzuetan, bi plakek elkar talka egiten dute (beraien azpian, magma egongo da) eta, ondorioz, bata bestearen gainetik edo azpitik mugitzen hasiko dira, topografia aldaketak sortuz. Hala ere, beste batzuetan, orain aipatutako mugimendu hauek gertatzea oso zailak direnez, hasiera batean esan bezala energia pilatzen hasiko da. Azaldutakoaren ondorioz, momentu batean, aipatutako tentsio energia askatu egingo da (hau da, plaka bat bortizki mugituko da, bi plakek elkar talka egingo dute, haustura bat emango da eta, energia askatuko da). eta lurrikara emango da, hau hainbat arrazoiengatik gertatu daiteke, hala nola sedimentuen gehiegizko pilaketaren edo sedimentazioaren ondorioz, ibaiek, errekek... eramaten duten ur kantitatearen aldaketen ondorioz, atmosferako aldaketen ondorioz; sortzen dituzten kalteak bere intentsitatearen araberakoak izango dira, hala nola aktibitate bolkanikoa, tsunamiak. Beraz, laburbilduz, lurrikara seismoen jatorria material zurrunen zartatzeak eragiten duen bat-bateko energia askatzearekin dago lotuta, eskala handian zein txikian.

Ameriketako Estatu Batuetako Barne Sailak duen sismografoa.

Lurrikarak, euria edo haizea bezain fenomeno arruntak dira izadian. Horren adibidea da urtero gertatzen diren milioitik gora lurrikarak,[erreferentzia behar] hau da, lurrikara bat hogeita hamar segundoko batez beste. Horietako gehienak gizakiak sumatu ere ez ditu egiten, izan ere batzuetan, lurrikara bat gertatu baina lehenago adibidez, intentsitate txikiko edo oso txikiko lurrikara bat gertatzen da eta, batzuetan hauen intentsitatea oso txikia direnez, gizakiok ez ditugu sumatzen, baina bai ordea sismografoek edo tresna erregistratzaileek, lurrikara txiki edo intentsitate txikiko lurrikara horiek, orain aipatutako kasuan gertatzen baldin badira, intentsitate handiagoko lurrikara baten eremu berberean gertatzen edo ematen diren lurrikara txikiak direla esan daiteke. Gaur egun, sismografiak tomografia sismikoa bezalako teknika berriak erabiltzen ditu, metodo horiek hiru dimentsiotan ematen baitute lurraren sakoneko geruzen irudia. Seismoak edo lurrikarak sismologiaren azterketa esparru berezia dira geofisikaren barruan. Sismologiaren helburua lurrikarak aurreikusi edo iragartzea da, non eta nola sortuko diren esatea, data finkorik zehaztu ezin badu ere. Adibiderik onena, Ameriketako Estatu Batuetako mendebaleko itsasertzeko San Andres failarena da. Hala ere, azken hamarraldietan sismologian eta tektonikan lorturiko ezagutzak, seismoak gertatzeko dauden aukerak zehaztea lortu da. Horrela, Estatu Batuetan iragarria zen ehuneko hogeita hamarreko probabilitatea zegoela 1988-2010 bitartean, San Frantziskoren hegoaldean 7 magnitudeko edo hori baino magnitude handiagoko lurrikara bat gertatzeko. 1989ko urriaren 18an, 7,1 magnitudeko lurrikara bat gertatu zen hiri haren hegoaldean; horrez gainera, beste helburu batzuetarako ere erabiltzen ditu sismologiak uhin sismikoen azterketak: petrolio eta meatze prospekzioetarako eta Lurraren barne anatomia aztertzeko, esate baterako.

Faila motak:
A : bultzada faila (Thrust fault)
B : Faila normala (Normal fault)
C : urratze faila (Strike-slip fault)

Sismologia seismoak edo lurrikarak aztertzen dituen geofisikako adarra da. Bi helburu nagusi ditu: batetik, gertaera sismikoen zer nolakoak eta zergatikoak ikertzea, haiek ohi dituzten ondorio suntsitzaileak mugatzeko eta gutxitzeko; eta, bestetik, Lurraren barne egitura ezagutzea, uhin sismikoek lur barnean nolako hedadura duten aztertuz. Zentzu honetan, sismologiak informazio ugari ekarri du goialdeko lur geruzen egiturari eta dinamikari buruz, eta informazio horiek plaken tektonikaren teoria finkatzen lagundu dute.

Gainera sismologiak hobi mineralak eta hidrokarburo hobiak non dauden ezagutzeko erabilera praktikoak ematen ditu, lur azpian hiru bat metro barrura sartutako lehergailu eztandek eragindako seismo artifizialetan sortzen diren uhin sismikoak nola hedatzen diren aztertuz. Era berean, zubiak, urtegiak, eta gisako ingeniaritza obra handiek oinarrian behar dituzten ezaugarri estrukturalei buruzko informazioa ere eman ohi du sismologiak.

Eskualde sismikoetan, lur barneko indar aktiboek, etengabe deformatzen dituzte haitzak. Tenka indar horiek guztiak haustura gertatu arte pilatzen dira; eten hori haitzen hauskortasunaren eraginez gertatzen da. Alderantziz, gerta daiteke deformazio plastikoei esker presioa etengabe askatzea, eta deformazio plastiko horiei esker sakoneko materialek berriro ere oreka posizioa aurkitzea. Haustura puntu batean hasten da, hipozentro esaten zaion seismoaren zentroan, eta norabide guztietan hedatzen da faila planoan barrena. Hausturaren mugek ez dute era jarraitu batean aurrera egiten, astinaldika baino. Haustura gainaldera helduz gero —gainaldeko seismoen kasuan bakarrik gertatzen da hori— failak aztarna ikuskor bat utziko du gainalde horretan.

Failaren hausturaren hedadura faila gertatzen den eremuko haitzen gainean zer presio dagoen, halakoa izaten da. Zehatzago esanez, haustura fasea eten egiten da arrakalak haitzak presiorik ez duen eremu batekin topo egiten duenean. Haustura hori gertatzen ari den bitartean, failaren planoa labaindu egiten da eta energia askatzen du, marruskadura gutxitu egiten baita, eta energia horrek eragiten ditu uhin sismikoak.

Lurrikarak normalean, bi plaken arteko mugetan (failetan adibidez) emango edo gertatuko dira, bertan egongo delako adibidez, hasiera batean aipaturiko indarren kontzentrazioa. Oso gutxitan emango edo sortuko da lurrikara bat bi plaken eremutik kanpo (% 10 bakarrik). Esan beharra dago, sumendi baten erupzioaren ondorioz, fenomeno honen (lurrikararen) antzeko fenomenoak eman daitezkeela; gainera, lurrikarak, kometen inpaktuen, gizakien eraginez... sortu daitezke. Orain esan bezala, gizakiak, lurrikarak sortu ditzakegu; horiek, normalean, intentsitate txikikoak izaten dira eta, adibidez, zundaketaren ondorioz eragiten dira, ala nola ikerketa batean egiten den zundaketa baten ondorioz. Gizakiok sortutako lurrikarei, induzitutako lurrikarak edo sismo induzitua deritze.

Azaleko lurrikarak dira hondamenik handienak eragiten dituztenak. Horietan askatzen da, hain zuzen, munduko seismoetan askatzen den energiaren ehuneko hirurogeita hamabost inguru. Mota honetakoak dira, adibidez, Kaliforniakoak, San Andres failan gertatzen direnak. Hango azken lurrikara 1989ko urriaren 18an gertatu zen; 7,1 magnitudekoa izan zen, eta zentroa lur azaletik nahiko hurbil izan zuen, 18 kilometroko sakoneran.

Jarduera sismiko handia duten eremuetan beste gorabehera geologiko batzuk gertatzen dira aldi berean: hobi tektonikoak, itsas bizkarrak, kate menditsuak, sumendiak, ozeano hobiak, etab. Horiek guztiek nabarmentzen dituzte eta agerian jartzen litosfera plaken mugak.

Eremu sismikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ozeano Bareko Suzko Eraztuna

Eremu sismikoak, denbora periodo batean, ekintza sismikoen intentsitate maximoa antzekoa den puntu guztiek osatzen duten eremu geografikoak dira.

Lau motako eremu sismikoak bereizten dira:

  • Lehenengo mota ozeano erdiko itsas bizkarren gaineko lurraldeen zerrenda estuek osatzen dute. Eremu horietan litosfera plakak elkarrengandik bereizten ari dira. Eremu horietako lurrikarak azalekoak izaten dira, hau da, 70 kilometro baino sakonera gutxiagokoak lur azpian.
  • Bigarren motak ere azaleko lurrikarak ditu bereizgarri; lurrikara hauek bi plakek elkarri buruz labain egitean sortzen dira. Mota honetako bi adibide dira San Andres faila, Kalifornian, eta Anatoliako faila, Turkia iparraldean.
  • Hirugarren motako eremu sismikoak litosfera plaka bat beste baten azpira subdukzioz sartzen denean eratzen den itsas hobiekin du zerikusia. Lurrikarak subdukzio planoan (Benioff planoa esaten zaio) duten sorrerako kokalekuaren arabera ere bereizten dira: azaleko lurrikarak 70 kilometro baino sakonera gutxiagoan sortutakoak dira; sakonera ertainekoak, 70-300 kilometro artean sortuak; eta sakonak, 300-700 kilometro artean sortutakoak. Mota honetako eremua da Ozeano Bareko «suzko eraztuna», Andeetatik Indonesiaraino hedatzen dena, Erdiko Ameriketan, Aleutiar uharteetan (Alaskako penintsularen hego-mendebaleko ertzean dauden jatorriz sumendi izandako uharteak), Japonian eta Filipinetan zehar.
  • Laugarren motako eremu sismikoa; Birmaniatik hasi eta, Europaren hegoaldeko herrialdeak bilduz, Mediterraneoraino hedatzen den eraztun aktiboa du adibide garbiena. Zerrenda kontinental ez oso zehatz bat da, izatez; lurrikarak azalekoak izaten dira, oro har, plaka biren arteko talkaren ondorioz sortutako mendikateetan. Hala ere, eremu horretan badira sakonera ertaineko seismoak, Errumanian esaterako, eta sakonak ere bai, Stromboli eta Vesuvio sumendien azpian sortutakoak kasu.

Higidura sismikoa sortu den eremuko lur barruko puntuari hipozentroa edo fokua esaten zaio, eta lur azalean, hipozentroarekiko bertikalean dagoenari, epizentro.

Lurrikarak hipozentroaren sakoneraren arabera (sismografoen bidez neurtzen da) sailkatzen dira: gainaldekoak, 70 kilometroko sakonera arte; sakonera ertainekoak, 70 eta 300 kilometro artekoak; eta sakonak, 300 eta 700 kilometro artekoak.

Lurrikara bortitzak fenomeno nahiko sarriak dira. Askotan lurrikara edo astinaldi apalagoak gertatzen dira aurretik, ikara iragarleak esaten zaie horiei, eta ondoren, batzuetan zenbait egunez, gizakiak sumatu ere egiten ez dituen indar gutxiagoko lurrikara batzuk sortzen dira, errepika esaten zaienak.

Lehenago ikusi den bezala, lurrikara bat sortzen denean, hartan askatzen den energia norabide guztietan hedatzen da, uhin elastiko gisa. Haren eragina izandako zatikiak oso gutxi aldatzen dira lekuz, beren oreka posizioaren inguruan kulunkatzen baitira. Harekin lotuta doan dardara eta energia, aldiz, oso distantzia handietan zehar transmititzen dira zatiki batetik bestera, eta oso bizkor gainera.

Uhin sismikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Uhin sismiko»

Bi motatako uhin sismikoak daude, barneko uhinak eta azaleko uhinak:

1) Barneko uhinak: barnealdetik mugitzen dira uhin hauek. Lurraren barneko egituraren eta dentsitatearen ondorioz, bide kurbatuak egiten dituzte. Uhin hauek, lurrikara baten lehen dardara transmititzen dute. Barne uhinak bi multzotan banatzen dira: uhin primarioak (P) eta uhin sekundarioa k (S).

  • P uhinak, lehen mailakoak edo luzetarakoak, luzetarako konpresio-distentsio dardaren bidez igortzen dira; hau da, P uhinak bidean aurkitzen dituen haitzak konprimituz eta atzean utzitakoak dilatatuz hedatzen dira, uhinaren hedatzearen noranzko berean. Beren hedatze lastertasuna material igorlearen araberakoa da, baina oro har, dentsitatea handitu ahala handitzen da lastertasuna ere. Lastertasun hori segundoko 6-13,5 kilometro (km/s) artekoa izaten da. Uhin bizkorrenak direnez, hauexek iristen dira lehenak sismografoetara. Hortik datorkie lehen mailako uhin izena. Uhin horiek ingurune gotorretan zein isurkarietan zehar hedatzen dira. Biot-en teoriaren arabera, fluido batek eremu porodunak asetzen baditu, asaldura sismikoak uhin errotazio eta bi konpresioko forman hedatuko dira. Konpresio formako bi uhinei, lehenengo eta bigarrengo P uhin espeziea deitzen zaie. Lehenengo espezieko uhina faseko mugimendu fluido eta solidoei dagokie, eta bigarren espezieko uhinetan berriz fluido eta solido mugimenduak fasetik kanpo gertatzen dira. Bigarren espezieko uhinak, lehenengo espezie uhinak baino motelago hedatzen dira.
  • S uhinak, bigarren mailakoak edo zeharkakoak, materialen zeharkako dardaren bidez hedatzen dira, eta horren ondorioz forma aldaketak eragiten dituzte material horietan, hedatze horren noranzkoaren perpendikularrean. Hala ere, bolumena ez da aldatzen. Uhin horiei zizaila uhin izena ere esaten zaie. Uhin hauetan energia gehiago eralgitzen da igorpenean. Horrenbestez, uhinak geldiagoak dira, segundoko 3,7-7,2 kilometro (km/s) lastertasunekoak, eta sismografoetara beranduago heltzen dira. Uhin horien jokabidea ingurunearen malgutasunaren araberakoa da; eta beraz, gorputz gotorrek baizik ezin dutenez malgutasunez aritu, S uhinak ez dira jariakarietan zehar hedatzen.

2) Azaleko uhinak: P eta S uhinak azaleraino iristen direnean, L-uhinak bihurtzen dira. Azaleko uhinak hedadura handikoak izaten dira, aurrekoak baino geldiagoak dira, eta haiek izaten dira intentsitate handiko lurrikarek sortzen dituzten hondamendien eragile nagusiak. Bi mota bereizten dira azaleko uhinen artean:

  • Rayleigh uhinak: Lurreko mugimendu eliptiko atzerakoiak sortzen dituen azaleko uhinak dira. Rayleigh uhinetan, eragina izandako zatikiak orbita eliptiko bertikal batean higitzen dira, uhinaren hedatzearen noranzko berean. Mugimendu hori aldatu egiten da sakontasunaren arabera nodo batetik pasatzen non ez den partikularen mugimendurik existitzen. Rayleigh uhinen lastertasuna 2,7 kilometrokoa da segundoko (km/s)
  • Love uhinak: Azalean ebakitze mugimendu horizontalak sortzen dituzten azaleko uhinak dira. Normalean, esterifikatuta dauden ingurune elastikoetan sortzen dira eta lurra ezaugarri fisiko eta kimiko ezberdineko geruzez osatuta dago. Love uhinen abiadura s uhinen %90a da, eta Rayleigh uhinak baino pixka bat azkarragoak dira.

Lurrikara batek duen suntsitze ahalmenari intentsitatea deitzen zaio. Lehen intentsitate eskala Domenico Pignataro italiarrak egin zuen, 17831786 bitartean Italian izan ziren lurrikara guztiek eragindako hondamenei buruzko txostenak aztertuz. 1.181 lurrikara gertatu ziren, Calabriako eskualdea hondatu eta hirurogei mila pertsona hil zituzten seiak barne. Pignatarok lau taldetan sailkatu zituen: ahulak, ertainak, gogorrak eta oso gogorrak. Nahiz eta oso oinarrizko sailkapena izan, hura izan zen sailkapen bat osatzeko lehen saioa.

Intentsitate eskalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mercalli eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Mercalli eskala»

Aipatzekoa da halaber Giuseppe Mercalli italiarrak 1902an finkatu zuen eskala, 1931n Estatu Batuetako adituek hamabi graduko eskalara aldatu zutena eta gaur egun ere oraindik erabiltzen dena, noizean behin baino ez bada ere. Horregatik, berez subjektiboa izateaz gainera (lurrikara baten intentsitatea sismologo adituek in situ egindako neurketen arabera finkatzen baita), intentsitate eskala horrek ez du kontuan hartzen oinarrizko gertaera bat, nola den suntsitzeko edo hondatzeko ahalmena ez dela askatutako energiaren araberakoa izaten, jendea bizi den eskualdetik epizentroak duen hurbiltasunaren araberakoa baizik.

 Medvédev-Sponheuer-Kárník eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurraren mugimenduak ebaluatzeko, gizakien efektu suntsitzaileetan eta terrenoen aldakuntzan oinarritzen den intentsitate makrosisimikoa duen eskala da. Hamabi gradu intentsitate ditu, erromatar zenbakiez adierazita, dezimalak ez erabiltzeko.

70tan Mercalli eskala modifikatuaren bidez eta 1953ko bertsioko GEOFIAN (Medvedev eskala) intentsitate eskalaren bidez lortutako datuetan oinarrituta dago. Eskala hau oso erabilia izan zen europan eta URRSan 70 eta 80eko modifikazio batzuen bidez. Eskala hau, oraindik Indian, Errusian, Israelen eta Commonwealth-en erabiltzen dira.

Shindo eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shindo eskala edo Japoniako eskala, Japonian eta Taiwanen lurrikaren intensxitatea zehazteko, Japoniako Metereologia agentziak erabiltzen duen eskala da. Bere neurketa unitatea shindoa da. Ritcher eskalak ez bezala (honek lurrikararen magnitude osoa neurtzen du, eta lurrikararen tamaina zenbaki bakar batez adierazten du) shindok, lurraren gainazaleko puntu bakar baten mugimendua zehazten du. Eskala honek, shindo 0-tik shindo 7ra neurtzen da. 7-ak kalte handiak adierazten ditu eta 0 kalte txikiak.

Magnitude eskalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Richter eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Richter eskala»

Lurrikaren garrantzia neurtzeko baliabide objektiboago bat edukitzeko, Charles Francis Richter fisikariak hamar graduko eskala bat proposatu zuen 1935ean, 0tik 9ra, gradu bakoitza aurrekoa baino handiagoa dela. Richter eskalako graduaren zehaztapenak ez du zerikusirik lurrikarak eragindako hondamenekin. Sismogramaren analisian oinarritzen da eta lur azaleko uhin jakin batzuek izan duten gehieneko anplitudea neurtuz kalkulatzen da.

Intentsitate eskalekiko nahasketak saihesteko, Richterrek magnitude edo izari hitza erabili zuen, astronomian izarren argitasunaren intentsitatea neurtzeko erabiltzen den berbera. Hala ere, eta bere balio handiagatik, Richterren eskalak ez zuen lurrikaran askatutako energiari buruzko informazio zuzenik ematen. Horregatik, munduko sismografo normalizatuen sare bat ezarri zen; 1967an osatu zen sare hori. Informatikaren laguntzaz, datu horiek eta informazio hori guztia prozesatuz lurrikarek askatutako energia kopurua neur daiteke. Horrela, 8 magnitudeko lurrikara batek dakarren energia, Hiroshimakoak halako hamar mila atomo bonbak sortuko luketen energiaren berdina da.

Momentu magnitude eskala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Momentu magnitude eskala»

Momentu magnitude eskala (MMS laburtuta eta Mw gisa idazten dena) sismologian erabiltzen den magnitudeetako bat da, lurrikara baten energia neurtzeko. Magnitude hau lurrikararen momentu sismikoan oinarritua dago, eta Lurraren zurruntasuna mugitu den azalera eta failaren mugimenduagatik biderkatzean lortzen da. 1970eko hamarkadan garatu zen, Richter eskalaren ordez erabiltzeko. Formulak ezberdinak badira ere aurreko eskala horren emaitza antzekoak ematen ditu, baina lurrikara handietarako askoz emaitza zehatzagoak eskaintzen ditu. United States Geological Survey erakundeak erabiltzen duen eskala ofiziala da lurrikara handi guztietan.

Azaleko uhin magnitudea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sismoaren tamaña neurtzeko erabiltzen den magnitude eskala sismikoa da. Rayleigh azaleko uhinen neurketan dago oinarritua. Txinan erabiltzen da, lurrikarak sailkatzeko estandar nazional bezala.

Gorputz uhinen magnitudea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz uhinen magnitudea, lurrikara baten tamaina zehazteko erabiltzen den metodo bat da. Hasierako uhin presioko zabaltasuna erabiltzen da magnitudea kalkulatzeko. P uhina, azaleko uhin mota bat da, zein lurrean zehar 5-8km/o-ko abiadura duen eta sismometrora lehen iristen den uhina da. Beraz, gorputz uhinen magnitudearen kalkulua metodo azkarrena izan daiteke sismometrotik urrun dagoen lurrikararen tamaina neurtzeko.

Kalkuluaren metodoaren mugaketan, gorputz uhinen magnitudea 6-6,5Mb-tan asetzen dela esan nahi du. Hau da, magnitudea berdin mantentzen da naiz eta momentuko magnitudea handiagoa izan.

Lurrikaren efektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurrikarek hainbat motatako efektuak sor ditzakete eta hauek hiru multzotan sailkatzen dira:

  • Lehen mailako efektuak:  Lurrikara batean gertatzen diren efektu nagusiak dira. Lurzoruaren astintzea, failatzea eta azkenik, honen apurketa. Eraikinak mugitzean, objektuak erori eta eraikinaren erorketa partziala edo osoa gertatzen da. Intentsitatearen eta materialen arabera lurrikara batek sortutako ondorioak askoz larriagoak izan daitezke. Magnitude berdineko lurrikara batek bi leku desberdinetan eragindako ondorioak desberdintasun ikaragarria izan dezakete lurzoruaren materiala dela eta. Izan ere, badaude material batzuk uhin sismikoen efektuak asko handitzen dituztenak, gehien bat oso gutxi kontsolidatuta dauden materialak.
  • Bigarren mailako efektuak: lurrikara baten deribatuak dira.
  • Hirugarren mailako efektuak. Denbora handia irauten duten efektuak edo ondorioak.
    • Komunitate batentzat oinarrizkoak diren zerbitzuen galera
    • Pertsonen desplazamendua beste hirietara, euren etxebizitzen galeraren ondorioz
    • Lan-postuen galera gertatzen da industrien suntsiketa, laboreen galera… dela eta.
Sakontzeko, irakurri: «Itsasikara»
Tsunami baten 3D animazioa.

Lurrikara baten epizentroa itsasaldean kokatuta dagoenean itsasikara deritzogu. Uhinen ondorioz, olatu ikaragarriak sortzen dira, tsunamiak, eta kostaldera iristean bertan galera itzelak eragiten dituzte.

Tsunamiak ozeanoan itsasikarak edo mugimendu geologiko indartsuak gertatzean(sumendiak edo lurren desplazamendua) sortzen dira. Honen ondorioz, lurrazal ozeanikoa igo eta hondoratzen da, uraren mugimendu indartsuak eraginez, olatu oso handiak sortuz. Hala eta guztiz ere, meteoritoak itsasoan erortzean tsunamiak sor ditzakete.Uste da duela 3 miloi urte baino gehiago meteorito bat itsasoarekin talka egin zuela eta mugimendu tektoniko ikaragarriak eragin zituela lurrazal ozeanikoan.

Tsunamiak itsasertzera iristen diren heinean, euren indarra eta abiadura handitzen doaz eta itsasertzera heltzean, orduko 750 kilometrotarainoko (km/h) lastertasuna ere izaten dute batzuetan. Ozeanoaren erdian olatua (tsunamia) metro bat baino txikiagoa da, baina itsasertzera heltzean hirurogei metro eta gehiagoko altuera izaten du. Horrela, 1896ko ekainaren 15ean, Honshun (Japonia), ur azpiko seismo baten eraginez sortu zen 25-35 metro (itsas gorako mailatik neurtuta) inguruko olatu batek herri osoak irentsi zituen eta 25.000 pertsona hil zituen.

Historian zehar badira itsasikarek eragindako hondamendien aipamenak. Azken bi mendeetan honelako 300 gertaera izan dira. Frogatuta dago baita ere biztanle asko bizi diren kostalde bat suntsitzen duen itsasikara seismo bortitz gehienak baino suntsikorragoa dela. Urtero tsunami bat gertatzen da, batez beste, munduan, eta gehienetan Ozeano Barean izaten da.

Itsasikara bat detektatzea oso zaila da baina, epizentroa non dagoen jakin daiteke baita zenbat denboran iritsiko den kostaldera. Hala ere, sakonera handiko itsasoetan (mugimendu gehien dutenak) oso zaila da bertako lurzoruaren mugimenduak aurkitzea. Horregatik askotan tsunamien edo itsasikaren alarma faltsuak ematen dira.

Historiako lurrikara handiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lurrikaren kokalekua Data Magnitudea Hildako kopurua Beste datu batzuk
Valdivia, Txile 1960, maiatzaren 22a 9.5 gradu Richter eskalan 1.655 pertsona hil ziren, 3.000 pertsona zauritu, eta 2.000.000 etxebizitza galdu Lurrikara honen ondorioz tsunami bat gertatu zen, Ozeano Barean sortua. Gainera, sumendi baten erupzioa ere eragin zuen
AEB, Alaska 1964, martxoaren 27a 9.2 gradu Richter eskalan 9 hildako lurrikararen ondorioz eta 130 tsunamiaren ondorioz 4 minutu eragin zituen eta gainera olatu ikaragarriak sortu zituen, 5 metrokoak. Olatu handiena 67 metrokoa izan zen
Indonesia, Sumatra-Andaman 2004, abenduaren 28a 9.1 gradu Richter eskalan 228.000 pertsona hil edo desagertu ziren 8-10 minutu iraun zituen. Planeta guztia zentimetro bat bibratu zuen
Errusia, Kamchatka 1952, azaroaren 4a 9.0 gradu Richter eskalan 22 hildako Tsunami bat eragin zuen eta eragindako kalte materialak 800000-1000000$ izan ziren
Japon, Honshuko kostaldea 2011, martxoaren 11 9.0 gradu Richter eskalan 15.893 hildako Tsunami bat eragin zuen. Gainera Lurraren ardatza 10 cm mugitu zuen.
Erreferentzia: Munduko bost lurrikara indartsuenak[1]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • https://www.lpi.tel.uva.es/~nacho/docencia/ing_ond_1/trabajos_06_07/io3/public_html/Ondas/Ondas.html
  • http://www.wikiwand.com/es/Magnitud_de_las_ondas_de_cuerpo
  • https://web.archive.org/web/20180223175154/http://www.mcic.or.jp/bosai/spanish/page03.html
  • http://geofisicasismospgf.blogspot.com.es/p/ondas-p-y-ondas-s.html
    1. (Gaztelaniaz) «Los cinco terremotos más intensos de la historia» MuyHistoria.es (Noiz kontsultatua: 2017-11-29).

    Ikus, gainera

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]

    Kanpo estekak

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]