Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Johannes Gutenberg

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Johannes Gutenberg

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJohannes Gensfleisch zur Laden zum Gutenberg
JaiotzaMainzc.1398
Herrialdea Germaniako Erromatar Inperio Santua
BizilekuaMainz
HeriotzaMainz1468ko otsailaren 3a (67/68 urte)
Hobiratze lekuaMainz
Familia
AitaFriele Gensfleisch zur Laden
AmaElse Wirich
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaUniversity of Erfurt (en) Itzuli
(1418 (egutegi gregorianoa) -
Hizkuntzakalemana
Jarduerak
Jarduerakasmatzailea, tipografoa, Irarlea, ingeniaria, errementaria, urregina eta mintmaster (en) Itzuli
Lantokia(k)Mainz eta Estrasburgo
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakristautasuna

Find a Grave: 8145 Edit the value on Wikidata

Johannes Gensfleisch zur Laden zum Gutenberg, Johannes Gutenberg (/ˈɡuːtənbɜrɡ/)[1]​ edo Johannes Gutemberg izenez ezagunagoa (Mainz, Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1400[2] - 1468ko otsailaren 3a) urregilea izan zen, eta letra mugikorreko inprenta modernoaren asmatzailea, 1450 inguruan. Inprimaketaren teknologia landu, eta tinta garatu zuen. Europara inprimatzeko makina mugikorra ekarri eta garatu zuelako da ezaguna, aurretik tresna hori Txinan eta Korean erabili baitzen.

Haren lanik ezagunena 42 lerroko Biblia (orrialde bakoitzean inprimatutako lerroei egiten dio erreferentzia) da, 1445ean, Mainzen, eta tipografia mugikorrarekin[3] inprimatutako lehen liburutzat hartzen da; Martin Luteroren ideiak zabaltzeko giltzarria izan zen, eta, bide batez, Erreforma protestantearena[4]. Bere jaioterriko (Maguntzia) kasu judizial ezagun batean nahastuta egon zen, non ordura arte sekretua zen asmakizunaren xehetasunak plazaratu baitziren.

Bere asmakizuna, Ekialdeko Erromatar Inperioaren gainbeherarekin eta Amerikaren aurkikuntzarekin batera, modernitatearen eragile nagusitzat hartzen da[5][6]. Asmakuntzak gizateriaren historiari[7] garrantzi handia eman arren, haren bizitza nahiko ezezaguna da.

Maguntzian jaio zen, Germaniako Erromatar Inperio Santuan, egungo Alemanian, 1400. urtearen inguruan, zum Gutenberg izeneko aitaren etxean. Friedrich Friele Gensfleisch merkatari germaniarraren (geroago, 1410 aldera, zum Gutenberg abizena hartuko zuena) eta bere emazte Else Wirich-en semea zen.

Bere benetako abizena Gensfleisch zen, zeinak Renaniako alemanieraz «antzara-haragia» esan nahi duen (nahiz eta onartzen den hori izatea hitzez hitzeko esanahia ere), hortaz, Johannesek Gutenberg hitza abizen gisa erabiltzea erabaki zuen. Badirudi sendiak etxe bat herentzian jaso zuela eta Hessera aldatu zutela bizilekua. Erfurteko unibertsitatean ikasi zuela uste da, bere izena agertzen baita bertan, 1419an: Johannes de Alta Villa, Eltville am Rhein herriaren latinezko izena. Urte horretan hil zen bere aita.

Bere biografian, 1434 arteko hutsunea dago, Estrasburgon errementari lanetan aurkitzen den arte[8]. Hortxe ditugu 5 urte geroago epaiketa baten aztarnak. Badirudi Hanz Riffeekin elkartu zela eta zerbait sekretua garatzen ari zirela.

1438an sozio berriak sartu ziren: Andreas Heilman eta Andreas Dritzehen (epaiketa hauen oinordekoek jarri zuten): Badirudi harribitxiak lantzen eta ispiluen ekoizpena erakusten aritzen zela, baina denbora gehiena "zerbait sekretua" egiten ari zen. Bere sozioek jakin zutenean, parte hartu nahi izan zuten eta Gutenbergek gustura hartu zuen proiektua, diru faltan baitzebilen, jada. 1438an sinatu zuten kontratua eta 125 florineko ekarpena egin zuten sozio berriek.

Urte hartako eguberrian, sozioetako bat, Andreas Dritzehn, hil egin zen eta bere senideek elkartean sartu nahi izan zuten edo, bestela, konpentsazio ekonomikoa eskatu zuten. Kontratuan ez zuen horrelakorik jartzen eta Gutenbergek ezetza eman zien. Horregatik joan behar izan zuen tribunaletara 1439an eta oinordekoak galtzen atera ziren.

1444 arte Estrasburgon geratu bazen ere, azkenean, Mainzera itzuli zen eta elkarte berri bat osatu zuen Johann Fust judu bankariarekin batera. Honen maileguak lagunduko dio 1449an Konstantzaren meza liburua argitaratzen, munduan tipografoz eginiko lehen liburua. Gutenbergen kolaboratzaile nagusia Peter Schöffer izan zen, Parisen ikasitako kaligrafo aurreratua. Hala ere, lana nekez ari ziren aurreratzen eta Fust pazientzia galtzen ari zen, jarritako diruarekin ez baitzuen errentagarritasun azkarra lortzen. Presa sartzen hasi zitzaion Gutenbergi eta horrela hasi ziren lehenengo haserreak.

1452an, Gutenberg bere Gutenbergen Biblia edo 42 lerrokoa deituko dena hasi zen editatzen. Izen hau ematen zitzaion 1.280 orrialdetako zutabe bakoitzak 42 lerro zituelako. San Jeronimoren Idazkiak lanaren latinezko bertsioa zen eta 5 milioi tipo galdatu beharrean izan ziren. 120 ale egin zituzten paperean eta beste 20 pergaminoan. Lehenengoetatik 33k iraun dute gaur egunera arte eta bigarrenetatik, berriz, 13. Burgosko Liburutegi Nazionalean dago bat gordeta.

1455ean, Fusti mailegua itzultzeko baliabiderik gabe zegoen eta berarekin zuen elkartea hautsi egin zen. Miseria larrian bizi behar izan zuen eta inprentaren metodologia sekretua zabaldu beharrean izan zen, eguneroko ogia lortu nahi bazuen. Tarte horretan, Fust bankaria Peter Schöfferekin elkartu zen eta, bien artean, 1456an Gutenbergen Biblia argitaratu zuten. Hurrengo urteetan ere argitalpenak jarraitu zuten, Psalmorum Codex, adibidez.

1468ko otsailaren 3an, erabat diru gabe eta munduak ahaztuta, hil zen Johannes Gutenberg. Hala ere, inprenta modernoaren asmatzailearen ohorea jaso zuen.

Asmatzailea eta negozioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gutenbergen Biblia

Gutenbergen erronka Bibliaren kopia ugari aldi berean eta fraideek egiten zuten denbora erdian ekoiztea izan zen. Gainera, beharrezkoa zen kopia guztiek eskuz egindakoen itxura bera hartzea.

Zurezko hagatxoak erabili ohi ziren ordura arte eta higatzen joaten ziren, erabiltzen hasi bezain abizenaer. Gutenbergek alfabetoko letra guztien zurezko moldeak egin zituen eta burdinaz bete. Hortxe sortu ziren lehen tipo higigarriak. Eskuizkribua kopiatzen zuten 150 tipo burutu zituen eta banan banan lotzen joan zen.

Inprimatze xafla egiteko ardo prentsa zahar bat erabili zuen eta hemen lotu zituen tipo higigarriak. Letra larriak eta marrazkietarako hutsunea ere utzi zuen. Zenbaitetan, eskuz bukatuko zuten lana.

Gutenbergek primerako lana egin zuen asmatu berri zuen inprentan, baina ez zituen gastuak ondo neurtu eta berehala geratu zen dirurik gabe. Mailegu berria eskatu zion Johann Fusti, baina negoziazioak ez ziren samurrak eta sozio egiteko eskaintza luzatu behar izan zion. Fustek baietza eman zion eta Peter Schöfferri eman zion inbertsioaren arrakasta zaintzeko ardura.

Bi urte lanean aritu eta gero, Gutenberg berriro geratu zen xentimorik gabe. Gutxi falta zitzaion bere 150 Bibliak bukatzeko, baina Fustek ez zion mailegu berririk eman nahi izan eta aurretik utzitako guztiak eskatu zizkion. Ezin ordaindurik, negozioa bankariarentzat izan zen eta Gutenbergen ondoan ikasten aritu zen iloba geratu zen lanean. Peter Schöfferrek Bibliak bukatu eta berehala prezio ederrean saldu zituen.

Eskaera pila izan zuen handik aurrera, azkar baino azkarrago erantzuna jasoz.

Inprentaren asmakuntza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Inprimatzeko makina»
Inprentako tokiak XV. mendean.
Liburugintza Europan, 1450-1800[9].

Inprenta modernoa izan aurretik, liburuak eskuizkribuz egindako kopien bidez zabaltzen ziren, otoitzari eta (kleroak berak edo erregeek eta nobleek eskatuta) aleak kopiatzeari emandako monje eta fraideek egindakoak. Kontrakoa uste den arren, monje kopista guztiek ez zekiten irakurtzen eta idazten. Kopista-lanak, askotan, ulertzen ez zituzten zeinu grafikoen imitatzaileak egiten zituzten, eta hori funtsezkoa zen barne-medikuntzaz hitz egiten zuten debekatutako liburuen kopien kasuan[erreferentzia behar] Irudiak eta letra larriak kopistaren beraren dekorazio- eta arte-produktua ziren, zeinak egiten zuen ale bakoitza bere gustuaren edo ikuspegiaren arabera dekoratzen baitzuen. Lan horietako bakoitzak hamar urte ere behar zezakeen, eskuizkribuaren edo liburuaren luzeraren arabera.

Behe Erdi Aroan, Europan, xilografia erabiltzen zen panfleto publizitario edo politikoak, etiketak eta orri gutxiko lanak argitaratzeko. Horretarako, testua hutsunean lantzen zen, zurezko oholtxo baten gainean, marrazkiak barne —artisauen lan gogorra zena. Zurezko xafla egin ondoren, lan-mahai batera akoplatzen zen, zurezkoa ere, eta xafla tinta beltzarekin, gorriarekin edo urdinarekin (beste kolorerik ez baitzegoen) blaitzen zen; ondoren, papera ezartzen zen, eta, arrabola batekin, tinta finkatzen. Metodo horren arazoa zen zuraren higadura handia zela, eta, beraz, ezin zela paperezko kopia asko egin molde berarekin, eta, jakina, oso garestia zen zurezko xaflak erabiltzea liburuak kopiatzeko.

Inprimagatzaile bakoitzak bere papera egiten zuen, eta bere ur-marka ezartzen zion inprimatzailearen sinadura gisa. Ur-marka horie bidez ezagutzen dira haien lanak.

Ohiko zurezko oholtxoak erabili beharrean —erabiltzerakoan erraz gastatzen ziren eta eskulangile askoren lan neketsua eskatzen zuten—, alfabetoko letra bakoitzaren zurezko moldeak egin zituen, eta, ondoren, moldeak burdinaz betetzen zituen, horrela lehenengo «tipo mugikorrak» sortuz. Letra eta zeinu bereko hainbat eredu egin behar izan zituen denak bat etor zitezen, guztira 150 «mota» baino gehiago, eskuizkribu baten idazkera ezin hobeto imitatuz. Ondoren, letrak banan-banan elkartu behar ziren hitzak eta esaldiak osatzeko, orrialde bat osatu arte. Horrela, ordenatutako «tipo mugikorrak» euskarri berezi batean eusten ziren, tinta igurzten zitzaien, eta paperari aplikatzen ziren. Moldiztegiko aleazioa hobetu egin zuen Gutenbergek, «tipo» gogorragoak, baina arinagoak burdinarekin, berunarekin eta antimonioarekin eginez; sistema horrekin, «tipoak» manipulatzea askoz errazagoa zen zurezko gainazal zabal bat eskuz zizelkatzea baino; testuak azkarrago egin zitezkeen, eta, gainera, «tipo mugikorrak» ―metalezkoak beti― zura baino askoz erresistenteagoak ziren, eta, hartara, liburu osoak egin zitezkeen, eta ez testu laburrak soilik.

Inprimatze-xaflatzat, Gutenbergek ardoa egiteko erabiltzen zen mahats-prentsa zahar bat moldatu zuen, eta euskarri horri «tipo mugikorrak» jarri zizkion, hutsunea utziz letra larriz eta marrazkiz betetzeko. Horiek sistema xilografiko zaharraren bidez erantsiko lirateke geroago, eta eskuz apainduko lirateke.

Gutenbergek ez zuen ondo kalkulatu asmakizuna martxan jartzeko behar zuen denbora; beraz, lanak amaitu baino lehen, dirurik gabe geratu zen Johann Fustek emandako funts guztiak gastatu ostean. Kreditu berri bat eskatu zion, eta mailegu-emailearen mesfidantza ikusita, sozietatean sartzea eskaini zion. Fustek proposamena onartu, eta Gutenbergen lanen zaintza bere suhiaren, Peter Schöffer-en, esku utzi zuen. Hura ikastun gisa hasi zen lanean, bide batez, aitaginarrebaren inbertsioa zainduz.

Bi urte lanean eman ondoren, Gutenberg berriro geratu zen dirurik gabe. Buruan zituen 150 Bibliak amaitzear zeuden, baina Johann Fustek ez zion kreditua handitu nahi izan; aurrekoak amaitutzat eman zituen, zorra berehala ordaintzeko eskatuz. Gutenbergek, erabat kaudimengabea, negozioa galdu zuen, eta Fustek inprentaren buru suhia jarri zuen, inprimaketa berriko arteetan aditu sozioikastun gisa. Gutenberg bere inprenta zapuztutik atera zen, eta Bambergen inprenta-negozio berri bati ekin behar izan zion, zailtasun handiarekin.

Peter Schöfferrek bere maisuak hasitako lana amaitu zuen, eta Bibliak berehala saldu zizkieten kleroko goi-agintariei, Egoitza Santuari barne, oso prezio onean. Fust eta Schöffer aster hasi ziren lan berrien enkargu asko jasotzen; inprimaketa egiteko azkartasuna izan zen, ezbairik gabe, haren hedapenaren eragilea; izan ere, lehen, bezero aberats bati liburu bakar bat ematea urte askoan atzera zitekeen, kopiatzailearen atzerapen naturalagatik.

42 lerroko Biblia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Gutenbergen Biblia»

1452an, Gutenbergek 42 lerroko Bibliaren edizioa hasi zuen (Gutenbergen Biblia ere deitua). 1455ean, Gutenbergek ez zuen kaudimen ekonomiko nahikorik Johann Fust-ek emandako mailegua itzultzeko, eta, beraz, sozietatea desegin, eta Gutenberg pobrezian aurkitu zen (bizirauteko, inprentak muntatzeko sekretua ere zabaldu behar izan zuen). Fust, bestalde, Peter Schöffer suhiarekin elkartu zen, eta, 1456an, Biblia argitaratu zuten Maguntzian. Edizioa «Gutenbergen biblia» izenez ezaguna bada ere, benetako editoreak Fust eta Schöffer izan ziren. Hurrengo urtean, Salmoen liburuaedo Psalmorum Codexa argitaratu zuten.

Constanzako Meza Liburuarekin eztabaida

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela gutxi arte uste zen Gutenbergek elkartea osatu zuenean Fustekin (hark inprenta abian jartzeko mailegua eman zionean), Constanzako Meza Liburua obra katolikoa inprimatu zuela 1449an, zeina Mendebaldeko lehen lan tipografikotzat jotzen baitzen[10][11].

Hala ere, Allan H. Stevenson estatubatuar bibliografoaren azken argitalpenak —ur-marketan aditua— eta ikerketa-teknika berriak aplikatzeari esker, dauden kopiak aztertu ondoren, ondorioztatu da meza liburuan erabilitako papera ezin zela 1473 baino lehenagokoa izan. Ondorioz, ezin zen Gutenbergen lana izan, 1468an hil baitzen[12][13], baizik eta Johahn Meister Koch izeneko batena seguruenik. Gainera, ur-marka horiek inprimatze-lekua Basilean jar lezakete, eta ez Konstantzan, orain arte uste izan dena[14].

Gutenbergen hil osteko grabatua.

Hori dela eta, gaur egun, inkunable hori Gesamtkatalog der Wiegendrucke-k M24875[15] sinadurarekin erregistratu eta katalogatzen du, eta ISTCk, berriz, im00732500 identifikatzailearekin[16].​ Egun dauden Meza liburuaren hiru kopiak: New Yorkeko Morgan Liburutegian[17], Munichen, Bavariako Estatuko Liburutegian[18] eta Zuricheko Liburutegi Nagusian, dagozkien fitxa katalografikoak modu berean datatuta daude.

Inprimatutako liburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1450 eta 1455 artean, Gutenbergek zenbait testu inprimatu zituen, eta horietako batzuk identifikatu gabe daude; testuek ez zuten, ez inprimatzailearen izenik, ez datarik; beraz, tipografia-proben eta kanpo-erreferentzien bidez baino ezin dira esleitu. Egia esan, Elizaren zenbait dokumentu inprimatu ziren, eskutitz bat eta bi indulgentzia barne, eta horietako bat Maguntzian igorri zen. Kopurutan inprimaketak duen balioa ikusita, zazpi edizio agindu ziren, bi estilotan, eta, beraz, milaka ale inprimatu ziren[19].​ Aelius Donatus-en Ars Minor-en (gramatika latinari buruzko eskola-liburua) argitalpen inprimatu batzuk Gutenbergek inprimatuak izan daitezke; horiek 1451 eta 1452 edo 1455 artean datatuak izan dira.

1455ean, Gutenbergek foliotan egindako Bibliaren aleak osatu zituen, ederki eginda (Biblia Sacra); 42 lerro zituen orrialde bakoitzean. Kopiak 30 florinetan saltzen ziren[20], langile arrunt baten hiru urteko soldata, batez beste. Hala ere, eskuz idatzitako Biblia bat baino askoz merkeagoa zen, prestatzeko urte bat baino gehiago behar zuena. Inprimaketaren ondoren, ale batzuk eskuz zigilatu edo argiztatu ziren, aldi bereko eskuz idatzitako bibliek zuten modu dotorean.

Jakina da 48 ale oso bizi direla oraindik, Liburutegi Britainiarrean dauden bi barne, linean ikusi eta alderatu daitezkeenak[21].​ Testuak ez du ezaugarri modernorik, hala nola orrialde-zenbakiak, koskak eta paragrafo-jauziak.

36 lerroko datarik gabeko Bibliaren argitalpen bat inprimatu zen, segur aski, Bambergen, 1458-1460an, eta, agian, Gutenbergek inprimatua. Frogatuta dago Gutenbergen Bibliako ale batetik atera zela haren zati handi bat, eta, hartara, aurreko espekulazioa, bietako lehena zela, ezeztatzen zen.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Publishers, HarperCollins. «The American Heritage Dictionary entry: Gutenberg, Johann» www.ahdictionary.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  2. (ingelesez) Ficha biográfica. Museo Gutenberg, Maguncia. Consultado el 11 de enero de 2016.
  3. «Gutenberg, me suena ... ¿No es un delantero alemán?» Principia. Publicado el 15 de enero de 2015.
  4. (Gaztelaniaz) «Gutenberg: el inventor que cambió el mundo» historia.nationalgeographic.com.es 2017-02-03 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  5. (Gaztelaniaz) «La invención de la imprenta y su impacto en la historia» www.uv.es (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  6. «Edad Moderna (1492 a 1789)» historiando.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  7. (Gaztelaniaz) López, Alberto. (2021-04-14). «La revolución silenciosa de Johannes Gutenberg con el invento de la imprenta» El País (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  8. (Gaztelaniaz) Rebolledo, José Antonio. (1879). Los héroes de la civilización: Ensayo histórico-crítico. la viuda é hijos de J. A. García (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  9. (Ingelesez) The Journal of Economic History 2009-06: Vol 69 Iss 2. Cambridge University Press 2009-06 (Noiz kontsultatua: 2024-05-29).
  10. (Gaztelaniaz) A, Gerardo Quesada. (2020-04-23). «"El Misal de Constanza", fue el primer libro de la historia reproducido en una imprenta» El Norte Hoy (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  11. (Gaztelaniaz) Prensa, A. C. I.. «¿Sabías que el primer libro impreso por Gutenberg no fue la Biblia?» ACI Prensa (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  12. Meyer Godoy & Cifuentes Fuentes 2006, 117 orr. .
  13. Reyes Muñoz 2006, 7 orr. .
  14. (Ingelesez) «The Problem of the Missale speciale | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  15. (Alemanez) Berlin, Staatsbibliothek zu. (2024-04-13). «GW. Description of Incunable No. M24875» gesamtkatalogderwiegendrucke.de (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  16. «ISTC (Incunabula Short Title Catalogue)» data.cerl.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  17. (Ingelesez) «Missale speciale.» The Morgan Library & Museum 2017-07-12 (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  18. «M-488» inkunabeln.digitale-sammlungen.de (Noiz kontsultatua: 2024-05-05).
  19. Meggs & Purvis 2016, 435–436, 442–443 orr. .
  20. Cormack & Ede 2004.
  21. «Treasures in Full: Gutenberg Bible». British Library. Consultado el 19 de octubre de 2006.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]