Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Itsas milia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Itsas milia
Neurtzen dulongitudea
SI sistemarako konbertsioa1.852 m
Unitate estandarretan1,852 km, 1,15077944802 mi, 6.076,116 ft, 72.913,39 in, 0,999330901556 US nmi, 0,9993611 UK nmi eta 2.025,372 yd
Ikurranmi, mn, mpk, mn, NM, ميل بحري, M, mn eta nm

Itsas milia, edo milia nautikoa, neurri unitate bat da itsas eta aire nabigazioan erabiltzen dena luzera neurtzeko, 1.852,00 metroren baliokidea.[1][2]

Batzuetan, mi laburdura erabili ohi da (mile ingelesaren lehen bi letrak), baina ohikoak dira m letra soila edo izen osoa erabiltzen da, mile.[3] Erabilitako beste sinbolo batzuk dira M, NM, Nm, nm, mpk, mn eta nmi.[4]

Itsas miliaren definizioa.

Itsas milia duela mende batzuk hasi zen erabiltzen nabigazioan, herrialdearen arabera definizio desberdinekin. Nazioarteko itsas milia First International Extremary Hydrographic Conference erakundeak definitu zuen, Monakon, 1929an, 1.852 metro zehatz-mehatz.[2] Itsas milia bat meridianoaren arkuko minutu baten baliokidea da, 1,852 00 km-ko luzerarekin, eta Nazioarteko Erakunde Hidrografikoak eta Pisu eta Neurrien Nazioarteko Bulegoak onartu zuten.[5] Lehen, definizioak desberdinak ziren, eta 1929tik aurrera denbora behar izan zen, Sobietar Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak nazioarteko arau berria onar zezaten.

Itsas milia munduko nabigatzaile guztiek erabiltzen dute, baita sistema metrikora ohituta daudenek ere. Itsasontzien abiadura unitatea, korapiloa edo itsas milia bat orduko, horretatik eratorria da, eta 1,852 km/h edo 0,514 m/s da.[5] Karta nautiko batean bi punturen arteko distantzia kalkulatzeko, konpas batekin neurtu behar da bi puntuen arteko angelua, eta, ondoren, neurtu zenbat arku minutuko balioa duen angelu horrek latitudeen eskalan, alboetan.[6] Meridianoek luzera bera dute, eta denak poloetan ebakitzen dira; paraleloak, berriz, ez dira inon ebakitzen, eta luzera txikitzen doa, ekuatoreko balio maximotik, zero den poloetara. Ekuatorean, longitudeko 1° batek 60,11 mi (111,323 km) hartzen ditu, 80° latitudean soilik 10,47 mi (19,390 km) eta poloetan (90° latitudean) 0 mi. Meridianoen graduak ere ez dira konstanteak, Lurra poloetan lauago baita. Hala ere, aldaketa txikiagoa da, ekuatorean gradu bat 59,72 mi-ren baliokidea da (110,6 km) eta 60,31 mi-rena (111,7 km) poloetatik gertu (0,59 mi edo 1,1 km-ko aldea).[7]

Espainiako eremu ekonomiko esklusiboa.

Lurralde urak, edo herrialde baten jurisdikzioko itsasoa, itsasertzaren ondoan dagoen itsas lerroa da, zeinaren gainean burujabe den herrialdea bera. Gaur egun, itsasertzetik 12 mi hartzen du. Ekonomia eremu esklusiboa edo ondare itsasoa itsas eremu zabalago bat da, non itsasertzeko estatuak baliabideak esploratzeko eta erabiltzeko eskubideak baititu. Jurisdikziopeko itsasoaren kanpoaldeko mugatik 200 mi-ra hedatzen da.[8]

Hona hemen portuen arteko distantzia batzuk: A CoruñaBilbo 255 mi, LisboaBilbo 582 mi, Algeciras–Bilbo 870 mi, GibraltarPasaia 918 mi, DonostiaHuelva 833 mi, Pasaia–Bartzelona 1.433 mi; BermeoPalamós 1.440 mi;[9] Lisboa–New York 2.935 mi, TokioSan Francisco 4.474 mi, San Francisco–Sydney 6.442 mi.[10]

Bi punturen arteko distantziaren kalkulua, posiziotik abiatuta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
A eta B puntuen arteko distantzia kalkulatu nahi da. Zirkulu horia ekuatorea da eta P puntua ipar polo geografikoa.

Bi punturen koordenatu geografikoak kontuan hartuta, Lurraren gainazal esferikoan bereizten dituen distantzia kalkula daiteke, trigonometria esferikoaren kalkulu baten bidez. Adibidez, Favàritxeko lurmuturraren (Menorca) eta Creuseko lurmuturraren (Girona) artean.

Puntua Latitudea Longitudea Latitudearen angelu plano osagarria Longitudearen angelu plano totala
A = Favàritxeko lurmuturra ΦA = 40º 00' N 4° 16' E 90° – ΦA = 50° 00' 4° 16' – 3° 19' = 57'
B = Creuseko lurmuturra ΦB = 42° 19' N 3° 19' E 90° – ΦB = 47° 41'

Bessel-en formula aplikatuz, A eta B puntuetatik pasatzen diren eta P ipar poloan ebakitzen diren bi meridianoek osatutako y angelu esferikoa kalkula daiteke:

Itsas milietan distantzia hau izanen da:

[11]

Erromako Via Novako XXIX. milia-harria; Bracara Augusta (Braga) eta Asturica Augusta (Astorga) lotzen zituen bideak.
Andrea Benincasaren portulanoa (1508).

Erromatar milia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Milla» hitza latinezko mīlle-tik dator, «mila» esan nahi duena, eta, zehatzago esanda, milia erromatarretik (mīlle passuum); Antzinako Erromaren luzera neurri bat, bost oineko mila urratsen baliokidea, eta, beraz, bost mila oinen baliokidea (1.479,5 m). Zortzi estadio grekoren baliokidea zen (estadio batek 185 metro inguru neurtzen zituen). Izen arruntena mīlle passuum zen, baina batzuetan «passuum» isildu egiten zen.[12]

Mediterraneoko beste milia batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Paraleloak gradutan zatitzea Pierre Foncinen La deuxième année de géographie liburuan (1882).

Mediterraneo itsasoan ezarritako itsas milia luzeena milia mediterraneoa deitutakoa da, 1.230 m egiten duena, hau da, milia erromatarraren 5/6. Erdi Aroko portulanoetan erabili zen. XV. mendean, espainiar legoa ere asko erabili izan zen itsasoan, Lurraren zirkuluaren luzera graduaren bider 17½ baten baliokidea (1° = L/360, L izanik Lurraren zirkuluaren luzera). Litekeena da Erdi Aroko Italiako mapetan Ozeano Atlantikoko kostaldeak milia erromatarraren magnitude bereko milia batekin neurtuak izatea. Aurkikuntza handien garaian, badirudi erabilera orokorrekoa zela. Kristobal Kolonek egindako erregistroek (1436/14511506) erakusten dute milia hau erabili zuela. Gradu bat 56⅔ milia erromatarren baliokidea zen (84 km inguru, egungo balioa baino % 32 gutxiago). Milia erromatarrak Mediterraneoan erabiltzen jarraitu zuen ia XVIII. mendearen amaiera arte, eta aldi horretan hasi zen graduan 75 kontatzen.[13]

Espainiako eta Portugalgo interesen eta Ekialdeko Indietako interesen arteko mugatze lerroa adierazten duen mapa, Moluka, Filipina eta Mariana artxipelagoekin (c. 1575 ).

Espainiar, frantses eta britainiar miliak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XV. mendearen hasieratik, itsasoan distantziak neurtzeko zenbait neurritako miliak erabili izan ziren: 1 230 m, 1.500 m eta 1.850 m inguru. Horiez gain, hiru itsas milia handiago erabiltzen ziren, azken bi milia txikiei lotuta zeudenak erlazio finko baten bidez: Espainiako itsas legoa 4 x 1.480 m-koa zen, horietatik 17½ bakoitza gradu baten baliokide, hori da, 105 km, nahiz eta, berez, 111 km den. Frantses lieu marin eta british sea league britainiar neurrietan (3 x 1.500 m gutxi gorabehera), gradu bakoitzak 20 zituen, beraz 90 km. Milia herbeheretar-alemana 5.500 m ingurukoa zen, horietatik 15 gradu baten baliokide, beraz gradu bakoitza 82,5 km. Milia horiek guztiak graduaren neurketan oinarritzen ziren eta, Lurra uste baino handiagoa zela agerian geratu zenean, miliaren luzera aldatu egin behar izan zen. Milia herbeheretar-alemana 5.500 m-tik 7.400 m-ra aldatu zen; frantses milia 4.500 m-tik 5.500 m-ra.[13]

Lurraren zirkunferentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkikuntza handien hasieran, Lurraren dimentsioei buruzko hainbesteko ziurgabetasuna zegoen, non iritzi desberdintasunak % 50era iristen baitziren. Portugalgo Erresumak 25.200 milia erromatarreko neurria erabili zuen antzinako Eratostenes astronomo grekoak (K.a. 276–195) emandako Lurraren zirkunferentziarako. Arrazoi politikoengatik, Monarkia Hispanikoak 18.000 milia erromatarreko zirkunferentzia neurria hartu zuen, Klaudio Ptolomeok (100–170 inguru) emana. Horrek aukera eman zien gaztelarrei Molukak Ekialdeko Indiei eskatzeko, XVI. mendearen hasieran.[14]

Nicolaus Germanusen Asiako hamaikagarren mapa (1482).

60 miliako gradua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kosmografoak XV. mendetik aurrera hasi ziren 60 milia erromatarreko gradua aintzat hartzen. Italiarrek milia hori etengabe erabili zuten Lurraren neurri gisa. Ptolomeoren Geographiaren edizio batean, Ulmen 1882an argitaratua, Hegoaldeko Asiako kartan ageri da 60 miliako gradua. Nicolaus Germanus kartografoak (c. 1420–c. 1490) marraztua zuen jada mapa Ptolomeoren edizio baterako, 1466an, eta oso litekeena da 60 miliako graduaren sortzailea izatea. Emaitza izan zen graduaren zatiketa eroso bat, milia osoetan egina. Horrela jaio zen, inor konturatu gabe, minutu bateko arku milia (gradu bat 60 arku minututan banatuta dago). Lurraren dimentsioei buruzko ziurgabetasun handia nagusitzen zen garai batean, ez zen arazo handirik izan onartzeko gradua 60 milia erromatarren baliokidea zela eta ez 62½rena (1.480 m inguru), ordura arte erabili izan zen gisan.[13]

Pedro de Medinaren Arte de navegar (1545).

Italiar nabigatzaileek iritzi desberdina zuten, graduaren baliokidetzat hartzen baitzuten aurrekoaren luzera bereko 70 miliatan. Pedro de Medina kartografoak (1493–1567), Arte de navegar liburuan (Sevilla, 1545), milia mota hori besterik ez du aipatzen. 1598ko Moluken mapan, legendak neurri hauek ematen ditu maparen hiru milien eskaletarako: 1° = 17 ½ legoa espainiar = 70 milia italiar = 15 milia alemaniar.[13]

1617an, Willebrord Snel van Royen (1580–1626) zientzialari herbeheretarrak Lurraren zirkunferentziaren neurketa berri bat osatu zuelarik, aurkitu zuen 24.630 milia erromatar zirela, Eratostenesena (25.200 milia erromatar) eta Ptolomeorena (18.000 milia erromatar) baino handiagoa.[14]

Edmund Gunter (1581–1626) matematikari ingelesak uste zuen nabigatzaile baten distantzia unitate onargarriena zela latitude angeluaren neurriak lotuta egotea egindako distantziarekin. Arrazoibide horren emaitza izan zen meridiano batetik minutu bateko arkua hartzea, distantzia unitate gisa. Snel van Royenen Lurraren zirkunferentziaren neurria onartzean, Gunterek zehaztu zuen haren «itsas milia» 6 080 oinekoa zela, hau da, arku minutu baten luzera 48°-tan.[14]

Itsas milia zehazten

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako itsas milia 1636koa dela esan daiteke. 1637an, Londresen, Richard Norwoodek (1590?–1675) The Sea-man’s Practise, containing a Fundamental Probleme in Navigation, experimentally verified izeneko liburuxka kaleratu zuen, non erakusten baitzuen 5.000 oineko milia laburregia dela. Norwooden iritziz, miliaren luzerari buruzko gaizki-ulertuak zenbait arrazoirengatik gertatu ziren. Lehenik, mapa guztiek zeukaten akatsa. Ordura arte, paraleloek luzera bera zuten ekuatorearen eta poloetan, hau da, latitudearen minutua ez zen handitzen. Norwoodek proposatu zuen, meridianoaren arkua neurtu ondoren, milia 6.120 oinean finkatzea, eta, gero, 6.000 oinean.[13] Izan ere, Lurraren forma ez da guztiz esferikoa, eta oso hurbil dago esferoide kamuts baten formatik; esfera hori polotik polora dagoen ardatzean zanpatua dago, halako moldez non ekuatorearen inguruan koskor bat dagoen.[15] Koskor hori Lurraren errotazioak sorrarazten du, ekuatorearen diametroa 43 km handiagoa baita poloetan baino.[16]

Nazioarteko itsas milia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde bakoitzak balio pixka bat desberdinak hartu zituen itsas miliarentzat, eta, azkenik, Nazioarteko Erakunde Hidrografikoak Monakon 1929ko apirilaren 9tik 20ra egindako First International Extraordinary Hydrographic Conference batzarrean definitu zuen nazioarteko itsas milia. Itsas milia bat meridianoko arkuko minutu baten luzera da, 1.852 m luze.[2] Pisuen eta Neurrien Nazioarteko Bulegoak onartu zuen definizio hori.[5] 1929tik denbora igaro behar izan zuen Sobietar Batasunak, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak nazioarteko arau berria onar zezaten. Erresuma Batuak 1.853,18 m-ko itsas milia zuen eta AEBek 1.853,248 m-koa. Estatu Batuek ez zuten nazioarteko itsas milia onartu 1954ko uztailera arte.[17]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Euskaltzaindiaren Hiztegia > itsas milia» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  2. a b c «Euskalterm > itsas milia» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  3. Jose Ramon Etxebarria. (2011). Zientzia eta teknikako euskara arautzeko gomendioak. Eusko Jaurlaritza ISBN 978-8445731369..
  4. (Ingelesez) S.V. Gupta. «Units of measurement : past, present and future : international system of units | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  5. a b c (Frantsesez) «Le Système international d’unités (SI) - 8e édition» web.archive.org (Bureau international des poids et mesures) 2006 (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  6. (Gaztelaniaz) Marcela Castells Sanabra, Jordi Mateu LLevadot, Jordi Torralbo Gavilán. (2000). «Patrón de yate : resúmenes teóricos, test y problemas de navegación | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  7. (Gaztelaniaz) Manuel Quirós Hernández. «Tecnologías de la información geográfica (TIG) cartografía, fotointerpretación, teledetección y SIG | WorldCat.org» www.worldcat.org (Universidad de Salamanca) (Noiz kontsultatua: 2023-02-23).
  8. (Gaztelaniaz) «Derecho internacional publico | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  9. (Gaztelaniaz) Armada Española. (2023-01-23). «Distancias entre puertos» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  10. (Katalanez) «Google Earth» Google Earth (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  11. (Ingelesez) A. Rodríguez Arós, F. Blanco, M. J. Muiños. (2012). «Trigonometría plana y esférica con aplicaciones a la navegación | WorldCat.org» www.worldcat.org ISBN 978-8497329057. (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  12. (Ingelesez) William Smith, LLD, William Wayte, G. E. Marindin, Ed.. (2023-01-21). «A Dictionary of Greek and Roman Antiquities (1890), MACELLUM, MATRA´LIA, MILLIA´RE» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-24).
  13. a b c d e (Ingelesez) J. Löchstöer. (1934). «On the History of the Nautical Mile» The International Hydrographic Review.
  14. a b c (Ingelesez) «Mile, Nautical and Statute | Encyclopedia.com» Encyclopedia.com (eb.archive.org) 2023-02-23 (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  15. (Ingelesez) Dennis G. Milbert eta Dru A. Smith. (2022-11-18). «Converting GPS Height into NAVD88 Elevation with the GEOID96 Geoid Height Model» National Geodetic Survey, NOAA (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  16. (Ingelesez) D. T. Sandwell, W. H. F. Smith. «Exploring the ocean basins with satellite altimeter data | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
  17. (Ingelesez) Lewis V. Judson. (1963klo urria). «Weights and measures standards of the United States» US Department of Commerce (web.archive.org) (Noiz kontsultatua: 2023-02-27).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]