Atle Selberg
Atle Selberg (Langesund, Bamble, Norvegia, 1917ko ekainaren 14a - Princeton, New Jersey, AEB, 2007ko abuztuaren 6a) matematikaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ramanujanen testu batzuk eta Heckek Osloko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan (1936) egindako hitzaldia irakurri zituenean hasi zen matematikarekin zaletzen. Doktoregorako ikerlana Osloko Unibertsitatean egin zuen, eta 1942an, doktoregoa bukatu baino urtebete lehenago, ikerketa-kide izendatu zuten. Postu horretan egon zen 1947an Estatu Batuetara joan zen arte.
Princetongo Ikerketa Aurreratuetarako Institutuan egon zen, eta irakasle-laguntzaile izan zen Syracuseko Unibertsitatean. 1951n Princetongo irakasle egin zuten. 1950eko Harvardeko Matematikarien Nazioarteko Kongresuan Fields domina jaso zuen; Viggo Brunen galbahe-metodoen orokortzea egiteagatik eta Riemannen zeta funtzioaren azterketarengatik irabazi zuen saria.
Bestalde, Selberg ezaguna da zenbaki lehenen teorema bat, progresio aritmetiko arbitrarioekin zerikusia duena, frogatzeagatik. Teorema hori XVIII. mendean azaldu zen lehenengo aldiz, eta Riemannek, Hadamardek eta de la Vallée Poussinek frogatu zuten, azkeneko biek analisi konplexua erabiliz. 1949an Selberg eta Erdösek analisi konplexua erabiltzen ez duen frogabide bat aurkitu zuten, Matematikaren Analetan argitaratu zena, An elementary proof of the prime number theorem ('Zenbaki lehenen teoremaren frogapen oinarrizkoa') eta An elementary proof of Dirichlet's theorem about primes in an arithmetic progression ('Zenbaki lehenei buruzko Dirichleten teoremaren oinarrizko froga progresio aritmetiko batean') izenekin.
Selbergek matematikako beste arlo batzuk ere aztertu zituen: Rankin-Selberg metodoa, Selbergen arrastoen formula, Selbergen zeta funtzioa, funtzio automorfikoak eta Dirichleten serieak, besteak beste. Bestalde, Axel Thueren Selected mathematical papers aldizkariaren (Oslo,1977) zuzendarietako bat izan zen. 1989an Reflections around the Ramanujan centenary ('Ramanujanen mendeurrenari buruzko gogoeta') liburua argitaratu zuen. Fields dominaz gainera, beste ohore asko jaso zituen Selbergek: Norvegiako Zientzietako Akademiako kide, Zientzietako eta Letretako Daniar Errege Akademiako kide, eta Ameriketako Arte eta Zientzien Akademiako kide aukeratu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.