Alan Baker
Alan Baker (Londres, 1939ko abuztuaren 19a - Cambridge, 2018ko otsailaren 4a) matematikaria izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Londresko Unibertsitatean ikasi ondoren, Cambridgeko Unibertsitatera joan zen, eta han egin zuen doktoregoa. 1964an, Trinity Collegeko kide aukeratu zuten. Ekuazio diofantikoak landu ditu bereziki Bakerrek, eta, horri esker, Fields domina jaso zuen Nizako Nazioarteko Kongresuan, 1970ean. Hilberten zazpigarren problema ebazten ere lagundu zuen. 1972an, Cambridgeko Unibertsitateko Adams saria jaso zuen, eta, hurrengo urtean, Royal Societyko kide aukeratu zuten. Indiako Nazioarteko Zientzien Akademiako ohorezko kide ere bada (1980).
Hauek dira Bakerren libururik aipagarrienak: Transcendental number theory (1975, Zenbaki transzendentalen teoria), Transcendence theory: advances and applications (1977, Transzendentziaren teoria), A concise introduction to the theory of numbers (1984, Zenbakien teoriaren sarrera) eta New advances in transcendence theory (1988, Transzendentziaren teoriaren azalpen berriak).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.