Arantza
Arantza | |
---|---|
Nafarroa Garaia, Euskal Herria | |
Arantzako herriaren ikuspegia. | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Lurraldea | Nafarroa Garaia |
Merindadea | Iruñea |
Eskualdea | Bortziriak |
Administrazioa | |
Estatua | Espainia |
Erkidegoa | Nafarroa |
Izen ofiziala | Arantza |
Alkatea | Juan Miguel Almandoz (EH Bildu) |
Posta kodea | 31790 |
INE kodea | 31022 |
Herritarra | aranaztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°11′46″N 1°43′29″W / 43.196111111111°N 1.7247222222222°W |
Azalera | 31,2 km² |
Garaiera | 275 metro |
Distantzia | 66 km (Iruñetik) |
Demografia | |
Biztanleria | 609 (2023: 18) |
Dentsitatea | 1,95 bizt/km² |
Zahartzea[1] | % 28,05 |
Ugalkortasuna[1] | ‰ 87,3 |
Ekonomia | |
Jarduera[1] | % 73,42 (2011) |
Desberdintasuna[1] | % 0 (2011) |
Langabezia[1] | % 4,73 (2013) |
Euskara | |
Euskaldunak[2][3] | % 96,20 (2018: %1,32) |
Datu gehigarriak | |
Webgunea | http://www.arantza.eu |
Arantza[4] ([aɾants̻a]) Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortzirikoa Baztan Bidasoa eskualdean. Nafarroako hiriburu Iruñetik 66 kilometrora dago, eta 629 biztanle zituzten 2014. urtean.
Arantza 1995etik Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) partaide da.
Herritarrei aranaztar esaten zaie (Aranaz da herriaren gaztelaniazko toponimoa)[5].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bortzirietako hegoaldeko udalerria da Arantza.
Herrigune nagusi bat du, Arantza, eta lau kontzeju dauzka, Eguzkialdea, Aientsa, Azkilarrea eta Bordalarrea.
Inguru naturala eta kokapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantza Iruñeko merindadeko iparraldeko muturrean dago. Herrira heltzeko, N-121-A hartu behar da Sunbilla-Berako norabidean, ondoren Berrizaunera heldutakoan NA-4020 errepidea hartu behar da. Arantzak, Lesaka eta Igantzirekin egiten du muga iparraldean, Goizuetarekin mendebaldean, eta Zubieta eta Iturenekin hegoaldean.
Herria Adarra errekaren ertzean dago eta Ekaitza (Mendaur) mendiaren iparraldeko magalean. Udalerria mendi garaiez inguratuta dago. mendiak honakoak direrala: iparraldean Unanua (650 metro) Apaola (681 metro); ekialdean Ekaitza mendia (1034 metro) eta Artikutza (1042 metro); hegoaldean Araña (1037 metro), Mendaur (1.131 m)[1][2], Loitzate (1.048 m), Ekaitza (1.046 m) eta Mendieder (1074 metro); eta mendebaldean Beltzuntza (912 metro) eta Izu (828 metro) mendiak.
Bailarako hegoaldeko muturrean Putzubeltz ur-jauzia dago, bailara zeharkatzen duen Latsako errekaren sorburutik gertu, Mendaur mendiaren magalean ipar-mendebaldeko isurialdean.
Klima eta landaredia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako klima ozeaniko hezea da. Euri ugari egiten du urte osoan (2.000 mm inguru), Nafarroa Garaiko iparraldeko herri askotan bezala. Neguak leunak izaten dira, eta udak nahiko epelak, kontraste handiko tenperatura aldaketarik gabe.
Hosto erorkorreko hainbat zuhaitz espezie geratzen dira Arantzako mendietan, haritzak (Quercus robur) udalerriko beheko guneetan, pagoak (Fagus sylvatica) Arantzako gunerik garaienetan, eta gaztainondoak tarteko eremuetan. Jatorrizko basoez gain, birlandatutako pinuen azalerak ere badu bere garrantzia. Insignis pinua eta Japoniatik ekarritako Alertze pinua Arantzako basoen azaleraren erdia zen XX. mendearen amaieran.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzan aurkitutako lehen giza aztarnak kristo aurreko 2000. urtekoak dira. Hainbat hilobi eta trikuharri aurkitu dira. Garai hartan bizi ziren ehiztari eta artzain moduan aritzen ziren biztanleen froga. Hildakoen ondoan, objektu ezberdinak lurperatzen zituzten, geziak, eta bestelako apaingarriak. Abelburuentzako larreak sortzeko asmoarekin, zuhaitzak bota zituzten eta artzaintza garatu zen.
Arantza, XIII. mendean sortu zuten Nafarroako erregeek. Ibaiaren indarra aprobetxatzeko asmoarekin, burdinola bat eraiki zen, eta herriko etxe zaharrenen izenak, bertatik datoz, Aranibar, Ola eta Ibarrola besteak beste. Burdinolez gain, ikazkintza ere garatu zen. XVII. mendean, Amerikatik etorritako hainbat produktuek, herriko nekazaritzako laborantzak aberastu zituzten. Artoaren landaketarekin batera, taloa egiten hasi ziren herriko biztanleek, denbora laburrean gainera, artoa elikaduraren oinarrietako bat bihurtu zen.
Pixkanaka, burdinolek garrantzia galdu, eta desagertuz joan ziren, Euskal Herri osoan gertatu bezala. XIX. mendean herrian hiru errota zeuden, eta mendietatik landutako ikatza inguruko herrietako industrializazioaren hastapenek sorturiko lantegietara eramaten zuten. XX. mendean zentral elektriko eta zerrategiak zabaldu ziren, 1913. urtean "Electra Aranaz" konpainia esaterako. Garapen industrial horri lotuta, biztanleria haziz joan zen, 1950eko hamarkadaren hasierara arte, Arantzak 1.200 biztanle lortuz.
Bigarren Mundu Gerran, istripu bat gertatu zen Izu mendiaren magalean: Alemaniar hegazkin batek talka izan zuen bertan, eta 10 tripulatzaileak hil ziren. 1943ko abenduaren 29an izan zen.[6]
Denboran aitzinera, XX. menderen bigarren erditik aurrera, joera aldatu eta herriko biztanleek inguruko herri handiagoetara jo zuten lana topatzeko, eta baita Ameriketara bertan artzain moduan aritzeko. Gaur egun, herriko jarduera ekonomiko nagusia industria eta zerbitzuak dira, eta arantzatar gehienek, Lesaka eta Berako industrialdetan egiten dute lan. Hortaz, nekazaritzak garrantzia galdu du.
Aipatzekoa da bertzela 2015eko abenduan, aurreko udazkenaren lehortearen ostean eta hego haizearen hauspoturik, piztutako sutea. Azken 30 urteotako pairatutako handiena izan da, 230 hektarea inguru erre zuelarik.[7]
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako biztanleria |
---|
2008ko erroldaren arabera, ez da Espainiaz kanpoko etorkinik bizi Arantzan.
Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako euskara[10] Nafarreraren barne Ipar-Sartaldeko azpieuskalkian[11] dago kokaturik, Bortzirietako euskara[12] da zehazki bertan hitz egiten dena. Ipar-sartaldeko azpieuskalkia Bortzirietan, Malerrekan, Bertizaranan eta euren ondoko beste herri batzuetan egiten da: Baztango Oronoz-Mugairin eta Basaburu Txikiko Beintza-Labaienen, Goizuetan eta Saldiasen. Berrikuntza nafar zenbait ez dira alderdi honetara heldu Zuazoren arabera eta, bestetik, nabarmena da Gipuzkoako euskararen eragina. Gainera, Ipar Euskal Herriaren gertutasuna ere sumatzen da hizkera hauetan. 1999an Mikel Muezek egindako erreportaje baten arabera, herri honetan Euskal Herriko azken euskaldun elebakarretarikoak bizi ziren[13].
Aranaztarren ekarpenak euskararen kulturara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jose Iturria (1879-1952) apaiz kaputxino aranaztarrak hainbat obra idatzi zituen euskaraz, besteak beste hauek: Nere Laguna (sermoi bilduma, 1922-1931), Eiza-iztia edo Abere ta piztiak (1929, etxe-abere eta basanimalien inguruko ipuinak; Bilboko Euzkadi egunkarian argitara emanak).
- Bautista Madariaga (1926–2018), Nafarroako Bertsolari Txapelduna izan zen 1961ean. Bera eta anaia Xalbador Madariaga Nafarroako bertsolaritzaren zutabe bat izan ziren 60koen eta 70koen hamarkadetan. 1988an, omenaldia jaso zuten Donostian egindako Bertso Egunean. [2]
Ahotsak.eus ataria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako Joakin Berauren[8] testigantza jasota dago Ahotsak[9][10] proiektuan. Ahotsak.eus atarian Arantzako hizkeraz beste bi elkarrizketa jasota daude 29 pasartetan banatuta.[14]
UEMAko kidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]UEMAn dauden eta egon litezkeen herriak. (Iturria: Berria)
Udalerri mailan euskara gizarte-bizitzaren alor guztietara hedatu nahi duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kidea da Arantza.[6]
Udalerri euskalduntzat jotzen dituzte euskal hiztunen portzentajea %70etik gorakoa duten herriak egon daitezke UEMA Mankomunitatean. Baldintza hori betetzen duten herri guztiak sartuko balira guztira 200.000 biztanle inguruko ingurunea litzateke. [7]
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udal hauteskundeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako alkatea "Arantza Aitzinera" (AA) herri ekimeneko Ainara Maia Almandotz atera zen 2007ko udal hauteskundeetan. Udaleko zazpi zinegotzietatik lau lortu zituen eta hortaz gehiengo osoa. Baliogabeko botoak 12 izan ziren (emandako guztien %2,40) eta 9 boto zuri izan ziren (botoen %1,84). Abstentzioa %15,80koa izan zen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Arantza Aitzinera | 276 | 4 |
EAJ | 204 | 3 |
2011n Bildu izan zen zerrenda bakarra; 330 boto, 7 zinegotziak eta alkatetza (Jaime Iturria) erdietsi zituen.
Alderdia | Botoak | Zinegotziak |
Bildu | 330 | 7 |
Alkateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2007-2011 | Ainara Maia Almandotz | Arantza Aitzinera |
2011-2015 | Jaime Iturria Mitxelena | Bildu |
2015-2019 | Juan M. Almandotz Mitxelena | EH Bildu |
Udaletxea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Udaletxea Herriko plazan dago, eta lau solairu dauzka. Beheko solairuan lau arkutan eutsitako ataria dago, eta eraikinaren kanpoaldeko hormak zarpeatuta eta margotuta daude. Udala alkateak eta sei zinegotzik osatzen dute. Arantzako udaleko idazkaria Igantziko idazkari ere bada.
- HELBIDEA: Herriko Plaza 7
Jaiak eta ospakizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arantzako jaiak abuztuaren 15ean ospatzen dira, Ama Birjinetan.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jasokundeko Andre Mariaren eliza, estilo ezberdinen nahastea batzen dituen eraikina. Batetik, antzinako eliza gotiko-errenazimendu zaharra, eta bestetik XVIII. mendean buruturiko handitzea. Eliza Baionako elizbarrutiaren menpe egon zen 1567. urtera arte. Eliza gurutze itxurako oinarri tipikoa eta barruan lau erretaula barroko dauzka.
- Aranibar dorretxea: Harlanduz eginiko XV. mendeko eraikina da, herriko zaharrenetakoa.
- Apezenea etxea: XVI. mende hasierako harlanduzko fatxadadun etxea da.
- Herriko etxea: XVIII. mendeko eraikina. Fatxadan Bortzirietako armarri zaharra ageri da.
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Herriko etxea.
-
Herrigunea
-
Herrigunea
-
Azkilarreako baserri zaharra
-
Basoko ataka
Aranaztar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Santiago Larrain (1666 - 1748), epaile eta politikaria izan zen Amerikan. Txilen Santiagoko alkate (1702-1707) eta Perun Quitoko Errege-Entzutegiko presidentea (1715-1718).
- Pedro de Aguirre (1678-?) militar eta esploratzailea Texasen.
- Francisco Javier Errazuriz (1711-1767), merkatari eta politikaria Amerikan. Santiago Larrain osabaren laguntzari esker hainbat negozio izan zituen eta Santiagoko alkate errejidore izan zen.
- Jose Iturria (1879-1952[1]) idazlea eta apaiz kaputxinoa. Filipinetan arituz izan zen 1904-1911 urte bitartean. Izengoitia: Jose Maria de Aranaz;
- Bautista Madariaga (1926–2018), Nafarroako Bertsolari Txapelduna 1961ean. Bera eta anaia Xalbador Nafarroako bertsolaritzaren zutabeetako bat izan ziren 60koen eta 70koen hamarkadetan. 1988an, omenaldia jaso zuten Donostian egindako Bertso Egunean. [2]
- Xalbador Madariaga (1930-), bertsolaria.
- Pantaleon Errandonea (1937-2020), trontzalaria eta herri kirolen sustatzailea.
- Antton Maiz (1951-), esku huskako pilotaria.[15]
- Donato Larretxea (1960-), aizkolaria.
- Amaia Telletxea (1975-), bertsolaria.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ Euskara ezagutza tasa. (2010) Euskal Herriari Begira (Udalbiltza), Eustat, INE, NASTAT eta Euskal Herriko Hizkuntza Adierazle Sistema (EAS).
- ↑ Nafarroako Gobernua. (2018). Nafarroako Datu Soziolinguistikoak. Euskarabidea, 48-53 or..
- ↑ Euskaltzaindia. 155. araua: Nafarroako udal izendegia. .
- ↑ «Arantza - Lekuak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-05-16).
- ↑ "El último vuelo del Ju 290 A3" 14-09-2018. (Asociación Amigos del Museo del Aire).
- ↑ .
- ↑ a b «Berau Bergara, Joakin - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
- ↑ a b «Arantza - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
- ↑ «Ipar-sartaldekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
- ↑ «Bortzirietakoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-10-01).
- ↑ (Gaztelaniaz) Muez, Mikel. (1999-03-28). «Un pueblo 100% euskaldún» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-11-24).
- ↑ «Arantza - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2019-04-22).
- ↑ «Antton Maiz pilotari handiari 1999an egindako elkarrizketa - Bortziriak» Erran.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-07).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Nafarroa |