Vaughan Jones
Sir Vaughan Frederick Randal Jones (Gisborne, Zeelanda Berria, 1952ko abenduaren 31 – Nashville, 2020ko irailaren 6a) zeelandaberritar matematikaria izan zen.
Biografia
aldatuCambridgen (Zeelanda Berria) eta Aucklanden egin zituen lehenengo ikasketak. Aucklandeko Unibertsitaterako bi beka eskuratu zituen, eta 1972an graduatu zen. 1973an Suitzako gobernuaren beka bat jaso zuen, Suitzan jarrai zezan ikerlanean. Aucklandeko Unibertsitatean irakasle-laguntzaile izan ondoren, Genevako Fisikako Eskolan sartu zen 1974an, eta bi urte geroago Eskola Matematikoetara joan zen. 1979an zientzietako doktore izendatu zuten, eta hurrengo urtean Vacheron Constantin saria jaso zuen doktorego-tesiari esker.
1980an Estatu Batuetara joan zen, eta Los Angelesko Kaliforniako Unibertsitatean aritu zen irakasle. Pennsylvaniako Unibertsitatean ere aritu zen, eta 1985ean matematikako irakasle egin zuten Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatean. Connesek egindako lanari jarraituz, Von Neumannen aljebrentzako indize-teorema aztertu zuen Jonesek. Bere ekarpenik garrantzitsuena, hala ere, inbariante polinomiko berri baten aurkikuntza izan zen; haren bidez matematikako arlo oso ezberdinak jarri zituen harremanetan.
1984an Von Neumann aljebrak eta topologia-geometriaren arteko erlazio harrigarri bat aurkitu zuen. 1990eko Kiotoko Nazioarteko Kongresuan Fields domina jaso zuen. Bestalde, Guggenheim Fellowship saria (1986) eta Zeelanda Berriko gobernuaren Zientzien Domina (1991) ere jaso ditu, eta 1993an Amerikar Arte eta Zientzietako Akademiako kide hautatu zuten.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.