Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Johann Sebastian Bach

Artikulu hau musikagileari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Bach (argipena)».

Johann Sebastian Bach[1] (Eisenach, 1685eko martxoaren 31greg./martxoaren 21ajul. - Leipzig, 1750eko uztailaren 28a) Barrokoko alemaniar konpositore eta organo-jotzailea izan zen, historiako musikari familia onenetariko baten kidea. Inoiz izan den konpositore handienetakotzat hartzen da askotan, haren lanen edertasunagatik ez ezik, kopuruagatik ere bai. Hortaz, inspirazio iturri izan zen hainbat musikarirentzat, hala nola Mozart, Mendelssohn, Schumann, Liszt, Brahms, Mahler edota Schönberg.

Johann Sebastian Bach

Thomaskantor (en) Itzuli

1723 - 1750
kapera-maisu

1717ko abendua - 1723ko apirila
Bizitza
JaiotzaEisenach1685eko martxoaren 21a (juliotar egutegia)
Herrialdea Germaniako Erromatar Inperio Santua
Lehen hizkuntzaalemana
HeriotzaLeipzig1750eko uztailaren 28a (65 urte)
Hobiratze lekuaSt. Thomas Church (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
AitaJohann Ambrosius Bach
AmaMaria Elisabeth Lämmerhirt
Ezkontidea(k)Maria Barbara Bach  (1707ko urriaren 17a -  1720ko uztailaren 7a)
Anna Magdalena Bach  (1721eko abenduaren 3a -  1750eko uztailaren 28a (juliotar egutegia))
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
LeinuaBach familia
Hezkuntza
HeziketaSt. Michael's School (en) Itzuli 1702ko apirila)
Hizkuntzakalemana
italiera
latina
Irakaslea(k)Johann Ambrosius Bach
Johann Christoph Bach III
Johann Ludwig Bach (en) Itzuli
Johann Christoph Bach II (en) Itzuli
Dietrich Buxtehude (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, organista, klabezin-jotzailea, biolin-jotzailea, orkestra zuzendaria, abesbatza-zuzendaria, concertinoa, musikologoa, musika-irakaslea, Birtuosoa eta maisu/maistra
Lantokia(k)Mühlhausen
Weimar
Leipzig
Arnstadt eta Köthen
Enplegatzailea(k)Collegium Musicum
Leopold, Prince of Anhalt-Köthen (en) Itzuli
Thomasschule zu Leipzig (en) Itzuli
Saint Blaise (en) Itzuli
Johann Ernst III, Duke of Saxe-Weimar (en) Itzuli  (1703ko urtarrila -  1703ko abuztua)
Bachkirche Arnstadt (en) Itzuli  (1703ko abuztua -  1707)
Lan nabarmenak
InfluentziakAntonio Vivaldi, Johann Pachelbel eta Johann Georg Pisendel
Mugimenduamusika barrokoa
Genero artistikoamusika barrokoa
musika klasikoa
Musika instrumentuaorganoa
Klabizenbaloa
biolina
biola
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaLuteranismoa

IMDB: nm0001925 IBDB: 10027
Youtube: UCFtSXTlIMFFkyJbHO3V5b7A Spotify: 5aIqB5nVVvmFsvSdExz408 iTunes: 11862 Last fm: Johann+Sebastian+Bach Musicbrainz: 24f1766e-9635-4d58-a4d4-9413f9f98a4c Songkick: 556956 Discogs: 95537 IMSLP: Category:Bach,_Johann_Sebastian Allmusic: mn0000075140 Find a Grave: 4237 Edit the value on Wikidata

Bachen konposizioek, hala sakratu nola sekularrek, abesbatza, orkestra eta instrumentu bakarlarientzakoek, Barrokoaren sorkuntza-ildo ugari bildu zituzten eta aro hori bere heldutasunera eraman. Forma berririk sortu ez bazuen ere, alemaniar estiloa aberastu egin zuen, kontrapuntuaren teknikaz, harmoniaren eta motiboen antolamenduaren gainean zeukan kontrol paregabeaz, eta atzerriko (batez ere, Frantzia eta Italiako) erritmo eta formen egokitzapenaz.

Brandeburgoko kontzertuak, Das wohltemperierte Klavier, Meza si minorren, Nekaldia San Mateoren arabera, Musika eskaintza, Fugaren artea, Goldberg bariazioak eta Tocata eta fuga re minorren haren lanik ezagunenetako batzuk dira.

Bizitza

aldatu

Familia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bach familia»

Johann Sebastian Bach garai guztietako musika familia nabarienetako bateko kidea izan zen. Berrehun urte baino gehiagoz Bachtarrek interprete eta konpositore onak ekoitzi zituen. Garai hartan, Eliza luteranoak, tokiko gobernuek eta aristokraziak ekarpen nabaria egiten zuten musikari profesionalen prestakuntzarako, bereziki Turingia eta Saxoniako ekialdeko printze hautesleen aldetik. Haren aita, Johann Ambrosius Bach, biolinista eta tronpetista talentuduna zen Eisenachen, Turingian, 6.000 biztanle inguru zituen hiri batean. Postu horretan musika profanoaren antolaketa eta elizako musikan parte hartzea sartzen ziren. Johann Sebastianen osaba-izebak musikari profesionalak ziren denak, gorteko organista eta ganbera-musikarietatik hasi eta konpositoreetaraino. Bachek bere familiaren lorpen musikalen jakitun zen, eta 1735 inguruan genealogia bat zirriborratu zuen, Ursprung der musikalisch-Bachischen Familie (Bach familia musikalaren jatorria), bere familiako musikari arrakastatsuen belaunaldien historia bilatuz[2].

Lehen urteak (1685-1703)

aldatu

Johann Sebastian Bach Eisenachen jaio zen 1685eko martxoaren 21ean[oh 1], Scarlatti eta Händel sortu ziren urte berean, zazpi belaunalditan 52 musikari garrantzitsu eman zituen Bach familian. Maria Elisabetha Lämmerhirt eta Johann Ambrosius Bachen arteko ezkontzako zortzigarren semea izan zen (seme zaharrenak 14 urte zituen jaio zenean)[3][4], ziur aski biolina eta musikaren teoriaren oinarriak jotzen irakatsi ziona[5]. Osaba Johann Christoph Bachek organoaren praktikan sartu zuen.

Ama 1694an hil zitzaion, Johann Sebastianek bederatzi urte zituela, eta aita zortzi hilabete geroago[6]. Hamar urteko umezurtza zela, Ohrdrufeko San Migel elizako (Michaeliskirche) organo-jotzaile Johann Christoph anaia zaharrenarekin bizitzera eta ikastera joan zen[7]. Han, musika kopiatu, ikasi eta interpretatzen zuen, anaiarena barne —nahiz eta hori egitea debekatuta egon— partiturak oso baliotsuak eta pribatuak zirelako, eta mota horretako papera garestia zelako[8][9]. Musika teoria eta konposizioa ikasi zituen, organoa jotzeaz gain, eta anaiaren lezioak jaso zituen, klabikordioaren interpretazioan trebatu zuena. Johann Christophek garaiko Alemaniako Hegoaldeko konpositore handien lanak ezagutarazi zizkion, hala nola Johann Pachelbel (Johann Christophen maisua izan zena)[10] eta Johann Jakob Froberger, Alemaniako Iparraldeko konpositoreen lanak[11], baita Jean-Baptiste Lully, Louis Marchand eta Marin Marais frantziarrenak ere. Halaber, garai horretan teologia, latina, greziera, frantsesa eta italiera ikasi zituen herriko gimnasioan (irakaskuntza ertaineko institutuan)[12].

Hamalau urterekin, Johann Sebastian saritu zuten Lüneburgeko San Migel Eskola ospetsuan koru ikasketak egiteko matrikula batekin, bera baino zaharragoa zen Erdmann ikastetxeko bere lagunarekin batera, Hanburgoko itsas portutik ez oso urrun, Erromatar Inperio Santuko hiririk handienetako bat[13]. Horrek bidaia luze bat eskatzen zuen bere lagunarekin, neurri batean oinez; eta beste zati batean karrozan egin zutena, ziurtasunez ezagutzen ez den arren. Ez dago haren bizitzako garai horretako erreferentzia idatzirik, baina badirudi eskolan eman zituen bi urteak erabakigarriak izan zirela, Turingian bizi izandakoa baino Europako kulturaren paleta zabalago baten eraginpean egon zelako. Koruan a capella abesteaz gain, litekeena da organoa hiru teklatu eta bere klabizenbaloekin jotzea. Beharbada, Alemania iparraldeko nobleen semeekin jarri zen harremanetan, eskola selektibo horretara bidaltzen baitzituzten euren karrera diplomatiko, gobernuko eta militarretan prestatzeko[12].

Horren froga historiko gutxi dauden arren, ia ziurra da Lüneburgen egindako egonaldian Bach gazteak San Juan eliza (Johanniskirche) bisitatu zuela eta elizako organo ospetsua entzun zuela (eta, beharbada, baita jo ere). Organo hori 1549an Jasper Johannsenek eraikia zen, eta "Böhmen organoa" izenaz ezagutzen zen, haren interpretatzaile nabarienaren ondorioz. Tresna horren soinu-prestazio indartsuak inspira zezakeen haren Tocata eta fuga re minorren, BWV 565 obra indartsua. Bere berezko talentu musikala zela eta, litekeena da Lüneburgen garaiko organista nabarmenekin kontaktu esanguratsu bat izatea, bereziki Georg Böhmekin (Johanniskircheko organista), baita gertuko Hanburgoko organo-jotzaileekin ere, Johann Adam Reincken eta Nicolaus Bruhns kasu[14]. Musikari horiekin izandako harremanari esker, Johann Sebastianek ordu arte jo zituen instrumenturik handienetara eta zehatzenetara iristeko aukera izan zuen. Garai horretan, Alemania iparraldeko tradizio akademiko organistikoko musikarekin ohitu zen, bereziki Dietrich Buxtehude organistaren lanarekin, Lübeckeko Santa Maria elizan, eta musikari horien esku zeuden eskuizkribu musikalekin eta teoria musikaleko tratatuekin[15].

Mullhausen (1703-1708)

aldatu

1703an, hemezortzi urterekin, Johann Ernst Weimarko printzearen ganbera-orkestrako biolin-jotzaile aritzea lortu zuen eta, hilabete batzuk geroago, Arnstadtko San Bonifazioko organo-jotzaile izendatu zuten. Bertan ondu zuen bere lehen kantata 1704an, eta berehala hartu zuen organo-jotzaile onaren ospea. 1705eko urrian, Dieterich Buxtehude daniar organo-jotzaile handia entzuteko Lübeckera joanda, kargua galdu zuen, bidaia hura baimenik gabe egiteagatik. 1707an, Mühlhausenden organo-jotzaile zelarik, kantata gehiago idatzi zituen (Actus tragicus eta Gott ist mein König, besteak beste). Maria Barbara (1684-1720) lehengusinarekin ezkondu zen urte berean; zazpi seme-alaba izan zituzten.[4]

Weimar (1708-1717)

aldatu

1708an, Wilhelm Ernst printzeak deiturik, Weimarrera aldatu zen, eta han organo eta biolin-jotzaile aritu zen bederatzi urtez, 1717 arte. Bachi zoriona ekarri zion garai hartakoak dira organorako idatzi zituen lan ugari, kantatak eta klaberako piezak eta kontzertuak, hileta-elizkizuneko Gottes Zeit ist die allerbeste Zeit kantata ezaguna barne. Weimarren Italiako musika ezagutu zuen: Tomaso Albinoni, Giovanni Legrenzi, Arcangelo Corelli, Francesco Antonio Bonporti, Antonio Vivaldi, Girolamo Frescobaldi.[4]

Köthen (1717-1723)

aldatu

1717an, Leopoldo Anhalt printzeak deiturik, Köthena aldatu zen. Printze kalbinista eta musikari fin horren gortean iritsi zen heldutasunera Bachen lana . Garai hartakoak dira: Klaberako fantasia kromatikoa eta fuga; Suite ingelesak, Suite frantsesak; Clavierübung lan didaktikoa; bi biolin kontzertu (la minor eta mi maiorrean); bi biolinetarako kontzertua (re minorrean); Brandeburgoko sei kontzertuak (1721), Brandeburgoko Christian Ludwig printzeari eskainiak. 1720an emaztea hil zitzaion eta handik hilabete batzuetara Anna Magdalena Wülken (1701-1760) sopranoarekin ezkondu zen; hamahiru seme-alaba izan zituzten.[4]

Leipzig (1723-1750)

aldatu

1723an, Leipzig hiriko Tomasschule eskolako kantore izendatu zuten; musika irakasteaz gainera, lau elizetan astero interpretatzen zen musika sortu behar izan zuen bost urtean zehar, aldi berean kantu ikasle bihurriz osaturiko korua eta orkestra txiki bat zuzentzen zituelarik.[4] Halaber, lanpostuak latina irakastera behartzen zuen, baina azken eginkizun horretan haren ordezkari bat aritzea baimendu zioten. Prestigio handiko kargua zen eta, Arnstadt eta Mühlhausenen eman zituen bolada laburrez aparte, hauxe izan zuen lehenbiziko lanpostu publikoa, ordu arte gehienbat aristokraziarentzat jardun baitzuen.

 
Leipzigeko Santo Tomas eliza.

27 urtez eutsi zion lanpostu horri, hots, hil arte. Urte horietan, bere nagusia zen Leipzigeko Kontseiluaren ika-mika politikoak bizitzea suertatu zitzaion. Izan ere, kontseilu hura bi taldek osatzen zuten: batetik, absolutistak, leialtasuna ziotenak Augusto II.a Dresdengo errege saxoiari, eta, bestetik, Leipzigeko merkatari, gremio eta aristokrata xehen interesak ordezkatzen zituen taldeak. Bach erregezaleek izendatutakoa zen; bereziki, garai hartan alkate zenak. Bach izendatzearekin ados egotearen truke, hiriko interesak ordezkatzen zituen alderdiari eskolaren gaineko kontrola eman zitzaion, eta Bach behartuta gertatu zen bere lan baldintzei zegozkien nondik norako batzuetan amore ematera. Nahiz eta badirudien kontseilukideetako inork ez zuela zalantzan jartzen Bachen gaitasun musikala, tirabira etengabeak izan ziren kantorearen (zeinak hiriko eliza-musika kontuetan buruzagitzat jotzen baitzuen bere burua) eta hiriko ordezkarien fakzioaren artean (zeinak eskola-zuzendari soiltzat jotzen baitzuen Bach, eta bai eskolan bai elizetan oso musika landua egiteari garrantzia kendu nahi baitzion).

Hirurehun kantata inguru ondu zituen urte haietan; horietatik 200en bat iritsi dira gaur egunera arte. Urte luteranoko igande eta jaiegun bakoitzeko Itun Berriko irakurgaiek osatzen dute kantata gehienetako gaia. Horietako batzuk konposatzeko eliza-kantu tradizionalak erabili zituen inspirazio-iturri gisa, hala nola Wachet auf, ruft uns die Stimme, Nun komm, der Heiden Heiland eta Wie schön leuchtet der Morgenstern. Lan horien probasaioak eta emanaldiak Santo Tomas elizan egiteko, Kontseiluak zortzi instrumentista iraunkor besterik ez zizkion jarri eskueran; beraz, konposalan ertain eta handietarako beharrezkoak ziren hogei instrumentistak unibertsitatetik, Thomasschuletik edo jendartetik lortu behar izaten zituen Bachek.

1729tik 1740ra bitartean, Georg Philipp Telemannek 1704an sorturiko Collegium Musicum zuzendu zuen, astero kontzertu bat emanez. 1728ra arte Köthen Etxeari lotua, 1723-1736 urte bitartean Weissenfels Etxeko kapera-maisua izan zen. Carl Philipp Emanuel semearen eskariz, Frederiko II.a Handia Potsdamen bisitatzera abiatu zen 1747an, eta harrezkero bere Musika eskaintza errege hari eskaini zion. Lanarekiko mendekotasuna, familiako nahigabe larriak eta egin zituen bidaiak gorabehera, bere lanik bikainenetako zenbait garai hartan idatzi zituen: Magnificat (1723); Nekaldia San Joanen arabera (1723); Nekaldia San Mateoren arabera (1729); Nekaldia San Markoren arabera (1731); Meza si minorren (1732-1737); Eguberriko Oratorioa (1734); 21 koral (1739); Clavierübung, lau liburu (1726-1742). Fugaren artea (1749) lantzen ari zela osasun gainbehera larria jasan zuen, eta ikusmena galdu zuen. 1750eko uztailaren 28an hil zen.[4]

Eragina

aldatu

Johann Sebastian Bachek bere denboran musika-jotzaile handia zelako ospea bildu bazuen ere, musikagile gisa eztabaidatua izan zen. Hil ondoan haren lana ahazturik gelditu zen, harik eta XIX. mendean Mendelssohn, Hegel eta Schumann-ek berriro haren musika entzun eta argitara eman zuten arte. Tradizioarekiko leiala izanik ere, haren lanak etorkizuneko musika hizkuntzaren lehen elementuak asmatu zituen. Kontrapuntuaren eta harmoniaren maisu izan zen, irudimen melodiko emankorraren jabe, maisu aleman, frantses eta italiarren lanen gainetik askotan; haren musika Iparraldearen eta Hegoaldearen sintesia da. Luterotar fededun honen musikak, denbora iragan ahala, adierazpen molde aratz eta abstraktuagoetara jo zuen. Bachekin musika tonalaren adierazpen ahalmenak goia jo zuen, eta Mendebaleko musikaren garapenerako abiapuntua den aldaketa prestatu zen. Polifonia eta monodia aldizkatuz edo biak aldi berean erabiliz, zorroztasun biluziena eta dotoretasunez beteriko asmamena dira Bachen artearen ezaugarriak.[4]

Oharrak

aldatu
  1. Jaiotza data egutegi juliarrean ematen da hemen. Alemanian oraindik ez zen egutegi gregoriotarra onartu. Gaur egungo egutegiaren arabera, martxoaren 31n jaio zen.

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. David, Hans T. (Hans Theodore), 1902-1967,. (1966). The Bach reader : a life of Johann Sebastian Bach in letters and documents. (Rev., with a supplement. argitaraldia) W.W. Norton ISBN 0393002594. PMC 600067. (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  3. «The Bach Choir of Bethlehem» web.archive.org 2013-01-16 (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  4. a b c d e f g Bach, Johann Sebastian. Lur hiztegi entziklopedika, CC-BY 3.0 lizentzia, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2018-3-7).
  5. Boyd 2000, 6 orr. .
  6. Miles 1962, 86-87 orr. .
  7. Boyd 2000, 7-8 orr. .
  8. Mendel, David & Wolff 1998, 299 orr. .
  9. Wollf 2000, 45 orr. .
  10. Wollf 2000, 19 orr. .
  11. Wollf 2000, 46 orr. .
  12. a b www.baroquemusic.org (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  13. Wollf 2000, 41-43 orr. .
  14. Geiringer 1966, 13 orr. .
  15. (Gaztelaniaz) País, Ediciones El. (2000-04-02). «Tribuna | ¡Cómo brilla el lucero del alba!» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu