Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Ibaizabal

Bizkaiko ibaia
Artikulu hau ibaiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ibaizabal (argipena)».

Ibaizabal[1] Bizkaiko ibai nagusia da, Durangaldean sortu eta Bilboko itsasadarrean itsasoratzen dena. Bizkaiko sistema hidrografikorik zabalena duen ibaia da. Izan ere, 1.900 kilometro koadroko arroa du, bere ibaiadar nagusi Nerbioirekin batera (620 kilometro koadro, Nerbioi batzen zaion tokiraino).

Ibaizabal
Datu orokorrak
Motaibai
Luzera43 km
Geografia
Map
Koordenatuak43°14′24″N 2°52′34″W / 43.24°N 2.876°W / 43.24; -2.876
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
Hidrografia
Ibaiadarrak
Arroaren azalera1.900 km²
Bokalea
()
Bilboko itsasadarra

Bilbotar gehienentzat, batez ere erdaldunak direnentzat, baina baita ere euskaldun askorentzat, azkenaldian Nerbioi bilakatu da itsasadarraren izena. Hala ere, Euskaltzaindiak euskara baturako arautu du Ibaizabal dela Abran itsasoratzen den ibaiaren izena, hori delako tradizioak agintzen duena.

Izan ere, mendez mende herriak erabilitako izena, bai euskaraz bai erdaraz, Ibaizabal izan zen XIX. mendearen amaiera arte. Besteak beste Miguel Unamunok eta Bilboko alkatea izan zen Javier Ybarrak Ibaizabal deitzen zioten. Charles Frederick Henningsenek, Lehen Karlistaldian, Ibaizabal deitzen zion itsasadar osoari Portugaleteraino.

Ikerketa batzuen ondorioz, egiaztatu zen Begoñako udalerriko biztanleek tradizioz Ibaizabal esan diotela Urbi (Basaurin) eta Abusu (Bilbon) arteko tarteari. Hortik itsasoraino, bilbotarrek itsasadarra esaten zioten, besterik gabe. Abusu auzoaren izena bera ere, Ibaizabal izan zen garai batean. Jakina da Ibaizabal eta Nerbioi ibaiak Basaurin elkartzen direla, Urbi izeneko inguruan hain justu.

Euskaltzaindiak, arrazoi historikoez gain, geografiari lotutakoak ere hartu ditu aintzakotzat Ibaizabal izena hobesteko. Horietako batek ibaien norabideari erreparatzen dio: Ibaizabalek lerro zuzena egiten du, gutxi gorabehera, Durangaldetik Abraraino; Nerbioik, aldiz, ez. Mapan begiratuta, Nerbioi Ibaizabalen sartzen dela dirudi. Bestetik, Ibaizabalen arroa, gutxigatik bada ere, luzeagoa da Nerbioirena baino, eta lehenbizikoaren ur-emaria ere handiagoa da.[2]

Nerbioi izena XIX. mendean hasi zen indar hartzen, zenbait entziklopediatan batez ere. Haietan esaten zenez, Nerbioi zen izenik egokiena, herri xeheak Ibaizabal erabili arren. Gaur egun, "Ibaizabal" hitza euskaldunek erabiltzen dute baina beraien artean oso zabalduta dago ere "Nerbioi" hitzaren erabilera gaztelaniaren eraginagatik. Aldiz, erdaldunek nekez deitzen diote "Ibaizabal" Bilbo zeharkatzen duen ibaiari.[3]

Azentuazio proparoxitonoa du: Ibáizabal.[1]

Ibilbidea

aldatu

Ibaiaren sorrera hainbat errekak eratzen dute. Jatorriz Zumelegi izena duen ibaia da, Elorrio inguruko erreka-errekastoek elkartzean sortua. Atxondora heltzean Arrazola erreka biltzen zaio (Anboton jaiotzen dena (1.296 metro)) eta Ibaizabal izena hartzen du.[4] Abadiñon Atxarte eta Oiz (1.026 m) eta Mañazar menditik jaisten diren hainbat errekak sorturiko Zaldu ibaia gehitzen zaizkio. Iurretan Mañarierreka, Lemoan Arratia ibaia, Basaurin Nerbioi ibaia, Bilbon Cadagua eta Erandion Asua ibaia batzen zaizkio, harik eta Portugalete eta Getxo bitartean itsasoratzen den arte.

Itsasoratzea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Bilboko itsasadarra»

Ibaizabal itsasadar bilakatzen da Bilboko Abusun, eta Bizkaiko golkoan hiltzen da, Abrako golkoan.

Ibaiadarrak

aldatu

Ibaiaren kutsadura

aldatu

2009ko martxoan, Euskal Autonomia Erkidegoko sei ibairen kutsadura mailak Europar Batasunak ezarritakoak baino altuagoak zirela jakinarazi zen Uraren Esparru Zuzentarauaren bitartez. Ibai hauek ziren: Oria, Deba, Cadagua, Nerbioi, Ibaizabal eta Zadorra. Horien uretan, legeak araututakoa baino kopuru handiagoan zeuden kromoa, butilestanioa, lindanoa, kobrea, zianuroa eta merkurioa.[5]

Egoera horren kausa dira, besteak beste, ibai ertzetako industria jarduerak, arazketarik eza eta nekazarien isurketak. Hala ere, Euskadiko Ur Agentziak (URA) esan zuenez, arazoa ez zen ibaiak zikinago zeudela, baizik eta Europar Batasunak legeak gogortu zituela.

Gainera, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako. Bereziki larria da egoera Ibaizabalen adarra den Nerbioi ibaian, Aiaraldean industria jarduera handia dagoen arren ez baitute araztegirik; eta Urduñan ere ez.[6][7][8]

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa