Tito Puente
Tito Puente (New York, AEB, 1923ko apirilaren 20a - 2000ko maiatzaren 31) estatubatuar musikagile eta perkusio-jotzailea oso ezaguna izan zen, tinbal-jotzaile gisa. Bere ospeaz baliatuta, Latinoamerikako musika zabaldu zuen Estatu Batuetan, mamboa bereziki.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaztetan piano- eta perkusio-ikasketak egin zituen. 1930eko hamarraldiaren bukaeran, Noro Moralesen orkestran hasi zen perkusio-jotzaile gisa. Gero, musika-moldatzaile eta tinbal-jotzaile gisa lan egin zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, Julliard Musika Eskolan ikasi zuen, latin-musikako orkestra onenetan jotzeari utzi gabe. 1949an bere taldea sortu zuen, eta hispaniar entzuleez harago ere arrakasta izandako lehen mamboa grabatu zuen: Albaniquito.
1956tik 1960ra bitartean, disko asko grabatu zituen: Cuban Carnival (1956) eta Dance Mania (1958), besteak beste. Hurrengo hamarraldian grabatu zituen abestien artean, Caramelos (Pachanga con Puente diskokoa, 1961) eta Oye cómo va (El rey bravo diskokoa, 1962) ezagunenak dira. Grammy Saria jaso zuen Homenaje a Beny (1978), Tito Puente and His Latin Ensemble on Broadway (1983), Mambo Diablo (1985) eta Goza mi timbal (1989) diskoekin. 1990ean musika-eskola bat sortu zuen New Yorken.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tito Puente |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.