Todor Zhivkov
Todor Kristov Zhivkov (bulgarieraz: Тодор Христов Живков, Todor Hristov Živkov; Pravetz, 1911ko irailaren 7a - Sofia, 1998ko abuztuaren 5a) bulgariar politikari komunista izan zen. 35 urtez, 1954tik 1989ra, Bulgariako Herri Errepublikako agintari nagusia izan zen[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Todor Zhivkov 1911n jaio zen, Pravetz nekazari herriko familia behartsu batean. 1929an, Sofiara joan zen, Arte Grafikoak ikastera; urtebete geroago, Gazte Komunisten Ligan sartu zen. Bigarren Mundu Gerran, nazien aurkako erresistentzian jardun zuen, komisario politiko gisa[1]. Gerra amaieran, Herri Miliziako koronel kargua zuela, sobietarrekin kolaboratu zuen oposizio politikoa deuseztatzen[2]. 1945ean, Bulgariako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralean sartu zen. Uste osoko estalinista zen, eta Traitxo Kostov komunista kritikoaren aurkako purgan parte hartu zuen[1].
Nikita Khrustxevek babesturik, alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten 1954an. 1962-1971 bitartean, Bulgariako lehen ministroa izan zen, eta presidentea 1971tik aurrera. Haren agintaldian, herrialdearen industrializazioa bizkortu zen. 1980ko hamarkadaren amaieran, turkiar gutxiengoaren aurkako neurriak hartu zituen, eta etnia horretako milaka lagun irten ziren Bulgariatik[3]. 1989an, Perestroika hedatu zenean, dimititzera behartu eta alderditik egotzi zuten. 1992an ustelkeriaz epaitu eta kondenatu bazuten ere, Bulgariako Auzitegi Gorenak errugabetu zuen 1996an[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c Binder, David. Todor Zhivkov Dies at 86; Ruled Bulgaria for 35 Years. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-30).
- ↑ a b Todor Zhivkov. biografiasyvidas.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-30).
- ↑ Haberman, Clyde. Bulgaria Forces Turkish Exodus of Thousands. nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2017-8-30).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Todor Zhivkov |