Pseudomonas
Pseudomonas | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Pseudomonadota |
Klasea | Gammaproteobacteria |
Ordena | Pseudomonadales |
Familia | Pseudomonadaceae |
Generoa | Pseudomonas Migula, 1894
|
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Pseudomonas generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, bazilo itxura dutenak. Muturreko flageloen bidez mugitzen dira eta ez dute esporarik sortzen.
Genero honetako bakterioak nonahi bizi dira: uretan, lurrean, airean, landare zein animalietan, etab. Ekosistema ugaritan bizitzeko ahalmen hori substratu asko katabolizatzeko gaitasunarekin lotuta dago. Izan ere, Pseudomonas-ek 100 substratu baino gehiago erabil dezake elikatzeko, bere janari eskakizunak oso zorrotzak ez badira ere (ongi hazten da laborategiko hazkuntza-inguru arruntetan).
Genero honetako ezaugarri biokimiko nagusiak honako hauek dira:
- aerobioak (gehienak) edo anaerobio fakultatiboak.
- oxidasa (+)
- katalasa (+)
- indol (-)
- gelatinaren hidrolisia (+)
- gluzidoen katabolismoa Entner-Doudoroff (E-D) bide metabolikotik burutzen dute.
Pseudomonas asko plasmidoen eramaileak dira.
Ohikoa da genero honetako espezie askotan pigmentuen ekoizpena. Pigmentu berdea (pioberdina) eta pigmentu urdina (piozianina) dira garrantzitsuenak. Bestalde, bakterio hauen espektro termikoa oso zabala da: 4º eta 42º C-en artean hazten dira.
Materia organikoa degradatzeko eta karbono-molekula ugari katabolizatzeko duen ahalmen handia dela eta, Pseudomonas-ek zeregin garrantzitsua burutzen du ekosistemen mantentzean, ingurugiroaren kalitatea hobetuz, oso kaltegarria izan zitekeen molekula organikoen pilaketa ekidinez.
Patogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pseudomonas gehienak saprofito ez-kaltegarriak dira. Hala ere, gutxi batzuk giza zein landareen patogenoak izan daitezke.
Giza-patogenoen multzoan Pseudomonas aeruginosa azpimarratu behar da. Bakterio hau ez da patogeno hertsia, oportunista baizik. Horrek esan nahi du infekzioak sortzen dituela immunitate-sistema ahula dutenengan. Klinika eta ospitaleetan jarduten du batez ere mikrobio honek, bertan baitaude gaixo immunogutxitu gehienak. Lehen mailako arazoa da Pseudomonas aeruginosa-k ospitaleetako gaixoengan sortzen dituen infekzioak, bakterioak erresistentzia handia garatu baitu antibiotiko askorekiko.
Landare-patogenoen artean Pseudomonas syringae da aipatu beharrekoa.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pseudomonas |