Studio Ghibli
Studio Ghibli | |
---|---|
Datuak | |
Mota | animazio estudioa |
Jarduera sektorea | Industria zinematografikoa eta video game industry (en) |
Herrialdea | Japonia |
Jarduera | |
Enplegatuak | 280 (2022) |
Ekoizpena | |
Negozio dibisioak | |
Agintea | |
Egoitza nagusi | |
Legezko forma | kabushiki gaisha |
Jabea | Tokuma Shoten (en) eta Nippon Television |
Historia | |
Sorrera | 1985eko ekainaren 15a |
Sortzailea | |
Sorlekua | Kichijōji-Honchō (en) |
Ordezkatzen du | Topcraft (en) |
Aurrekoak | Topcraft (en) |
webgune ofiziala |
Studio Ghibli, Inc. (japonieraz: 株式会社スタジオジブリ Hepburn: Kabushiki-gaisha Sutajio Jiburi ) animaziozko filmak egiten dituen Japoniako estudio bat da. Anime motako filmak egiteagatik da ezaguna. 1985eko ekainaren 15ean sortu zen, Kaze no Tani no Naushika ("Naushika, haizearen haranekoa") filmak izandako arrakastaren ondoren.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghibli izena Hayao Miyazakik sortutako izena da. Libiar-arabiar hitza da, herrialde horretako basamortuko haize beroa deskribatzeko erabiltzen dena. Ideia originala zen Ghibli estudioak "haize berri bat emango ziola anime industriari".[1][2] Erreferentzia egiten dio hegazkin italiarrari, Caproni CA. 309 Ghibli. Hitz italiar originala zuzenean ギブリ (Giburi) bezala itzultzen da. Japonieraz, estudioaren izena ジブリ(Jiburi) da.[1]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kaze no Tani no Naushika Ghibli estudioaren lehen produkziotzat hartzen da askotan, eta sarritan estudioaren lanen bildumen barnean egoten da, baina egia esan, Tokuma Shoten, Hakuhodo eta Top Craft enpresen arteko koprodukzioa da, Studio Ghibli sortu baino urte bat lehenagokoa.
Kaze no Tani no Naushika Hayao Miyazakik zuzendutako eta Isao Takahatak ekoiztutako filma da, Toshio Suzuki produkzio batzordean lan egiten zuen bitartean egindakoa. Pelikularen arrakastak hirurak Studio Ghibli sortzera eraman zituen 1985an, haien hurrengo produkziorako, Tenkū no Shiro Rapyuta ("Gaztelua zeruan") deiturikoa.[3]
Enpresaren hasierako asmoa bakarrik film luze originalak sortzea zen, baina sortu zenetik, hainbat telebistarako filmak, film labur eta telebista iragarkiak egin dituzte, haien 20 film luzeez aparte.
Studio Ghibliren 29 urteetan enpresak arrakasta handia lortu du bere filmekin, bai Japonian eta nazioarteko zine merkatuan, eta estudioaren 9 pelikula zinemaren historian etekin gehien lortu duten anime pelikulen artean daude.
Estudioaren benetako lehen arrakasta Majo no Takkyūbin ("Sorginaren posta zerbitzua") izan zen, 1989an Japonian etekin handienak bildu zituen filma. Hala ere, Studio Ghibiliren film handiena 2001eko Chihiroren bidaia izan zen, Hayao Miyazakik idatzi eta zuzendutakoa, eta Toshio Suzukik produzitarikoa. Chihiroren bidaia Japoniako film arrakastatsuena bihurtu zen, James Cameronen Titanic filmaren lekua hartuz.[4]
2014ko abuztuan Studio Ghiblik pelikulak egiteari denbora batean utziko ziola esan zuen, Hayao Miyazakik erretiratzearen ondorioz. Hala ere, duela hilabete batzuk zuzendariak beste film luze bat egiten ari dela adierazi zuen Kimitachi wa Dou Ikiru ka (Zelan bizi zara?) deiturikoa.[5]
Filmen zerrenda
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtea | Euskarazko izenburua | Jatorrizko izenburua | Zuzendaria | Musikagilea |
---|---|---|---|---|
1986 | Gaztelua zeruan | 天空の城ラピュタ Tenku no shiro Rapyuta | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
1988 | Ipurtargien hilobia | 火垂るの墓 Hotaru no Haka | Isao Takahata | Michio Mamiya |
1988 | Totoro auzokidea | となりのトトロ Tonari no Totoro | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
1989 | Sorginaren posta zerbitzua | 魔女の宅急便 Majo no takkyubin | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
1991 | Atzo bakarrik | おもひでぽろぽろ Omohide poro poro | Isao Takahata | Katz Hoshi |
1992 | Karmin-koloreko txerria | 紅の豚 Kurenai no buta | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
1993 | Itsasoa entzun dezaket | 海がきこえる Umi ga kikoeru | Tomomi Mochizuki | Shigeru Nagata |
1994 | Ponpoko | 平成狸合戦ぽんぽこ Heisei Tanuki Gassen Ponpoko | Isao Takahata | Shang Shang Typhoon |
1995 | Bihotzaren xuxurla | 耳をすませば Mimi wo Sumaseba | Yoshifumi Kondo | Yuji Nomi |
1997 | Mononoke printzesa | もののけ姫 Mononoke Hime | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
1999 | Yamada auzokideak | ホーホケキョとなりの山田くん Hōhokekyo Tonari no Yamada-kun | Isao Takahata | Akiko Yano |
2001 | Chihiroren bidaia | 千と千尋の神隠し Sen to Chihiro no Kamikakushi | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
2002 | Haru katuen erreinuan | 猫の恩返し Neko no Ongaeshi | Hiroyuki Morita | Yuji Nomi |
2004 | Gaztelu ibiltaria | ハウルの動く城 Hauru no Ugoku Shiro | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
2006 | Geden gudu kronikak | ゲド戦記 Gedo Senki | Gorō Miyazaki | Tamiya Terashima |
2008 | Ponyo itsaslabarrean | 崖の上のポニョ, Gake no ue no Ponyo | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
2010 | Arrietty | 借りぐらしのアリエッティ Karigurashi no Arrietty | Hiromasa Yonebayashi | Cécil Corbel |
2011 | Mitxoleten muinoa (La colina de las amapolas gazteleraz) | コクリコ坂から Kokuriko-zaka kara | Gorō Miyazaki | Satoshi Takebe |
2013 | Haizea harrotzen du | 風立ちぬ Kaze Tachinu | Hayao Miyazaki | Joe Hisaishi |
2013 | Kayuga printzesaren kondaira | かぐや姫の物語 Kaguya Hime no Monogatari | Isao Takahata | Joe Hisaishi |
2014 | Marnieren oroitzapena | 思い出のマーニー Omoide no Mānī | Hiromasa Yonebayashi | Takatsugu Muramatsu |
2020 | Earwig eta sorgina | アーヤと魔女 Āya to Majo | Gorō Miyazaki | Satoshi Takebe |
Koprodukzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dordoka gorria (2016)
Kolaborazioak eta "Miyazaki Formula"
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghibli Estudioak Japoniako animatzailerik hoberenetarikoekin egin du lan. Estudioak produzitako 21 filma eta beste hainbat iragarki, film labur, bideo-joko eta musika bideoak sortzen lan egin duten animatzaile garrantzitsuenen artean, Kitarō Kōsaka, Masashi Ando, Kenichi Yoshida, Akihiko Yamashita eta Hideaki Anno daude. Animatzaile hauekin lan egiteak izugarrizko bultzakada eman dio Ghibliri urteetan zehar, haien talentuaz aparte, artista hauen izen onaz baliatu izan ahal dira-eta.
Kitarō Kōsaka
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986an Oh! Production estudioa utzi zuen Hayao Miyazaki-ren eskumako eskua bihurtzeko (horrela ezagutzen dute Japonen). Ghibli estudioarekin egindako lanen artean, Haugu No Ugoku Shiro (“Gaztelu Ibiltaria”, 2004), Sen to Chihiro no kamikakushi (“Chihiroren bidaia”, 2001) eta Mononoke-hime (“Mononoke Printsesa”, 1997) daude.
Masashi Ando
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sen to Chihiro no kamikakushi (“Chihiroren bidaia”, 2001) eta Mononoke-hime (“Mononoke Printsesa”, 1997) pelikuletan lan egin zuen Andok ere bai, haren ibilbide profesionalari hasiera emanez. Geroago, urte batzuez utzi zuen Ghibli estudioa, baina 2013an bueltatu zen Kaguya-hime no Monogatari (“Kayuga Printsesaren kondaira”, 2013) pelikulan lan egiteko.
Kenichi Yoshida
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990an sartu zen Yoshida Ghibli estudioan. Omoide Poro Poro (“Atzo Bakarrik”, 1991) eta Kureai no Buta (“Karmin-koloreko Txerria”, 1992) filmetan lan egin zuen. Hauek produzitu eta gero Ghiblitik atera eta freelance moduan hasi zen lanean.
Akihiko Yamashita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghibli estudioetako animatzailea da Yamashita, eta bertan egin dituen lan esanguratsuenak Haugu No Ugoku Shiro (“Gaztelu Ibiltaria”, 2004) eta Gedo Senki (“Ged-en gudu kronikak”, 2006)
Hideaki Anno
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ghibli estudioekin lan egin duen animatzailerik ezagunenetarikoa da Anno. 1984an, Ghibli estudioen iragarki bat ikusi zuen aldizkari batean, animatzaileen beharrean zeudela. Beraz, Anno Miyazakirekin batu zen estudioan, bere marrazkiak erakutsi, eta Miyazakik kontratatzea erabaki zuen. Kaze no Tani no Naushika (Haizearen Aranaren Naushika, 1984) pelikula sortu zuten horrela, Hayao Miyazaki-ren beraren manga batean oinarritu zena.
Miyazaki Formula
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aipatutako pelikula hauek Ghibli estudioaren ezagunenak dira. Argi dago, beraz, animatzaile hauen guztien laguntza garrantzitsua izan dela Hayao Miyazaki-ren delako formula hori aurrera eramateko. Baina, zer da, zehazki, Miyazaki-ren formula hau? Bada, Ghibli estudioen filmak aztertzean, eredu moduko bat jarraitzen dutela konturatu gaitezke[6]. Horrek ez du esan nahi pelikula edo istorio guztiak berdinak direnik; baina egia da Ghibli estudioen filma gehienek eskema bat jarraitzen dutela. Protagonista gehienetan neska gazte bat da, eta beti du sidekick bat: animalia bat, mutiko bat, edo gauza biak. Miyazakiren pelikulen protagonistek haien bizitzan agertzen den oztopo bat gainditu beharko dute. Maitasuna beti da ageri, baina ez beti modu erromantikoan. Gainera, eta agian Ghibli estudioen filmen ezaugarri esanguratsuena dena, Miyazakik kondairazko giroak sortzen ditu haren animazioetan: lokalizazioak beti izugarri politak dira, ipuinetako bezalako lekuak; eta nolabaiteko magia dute haien baitan. Ezaugarri hauek guztian nahastean, Hayao Miyazakiren formula lortzen dugu; hainbat urtetan zehar filma arrakastatsuak produzitzea ahalbidetu diona.
Horretaz aparte, esan beharra dago Hayao Miyazakik inoiz ez dituela umeentzako filmak egin nahi izan[7]. Izan ere, Ghibli estudioen pelikula gehienek gai etiko eta moral sakonak lantzen dituzte, eta batzuetan ulertzeko konplikatuak izan daitezke. Horrek nolabaiteko askatasuna eman dio sormen prozesuan, izan ere, ez du pelikula “sinpleak” sortzeko beharra izan, kontzeptu eta gai konplikatuagoekin jolasteko aukera izan du.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b (Japonieraz) Takai, Shinichi. Q&A - スタジオジブリ|STUDIO GHIBLI. (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
- ↑ The Birth of Studio Ghibli, Nausicaä of the Valley of the Wind DVD, Walt Disney Home Entertainment, 2005.
- ↑ (Ingelesez) «A Brief History of Studio Ghibli | The Film Magazine» The Film Magazine 2015-02-11 (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
- ↑ (Ingelesez) John. (2011-11-22). «Everything You Need to Know About Studio Ghibli» Tofugu (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
- ↑ (Ingelesez) «Two new Miyazaki films are on the way from Studio Ghibli - Interview Magazine» Interview Magazine 2017-12-01 (Noiz kontsultatua: 2018-03-25).
- ↑ FilmThought. (2017-06-11). Hayao Miyazaki's Perfected Formula. (Noiz kontsultatua: 2018-03-27).
- ↑ SickAmp. (2017-03-06). Hayao Miyazaki: What defines good animation. (Noiz kontsultatua: 2018-03-27).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ghibli Museum Mitakan, Tokio
- Studio Ghibli-ren web-orria (Japonieraz)