Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Merindade

Wikipedia, Entziklopedia askea

Merindadea edo ibar-jaurerria Erdi Aroko administrazio erakunde bat zen, herrialdea baino txikiagoa eta udalerria baino handiagoa. Erakunde hau Gaztelan XI. eta XII. mendetan sortu zen, organo zentralaren eta hiribildu edo errege jaurerrien arteko administrazio erakunde gisa.[1] Gaztelako Erresumaz gain, Nafarroako Erresumak ere erabili zuen; izan ere, Nafarroak sei merindade zituen. Beste erresumetan ere, antzeko instituzioak agertu ziren, hala nola Ingalaterrako count edo Frantziako bailli. Merindadeetako funtzionario nagusia merio edo ibar jauna zen.

Erdi Arotik aurrera, merio edo ibar jaun baten ardurapean zegoen lurraldea. Merioa erresumako administrazioari loturiko kargua zen eta ekonomia, finantza, justizia eta militar alorretara zabaltzen zen haren aginpidea. Justizia alorreko betebeharretan nabarmentzen zen merioa. Gaztelako erresumako administrazioaren arabera, bazen merio nagusi bat, eskualde guztietarako, eta baziren eskualde bakoitzeko merio soilak. Nafarroako erresuman justiziaz eta zerga bilketaz arduratzen ziren merioak, gorteko nobleen artean aukeratuak.

Arabako eta Gipuzkoako merindade nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1274. urtean sortu zituen Alfontso X.a Gaztelako erregeak Arabako eta Gipuzkoako merindade nagusiak. Merioa zen erregearen ordezkari nagusia, korrejidore karguaren aitzindaria aditu askoren ustetan. XV. mendearen bukaeran desagertu ziren merindade nagusi hauek, korrejidoreen esku utzi baitzituzten Errege-erregina Katolikoek merio nagusiari zegozkion egiteko asko.

Bizkaiko merindadeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bizkaiko merindadeak XVIII. mendean.[2]

Nortasun handiagoko erakundeak izan ziren Bizkaiko jaurerriko merindadeak. Elizaldeek edo elizateek osatzen zuten merindadea eta merio edo ibar jaun bat, batzuetan bi, izaten zuten administrazio buru. Bazen, halaber, merindadeko junta edo biltzarra. Ibar jaun hauek erregeren agindupeko gizonak ziren eta Bizkaiko herrialde osoan aginpidea zuten karguen (korrejidorea, diputatuak, foru-alkateak) aginduak betearazten zituzten. Sei merindade bereizi ziren Bizkaian XVI. mendea arte: Busturia, Uribe, Arratia, Bedia, Zornotza, Markina, eta merindade gisa hartu zuten Durangaldea mende hartatik aurrera. Enkarterriek ez zuten berez inolako merindaderik osatu eta merindadeetatik kanpo geratu ziren Bizkaiko hiriak.

Nafarroako merindadeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Erresuman bost merindade nagusi izan ziren hasieran: Iruñeko merindadea edo mendialdea, Tuterako merindadea edo Erriberakoa eta Zangoza, Lizarra eta Nafarroa Behereko edo bortuez bestaldeko merindadea. Iruñeko merindadea bitan zatitua zen, eta 1407an sortu zen Erriberriko merindadea. Nafarroa Behereko merindadean hiru bailerri bereizten ziren, Donibane Garazi, Amikuze-Oztibarre eta Bastida; Iruñeko merindadea Nafarroako ipar-mendebalean zabaltzen zen eta hiriburua bera eta gainerako ibarrak bereizten ziren han; Zangozako merindadeak Nafarroako ipar-ekialdea hartzen zuen; Lizarrako merindadea Nafarroako hego-mendebaleko lurretara zabaltzen zen eta Tuterakoak hegoaldeko erribera lurrak hartzen zituen. Tuterako eta Zangozako merindadeen artean egituratu zen Oliteko merindadea. Egun ere bizirik dirau Nafarroa Garaian lurralde banaketa honek.

Gaztelako merindadeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztela eta Leon eta Kantabria autonomi erkidegoetan merindade batzuk izan ziren. Burgosen Merindadeen eskualdean (merindadeak) udalerri batzuk merindade izena daukate: Merindad de ValdivielsoMerindad de SotoscuevaMerindad de ValdeporresMerindad de MontijaMerindad de Río Ubierna eta Villarcayo de Merindad de Castilla la Vieja. Palentzia eta Kantabria probintzietan Merindad de campoo herrialde izan zen. Alfoz de Burgos herrialdean Merindad de Cuesta-Urria dago.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Merindade. .
  2. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]