Marcello Mastroianni
Marcello Mastroianni | |
---|---|
(1990) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Marcello Vincenzo Domenico Mastrojanni |
Jaiotza | Fontana Liri, 1924ko irailaren 28a |
Herrialdea | Italiako Erresuma (1924ko irailaren 28a - 1946ko ekainaren 18a) Italia (1946ko ekainaren 18a - 1996ko abenduaren 19a) |
Heriotza | Paris, 1996ko abenduaren 19a (72 urte) |
Hobiratze lekua | Udako hilerria |
Heriotza modua | berezko heriotza: pankreako minbizia |
Familia | |
Aita | Otteno Mastroianni |
Ezkontidea(k) | Flora Carabella (mul) (1950eko abuztuaren 12a, 1948 - 1996ko abenduaren 19a) |
Bikotekidea(k) | |
Seme-alabak | ikusi
|
Haurrideak | ikusi
|
Familia | ikusi
|
Hezkuntza | |
Heziketa | Erromako La Sapienza Unibertsitatea |
Hizkuntzak | italiera |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea eta zinema aktorea |
Jasotako sariak | ikusi
|
|
Marcello Vincenzo Domenico Mastroianni (Fontana Liri, 1924ko irailaren 28a - Paris, 1996ko abenduaren 19a) aktore italiar bat izan zen.
60ko eta 70eko hamarkadetan aktore italiar ezagun eta maitatuena izan zen Italiatik kanpo, batez ere Sophia Lorenekin batera egindako pelikulengatik eta Federico Fellini eta Vittorio de Sicaren filmetan protagonistaren papera bete izanagatik. Italiako zinemako aktorerik malguenen artean dago, izan ere, paper dramatikoetan nahiz komikoetan primeran moldatzeko trebetasun aparta izan zuen. “Commedia all'italiana” edo komedia italiarraren mosketarietako bat izan zen, Vittorio Gassman, Alberto Sordi, Ugo Tognazzi eta Nino Manfredirekin batera. Hiru bider izan zen aktore onenaren Oscar sarirako hautagai: 1963an Divorzio all'italiana (Dibortzioa italiar eran) filmagatik, 1978an Una giornata particolare filmagatik eta 1988an Nikita Mikhalkov zuzendari errusiarraren Oci ciornie (Begi beltzak) filmagatik.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marcello Mastroianni Fontana Lirin, Apeninetako herrixka batean jaio zen, Frosinone probintzian, 1924ko irailaren 28an. Haren aita Ottone Mastroianni zen, Umberto Mastroianni eskultorearen anaia, eta ama aldiz Ida Irole; biak jatorriz Arpinokoak ziren (hau ere Frosinone probintzian). Urte batzuk geroago, Mastroianniren familia Turinera joan zen bizitzera, oso denbora gutxirako, eta bertan Ruggero anaia jaio zen. 1933an behin betiko Erromara aldatu ziren. Oso gaztea zela, estra gisa lan egitea lortu zuen Carmine Galloneren Marionette, Alessandro Blasettiren La corona di ferro, Mario Cameriniren Una storia d’amore eta Vittorio De Sicaren I bambini ci guardano filmetan. 1943an eraikuntzako ingeniari tekniko izateko diploma lortu zuen Erromako Galileo Galilei Institutu Tekniko Industrialean. 1945ean lehenbiziko antzerki klaseak hartzen hasi zen eta berriz ere zinemari ate joka aritu zitzaion. Garai horretan Silvana Mangano izeneko neska gazte ezezagun batekin partekatu zuen aktore izateko ametsa eta elkarrekin maitasun istorio motz bat izan zuten.
Debuta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Benetan zineman lanean 1948an hasi zen Riccardo Fredaren Miserableak filmean, Victor Hugoren izen bereko eleberrian oinarritutako film batean, alegia. Garai berean, antzerkian paper txikiak lortzen hasi zen, hasieran konpainia amateurretan. Noizbait, ordea, Mastroianni gazteak Luchino Viscontiri atentzioa eman zion eta lehenengo papera eskaini zion profesional gisa, William Shakespeareren Rosalinda edo Come vi piace antzezlanean (1948, Teatro Eliseo – Erroma) eta ondoren Tennessee Williamsen Un tram chiamato Desiderio antzezlanean (1949, Teatro Eliseo – Erroma), Mitch-en papera jokatuz (Kowalsky-rena ordea Vittorio Gassmanek jokatu zuen). Orduan, Flora Carabella, bere emaztea izango zena, ezagutu zuen, hark ere paper txiki bat baitzuen antzezlanean; 1950ean ezkondu ziren eta Barbara izeneko alaba bat izan zuten. Luciano Emmeren zuzendaritzapean hainbat komedia neoerrealistatan (Domenica d’agosto, Parigi è sempre Parigi, Le ragazze di Piazza di Spagna) parte hartu ondoren, lehenengo paper dramatikoak iritsi zitzaizkion, Claudio Goraren Febbre di vivere, Carlo Lizzaniren Cronache di poveri amanti eta Luchino Viscontiren Le notti bianche filmetan. Alessandro Blasetti zuzendariaren Peccato che sia una canaglia filmean ere parte hartu zuen.
Ospea eta nazioarteko arrakasta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1958an lortu zuen, behin betiko, izen sendo bat Italiako zinemagintzan I soliti ignoti filmarekin eta, jarraian, Adua e le compagne (1960) izenekoarekin. Divorzio all’italiana (1961) filmari esker, Zilarrezko Xingola (Nastro d’argento), British Film Academyren saria eta aktore onenaren Oscar sarirako izendapena lortu zituen. Federico Felliniren La Dolce Vita (1960) eta 8½ (1963) maisulanek nazioarteko arrakasta ekarri zioten, bai eta “latin lover” ospea ere; zahartzarora arte ahalegindu zen, alferrik samar, ospe horretatik ihes egiten. Horrexegatik, La Dolce Vita filmaren arrakastaren ondoren, inpotente baten papera jokatzea onartu zuen Il bell’Antonio (1961) filmean (Vitaliano Bracantiren izen bereko eleberrian oinarritutakoa), "sex symbol" mitoa suntsitzeko asmoz. 1962an Time astekari estatubatuarrak erreportaje bat eskaini zion, atzerriko izar miretsiena baitzen Estatu Batuetan. Edertasunaz eta oso maila altuko lanez gain, bere aktore xarmaren arrazoietako bat bere aurpegiera hotza zen, zenbaitetan maltzurra, batzuetan malenkonia kutsu bat zuena eta nolabait lotsati itxura ematen ziona. 1963an, Mario Monicelliren I compagni filmean fabriketan matxinadak pizten dituen intelektual sozialista baten papera egin zuen eta ondoren, Vittorio De Sicaren zuzendaritzapean eta Sophia Loren ondoan zuelarik Ieri, oggi, domani (1963), Matrimonio all’italiana (1964) eta I girasoli (1970) filmak egin zituen. Sophia Lorenekin batera sortu zuen bikotea Italiako zinemako harreman artistikorik arrakastatsuenetako bat izan zen, bien karrera osoan zehar iraun zuena eta pasarte gogoangarriak utzi zizkiguna.
Komedia musikala eta azken lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1996an komedia musikalean sartu zen, hiru bat hilabetez Garinei eta Giovannini-ren Ciao Rudy antzezlanean Rodolfo Valentinoren papera jokatuz; gauero dantzan eta abesten ibilita, alfer hutsa izateko ospea gezurtatzeko esperantza zuen. Alabaina, kritika ez zen xamurra izan berarekin eta nahiz eta emanaldietarako txartel guztiak behin eta berriz agortu, Mastroiannik agertokiak utzi zituen, 100 milioi lirako isuna ordainduz, Federico Felliniren Il viaggio di G. Mastorna filmatzeko. Riminiko maisuak, ordea, ez zuen inoiz proiektu hau aurrera ateratzea lortu; hori dela eta, dirua biltzeko, Terence Youngen The poppy is also a flower filmean hartu zuen parte. 1968an Amanti filma egin zuen Vittorio De Sicaren zuzendaritzapean. Emakumezko protagonistarekin, Faye Dunawayrekin, harreman motz bat izan zuen baina asko hitz egin zen bikoteari buruz. Garai berean film batzuk egin zituen ingelesez, baina Sophia Lorenek ingelesez bikain zekien bezala, Mastroiannik esaldiak buruz ikasi behar izaten zituen esanahia ulertu gabe. 1971n Marco Ferrerirekin lan egin zuen La cagna filmean eta platoan Catherine Deneuve aktore frantsesa ezagutu zuen; oso harreman luzea izan zuten, eta baita Chiara izeneko alaba bat ere. Hurrengo urtean Parisera joan zen bizitzera eta 1972 eta 1974 urteen artean pelikula frantses askotan lan egiteko aukera izan zuen. Italiara itzuli zenean, berriz ere komedia arinetan (Culastrisce nobile veneziano, La pupa del gangster), autore filmetan (Todo modo, Una giornata particolare), drametan (Mogliamante, Perl e antiche scale), eta film groteskoetan (Ciao maschio, Fatto di sangue fra due uomini per causa di una vedova, si sospettano moventi politici) lan egin zuen. 1978an, Elio Petrik Jean Paul Sartreren obran oinarrituta zuzendutako telebistarako Le mani sporche telefilmean parte hartu zuen; horren aurretik Mastroiannik ez zuen sekula telebistan lan egin, Studio Uno telebista saioan gonbidatu gisa (Mina eta Sandra Miloren alboan) egindako zenbait agerraldi ospetsutan izan ezik. 1980an Federico Fellinik beste behin deitu zion, 8½ filmaz geroztik hemezortzi urte igaro ondoren, La città delle donne lan berriko protagonista izateko. Berriz ere egin zuten lan elkarrekin 1985ean Ginger e Fred filmean, Giulietta Masinaren ondoan, eta baita 1987an ere, Intervista izenekoan. 1987an Italiar Errepublikako Meritu Ordena jaso zuen, bigarren mailakoa. Geroago, 1994. urtean, lehen mailako ordena eskaini zioten. 1988an Massimo Troisirekin batera protagonista izan zen Splendor eta Che ora è? filmetan, biak Ettore Scolaren zuzendaritzapean; azken filmari esker, bi protagonistek Volpi kopa jaso zuten Veneziako Mostran.
Gaixotasuna eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biriketan tumore bat aurkitu zioten. Hil aurretik, bere azken filma egiten ari zela (Manoel de Oliveiraren Viaggio all’inizio del mondo), aitormen luze bat errodatu zuen (Mi ricordi, sì... mi ricordo) Annamaria Tatòk, bere azken neskalagunak, zuzendutakoa, eta askok aktorearen testamentu espiritualtzat hartzen dutena. Bere Parisko apartamentuan zendu zen 1996ko abenduaren 19an, gaixotasunaren ondorioz. Haren alboan alaba gazteena egon zen, Chiara kuttuna. Mastroianniren gorpuzkinak Erromako Verano hilerrian daude.
Filmografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Marcello Mastroianni |