Madeleine Albright
Madeleine Jana Korbel Albright[1] (Praga, 1937ko maiatzaren 15a - Washington, 2022ko martxoaren 23a) estatubatuar politikari eta diplomazialaria izan zen. 1997-2001 bitartean, Estatu Batuetako estatu-idazkaria izan zen, Bill Clinton presidentea zelarik. Bera da Estatu Batuetan kargu hori bete duen lehenbiziko emakumea.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren Mundu Gerra hasi eta berehala Londresa ihes egin zuen bere familiarekin (1939-1945), eta 1949an Estatu Batuetan finkatu zen. 1959an, Wellesley ikastetxean Politika Zientzietan lizentziatu, eta 1976an Errusiari buruzko ikasketetan doktore-maila lortu zuen Columbia Unibertsitatean. Ordutik 1978 arte, Maine estatuko Edmund Muskie senatariaren laguntzaile nagusia izan zen. 1978-1981 bitartean, Segurtasun Kontseilu Nazionalarentzat lan egin zuen, Jimmy Carter lehendakariaren agintaldian. 1981 eta 1982an, Woodrow Wilson Nazioarteko Zentroko eta Washingtongo Estrategia eta Nazioarteko Ikerketa Zentroko kide izan zen, eta 1982-1993 bitartean, nazioarteko harreman eta kanpo-politikari buruzko irakasle Washingtongo Georgetown Unibertsitatean. 1989-1993 bitartean, Washingtongo Politika Nazionaleko Zentroa ikerketa-instintuko lehendakari izan zen.
Gainera, Walter Mondale, Michael Dukakis eta Bill Clinton lehendakaritzarako hautagai demokraten atzerriko politikari buruzko aholkulari nagusia izan zen. 1993an, Nazio Batuen Erakundean Estatu Batuetako ordezkari iraunkorra izendatu zuen Bill Clinton lehendakariak, eta kargu horretan egon zen Clintonek, berriro lehendakari aukeraturik, 1997an estatu-idazkari izateko izendatu zuen arte. 2012an, Askatasunaren Domina Presidentziala eman zion Barack Obamak.[2] 2017an, gogor kritikatu zituen Donald Trumpen hartutako immigranteen aurkako neurriak.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Sciolino, Elaine. (1988-07-26). Dukakis's Foreign Policy Adviser: Madeleine Jana Korbel Albright. New York Times, nytimes.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-14).
- ↑ Jennings, Natalie. (2012-05-29). Presidential Medal of Freedom: Obama honors Bob Dylan, Madeleine Albright and others. washingtonpost.com (Noiz kontsultatua: 2018-09-14).
- ↑ Albright: "Trumpen politikak beldurrean oinarritzen dira, ez egitateetan". berria.eus 2017-02-01 (Noiz kontsultatua: 2018-09-14).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Madeleine Albright, ted.com
Aurrekoa Warren Christopher |
Ameriketako Estatu Batuetako estatu idazkaria 1997-2001 |
Ondorengoa Colin Powell |