Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Oxigeno eskari biologiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Oxigeno-eskari biologikoa (O.E.B.), oxigeno-eskari biokimikoa ere deitua, lagin likido batean jarduera biologikoen bidez oxidatu edo degradatu daitekeen materia organikoaren kopurua neurtzen duen parametroa da.

Ur batek duen materia organikoa biologikoki degradatzeko oxigenoa behar da; oxigeno-eskari biologikoak oxigenoaren kontsumoa neurtzen du, epe jakin batean (5 egunetan). Zenbat eta handiagoa izan urak duen materia organikoa, orduan eta handiagoa izango da oxigenoaren kontsumoa eta O.E.B.

Beste modu batez esanda, O.E.B.aren neurriak materia organikoa oxidatzeko uretako mikroorganismoek behar duten oxigenoa adierazten du, tenperatura eta denbora jakin batean (normalean, 20 °C-tan eta 5 egunetan).

O.E.B.aren prozedura asko erabiltzen da hainbat uren kutsadura aztertzeko (ibaiena, lakuena, akuiferoena; baita hondakin-urena ere). Ez da erabiltzen kutsadura oso txikia duten ur-laginekin (edateko urarekin, esaterako). Bigarren kasu honetan potasio permanganatoaren prozedura erabiltzen da uraren materia organikoa neurtzeko.

O.E.B. kalkulatzeko urak duen hasierako oxigeno-kontzentrazioa eta bukaerakoa (5 egunen buruan) neurtzen da prozedura kimikoen bidez. Bi balore horien arteko aldea oxigeno-eskari biologikoa da (mg O2/litroko), hots, mikrobioek kontsumitzen duten oxigenoa ur horretako materia organikoa mineralizatzeko.

O.E.B.aren neurketa egiterakoan funtsezkoa da prozesu fotosintetikoak galaraztea, horiek oxigenoaren-maila aldatuko lukeetelako. Analizaturiko ura, horregatik, ontzi opaku batean gorde behar da, argia sar ez dadin (argiaren ezean fotosintesia ez da burutuko).

Zenbat eta altuagoa izan O.E.Ba, orduan eta kutsatuagoa ura. Hona hemen maila batzuk:


  • O.E.B. = 1 : ur oso garbia
  • O.E.B. < 3 : edateko ura
  • O.E.B. > 10 : ur kutsatua
  • O.E.B. > 50 : ur oso kutsatua

Hondakin-uren baloreak oso handiak ohi dira, 1000 mg O2/litroko edo gehiago.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]