Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Itxurain herri-proiektua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Itxurain herri-proiektua 2008an Alkizan abiatu zen herriko ondare sozio-etnografiko eta kulturala bildu eta etorkizunera proiektatzeko helburuarekin, ondare hori Alkizaren geroaren oinarritako bat izan zedin.

Koldobika Jauregiren gidaritza ideologikoaren baitan herritar-talde batek eman zion hasiera proiektuari, 2009an Alkizako Oilategitik Kultur Elkartearen babesa eta laguntza jaso zuelarik.

Arrazoiak eta helburuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxurain proiektuaren bultzatzaileek herri-nortasuna gordetzeko eta indartzeko proiektu moduan definitu zuten.

'Gogoeta horren ondorioa da Herri Proiektua. Horren muinean kokatzen da herriaren sustraiei erreparatzea, berreskuratzea eta sendotzea, ezin baitzaio etorkizunari begiratu pasatakoari erreparatu gabe. Esaera zaharrak dioen bezala, atzeak erakusten du nola dantzatu aurrea. Herri Proiektuak tradizioa errekuperatu eta sendotu nahi du , etorkizunera proiektatzeko eta alkizarren komunitatea trinkotzeko nortasunari eutsiz.'

Herri-proiektua ez zen ezerezetik atera, herrian bazen kezka bat etorkizunaz. Horren lekuko da 2002an Gorka Kruzeta herritarrak hainbat herritarren artean bultzatutako gogoeta non besteak beste Zeraingo esperientziatik abiatuta Alkizaren geroaz eztabaidatu zen[1]. Erreferentzia horrez gain Europan gertatzen ari zenari ere erreparatu zioten bultzatzaileek, adibidez, Europako Herri Kulturalak mugimenduari[2].

2008ko proiektua: txerriboda

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itxurainen lehen proiektua txerriboda izan zen, bai zeremonia bera baita horren inguruko jakintza etnografiko guztia[3].

Adin guztietako herritarrek hartu zuten parte. Eskola-umeek maisu-maistren laguntzarekin txerri-hiltzeari buruzko datuak, istorioak, txisteak, bertsoak eta antzekoak bildu eta landu zituzten. Material horrekin unitate didaktiko bat prestatu zen.

Gazteak baserriz baserri ibili ziren txerri-hilketarekin lotutako erremintak, tresnak eta enparauak biltzen: labanak, gakoak, hiltzeko mahaiak, lukainkak egiteko makinak, etab. Material horrekin guztiarekin erakusketa bat atondu zen Alkizako kultur etxean.

Herriko zaharrenekin hamaiketako bat antolatu zen txerria hil zen egunean eta berriketan jarrarazi ziren lehenagoko gizarte-ohituren eta beren bizipenen inguruan. Bideo bidez grabatu zen lekukotasun hori.

Halaber Xabier Artolaren Txerri festa, beheko plazan argazki-bilduman guztiaren lekukotasuna bildu zen.

2009ko proiektuak: txondorra eta garo-meta

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi izan ziren 2009an landutako proiektuak. Udaberrian txondorra eta udazkenean garo-meta[4].

Ikazkintzak Alkizaren ekonomian pisu adierazgarria izan du XX. mendearen erdialdera arte. Maiatzean Garmendia Garaikoa baserriko Benito Goenagaren zuzendaritzapean txondorra egosi zen Gilisagasti baserriaren ondoan. Egurra herriko basoetan bildu eta modu tradizionalean prestatu zen aizkora eta trontza erabiliz. Astebetez egon zen piztuta txondorra. Tarte horretan bisitari ugari arrimatu zen[5].

Proiektuaren baitan Gipuzkoako Trontza Txapelketa antolatu zen maiatzaren 16an.

Herriko baserrietan bi klaseko tresnak bildu ziren ikazkintzarekin lotutakoak eta ganadua uztarrian jartzearekin lotutakoak (uztarriak, hedeak eta kopetakoak). Horiekin eta Xabier Artolaren argazkiekin Kultur Etxean erakusketa antolatu zen. Halaber, eskolarako unitate didaktikoa prestatu zen. Prozesu guztia Xabier Artolaren Ikiliko txondorra argazki-liburuan bildu zen.

Udazkenean basoan garoa eta orbela biltzea ohiko jarduera zen azienden azpiak egiteko baliatzen baitziren. Urrian Itxuregi edo Itxurain parajean garoa segaz moztu zen eta uztarri batek tiratutako lera eta orga batean bildurik herrira jaitsi ziren. Lete baserriaren ondoan garo-meta atondu zen. Xabier Artolak Garo meta, Alkizako Leten argazki bilduma jaso zen proiektua[6].

2010eko proiektua: sagardogintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau izan zen landutako atzen proiektua. Sagarrak herriko hainbat baserrietako sagastietan bildu ziren, Garmendia Garaikoan, Aretan eta Berandoainen beseteak beste. Sagarra kizki bidez bildu zen lurretik. Gainera, herriko plazan sagarrak txikitzeko makina bat eta dolare bat jarri ziren eta jende aurrean presatu zen sagardoa.

Oraingoan ere, eskolarako material didaktikoa prestatu zen eta Xabier Artolaren Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa argazki-bilduman jasota dago egindakoa.

Sagardogintzaren prozesuak hainbat tentsio sortu zituen herritarren artean. Adibidez, jendaurreko sagarra jotzea egin behar zen egunean oso eguraldi txarra aurreikusita zegoen eta antolatzaileek elizako zimitorioan egitea planteatu zuten, baina herriko kristau-elkartea kontra agertu zen.

Honelako tentsioek eta aurretik zetozen beste batzuk Itxurain proiektua bertan behera gelditzea ekarri zuten. Bultzatzaileek arrazoitu zuten arriskua zegoela, bide beretik jarraituz gero, herri-proiektu zena batzuen proiektu bilakatzea. Erabaki horrek beste ondorio bat ere izan zuen, sustatzaileak Donostia 2016 kultur hiriburutzako arduradun Santi Erasorekin harremanetan ari ziren ikusteko nola Itxurain proiektua hiriburutzaren parte izan zitekeen eta asmoa ez zen gauzatzerik izan.

Itxurain proiektuaren atzean zegoen filosofiak eman ditu gerora fruituak Alkizan. Izan ere, Fagus-Alkiza interpretazio-zentroak[7] edo Sormenaren Kabia ekimenak sustraiak hartan dute nolabait.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Kruzeta, Gorka. (2002). Gaurkoari eta geroari buruz solasean. Oilategitik 2. zenbakia, 11-13 or..
  2. «Cultural Village of Europe» www.cultural-village.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-28).
  3. «Oilategitik» www.oilategitik.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  4. «Oilategitik» www.oilategitik.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  5. http://www.oilategitik.net/11/editoriala/alkiza-etorkizunari-begira-2009..
  6. «Oilategitik» www.oilategitik.net (Noiz kontsultatua: 2020-05-02).
  7. FAGUS – Hernio-Gazume Interpretazio Zentroa / Centro de Interpretación. (Noiz kontsultatua: 2020-11-11).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]