Ipar Irlanda
- Artikulu hau Ipar Irlandari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Irlanda».
Ipar Irlanda | |||
---|---|---|---|
Northern Ireland Tuaisceart Éireann Norlin Airlann | |||
Northern Ireland in the UK and Europe.svg | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Belfast 54°35′47″N 5°55′48″W | ||
Hiririk handiena | hiriburu | ||
Azalera | 13843 | ||
Punturik altuena | Slieve Donard (850 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Irlandako Errepublika | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | monarkia konstituzional eta monarkia parlamentario | ||
Erregea | Karlos III.a | ||
Legebiltzarra | Ipar Irlandako Biltzarra | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.852.168 | ||
Dentsitatea | Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ekonomia | |||
BPG per capita | 23.700 $ (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1921eko maiatzaren 8a | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +35348 eta +4428 | ||
Ordu eremua | ikusi
|
Ipar Irlanda[1] (ingelesez, Northern Ireland; Ulsterko eskozieraz Norlin Airlann; gaelikoz Tuaisceart Éireann) Erresuma Batuko lurralde administratiboa da, Irlandako irlaren ipar-ekialdean. Irlandako Ulster eskualde historikoaren zati handiena da. Unionistek Ulster deitzen diote, baina abertzaleek ez dute izen hori onartzen, beraien ikuspuntuaren arabera, Ulster lurralde zabalagoa delako.
Irlandaren independentziaren aurretik, 1922an, irla osoa Erresuma Batuaren zati zen. Urte horretan Irlandako 26 konderri independente izatera heldu ziren, baina iparraldeko 6k britainiarren esku segitu zuten eta Ipar Irlanda izena hartu.
Ipar Irlanda geografikoki gehiengo unionista (Erresuma Batuaren zati izaten segitu nahi duen) izan zedin egituratu zen, eta komunitate protestanteari abantailak eman izan zitzaizkion. Apurka, ordea, biztanleria irlandar nazionalista proportzioz bizkorrago hazten ari da, eta protestanteak gero eta gutxiago dira (irlandar familia nazionalistek usadioz familia protestanteek baino haur gehiago izaten baitituzte).
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XVII. mendean hasi zen Ipar Irlandaren historia gainerako Irlandarenaretik bereizten. Garai hartan britainiar agintariek, irlandarren matxinada baten ondoren, eskoziar eta ingeles jendea ezarri zuten Ulsterko lurrik gehienetan, eta horrek protestanteen nagusitasuna bideratu zuen, Irlandako gainerako lurraldeetan ez bezala.
Banatzeko asmoak, hala ere, ez ziren piztu, harik eta Ulsterko protestanteen artean Home Rule delakoaren lehen lege proposamenek (1886) katolikoen nagusitasunaren beldurra piztu zuten arte. Irlandako biztanle gehienek gutxieneko autogobernua (Home Rule) eskatzen zuten. Alderdi Nazionalista Irlandarrak, ideia horri jarraiki, Londresko Komunen Ganberan zuen giltza politikoa izateko aukera erabiltzen zuen helburu hori lortzeko. 1886 eta 1893an autogobernu proiektu bi onartu ziren arren, Lorden Ganberan atzera bota ziren. 1911n Alderdi Liberalak bultzatutako erreforma parlamentarioaren ondorioz, Lorden Ganberak boterea galdu zuen Komunen Ganberaren aurrean. Horrek autogobernurako aukerak areagotzen zituen.
Hala ere, Irlandan autogobernuaren aurka unionista asko oldartu ziren. Ulster eskualdearen izaera britainiarra azpimarratzen zuten. Unionista gehienak Iparraldean zeuden, nahiz eta Dublinen eta hiri garrantzitsuenetan nolabaiteko pisua zuten. XX. mendearen hasieran Belfast Irlanda osoko hiri garrantzitsuena bihurtu zen, bai biztanleriari zegokionez, baita jarduera ekonomikoari zegokionez ere. Bertan katolikoak (orokorrean irlandar abertzale izateko joera gehiago dutenak) mendebaldeko auzoetan kontzentratuta bizi eta gutxiengoa ziren.
1912an Komunen Ganberak autogobernu proiektua onartu zuen (Hirugarren Home Rule proiektua), Lorden Ganberak ahal izan zuen beste murriztu arren. 1914an Ulsterreko 4 konderriri baimena eman zitzaien proiektu horretan sartu edo ez erabakitzeko. Gatazka horretako bi bandoek talde armatuak sortu zituzten: Ulster Volunteer Force unionista eta Irish Volunteers nazionalista. Hala ere, Lehenengo Mundu Gerran sektore biek bat egin zuten Britainiar Inperioa babestuz.
1916an Britainia Handiaren kontrako altxamendua burutu zuten irlandar abertzaleek Dublin eta beste hiri batzuetan. Ordura arte alderdi txikia zen Sinn Fein indarra hartzen joan zen, 1917an altxamenduan parte hartu zutenak bertan sartu zirenean. Irish Volunteers taldeak Irish Republican Army (IRA) sortu zuen.
1918an egindako hauteskundeetan, Irlanda mailan Sinn Fein izan zen garaile argia, eta ordura arte hegemonia zuen Alderdi Parlamentario Irlandarra lur jota utzi zuen. Ipar Irlandan, hala ere, unionistek 30 eserlekutatik 23 bereganatu zituzten. Bertan abertzaleek gehiago jo zuten Alderdi Nazionalista Irlandarraren alde, Sinn Feinen alde baino.
1920ko Irlandako Gobernuko Aktan uhartea bi zatitan banatu zen: Ipar Irlanda (ipar-ekialdeko sei konderri) eta "Hegoaldeko Irlanda" (beste 26 konderriak). Eskualde bakoitza bertako gehiengoa zen taldeak gobernatzea nahi zen; horrela Iparraldean protestanteak ziren nagusi. Katolikoen egoera asko okertu zen garai hartan, bigarren mailako hiritarrak bihurtu ziren eta. Ipar Irlandako agintariek gutxiengo katolikoaren aurkako diskriminazio politika bultzatu zuten. Besteak beste, nazionalista katoliko gehien bizi ziren guneetako instituzioen kontrola protestante unionisten esku utzi zuten hauteskunde barrutiak aldatuz. Irlandako Estatu Askea sortu zenean populazio mugimendu garrantzitsuak gertatu ziren; Hegoaldeko protestante askok iparraldera jo zuten, eta alderantzizko bidea egin zuten Iparraldeko katoliko askok.
Egoera ustelduz joan zen, eta Lehen Mundu Gerra sortu zenerako gerra zibila lehertzear zegoen. Irlandako orduko gobernua saiatu zen auzia konpontzen Irlandaren bi zatietako bakoitzarentzat modu berezian ezarriz Home Rule legea (1920). Irlanda bi partetan banatu zutenetik (1920), Iparraldeko katolikoek gutxiengoa osatu zuten, enplegua eta etxebizitza lortzeko eta politikan parte hartzeko eragozpenekin.
1968an Eskubide Zibilen Aldeko Mugimendua antolatu zuten, haien aurkako bereizkeria salatzeko. Horrek bortxakeria zekarren sarritan. Protestante moderatuek berrikuntzak egiteko beharra ikusten zuten, baina Alderdi Unionistako agintaritzako kontserbadoreenak berrikuntzen aurka agertzen ziren beti. 1969an Britainia Handiko gobernuak gudarostea bidali zuen Ipar Irlandara, bertako poliziari (Royal Ulster Constabulary, RUC) laguntzeko, eta bertan geratu ziren, britainiar agintaritza bermatzeko.
Harrezkero IRA organizazio armatuaren ekintzen helburu nagusi bihurtu ziren. 1972an britainiarrek Ipar Irlandako Legebiltzarra deuseztatu zuten eta gobernu zuzena ezarri zuten. 1972ko urtarrilaren 30ean "Igande odoltsua" ("Bloody Sunday") gertatu zen Derryn. Poliziak manifestaldi baketsu baten aurka tirokatu zuen. 13 hildako eta 14 zauritu egon ziren. 1973an, katoliko askok boikot egin zuten erreferendum batean, Ipar Irlandako hautesleek Britainia Handiarekin bat eginda egotearen alde eta Irlandako Errepublikarekin elkartzearen aurka bozkatu zuten. Hurrengo urteetan bortxakeria handituz joan zen.
Belfasteko bi emakumek –Mairead Corrigan eta Betty Williams– Bakearen Nobel saria jaso zuten 1976an, Ipar Irlandan aurrez aurre zeuden bi erkidegoak baketzeko egiten ari ziren ahaleginagatik. Ahaleginak, baina, huts egin zuen. Bien bitartean, Behin-Behineko IRAk (organizazioko talde erradikalena) indarkeriazko ekintzen bidez presioa egiten jarraitzen zuen, eta muturreko protestante batzuek zenbait talde armatu antolatu zituzten. 1979an, IRAk lord Mountbatten (Indiako azken erregeordea) hil zuen, eta egun berean, hemezortzi soldadu britainiar hil zituen segada batean.
Aurrerago, 1981ean, IRAk beste taktika bat erabili zuen herritarren babesa jasotzeko: presoek gose grebari ekin zioten, eta horren ondorioz hiltzen zen kide bakoitzeko indarkeriazko ekintza sail bat egiten zuten. Bien bitartean, Ipar Irlandako bi erkidegoen bereizketak bere horretan irauten zuten, eta ez zen irtenbiderako zirrikiturik ikusten. 1985eko gobernu arteko konferentzia segurtasun, ekonomia, eta gizarte arazoetan elkar laguntza handitzeko eta behin betiko bakea lortzeko bidean aurrerapauso gisa ikusi zuten batzuek, baina unionista protestanteek eta irlandar abertzale batzuek gogor kritikatu zuten orduan izenpetu zen hitzarmena. 1990eko hamarraldiaren hasieran, Britainia Handiko gudarosteak Londonderry eta Belfasteko kaleetan jarraitzen zuen, eta IRAk britainiar zibilen eta militarren aurkako ekintzak egiten.
Bake bide oztopoz betea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1994ko abuztuaren 31n, hogeita bost urtez borrokan aritu ondoren, IRAk baldintzarik gabe su-etena iragarri zuen, eta bake elkarrizketetan parte hartzeko borondatea erakutsi zuen. Hala ere, 1996ko otsailaren 9an, su-etena hautsi eta bonba bat leherrarazi zuen Londresen, britainiar gobernuari leporatuz su-etena hautsi izanaren erantzukizuna. Atentatu gehiago izan bazen ere, Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministro John Major eta John Brutonek, bake prozesua aurrera eramateko borondateak bultzatuta, bake elkarrizketak hasi zituzten Stormonteko gazteluan, Belfastetik gertu, Ipar Irlandako alderdi politiko nagusiak bilduta.
Sinn Fein taldeko ordezkariak ere bertan izan ziren, talde protestanteek IRAren atentatuak salatzen ez zituztenen ondoan ez zirela eseriko adierazi bazuten ere hasieran. 1997ko maiatzeko Britainia Handiko hauteskundeetan garaile izan ziren laboristen borondateari eta IRAk uztailaren 19an iragarri zuen su-etenari esker, bake elkarrizketek aurrera egin zuten. Negoziazioen aurka zeuden katoliko eta protestanteen atentatuek elkarrizketak etenarazi zituzten. Hala, Britainia Handiko Lehen Ministroa, Tony Blair, bi aldiz elkartu zen –1997ko abenduan eta 1998ko martxoan, Downing Streeten– Sinn Feineko ordezkariekin, 1997ko irailean alderdi honek helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzea arbuiatu zuenez geroztik. 1998ko apirilaren 10ean, Ipar Irlandako alderdi nagusiek eta Britainia Handiko eta Irlandako Errepublikako Lehen Ministroek bake hitzarmen bat izenpetu zuten, indarkeria behin betiko desagerrarazteko eta bake iraunkorra lortzeko borondate ukaezinaren erakusgarri.
2005eko ekainean IRAk armak utziko zituela eman zuen aditzera, eta handik hiru hilabetera nazioarteko batzorde batek armak uzte hori berretsi zuen. 2007ko maiatzean UVF talde paramilitar unionistak uko egin zion indarkeriari. 2007ko maiatzaren 8an, katolikoen eta protestanteen arteko gobernu bat osatu zen lehen aldiz.
Azpibanaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Konderriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fermanagh konderria
- Tyrone konderria
- Derry konderria
- Antrim konderria
- Down konderria
- Armagh konderria
Hiri nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Belfast: 276.459 biztanle (2001); Metropoli-gunean 579.276.
- Derry: 83.652 biztanle.
- Lisburn: 71.465 biztanle.
- Newry: 27.433 biztanle.
- Armagh: 14.590 biztanle.
- Udalerri garrantzitsuak
- Newtownabbey: 62.056 biztanle.
- Bangor: 58.388 biztanle.
- Craigavon: 57.685 biztanle.
- Ballymena: 28.717 biztanle.
- Coleraine: 24.089 biztanle.
- Portadown: 22.000 biztanle.
- Omagh: 21.388 biztanle.
- Larne: 18.228 biztanle.
- Enniskillen: 13.599 biztanle.
- Downpatrick: 10.316 biztanle.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Ipar Irlandako gatazka" edo The troubles, ingelesez esaten duten moduan, Ipar Irlandan dagoen arazo politikoa da, funtsean lurraldea Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoen eta Irlandarekin batzeko aldekoen artean.
Lehen multzoan, Ipar Irlandako leialistak edo unionistak daude. Politikarien artean, aipatzekoa da Ian Paisley (1926-), DUP alderdikoa. Ideologia bereko ekintzaile biolentoen artean, Michael Stone (1955-) paramilitarra dugu.
Bigarren multzoan (errepublikarrak), IRA (Provisional Irish Republican Army) talde armatuak 1969an ekin zion borroka armatuari edo ekintza terroristei. Taldekideen artean, Bobby Sands (1954-1981) nabarmendu zen gose-greba eginez hil baitzen kartzelan, sinbolo bihurtuz. 2005etik su-etenean dago IRA.
Sinn Féin alderdi politikoa ere errepublikarra da. Gaur egungo buruzagia Gerry Adams (1948-) da.
Azkenik, bakea lortzeko ahaleginean oso garrantzitsua izan zen 1998ko apirilaren 10ean lortutako hitzarmena. Bitartekarien artean, azpimarratzekoak dira Alec Reid (1932-) eta Mo Mowlam (1949-2005).
2007ko hauteskundeen ondoren Ian Paisleyren DUP eta Gerry Adamsen Sinn Féin indarturik atera ziren eta gobernua elkarrekin egin behar izan zuten autonomia berreskuratzeko. Ian Paisleyk adina zela eta kargua utzi zuenean bere alderdikidea zen Peter Robinsonek hartu zuen Ministro Nagusiaren kargua.
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Irlanda guztian bezala, Ipar Irlandan ere kirol gaelikoek jarraitzaile gehien dituzte: hurlinga eta futbol gaelikoa.
Futbolari dagokionez, aipatzekoa da taldeak erabat profesionalak ez diren arren, IFA Premiership Liga munduko bigarren zaharrena dela, Ingalaterrako Premier Leagueren ondoren. Belfasteko taldeak izan dira nagusi Ligan zein Kopan, besteak beste; Linfield F.C., Glentoran F.C. eta jadanik desagertuta dagoen Belfast Celtic taldeak.
Leku interesgarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Erraldoien Galtzada (Gizateriaren Ondarea)
- Neagh aintzira
- Belfast City Hall
- Stormont jauregia
- Titanic Belfast museoa
- Carrickfergus gaztelua
- Derry
- Ipar Irlandako muralak: Falls Road, Derry Askea...
- Dunluce gaztelua
- Gosford gaztelua
- Altinaghree gaztelua
- Mussenden tenploa
- Beaghmoreko harrespilak
- Rathlin uhartea
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Neagh aintzira
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014/08/11 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2008-05-30). 154. araua: Europako eskualde historiko-politiko nagusiak. .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Irlandako Ataria |
- Ipar Irlandako Gobernuaren webgune ofiziala (Ingelesez)
- Irlanda iparraldeari buruzko kanala Argian eguneroko, bideo, argazki galeria, diaporama eta loturekin
- "Online NI" Gobernuaren webgunea (Ingelesez)