Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Iberiar baso-igel

Wikipedia, Entziklopedia askea
Iberiar baso-igel
Iraute egoera

Kaltebera  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAmphibia
OrdenaAnura
FamiliaRanidae
GeneroaRana
Espeziea Rana iberica
Boulenger, 1879
Banaketa mapa
Eguneko zikloacathemeral (en) Itzuli

Iberiar baso-igela[1] (Rana iberica) Iberiar penintsulako endemikoa den igel arrunt bat da. Penintsularen ipar-mendebaldean baino ez da agertzen. Bere banaketaren muinean nahiko espezie ugaria da, baina banaketaren mugatan, Euskal Herria kasu, oso espezie urria da eta gainera beherakada nabarmena jasaten ari da azken urteetan. Euskal Herrian, Urdaibai inguruko eta Gorbeiako ibaietan baino ez da aurkitzen.

Igel txikia eta liraina da, mutur motz eta biribildukoa. Ertz errostral bereiztua du. Narinak antzeko distantziara daude muturretik eta begietatik. Narinen arteko distantzia, distantzia interorbitala baino zertxobait handiagoa da. Behatzak nahiko tuberkulu subartikular garatuekin. Atzeko gorputz-adarrak oso luzeak dira. Azal leuna du, bizkarraldean eta atzeko gorputz-adarren atzealdean pikor batzuekin. Plegu dortsolaterala estua eta irtena. Ez du aho-zakurik, gorteiurako eskrezio pikortsu arre-grisaxkak egiten ditu. Azpialdean kolore arre-horixka, arre-grisaxka edo gorrixka du; bizkarraldean orban horixkak eta alboetan zuriak. Bizkarreko orbanak lausoak eta urriak dira normalean. Azpialdean orban erretikulatu gris edo beltzak ditu. Irisa urre-kolorekoa edo gorrixka du.[2][3]

Larbak kolore arre-grisaxa edo gorria du, gorputzean eta isatsean urre-koloreko orbanekin. Azpialde grisaxka edo gorrixka, gutxiago pigmentatua[4]. 49 mm luzerara iristen da[5].

Endemismo iberiarra da, penintsularen ipar-mendebaldean banatzen da, Galizian eta Portugaleko erdialde eta iparraldean batez ere[6]. Neurri txikiago batean Asturias, Kantabria, León, Zamora eta Euskal Herrian ere aurkitzen da. Burgos, Palentzian eta Erdialdeko Mendigunean ere aurkitu da. Euskal Herrian Urdaibai inguruko eta Gorbeia inguruko ibaietan soilik aurkitzen da eta kontserbazio arazo larriak ditu.

Ur hotz eta bizkorreko errekastotan aurkitzen da[7], sekula ez uretatik urruti[8]. Goi mendietako putzu eta lakuetan ere aurkitzen da. Espezie estenoikoa da, gorabehera termikoen eta deshidratazioaren aurrean sentikorra[9]. Nahiko bakartiak dira eta leialak dira beren bizilekuarekiko[10]. Euskal Herrian 620 m inguruko altituderarte aurkitzen da, baina Erdialdeko Mendigunean 2400m-ra ere aurkitu da.

Datuak Erdialdeko Mendigunean eginiko ikerketa batean bilduak dira[11]. Harrapakinak uretan eta lur lehorrean ehizatzen ditu, bereziki lehorrean. Hiru talde hauetan banatzen dira: Diptera, Coleoptera eta Araneae. Ez dago desberdintasun garrantzitsurik sexuen artean. Ikusi da eskuragarrienak diren taldeak, hau da, ugarienak direnak direla nagusi bere dietan.

Euskal Herrian eta kostaldeko beste inguruneetan aktibo mantentzen da urte osoan. Bestalde, mendiguneetan bere jarduera-tartea murrizten da. Gauez eta egunez aurkezten du jarduera. Egunez geldik egon ohi dira landarediaren artean, arroken gainean edo orbel artean[12]. Gaztetxoek eguneko jarduera izaten dute.

Arren gametogenesia tenperaturaren menpe dago, tenperaturak asko jaistean geratzen da bestela jarraia da[13]. Urtean zehar bizi den lekuetan ugaltzen da. Altitude baxuko ingurunetan azarotik martxora ugaltzen da. Arrak emea jarraitzen du soinu bat igorriz, eta emeak beste soinu bereizgarri bat igortzen du anplexuan dagoenean. Arrak, gorteiu garaian kailu gris-beltzaxka batzuk izaten ditu eta gorputzeko guruinek mukosa jariatzen dute, anplexua errazteko[14]. Anplexua axilarra da. Errunaldia globo-itxurako masa bat da, errekastoetako putzu eta urmaeletan jalkitzen dutena 4–32 cm-ko sakontasunera.

Larba-faseak hiru hilabete inguru irauten du. Kostaldean bizi diren kasuetan, Euskal Herrian adibidez, martxoa eta abuztua artean ematen da metamorfosia. Bi sexuetan heldutasun sexualerako gutxieneko adina bi urtekoa da[15]. Euskal Herriko populazioetan igelak txikiagoak dira goi-mendietan baino, eta denbora gutxiago bizi dira, 4 urte.

Espezieen arteko elkarrekintzak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harraparietatik babesteko, geldirik egoten da errekastoen urertzean, eta bere kolorazioari esker kamuflatu egiten da, bai urertzeko goroldioarekin, bai errekastoaren hondoarekin eta baita orbelarekin ere[16]. Ihes egiteko uretara jauzi egiten du; ikusi da ihesean egin beharreko distantzia igo egiten dela errekastoko landaredia gutxitu ahala. Zapaburuek arrainak usaindu egiten dituzte eta jarduera jaisten dute hauen presentzian. Ikusi da zapaburuen erantzuna hobea dela bertako amuarrainarekin exotikoarekin baino (Bosch et al., 2006).

Harraparien artean anfibioak (Rana perezi oso proportzio baxuan bada ere), narrastiak (Natrix maura, Natrix natrix eta Vipera seonei), hegaztiak (Tyto alba) eta ugaztunak (Genetta genetta, Lutra lutra) aurkitzen dira.

Bizkarroien artean trematodoak eta akantozefaloak aurkitzen dira (Votjova eta Roca, 1996)

Kontserbazio egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian intaeres bereziko espeziea da, bertako populazioak murriztuak eta isolatuak daude.

Bere mehatxu faktoreak ondorengoak dira: uraren kutsadura isuri toxikoen eta zaborraren ondorioz, erriberako basoen mozketa eta bertako landarediaren suntsipena, uraren bidearen aldaketa lan oublikoen ondorioz, harrapari aloktonoen sarrera, ubideak lohiz betetzea nekazal-jarduera uztearen ondorioz, igelak bizi diren inguruetan jende asko ibiltzea...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Iñaki Odriozola Larrañaga, EuskalNatura.net. CC-BY-SA lizentzian eginiko testua
  2. Barbadillo, L. J., Lacomba, J. I., Pérez-Mellado, V., Sancho, V., López-Jurado, L. F. (1999). Anfibios y reptiles de la Península Ibérica, Baleares y Canarias. GeoPlaneta, Barcelona.
  3. García-París, M. (1985). Los anfibios de España. Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, Madrid.
  4. García-París, M., Montori, A., Herrero, P. (2004). Amphibia. Lissamphibia. En: Ramos Sánchez, M. A., et al. (Eds.). Fauna Iberica. Vol. 24. Museo nacional de Ciencias Naturales, Madrid.
  5. Salvador, A. (1985). Guía de campo de los anfibios y reptiles de la Península Iberica, Islas Baleares y Canarias. S. García, León.
  6. Malkmus, R. (2004). Amphibians and Reptiles of Portugal, Madeira and the Azores-Archipelago. Distribution and Natural History Notes. A. R. G. Gantner Verlag, Ruggell.
  7. Lizana, M., Ciudad, M. J., Pérez-Mellado, V. (1989). Actividad, reproducción y uso del espacio en una comunidad de anfibios. Treballs de la Societat Catalana d'Ictiología i Herpetología, 2: 92-127.
  8. Boscá, E. (1880). Catalogue des Reptiles et Amphibiens de la Peninsule Iberique et des Iles Baleares. Bull. Soc. Zool. France, 1880: 240-287.
  9. Crespo, E. G., Cei. J. M. (1971). L'activité spermatogénetique saisonniere de Rana iberica Boul. du nord de Portugal. Arquivos do Museo Bocage (2ª Serie), 3 (3): 37-50.
  10. Rodríguez-Prieto, I., Fernández-Juricic, E. (2005). Effects of direct human disTurbance on the endemic Iberian frog Rana iberica at individual and population levels. Biological Conservation, 123 (1): 1-9.
  11. Lizana Avia, M., Ciudad Pizarro, M. J., Pérez-Mellado, V. (1986). Uso de los recursos tróficos en una comunidad ibérica de anfibios. Revista Española de Herpetología, 1: 207-271.
  12. Galán-Regalado, P. (1999). Diferenciación morfológica y selección de hábitats en las ranas pardas del noroeste ibérico: Rana iberica Boulenger, 1879 y Rana temporaria parvipalmata Seoane, 1885. Treb. Soc. Cat. Ictio. Herp., 2: 193-209.
  13. Crespo, E. G. (1974). Observations sur l'influence de la temperature, en conditions expérimentales, sur le cycle spermatogenetique de Rana iberica Boul. Estudos sobre a Fauna Portuguesa, 2: 1-10.
  14. Brizzi, R., Delfino, G., Pellegrini, R. (2002). Specialized mucous glands and their possible adaptive role in the males of some species of Rana (Amphibia, Anura). Journal of Morphology, 254 (3): 328-341.
  15. Esteban, M., Sanchiz, B. (2000). Differential growth and longevity in low anf high altitude Rana iberica (Anura, Ranidae). Herpetological Journal, 10: 19-26.
  16. Vences, M. (1992). Zur biologie der nordwestspanischen braunfrösche Rana iberica Boulenger, 1879 und Rana temporaria parvipalmata Seoane, 1885. Salamandra, 28 (1): 61-71.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]