Hafez al-Assad
Hafez al-Asad (arabieraz: حافظ الأسد, Ḥāfiẓ al-Asad; Qardaha, 1930eko urriaren 6a - Damasko, 2000ko ekainaren 10a[1]) siriar politikari eta militarra izan zen. 1971-2000 bitartean Siriako presidentea izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sobietar Batasunean osatu zituen Siriako ikastegi militarretan hasitako ikasketa militarrak. 1946an Baath («Pizkundea») alderdiko kide egin zen, eta 1963ko estatu-kolpearen ondorioz, alderdi hori agintera iritsi zenean, Aire Armadako jeneral izendatu zuten. 1966tik 1970era bitartean, Defentsarako ministro izan zen, eta 1970ean gobernuaren kontrolaz jabetu zenean, lehen ministro, hurrengo urtean lehendakari hautatu zuten arte.
1973an Egiptorekin batera parte hartu zuen Yom Kippur Gerran, baina ez zuen onartu 1970eko hamarkadaren amaieran Egiptok eta Israelek lortu zuten hitzarmena. 1976, 1987 eta 1990ean Libanoko Gerra Zibilean esku hartu zuen, Libanoko lurralde zabal bat Siriaren kontrolpean jarriz, eta Iranen alde ere egin zuen, herrialde horrek Iraken aurka izandako gerran (1980-1988).
1980ko hamarkadaren hasieran, hainbat estatu-kolperen ahaleginak jasan bazituen ere, basakeria handiz eraso zien aurkari politikoei. 1982an milaka soldadu bidali zituen Hama hirira, Anaia Musulmanen matxinada suntsitzera. Urte askoan Siria izan zen SESBen hurbileneko aliatua Ekialde Hurbilean, baina 1980ko hamarkadaren amaieran, sobietar aginpidea ahuldu zenean, Mendebaldearekiko harremanak hobetzen ahalegindu zen Assad. Golkoko Gerran, gatazkaren konponbidea mundu arabiarraren barruan bilatzen saiatu zen, baina Saddam Husseinek bereganatutako boterearen beldur, nazioarteko koalizioaren alde egin zuen, Siriako soldaduak Saudi Arabiara bidaliz Iraken aurka borrokatzera. 1993an, ordea, parte-hartze eskasagoa izan zuen Israelek eta Palestinaren Askapenerako Erakundeak lortutako bake-hitzarmenean. 1995ean Israelgo estatuarekin elkarrizketak hasi zituen, bake-hitzarmena eta elkarrenganako aitorpena lortzeko.
Hil zenean, 2000. urtean, bere bigarren semea, Bashar, izan zuen ondorengo, zaharrena, Basel, istripu batean hil baitzen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Ḥafiz al-Assad Global.britannica.com
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hafez al-Assad |