Kremailera
Kremailera[1] edo lerra-itxigailua[2] ixte sistema bat da, bi hortz lerro elkarri lotzen dituen euskarri berezi batez baliatzen dena.[3] Arropetan, oinetakoetan, poltsetan eta kidekoetan erabiltzen da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1851ean, Elias Howe asmatzaileak "arroparentzako itxitura automatiko jarraitua" patentatu zuen New Yorken. Urte batzuk lehenago Walter Huntek asmatutako josteko makina hobetu eta lehenengoz patentatu zuen Howek. Eta, beharbada, tramankulu hark merkatuan izan zuen arrakastak aseta, edo beste asmakizun horren erabilera argi ikusten ez zuelako, kremailera primitibo hura ez merkaturatzea erabaki zuen. Hala, "kremaileraren aita" ofiziala izateari uko egin zion.[4]
40 urte baino gehiago joan ziren 1893an Whitcomb Judsonek antzeko "itxigailua" patentatu arte. Bi asmakizunak oso antzekoak ziren, baina Judsonek erabilera zehatza eman zion –botak ixtea– eta merkaturatzea erabaki zuen. 1893ko Chicagoko Erakusketa Unibertsalean aurkeztu zuen tresna konplexua; Universal Fastener Company etxea hura ekoizten hasi zen, baina ez zuen eroslerik topatu.[4]
1906an, Suedian jaiotako Gideon Sundback elektrizitate ingeniaria Universal Fastener Companyn hasi zen lanean, Judsonen patentea eskuratu zuen enpresa berean. Diseinuan trebea izateak eta enpresako buruaren alaba Elvira Aronsonekin ezkondu izanak, konpainiako diseinu-buru izatera eraman zuten 1909an. Besteak beste, batere praktikoa ez zen Judsonen itxigailua hobetzea zuen helburu. Tresna errazago ixtea lortu zuten, baina berriro irekitzea oso gaitza zen eta asmakizuna, hirugarrenez, baztertuta geratu zen. 1911n, suediarraren emaztea hil egin zen eta, dolu betean, Sundbackek buru-belarri jardun zuen asmakizuna hobetzen. Bi urteko lan obsesiboaren emaitza kremailera modernoa izan zen. Kremailera fabrikatzeko makina ere berak asmatu zuen.[4]
Asmakizun praktikoa zen, merke ekoiztu zitekeen, baina urtetan gomazko bota eta tabako zorro gutxi batzuk ixtera mugatu zen, 1937an Parisko jostun batek gizonezkoen galtzetan jartzea erabaki zuen arte. Orduko 86 urte zeuzkan asmakizun hura "joskintzako ideia berritzaileena" zela esan zuen prentsak.[4]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kremailera. Euskaltzaindiaren Hiztegia, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
- ↑ Zehazki: cremallera. ehu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-1-11).
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.
- ↑ a b c d Irazustabarrena Uranga, Nagore. Kremailera kostata itxi zuten. Argia, 2011-05-22, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2014-9-23).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Irazustabarrena Uranga, Nagore Kremailera kostata itxi zuten, argia.eus