Kosovoren independentzia aldarrikapena
Kosovoren Independentzia Aldarrikapena herrialde hartako legebiltzarrak onartu zuen 2008ko otsailaren 17an. Herrialdeak sezesioa aldarrikatu zuen Serbiarengandik, eta errepublika erako estatu burujabe deklaratu zen.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jugoslaviaren zatiketaren hastapenetan, Kosovo probintzia bat zen Serbiaren baitan, baina 1990eko ekainean, ebazpena eraman zuten probintziako legebiltzarrera bertako albaniarrek, eskualdearen estatusa errepublika bihurtzeko (Jugoslaviaren baitan bazen ere). Legebiltzarrak presidente serbiarra zuen ordea, eta hark ez zuen saioa egiten utzi. 1990eko uztailean, gainera, Serbiako gobernuak disolbatu egin zuen Kosovoko legebiltzarra. 1991ean, ordea, legebiltzarkide albaniarrak beren kasa elkartu ziten Kacanik hirian, eta 1991ko irailaren 22an Kosova Errepublika aldarrikatu zuten, estatu burujabe bat bailitzan.
Aldarrikapen horrek ez zuen eragin berehalakorik izan, ez bada 1990eko hamarkadan zehar albaniar eta serbiarrek botere egitura paraleloak ezarri zituztela Kosovon. Egoera tenso horrek eztanda egin zuen Kosovoko Gerran, 1996 eta 1999 urteen artean.
Nazio Batuen 1244 erresoluzioak eman zion amaiera gerrari, modu anbiguo batean. Nazioarteko legedian, Kosovoren gaineako Serbiaren subirautza berretsi zuen erresoluzioak, baina praktikan, Kosovoko gehiena, Pristina hiriburua eta bertako agintea albaniar independentisten esku zegoen. 2006an nazioarteko elkarrizketak hasi ziren estatus anbiguo horretatik aurrera egiteko, eta Finlandiako presidente izandako Martti Ahtisaariren planaz eztabaidatu zen asko. Independentzia hitza aipatzen ez zuen subirautza moduko bat proposatzen zuen Ahtisaarik, baina ideia hura ez zen urrutira iritsi. Aldiz, 2007ko azaroaren 17an hauteskundeak egin ziren, eta independentistek irabazi zituzten, independentzia aldarrikatzeko aginduarekin.[1] UCK gerrilako borrokalari ohia, Hashim Thaçi, izan zen garaile botoen %35rekin.[2]
Independentzia adierazpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2008ko otsailaren 17an, Kosovoko Legebiltzarreko 109 diputatuk aho batez aldarrikatu zuten independentzia adierazpena. Serbiagandik independente izendatu zuten herrialdea, eta Kosovo "estatu demokratiko, independente eta libre" gisa definitu zuten.[3] Kalean, Albaniaren banderarekin ospatu zuten aldarrikapen independentistek.
Gutxiengo serbiarreko 11 diputatuek boikota egin zioten legebiltzarreko saioari. De facto, serbiarrek kontrolpean duten Ipar Kosovo ez dago Kosovo independentearen agintepean.
Nazioartearen erreakzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatu batuek, Frantzia, Alemania, Italia eta Erresuma Batuak nahiko azkar ezagutu zuten Kosovoren independentzia. Europako Batasuneko herrialde gehienek jarraian egin zuten, salbu eta Zipre, Grezia, Espainia eta Errumaniak.
Espainian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainian, PSOEko Gobernua zegoelarik agintean, kanpo arazoetarako ministro Miguel Ángel Moratinosek deklaratu zuen Espainiak ez zuela "aldebakarreko erabakia onartuko, eta nazioarteko legedia errespetatuko zuela".[4] PPk ere gaitzetsi zuen aldarrikapena. 2008tik, gobernu aldaketek ez dute eraginik izan dotrina honetan eta Espainiak ez du Kosovo estatu independentetzat onartzen.
Alderdi abertzaleek bestelako jarrera izan zuten. Katalunian ERCko Josep-Lluís Carod-Rovira jarrera aldatzeko eskatu zion Gobernuari, ez zedin "azkena izan" Europan Kosovoren independentzia aldarrikatzen.[5] Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek (EAJ), demokratikoa eta ereduzkoa iritzi izan zion aldarrikapenari, herritarren borondatea errespetatzea zela giltzarria arazo politiko gogor bat gainditzeko.[6]
Nazio Batuen Erakundean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Independentzia aldarrikapena izan eta gutxira, Serbiak gaia Nazio Batuetara eraman zuen. 2008an bertan, Serbiak landutako proposamen batek aurrera egin zuen, eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak galdera zuzendu zion Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiari, ea independentzia aldarrikapena legezkoa zen nazioarteko legediaren baitan. Hagako Auzietegiaren erantzuna Serbiaren kontrakoa izan zen neurri handi batean, independentzia aldarrikapena ez baitzuen ez-legezkotzat jo.
Kosovoren onarpen instituzionala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beheko herrialde hauek Kosovo herrialde independiente moduan onartu duteː
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kosovo celebra elecciones en medio de la incertidumbre sobre su futuro estatus (elmundo.es)
- ↑ Hasmim Thaçi gana las elecciones generales en Kosovo (elpaís.com)
- ↑ Kosovo es independiente (elpaís.com)
- ↑ «Moratinos confirma que España no reconocerá a Kosovo», en Público, 18 de febrero de 2008.
- ↑ La independencia de Kosovo, desde una 'mala noticia' para España a 'lección' democrática (elmundo.es)
- ↑ El Gobierno vasco dice que Kosovo supone una lección para resolver los conflictos de identidad (elpaís.com)