Fitohormona
Fitohormonak edo landare-hormonak seinalizazio molekulak dira. Landare zelula batzuek ekoitziak dira, eta seinalizazio kimikorako balio dute. Hormonek landarearen fisiologia erregulatzen dute, adibidez, landarearen hazkundea, hostoen erorketa, loraketa, fruituen eraketa, erneketa, etab.[1][2]
Animali-hormonen aldean, fitohormonak ez dira guruinetan ekoizten, landareetan ez baitago halako organo berezirik. Landare-ehunetan jariatzen dira, eta landare-hodiek (xilema, floema) garraiatzen dituzte jarduten duten tokietaraino.
Fitohormonak landare zein algetan[3] aurki ditzakegu. Mikroorganismo batzuetan ere agertzen dira hots, onddo unizelularretan eta bakteria batzuetan. Halaber, ez dute funtzio hormonalik, eta metabolito sekundariotzat hartzen dira.[4]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare hormonak ez dira mantenugaiak, sustantzia kimikoak baizik; kantitate txikitan, zelulen eta ehunen garapen eta bereizketan sustatzen eta eragiten dute. Landare-ehunen barruko landare hormonen biosintesia lausoa izaten da askotan, eta ez beti lokalizatua. Landareek ez dute hormonak ekoitzi eta biltzeko guruinik. Landareek sustantzia kimiko sinpleak erabiltzen dituzte, hala nola hormonak, beren ehunetan zehar errazago mugitzen baitira.[5]
Fitohormona motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat hormona mota daude, egitura kimikoen arabera. Hormona mota bakoitzaren barruan, egitura kimikoak aldatu egin daitezke, baina mota bereko kide guztiek antzeko ondorio fisiologikoak dituzte. Landare-hormonei buruzko hasierako ikerketak bost mota nagusi identifikatu zituen: azido abzisikoa, giberelina, auxina, zitokininak eta etilenoa.[6]
Auxina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landareen hazkunde emendatzen duten hormonak dira. Hazkunde zelularrean, begizten eraketan eta sustraien sorkuntzan eragiten dute. Gainera, beste hormonen sintesian jarduten dute zitokininekin batera. Bi hormonek, hau da, auxinak eta zitokininak zurtoin, sustrai eta fruituen hazkundea erregulatzen dute.[7]
Giberelina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landareen hazkundean eragiten dute eta erneketa emateko ezinbestekoak dira. Hazkunde begetatiboaren eta ugalketa-hazkundearen arteko trantsizioa ere sustatzen dute, eta beharrezkoak dira polinizaziorako. Giberelinek hazien loaldia gelditzen eta landareen altuera emendatzen dute. [8]
Zitokinina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zitokininek zelulen banaketan eta kimuen eraketan eragiten dute. Horrez gain, ehunen seneszentzia atzeratzen dute eta auxinen garraioan lagundu. Noduluen arteko luzeeran eta hostoen hazkundean eragiten dute. Auxinen eta zitokininen arteko proportzioak landareen bizi-zikloan eragiten dute. Zitokininek auxinak eragindako dominantzia apikala kontrajartzen dute. Etilenoarekin batera, hostoen absizioak, lore eta fruituen garapenean eragiten dute.[9]
Etilenoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Etilenoak zelula-hazkundeari eta zelula-formari eragiten die, hazten ari den agerraldi edo sustrai batek oztopo baten kontra talka egiten duenean, etileno-ekoizpena nabarmen handitzen da eta zelulak ez dira luzatzen horren ondorioz zurtoina puzten da. Zurtoin lodiak sendoagoak dira oztopoen aurka eta ez dira hain erraz tolesten.
Ikerketek erakusten dutenez, etilenoak zurtoinen altuera eta diametroari eragiten diete. Estres batek landareari eragiten badio, etileno gehiago ekoiztuko du. Ondorioz, bere zurtoin eta adarrak lodiagoak eta sendoagoak izango dira. Etilenoak fruituen heltzean ere laguntzen du.[10]
Azido absizikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azido absizikoa landareen hazkundearen inhibitzaile bat da. Hasiera batean pentsatzen zen hostoen erorketa sortzen zuela, baina ikerketek hori errefusatu dute. Azido absizikoak hostoen loaldian eta hazien hazkuntzarako inhibitzaile gisa funtzionatzen dute. Azido absizikoaren kontzentrazioa gutxitu ahala, giberelinen kontzentrazioa emendatzen da, eta, orduan, gertatzen da haziera. Azido absizikorik gabe neguko garai epeletan haziak ernetu eta agerraldiak egongo lirateke. Baina, berriz, garai epelak amaitzean agerraldiak hilko ziren. Landareak estres hidrikoa pairatzen dutenean, azido absizikoak estomen itxieran eragiten dute. Horrela, ur eskasiaren aurrean landareak bizirauten du.[11]
Landare hormona gehiago aurkitu izan dira: Brassinosteroideak, jasmonatoak, azido salizilikoa eta estrigolaktoiak ere landare-hormona nagusitzat hartzen dira. Gainera, hormona nagusien antzeko funtzioak betetzen dituzte, baina haien egoera, fede oneko hormonak diren aldetik, eztabaidan dago oraindik.
Erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azken urte hauetan zehar, landare hormonak giza erabileretarako baliatu dira.
Azido salizilikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sahatsaren azala analgesiko gisa erabili izan da mendeetan. Ondorio analgesikoa eragiten dituen sahats-azalaren printzipio aktiboa azido salizilikoaren hormona da (SA). 1899an, Bayer farmazia-konpainia azido salizilikoaren deribatu bat merkaturatzen hasi zen, aspirina sendagaia, esaterako. Analgesiko gisa erabiltzeaz gain, larruazaleko hainbat baldintzatako tratamendu topikoetan ere erabiltzen da: aknea, garatxoak eta psoriasia. Azido salizilikotik eratorritako beste bat sodio salizilatoa da, eta leuzemia linfoblastiko, prostata, bular eta melanomako giza minbizi-zelulak gutxitzeko erabili da.[12]
Azido jasmonikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Azido jasmonikoak (JA) heriotza eragin dezake leuzemia linfoblastikoko zeluletan. Metil jasmonatoak (landareetan ere aurkitu den azido jasmonikotik eratorria dena) minbizi-lerro zelularretan ugaltzea inhibitzen du, nahiz eta oraindik ere eztabaida dagoen minbiziaren aurkako sendagai gisa erabili daitekeen. Zelula osasuntsuetan ondorio negatiboak eduki ditzake.[13]
Nekazaritzarako erabilerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare-hormonak hainbat teknikatan erabiltzen dira, besteak beste, aldaxketan, txertaketetan, mikrohedapenetan eta landareak hedatzeko ehun-hazkuntzatan. Landareak hostoen, zurtoinen edo sustrai guztiz garatuen izkinetatik heda daitezen, lorezainek auxinak aplikatzen dituzte. Sustraitze-konposatu gisa erabiltzen dute auxina; ebaketa-azalerari aplikatuta sustraiaren haziera sustatzen dute. Txertaketan, auxinak ehunen eraketa sortzen du, eta txertoaren gainazalak lotzen ditu. Mikrohedapenean, landare hormonak oro har erabiltzen dira, landare berrien hazkuntza eta sustraitzea sustatzeko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Srivastava, L. M. 2002. Crecimiento y desarrollo de las Plantas: hormonas y ambiente natural. Amsterdam: Academic Press. Page 140.
- ↑ Méndez-Hernández, Hugo A.; Ledezma-Rodríguez, Maharshi; Avilez-Montalvo, Randy N.; Juárez-Gómez, Yary L.; Skeete, Analesa; Avilez-Montalvo, Johny; De-la-Peña, Clelia; Loyola-Vargas, Víctor M.. (2019-02-07). «Signaling Overview of Plant Somatic Embryogenesis» Frontiers in Plant Science 10: 77. doi: . ISSN 1664-462X. PMID 30792725. PMC PMC6375091. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Tarakhovskaya, E. R.; Maslov, Yu. I.; Shishova, M. F.. (2007-04). «Phytohormones in algae» Russian Journal of Plant Physiology 54 (2): 163–170. doi: . ISSN 1021-4437. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Rademacher, W.. (1994-11). «Gibberellin formation in microorganisms» Plant Growth Regulation 15 (3): 303–314. doi: . ISSN 0167-6903. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ Öpik H, Rolfe SA, Willis JA, Street HE (2005). The physiology of flowering plants (4th edición). Cambridge University Press. p. 191.
- ↑ Weier TE, Rost TL (1979). Botany: a brief introduction to plant biology. New York: Wiley. pp. 155–170
- ↑ Osborne DJ, McManus MT (2005). Hormones, signals and target cells in plant development. Cambridge University Press. p. 158. ISBN 978-0-521-33076-3.
- ↑ (Ingelesez) Grennan, Aleel K.. (2006-06-01). «Gibberellin Metabolism Enzymes in Rice» Plant Physiology 141 (2): 524–526. doi: . ISSN 1532-2548. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Sipes, Deborah L.; Einset, John W.. (1983-08). «Cytokinin stimulation of abscission in lemon pistil explants» Journal of Plant Growth Regulation 2 (1-4): 73–80. doi: . ISSN 0721-7595. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Bakshi, Arkadipta; Shemansky, Jennifer M.; Chang, Caren; Binder, Brad M.. (2015-12). «History of Research on the Plant Hormone Ethylene» Journal of Plant Growth Regulation 34 (4): 809–827. doi: . ISSN 0721-7595. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Kermode, Allison R.. (2005-12). «Role of Abscisic Acid in Seed Dormancy» Journal of Plant Growth Regulation 24 (4): 319–344. doi: . ISSN 0721-7595. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Madan, Raman K.; Levitt, Jacob. (2014-04). «A review of toxicity from topical salicylic acid preparations» Journal of the American Academy of Dermatology 70 (4): 788–792. doi: . (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ (Ingelesez) Zhang, Meng; Zhang, Michael W; Zhang, Lili; Zhang, Lingrui. (2015-09-02). «Methyl jasmonate and its potential in cancer therapy» Plant Signaling & Behavior 10 (9): e1062199. doi: . ISSN 1559-2324. PMID 26208889. PMC PMC4883903. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).