Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Hego Euskal Herriko foruak

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Euskal Foruak» orritik birbideratua)

Nafarroako foruen monumentua, Iruñeko Sarasate pasealekuan.
Oinarrian idazkun hau dakar:

GU GAURKO EUSKALDUNOK,
GURE AITASOEN ILLEZKORREN
OROIPENEAN, BILDU GERA EMEN
GURE LEGEA GORDE NAI
DEGULA ERAKUSTEKO

Hego Euskal Herriko foruak Hego Euskal Herrian indarrean diren edo izan diren lege berezien multzo bat dira. Herriaren ohiturak, pribilegio politiko nahiz ekonomikoak, eta zigor arauak biltzen dituzte. Oro har, erregeak (Gaztelakoak edo Nafarroakoak) berresten zituen foruak. Hego Euskal Herriak ez zuen foru bakar bat izan, baizik eta lau herrialdeetako bakoitzak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia) berea izan du, eta hainbat udalerrik bere foru bereziak ere izan ditu. Hala ere, hainbat ezaugarri berdin izan zituzten foru horiek guztiek, eta horregatik hitz egin dezakegu Hego Euskal Herriko foruez oro har.

Foru horiek Erdi Aroan eta Antzinako Erregimenean eratu ziren, eta 1839 arte iraun zuten. Urte hartatik aurrera, ika-mika ugariren sorburu izan ziren, eta horren ondorioz gatazka armatuak ere izan ziren, bereziki karlistaldiak.

Fernando Katolikoa, Bizkaiko foruak beteko dituela zin egiten.

Foruen egituraketa politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udalerrietan oinarritzen da. Bertako partaideek batzar nagusiak hautatzen zituzten, eta horiek aldundien bitartez jarduten zuten, gero erregearen korrejidorearen esku hartzearekin.

Erregimen foralaren oinarria da. Bertako demokraziaren maila bere kideen araberakoa zen. Bizkaian eta Araban, aitonsemeek, hau da, auzotarrek hauta zitzaketen. Gipuzkoa ere bai, baina XVI. mendetik aurrera "millareak" eskatzen ziren, hau da, maila ekonomiko handiko pertsonak.

  • Udalerriak eta hiribilduak
Euskal udalerria eta hiribilduak guztiz ezberdinak ziren. Hiribilduak antolamendu ekonomiko ona lortzeko fundatzen ziren. Euskal udalerriak, berriz, zabalagoak, zaharragoak eta naturalagoak ziren.

Hasieran, batzarreko kideak haien udalerrien ordezkari bezala hautatuak izaten ziren, baina gero Euskal Herriko edozein lekutakoak izan zitezkeen.

Batzarrak urtean behin biltzen ziren hamaika egunez. Batzarrak kanpoan egiten ziren eta Gipuzkoako herri desberdinetan, baina Bizkaian eta Araban mugiezinak ziren.

Bere betebehar nagusia legeak egitea zen, Koroak gero onartu behar zituelarik. Hala ere, horretaz aparte beste betebehar hauek zituen: Aldundiaren ekintzak eta akordioak epaitzea; Korrejidoreari eta Aldundi-buru nagusiari "erresidentzia epaiketa" egitea, hau da, beraien jokabideak karguan epaitzea, absolbituz edo barkatuz; Aldundiaren kideak aukeratzea; probintziako administrazioko antolakuntzan eta berrikusketan parte hartzea. Bigarren Karlistaldian foru-araubidea desagertzearekin batera galdu ziren Batzar Nagusiak hiru herrialdeetan (1876).

  • Araba: Arriagako kofradia desagertu (1332) eta ermandadeak eratu zirenean sortu ziren Batzar Nagusiak. Urtean bitan biltzen ziren: maiatzean lur zabalean eta azaroan Gasteizen. Diputatu nagusia buru zutela, ermandadeko prokuradoreek eta hiribilduetako eta lur zabaletako idazkariek osatzen zituzten Batzarrak. Agintariak hautatu, soldatak eta isunak ezarri, osasuna, polizia eta segurtasunaz arduratu, diputatuen jarrera epaitu, foruak babestu eta probintziaren antolaketaz arduratzea beraien esku zegoen.
  • Bizkaia: XIV. mendearen hasieran sortu ziren Bizkaiko Batzar Nagusiak. Elizate eta hiribilduek hartzen zuten parte; Enkartazioak eta Durangoko merindadeak ez zeuden joatera behartuta, zuzenean zegozkien gaietarako izan ezean. XV. mendetik aurrera Gernikan biltzen ziren bi urtez behin, erregearen ordezkari zen korrejidorea buru zutela.
  • Gipuzkoa: XIV. mendekoak dira Gipuzkoako Batzar Nagusien lehen aipamenak; probintziako herri eta bailara guztietako prokuradoreek hartzen zuten parte, korrejidorea buru zutela (Oñatiko konderria aparte geratzen zen). XV. mendeaz geroztik urtean behin biltzen ziren, ordezkaria bidaltzeko eskubidea zuen herriren batean.

Espainiako 1978ko konstituzioa onartu ondoren Batzarrak berrezarri egin ziren. Herritarren zuzeneko botazioz aukeratzen dira batzarkideak lau urtez behin. Egungo Batzarrek eta horiek aukeratzen duten Diputazioak ez dute lehengoek adinako botererik; Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak bereganatu dituzte lehen Batzar Nagusien eta Diputazioaren eskumeneko ziren gai asko; EAEn Herrialde Historikoen Legeak ezarri zituen Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren eskumen-banaketaren oinarriak.

Batzar Nagusien arlo betearazlea ziren: batzar nagusiak egindako legeak aldundiak betearazi behar zituen. Batzar Nagusiek izendatzen zituzten. Aldundien irupena ezarria zen: urte bete Gipuzkoan, bi urte Bizkaian eta hiru urte Araban.

Erregeak egindako legeen onarpenean edo ukapenean oinarritzen zen, hau da, pase honen bitartez erregearen legeak foruekin bat baldin bazetozen onartu egiten ziren, baina bat etortzen ez baziren ez ziren onartzen. Erregearen legeak foruarekin bat zetozen edo ez aztertzen zutenak Sindikoa eta Aholkulariak ziren. Beraiek jakinarazten zioten Aldundiko buruari legea foruekin bateragarria zen ala ez. Legea onargarria bazen: "bat dator eta bete daiteke"; eta bat etortzen ez bazen: "ez dator bat, beraz, esana onartzen da baina ez da betetzen".

Erregearen edo jauntxo baten ordezkaria zen, zenbait egoera zuzentzeko eta konpontzeko.

Hasieran kargua behin-behinekoa izan zen, gatazkaren bat zegoen bitartean. Baina laster, Errege-erregina Katolikoek, nolako onuragarria izan zitekeen ikusita, finko egin zuten.

Korrejidoreak aginpen legegile, politiko, administratibo, gobernuarekiko eta, batez ere, judizialeko ahalmenak zituen. Botere politiko-legegileko ahalmen nagusia Batzar Nagusietako burua izatean zetzan, Koroaren kontrako lege bat egin ez zedin kontrolatzeko. Baina horrek ez du esan nahi legeak onar zitzakeela, hori erregearen edota jauntxoaren esku baitzegoen. Beraz, Korrejidorea Batzarreko "lekuko" modukoa zen.

Aginpen legegilean nahiko pasiboa bazen, aginpen politikoan esku gehiago sartzen zuen: Aldundietan partaide izatea, bai politika-jardueran bai administrazio-jardueran.

  • Aldundia eta Korrejidorearen arteko gatazkak
Autoritate bikoitzaren existentzia, bata herriak aukeratua -Aldundia- eta bestea erregeak aukeratua -Korrejidorea-, gatazka askoren iturri zen.

Foru erregimena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Justizia sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezberdina da probintzia batetik bestera.

Bi justizia sistema zeuden:
  • Gipuzkoako Anaiartea
Gipuzkoako Anaiarteak Batzar Nagusien, Anaiarteko alkateen eta ohiko alkateen bitartez administratzen zuen justizia.
Ohiko alkateak arlo zibil eta kriminaleko lehen ekinaldiko epaileak ziren. Hala ere, "Anaiarteko delituak" deitutako bost delitu zeuden, Anaiarteko alkateek ebazten zituztenak.
Anaiarteko alkateak XIV. mendean sortu ziren. Zazpi ziren Gipuzkoa guztirako, eta herriak urtero hautatzen zituen, Donibane egunean. Haien gainetik Batzar Nagusiek baizik ez zuten agintzen, Batzar Nagusiek alkate haien sententziak alda zitzaketen, baldin erregeak edo Anaiarteak agindutakoari kontra egiten ziotela ikusten bazuten.
  • Korrejidorea
Ohiko alkateak bezala, lehen ekinaldiko epailea ere izan zitekeen.
Arabako justizia sistema Arriagako Kofradiaren esku zegoen, bertan lau alkate edo epaile aukeratzen ziren, beraien boterea urtebetez mantentzen zutelarik.
Gaztelarekin batzean —Alfontso XI.ak idatzitako itun baten bitartez— justizia Gaztelako Koroaren esku geratu zen. 1463 arte, Gaztelako erregeek probintziako justizia kontrolatzen zuten epaileak izendatzen zituzten, baina urte hartatik aurrera antolakuntza modu demokratikoago batera aldatu zen.
  • 1463tik aurrera
Arlo zibil eta kriminaleko lehen ekinaldiko epaileak Ohizko Alkateak ziren, Gipuzkoan bezala; eta zenbait delituentzako Anaiarteko Alkateak zeuden, urtebetekoak ere, hirurogeita bost izatera heldu zirenak. Bi alkate moten gainean bi Komisario zeuden eta beraien aurrean erantzun behar zuten bere karguen antolakuntzaz.
1476an, autoritate nagusi bezala Aldundi Buru Nagusia izendatu zen: apelazioko goi-tribunala zen eta bi Komisarioak ordezkatu zituen.
1614ko Nafarroa Garaiko Foruen Bildumako azala
Bizkaiko Foru Berriko azala (1575)
Jauntxoaren esku zegoen, bizkaitarrek paktu baten bitartez ematen ziotelarik. Honek Justizia zenbaki zehaztugabea izenda zezakeen, hiribilduak eta hiriak izan ezik, non ohizko alkateek administratzaile judizialak baitziren. Jauntxoak sortutako karguak hurrengoak ziren: Korrejidorea, hiru Teniente eta Foru Alkateak.
Lehen ekinaldiko epaileak hiribildu eta hirietako Ohizko Alkateak eta Foru Alkateak ziren. Haien gainetik -apelazio mailan- hiru Tenienteak zeuden Korrejidoreak izendatuak. Haietatik bat -Teniente Jenerala deitua- Gernikan bizi zen eta Bizkaia osoan eskumena zuen, hiribildu eta hirietan izan ezik. Ezta Enkarterrietan eta Durangoko Merindadeetan ere, bakoitza beste Tenienteen esku zegoelako.
Aurreko guztien gainetik, Bizkaia osorako apelazioko goi-maila bezala, Korrejidorea zegoen. Gainera, Goi Epailea existitzen zen, Valladoliden bizi zena eta Bizkaiko Gelan Bizkaitik kanpo zeuden bizkaitarren arlo zibileko eta kriminaleko gaiak epaitzen zituena -Bizkaiko arauekin bat etorriz-.
  • Errementerietako alkateak
Burdina Bizkaian zeukan garrantzia zela eta Errementerietako Alkateak sortu ziren, eskumen bereziarekin: burdindegi eta bere arragoen barruan langileen eta jabeen artean eragindako desberdintasunak epaitzen zituzten. Burdindegitik kanpoko arazoak muga bereziak jarrita zeukaten, haietatik kanpo ezin zuten ezer ere egin Koroaren esku baitzeuden. Beraz, instituzio laborala zen politikoa baino.

Euskal Herriko foruen ezaugarrietako bat eta haien espiritu demokratikoaren adierazpena da.

Arabarrek bere errege eta jauntxoak zerbitzatu behar zuten gerra garaian eta probintziaren lurraldean. Probintziatik kanpoko zerbitzua hautazkoa zen, klase noblearentzako izan ezik, erregea zerbitzatu behar zutelako derrigorrez.
Erregeak eskatzen zuen guztietan borrokatzen zuten, inolako soldataren truke. Baina Jauntxoak eskatzen bazien Euskal Herriko portuetara joateko bi hilabeteko soldata ordaindu behar zien eta, berriz, kanpoko portuetara joateko agintzen bazien hiru hilabeteko soldata.
Ez ziren joaten aurrez ordaintzen ez bazitzaien, nahiz eta erregearen mandatua izan.

Euskal Herrian, armada gerra garaian eta defentsa gerrarako bakarrik existitzen zen.

Zerga-sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko zerga-sistema ulertzeko kontutan eduki behar dugu: lurra, hau da, Euskal Herriko lurraldea herriarena da.

Probintzia errege edo Jauntxo baten menpe badago, orduan zerga eskatu dezake, bestela ez. Baldintza horrekin bakarrik erregeak edo Jauntxoak kargak ezar ditzake: jabetza-eskubidea eta zerga-eskubidea. Zerga guztiak erregearentzat ziren, baina Euskal Herrian ez zen horrela, herriarentzat ziren herria baitzen lurraldearen jabea.

Arabak Gaztelarekin bat egin zuen 1332an. Beraz, Alfontso XI.a.k Arabako lurren jabea zenez zergak eskatu zitzakeen. Halere, hau baldintza zehaztu batzuen menpe eman zen.
  • Bular neurtua
Arriagako Kofradia Arabako lurren jabea zen, baina Alfontso XI.aren esku geratu zirenean zergak Koroarentzat izan ziren. Gainera ez zen beste zerga berririk ezarri, bai Alfontso XI bai hurrengo erregeek aurreko Jauntxoak kobratzen zuen "bular neurtua" kobra zezaketen.
"Bular neurtu" hau "semoyo"-a zen, garia, garagarra eta zergadunaren fortunarekin proportzionala zen diru kopuru bat osatzen zuten.
Zerga horretaz aparte Batzar Nagusiek ezarritako zergak ere ordaintzen zuten, txiroak ez sufriarazteko.
Gipuzkoarrak ez diote inolako eskubiderik ordaintzen erregeari, baizik ea marabedi kopuru zehatz bat Kontseilu, Alkatetza eta Haranen "alcabala"-gatik (salmenten gainean ezarritako %10eko zerga).
Beraz, Gipuzkoan zerga bat bakarrik zegoen, 1509an 8000 pezetatan ezarri zena, gipuzkoarren eta Joana Eroaren artean adostutako akordio baten bitartez.
Bizkaitarrek ez zioten zergarik ordaindu behar ez erregeari ez Jauntxoari. Bizkaitarrak askeak ziren, bakarrik baserri batzuk, zentuarioak deituak, zergak ordaintzen zizkioten Jauntxoari, zeinek burdindegietako eta hiribilduetako burdin landua ere kobratzen zuena.

Aldundien emaitza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak Gaztelako erregeei ematen zieten hautazko kopuru bat zen. Emaitza hau Koroari ematen zioten egoera berezietan, batez ere gerra garaian.

Erregeek eta jauntxoek hartutako zergen desberdinak ziren. Foru zergak bizkaitarrek, arabarrek eta gipuzkoarrek ordaintzen zizkieten beraien foru gobernuei, probintzia bakoitzeko berezko baliabideen bitartez foru sistemak sortzen zituen gastuei aurre egiteko: herri-lanak, ongintza, defentsa, komunikazioak, ordena publikoa, hezkuntza eta administrazioa.

Bi motatako aduanak bereiz ditzakegu Hego Euskal Herrianː batetik "aduana nagusi" izenekoak, eta, bestetik, aduana txikiak. Lehenak, nagusiak, Hego Euskal Herriak kanpoko erreinuekin zituen mugetan ezarriak ziren, hots, Nafarroaren eta Aragoiren artekoak batetik, eta Euskal Herria eta Gaztelaren artekoak bestetik (Ebro ibaiaren barrena, Tuteratik Balmasedaraino). Hauexek ziren garrantzitsuenakː Salbaterra Ezka, Zangoza, Tutera, Biana, Gasteiz, Urduña eta Balmaseda.

Bigarrenik aduana txikiak zeuden, Nafarroak Araba eta Gipuzkoarekin zituen mugetan kokatuak. Hauek ziren aipagarrienakː Tolosa, Ordizia, Ataun eta Segura, Gipuzkoan; Etxarri-Aranatz, Lekunberri eta Lizarra Nafarroan; Agurain, Bernedo eta Santa Kurutze Kanpezu, Araban.

Aduanak barnealdean egotearen ondorioz, euskaldunek ez zuten trabarik kostaldetik zetozen produktuez jabetzeko (jangaiak, tabakoa, kakaoa) nahiz kanporatzeko (burdina, artilea...).

Iskanbila gogorrenak XVIII. mendean hasi ziren, Gaztelako gobernuak, barne-merkataritza sustatu nahian, aduanak kostaldera lekuz aldatzea proposatu zuenean. Kontraforua izateaz gain, herri xumeari arazo larria zekarkion erabaki horrek, bizitzeko premiazko zituen gaiak garestitu egiten baitzizkion. Gatazka ugariren ondoren, 1841ean behin betiko kostaldera eraman ziren aduanak.

Foruen abolizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Foruen amaiera Hego Euskal Herrian»
1850

Karlistek Hirugarren Karlistaldia galtzearen ondorioz, Canovas del Castillok 1876ko uztailaren 21eko legearen bitartez foruak abolitu zituen. Dena den, Canovas ez zegoen eusko foruen kontra; hain zuzen ere, urte batzuk lehenago, foruei buruzko Miguel Rodríguez Ferreren liburuaren hitzaurrea egin zuen, eta han foruak goraipatu zituen. Arazo nagusia foruak berriz negoziatzeko prozesuan parte hartu zuten eusko foruzale liberalen jarrera gogorra izan zen, foruei buruzko adostasun berri bat lortzea ezinezko bihurtu baitzen.[erreferentzia behar]

Lege horren bitartez foru aldundiak desegin zituen, desobedientzia zibila egiteagatik, eta nahitaezko soldadutza eta Estatuko Ogasunari zergak ordaintzeko agindua ezarri zituen.[erreferentzia behar] Hala ere, foruak abolitzean, esparru juridiko, ekonomiko eta administratibo berria ezarri zen: Ekonomia Ituna (1878ko otsailaren 28an erabakia).

Abolizioaren dekretua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« 1. artikulua. Espainiar guztiei ezarri eta betearaziko zaizkie, legeak hala agintzen dienean, soldadutza egitera joatearekin eta estatuaren gastuetan nork bere ondasunen arabera laguntzearekin lotuta Konstituzio politikoak aitortzen dituen betebeharrak; tartean, baita Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako herritarrei ere. »
Euskal foruak abolitzeko Dekretua, 1876

Ekonomia Ituna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekonomia Itunaren sistemak zehazten du administrazio eremu jakin batek gobernu zentralari ordaindu beharreko kontribuzio, errenta eta zerga-kopurua.

Gobernuaren eta probintzietako aldundien arteko hitzarmena zen: probintzia estatuari urtero zergen zati finko bat (kupoa) ordaintzen zion, eta aldundiak zerga gehienak jasotzeko eskubidea zuen (aduanetako mugasariak, tabakoa eta antzeko beste monopolioak salbu). Honek, aldundiei beren zergak ezartzeko eta, bide batez, administrazio-eskumen bereziak eskuratzeko aukera eman zien.
Zergak Espainiako beste probintzietan baino txikiagoak ziren eta hau, agian, kapitalak eta inbertsioak erakartzeko baliagarria izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoa bizkor industrializatzen ari ziren garaian. Aldundiek gastua antolatzeko zuten autonomia eta erraztasuna (ez zuten estatuko administrazioak dirua noiz bidaliko zain egon behar) onuragarriak izan ziren bertako ekonomiarentzat, garraiabideen arloan batik bat.
Foru-garaiko sistemarekiko desberdintasunak nabariak dira, hala ere, 1876 aurretik zerga-ordainketa ez zen batere erregularra, "borondatezkoa" zen, baina, ordutik, akordioa Espainiako gobernuaren borondatean geratu zen. Izan ere, Ekonomia Ituna foru-sistematik egitura konstituzionalera igarotzeko "behin-behineko" neurria zen. Baina, aldundien presioagatik eta euskal gizartean lortu zuen adostasunagatik, finkatuz joan zen eta bigarren Ekonomia Ituna sinatu zenean, 1887an, "instituzionalizatu" egin zela esan daiteke.
Iraupena ez zen mugatu, iraunkortzat hartu zen. Sagasta liberalaren alderdiak agintea hartu zuenean, diru-premia handia zegoen eta Ekonomia Itunaren berrikuspenerako agindua eman zuen. Gamazok kupoa igotzea eskatu zuen, baina foru-diputazioek, Ekonomia Ituna galtzeko arriskua ikusirik, akordioa sinatu egin zuten.
Kupoa igo zen arren, ez zen produkzioaren bezalakoa izan. Foru-diputazioen administrazio eta ekonomia-independentzia onartu zen.
Nekazal eta hiri-oligarkiak osatutako foru-ligak, interes politiko eta ekonomikoak bultzaturik, Ekonomia Itunaren berrikuspenean eragin nahi izan zuen. Ligaren kontrakoak izanda ere, nazionalistek ere negoziazioan parte hartu zuten, eta azkenik kupoa ez oso altua eta hogei urteko iraupena lortu zen.
Crédito de la Unión Minera erakundearen porrota zela eta, Bizkaiko finantzariek Foru-Diputazioari mailegua eskatu zioten eta horrek baiezkoa eman zuen, Ekonomia Itunaren kupoa berrikusteko baldintzarekin. 1951 bitarteko iraupena izateko sinatu bazen ere, Espainiako Gerra Zibilean dekretu batez Francok Bizkaia eta Gipuzkoakoak ezabatu zituen (1937), eta Arabakoa eta Nafarroa Garaiko hitzarmena mantendu zituen. Hala ere, azken bi probintzia horien eskubideak murriztu egin zituen.
  • Gaur egungo Ekonomia Ituna (1981)
Franco hiltzean, bere dekretuaren kontrako kanpaina hasi zen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako diputazioek "Foru Aldundi" izena berreskuratu zuten. 1981ean Bizkaiak eta Gipuzkoak beren Ekonomia Ituna berreskuratu zuten; Nafarroa Garaiak, berriz, 1982an, Foru-erregimenaren Berrintegrazio eta Hobekuntzarako Lege Organikoaren bitartez.

Bizkaian eta Gipuzkoan kontzertu ekonomikoak ezeztatzeko lege-dekretua (1937)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
« Euskal Herriko probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du araubide erkideari lotutako gainerako lurralde nazionalarekiko, baina ez probintzia horietako Aldundiek arlo horretan duten autonomia zabalagatik bakarrik, probintzia horietako zergapekoak karga publikoak altxatzeko egin behar duten ahalegin txikiagoagatik baizik (...).

Kontzertua mesedegarri izan zuten askok ahaztu egin zuten botere publikoak eman zien zarrastelkeria eta, Gipuzkoan eta Bizkaian, armak hartu zituzten uztailaren 17an abiarazitako Mugimendu Nazionalaren aurka eta traizioz erantzun zioten salbuespenezko eskuzabaltasunari (...). Zerga- eta administrazio-araubidearen berezitasunak bere izaera nazionala eta Aberriaren patu komunarekiko atxikipenaren suhartasuna gero eta gehiago goraipatzeko balio izan du hainbat probintziatan; esaterako, Nafarroa txit leialean. Beste batzuetan, aldiz, Espainiaren aurkako politika baldarra egiteko balio izan du, eta zirkunstantzia horrek (…), kalte larriak eragiteko tresna gisa erabili zuten sistemari amaiera jartzera behartzen du. Gogoeta beren arabera, Arabako probintzian gaur egun indarrean dagoen sistemak jarraitu egin behar du (…). Horren kariaz, honako hau xedatzen dut: Lehen artikulua. Datorren uztailaren batetik aurrera, estatuko kontribuzio, errenta eta zerga arrunt eta berezi guztien kudeaketa eta bilketa Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan egingo da, indarrean dagoen araubide erkidearen arabera (…). Beraz, indargabetuta geratuko da lehen adierazitako datatik aurrera ekonomia arloan Aldundiekin itundutako eta gaur egun indarrean zegoen araubidea.(...).

»
Francisco Franco, Burgosen, mila bederatziehun eta hogeita hamazazpiko ekainaren hogeita hiruan

Boletín Oficial del Estado, 1937ko ekainaren 24koa.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]