Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Etxe-untxi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Etxe-untxi
Iraute egoera
Invalid status (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaLagomorpha
FamiliaLeporidae
GeneroaOryctolagus
Espeziea Oryctolagus cuniculus
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Ernaldia30 egun eta 29 egun
Elikadura iturri nagusiacecotropes (en) Itzuli, belarra, belar ona, zuhaitz azala, arrauka, winter wheat (en) Itzuli, masusta, Otea, Ezkurra, sustrai jangarria eta Barraskiloa
Genomaren kokapenadnazoo.org… eta ensembl.org…

Etxe-untxia edo mendi-untxia (Oryctolagus cuniculus) Europako untxia da, Oryctolagus genero monotipikoko espezie bakarra. Berez, Iberiar penintsulan du jatorria. Antzinako Grezian ezezaguna zen, eta lehenengoz Polibio historialariak (K.a. II. mendean) deskribatu zuen. Gaur egun Afrikako Iparraldetik Errusiaraino dago hedatuta, eta beste leku askotan ehizarako sartu da: besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan, Txilen, Hegoafrikan eta Australian. Azken horretan, izurri handia da.

Ugaztun karraskaria da, erbiaren antzekoa baina hura baino txikiagoa, asko ugaltzen dena eta lurrean egiten dituen zuloetan bizi dena. Erraz bihurtzen da etxe-abere.[1]

Untxiaren itxura orokorra erbiaren antzekoa da, nahiz eta tamaina txikiagoan. Helduak ia 800-1000 gr-ko pisua hartzen dute. Belarri txikiagoak dituzte ez dute erbiaren kasuan bezala belarrietan punta beltzik. Hankak ere motzak dira. Gorputzaren eta buztanaren goialdeak arreak, behealdea zuria delarik. Erbiak bezala, goiko barailan bi pare ebakortz ditu.

Untxiaren burezurra erbiarenetik bereizten da, bere tamaina txikiagoaz gain, atzeko haginen artean zubi estuagoa duelako.

Buruaren luzera gehi gorputza 34 eta 45 cm bitartekoa da, isatsak 4 eta 8 cm bitartean neurtzen du eta belarriak 6 eta 7 cm bitartean.

Euskal Herrian bizi diren bi lagomorfo espezieen arteko ezaugarri diferentziak, hauek dira:

-Tamaina handiagoa. -Tamaina txikiagoa

-Belarrien punta beltzak -Kolore uniformeko belarriak

- Hankak luzeagoak. -Hankak motzagoak

-Aho sabaiko zubia zabala. -Aho sabaiko zubia estua[2]

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Untxiaren jarduera ilunabarrekoa eta gauekoa da. Ilunabarrean eta egunsentian dira aktiboenak.

Oso kolonialak eta sedentarioak dira. Arrak nagusi diren sozietate hierarkizatu batean bizi dira.

Zulakari onak dira, galeria korapilotsuez osatutako zuloak egiten dituzte, askotan elkarren artean komunikatzen direnak. Emea, zaku baten hondoaren itxurako ganbera batean amaitzen den zulo isolatu batean ugaltzen da.

Arriskua izanez gero, untxiak ihesaldi azkar bat hasten du gordeleku bila, normalean bere zuloan lur azpian aurkitzen du, eta handik ez da normalean urruntzen.

Beren elikadura belar landareetan oinarritzen da, baina janaria falta zaienean haien jatuntasunak kimuei eta baita zuhaitzen azalari ere eraso egiten die. Untxien dentsitatea handia den lekuetan, belar-estalkia suntsitu dezake eta, aitzitik, bere berreskurapena nabaria bihurtzen da untxi aseezin horien dentsitatea gutxitzen denean.

Bere harraparien artean haragijaleak daude, eta horien artean azeria nabarmentzen da, nahiz eta hegazti harrapari txikiek eta handiek ere harrapatzen dituzten. Interes handiko hegazti horietako batzuen elikaduran garrantzitsuak dira, hala nola, Arrano beltza eta Hontz handia.

Haien ugalketa garaia urtarriletik ekainera doa. 30 egun irauten duen haurdunaldiaren ondoren, 4 eta 12 kume bitartean egiten ditu. Horrek espezie honek duen ugalkortasun handiaren ideia ematen du. Badirudi lehorte-aldiek eragina dutela espezie honen ugalketan, ugalketa-aldiaren iraupena murriztuz.

Banaketa habitata eta estatusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun untxiak erdialdeko eta mendebaldeko Europa okupatzen du. Ingurunera egokitzeko erraztasunak eta emankortasun handiak, ehizarako sartzeko oso erabilia den animalia bihurtu dute, eta horrek zaildu egiten du bere banaketa-eremu zehatza mugatzea.

Euskal Herrian, oro har, banalerroaren hegoaldean banatzen da. Kantauri isurialdean, kostaldeko eremuetan eta hauetatik gertu Gipuzkoan antzeman daiteke.

Europan gertatu den bezala, Euskal Herrian ere lehen aurkitzen ez zen eremuetan sarri sartu izan da espezie hau; horrek esan nahi du lehen aurkitzen ez zen eremuetan ager daitekeela.

Espazio irekietako espezie tipikoa da. Bere ohiko habitata landaredi belarkararen eremuak dira, naturalak edo landuak, baita sastrakak ere. Lurzoru hareatsuak gustatzen zaizkio, non erraz eraiki ditzake bere zuloak, eta harkaitz eta hesiak egoteak mesede egiten dio, aterpe gisa erabiltzen ditu. Kokatuta dagoen eremuetan, bere egoera ona dela dirudi.

Haien populazioak gorabehera handiak dituzte. Ugaltzen diren abiadurari esker, faktore mugatzailerik ezean, populazioak izugarri hazten dira, eta benetako izurrite bihur daitezke, landarediari kalte handiak egiteko gai dira.

Garrantzitsua da mixomatosiaren intzidentzia untxien populazioetan, batez ere dentsitate handira iristen denean. Espezie honen egoera bi faktore nagusik mugatzen dute, batetik gaixotasunaren eraginak eta, bestetik ehizaren kudeaketak.

Izen zientifikoa grezieratik datorkio, ορυκτός (oriktós, «induskatua, hondeatua») eta λαγός (lagos, «erbi») hitzetatik osatua.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 350, or. ISBN 84-7542-639-5..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak

Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.