Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Graptolithina

Wikipedia, Entziklopedia askea
Graptolithina
Kanbriar Ertain-egun,510 Ma-0 Ma[1]

Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
AzpierreinuaBilateria
FilumaHemichordata
Klasea Graptolithina
[[|]]
Thallograptus sphaericola.

Graptolithina klasea, hizkuntza arruntean graptolitino edo graptozoo deitzen diren izaki fosilez osatua dago, eta hemichordata filumaren barruan kokatzen da. Graptolitinoak Kanbriarrean sortu ziren eta Karboniferoan desagertu. Izena grekeratik dator; graptos hitzak "idatzia" esan nahi du eta lithos hitzak, berriz, "harria". Hain zuzen ere, graptolitino fosilek hieroglifiko antza dutelako jarri zieten izen hori. Izaki kolonialak ziren, hau da, taldeka bizi ziren.

Interes bioestratigrafikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Graptolitinoak Kanbriarrean sortu ziren eta Karboniferoan desagertu, baina haien balio bioestratigrafikoa Ordoviziarretik Siluriarrerakoa da.

Dendroidea (Erdi-Kanbriar/Karbonifero) eta Graptoloidea (Behe-Ordoviziar/Goi-Devoniar) ordenak dira gehien agertzen direnak. Dendroideoak bentonikoak ziren hasieran eta plantoniko izatera eboluzionatu zuten (estratu batean itsatsita bizitzetik uretan flotatzen bizitzera), 4 familia ezberdinek erakusten duten bezala. Eboluzio honek haien bizi-ingurunearen hedadura handitu zuen bioestratigrafikoki interesgarriak bihurtuz. Ber gisan, graptoloinoak ere plantonikoak ziren. Gorputz organikoa zutenez, baldintza berezietan fosilizatu dira.

Graptolitinoek tutu itxura dute; gaur egungo zizareen antzekoak zirela esan daiteke. Eskeletoari errabdosoma deitzen zaio. Sikula, eskeleto honen luzakina da, kono itxurakoa. Sikularen gainaldean nema izeneko luzakina dugu eta behaldean, berriz, birgela izenekoa. Sikula, duen apainduraren arabera, prosikula (ildo luzexkak baditu) edo metasikula (eraztun itxurako ildoak baditu; hazkuntza eraztunak) dei daiteke.

Esan bezala, graptolitinoak izaki kolonialak dira, eta taldeak sortzen duen egiturari teka deritzo. Tekak bi zati ditu, proteka (sikulatik eta nematik hurbilen dagoen zatia) eta metateka (kanpoaldeko zatia, arantzan bukatu liteke). Tekek morfologia ezberdinak erakusten dituzte.

Teka multzo bat baino gehiago badago, multzo bakoitzari estipe deitzen zaio. Hainbat morfologia ezberdin daude:

  • Koloniak zintzilikatuak baldin badira, alderantziz dagoen “V” letraren itxura dute, goiko punta nema izanik. Tekak barrualderantz, bata besteari begira, hazten dira.
  • Horizontalak baldin badira, ordea, bi estipeak ia lerro zuzen bat osatzen dute, nema soilik delarik gorantz ateratzen. Teka guztiak behera begira daude (arantzak nema dagoen aurkako aldean).
  • Koloniak etzanak izanez gero, graptolitinoak “V” letraren itxura hartzen du, nema bi estipeen tartean dagoela eta tekak kanpora begira, elkarri bizkarra emango baliote bezela.
  • Koloniak zuzenak badira, graptolitinoek lerro bertikal zuzen bat osatzen dute. Bai nema eta bai tekak kanporuntz begira daude. Kolonia zuzen hauek biseriatuak badira (bi estipe soilik badituzte), sikula erdian egongo da eta tekak bi aldeetara. Lau estipe badituzte, mozketa bertikalean biseriatuen antza edukiko dute (nahiz eta alboetako estipeak lodiagoak iruditu) baina gainetik ikusita “+” itxura edukiko lukete. Alboetako estipeak lodiagoak ematearen arrazoia gurutze itxura zapaltzean gelditzen den “><” itxuran datza.
  • Azkenik, badaude estipe bakarra ukanik ere (uniseriatuak) kiribilduak edo luzatuak agertzen diren graptoliteak.

Dendroidea ordenak forma oso adarkatuak eta teka txiki ugari ditu. Graptoloideak, aldiz, estipe gutxiko errabdosomak eta teka uniseriatu edo biseriatuak.

Bestalde, fosilak begiratzerakoan, sarritan, konturatzen gara elkarren gainean kokatzen direla: hau da, estipeak nahas-masean daudela.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. doi:10.1111/j.1502-3931.2012.00319.x
    Zita hau gehitzeko bi modu daude: Botaren zain egon gabe edo eskuz egin

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]