Giza zakil
Giza zakil | |
---|---|
Xehetasunak | |
Prekurtsorea | Tuberkulu genitala |
Honen parte | gizonezkoen ugaltze-aparatua |
Konponenteak | Zakilaren leize-gorputza Uretra corpus spongiosum penis (en) |
Artikulazioa | Barrabil-zorroa |
Hona drenatzen du | zakileko zain dortsala gainazal inginaleko nodo-linfatikoak |
Arteria | Arteria pudendoak |
Zaina | Zain pudendoak |
Nerbioa | Nerbio pudendoa Zakilaren nerbio dortsala |
Identifikadoreak | |
Latinez | Penis |
MeSH | A05.360.444.492 |
TA | A09.4.01.001 |
FMA | 9707 |
Terminologia anatomikoa |
Giza zakila gizaki arrak sarpenerako erabiltzen duen sexu-organo bat da, eta gernua kanporatzeko erabiltzen den gernu-aparatuaren ataletako bat. Zakilaren parte dira radix edo sustraia, corpus edo gorputza eta epitelioa. Epitelio honek moko-azala izaten du zakil-mokoa estaltzen. Zakilaren gorputza ehunezko hiru zutabez osatua dato: bi zakilaren leize-gorputza dira alboetan, eta alde bentralean zakilaren gorputz arola[1]. Gizaki arren uretra prostatatik igarotzen da, eta bertan lotzen da eiakulazio-hodien zuloekin zakileraino iritsi aurretik[1]. Uretrak zakilaren leize-gorputza zeharkatzen du uretraren kanpoko zuloa aurkitu arte. Bide hau gernu zein ernal-haziarentzako hodia da.
Enbrioian emeen klitorisaren ehun berdinetatik eratortzen da zakila; zakilaren eta uretraren inguruko azala emeen ezpain txikien ehun enbrioniko berdinetatik eratortzen da[2][3]. Gizakion zakila odolez betetzean gogortzen da, ez baitu, beste animalia batzuen kasuan bezala, hezurrik. Gogortze hori (erekzio izenez ezagutzen da) sexu kitzikapenaren ondorio izan ohi da gehienetan, nahiz eta kasu askotan gorputzaren berezko erreakzio izan (lotan dagoela gertatutako erekzioak kasu). Erekziorik lortu ezina inpotentzia izenez ezagutzen den gaixotasuna da.
Gizonezko heldu bat erekzioaren ondoren zakila kitzikatuz (bai sexu harremanen, bai masturbazioaren bidez) orgasmora eta eiakulaziora iristen da. Hala ere orgasmoak ez dira helduen kontua soilik, haur eta nerabeek ere (guztiz heldu gabe daudenek) izan ohi dituzte.
Zakilaren tamaina eta itxura gizonetik gizonera aldatzen da. Arraza batzuek, bereziki beltzek[4], zakil handiagoa dutenaren iritzia ez dago zientifikoki frogatuta[5][6]. Ikerketen arabera, erekzioan dauden gizonezkoen zakilek 13,12 zentimetro neurtzen dute batezbesteko[7][5][8][9]. Gizonezkoen %95 10,7 eta 19,1 zentimetro arteko zakila dute[8][10].
Jatorri enbrionarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizonezkoen kanpo genitalen garapena barrabilek jariatutako androgenoen eraginpean dago. 7. astera arte luzatzen den bereizi gabeko garaiaren ostean, kanpoaldeak itxuraldaketa jasango du, tuberkulu genitala sortuz. Tuberkulu genital hori luzatu eta faloan bihurtzen da. Faloa luzatzen denean, tolestura uretraletatik tira egiten du. Tolestura hauek ildo uretrala inguratuko dute. Azken hori ez da faloaren bukaerara iritsiko. Iristen ez deneko faloaren alde distal hau glandea izango da.
3. hilabetean, tolestura uretralak elkartu egingo dira eta ondorioz, ildo uretrala zakil-aldeko uretra bihurtuko da. Hodi hau ez da glanderaino helduko ezta ere. 4. hilabetean, glandeko zelula ektodermikoak barrurantz bideratuko dira, kanalizatuz. Horrela, kanpoko uretra-kanala sortuko da. Azken hau zakil-aldeko uretraren jarraipena izango da glandean.
Enbrioien sexua 6. astearen bukaeraren inguruan jakin ahal izango da gutxi gorabehera. Enbrioiaren sexua lehenago jakiten saiatuz gero, askotan nahastu egin daiteke, aurretik aipatutako tuberkulu genitala, zeina klitori edo faloan bihur daitekeen, handiagoa izan baitaiteke emakumeetan gizonezkoetan baino.[11]
Egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakila hiru atalez osatuta dago, hain zuzen ere, sustraiaz, gorputzaz eta muturraz (glandeaz).
Barne-egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barne egituran bi atal sailkatzen dira:
Sustraia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perine aldeko sakoneko zehar muskuluaren azal aldean kokatzen da eta bi gorputz zutitzaile bereizten dira.[12][13][14]
Bi gorputz leizetsu edo kabernotsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakilaren zutabeak osatzen dituzte. Hauen jatorria iskionaren alde medialean dago eta gihar iskiokabernosoaz estatila dago. Bi gorputzak sinfisi pubikoan elkartuko dira eta zakilaren gorputzean zehar abiatuko dira baina ez dira muturreraino helduko.[13][14]
Gorputz arola edo esponjotsua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakilaren bulboa osatzen du eta beste bi gorputzen erdian aurkitzen da. Honen jatorria perinean dago; atzetik, bi guruin agertzen dira, guruin bulbouretralak edo Cowper guruinak. Aurretik, gihar bulboesponjotsuaz estalita dago. Muskulu hauek elkartzean erdiko errafea osatuko dute. Sinfisi pubikoaren aldean beste bi gorputz leizetsuekin elkartzen da eta zakilaren muturreraino ailegatzen da, non zabaldu eta glandea osatzen duen.[12]
Gorputza edo atal askea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru gorputzak erdiko marrako lotailu eusle eta lotailu enfrondaren bidez elkartzen direnean, agerian dagoen zatia da.
Gorputz bakoitzak tunika albuginea izeneko faszia gogorraz inguratuta dago. Honen gainetik zakilaren faszia sakona edo Bucken faszia dago. Faszia honek trankadak botatzen ditu gorputzen barnera, eta horrela gorputz leizetsuan barrunbeak osatzen dira, non odola metatuko den zakilaren zutiketa gertatzeko.
Faszia sakonaren gainetik zakilaren azaleko faszia edo Dartos faszia dago, barrabiletan agertzen denaren jarraipena. Honek ere trankadak botatzen ditu, baina gutxiago. Honen gainetik larruazala dago.[12][14][15]
Kanpo-egitura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakilaren muturrean gorputz arolaren dilatazio bat agertzen da, honi zakilaren glandea deritzo eta oso sentsiblea da. Glandearen muturrean, uretraren irteera edo meatoa dago. Oinaldean, aldiz, glandearen dilatazioaren ondorioz, sortutako koroa dago, eta honen azpian lepoa dago.
Glandearen inguruko azala zimurtuta egoten da, zakila luzatzean ez apurtzeko. Azal honek luzapen bat izango du glandearen inguruan, baina berez, glandearen oinaldean soilik ezarriko da. Azal honi prepuzioa deritzo eta glandeari lotuta dago frenillo loturaren bidez.[12][14][16]
Umeetan prepuzioak guztiz estaltzen du glandea, baina nagusietan glandea agerian uzteko gaitasuna izan behar du. Horrela ez bada, fimosi baten aurrean dago.
Odoleztapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo genitalen irrigazioa bereziki odol-hodi pudendoek egingo dute, arteriak arteria pudendotik datoz eta kontrara, zainak zain pudendoan bukatzen dute.
Barneko arteria pudendoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Abdomeneko aorta arteria ezkerreko eta eskumako arteria iliako komunetan banatuko da. Azken hauek bi adar emango dituzte, kanpoko eta barneko arteria iliakoak. Azken honetatik, bi adar sortuko dira; aurreko eta atzeko enborra. Atzeko enborretik pareta-arteria gehienak eta barneko arteria pudendoa sortuko da. Azken hau zulo ziatikotik atzerantz abiatuko da, lotailu sakroespinosoaren atzetik pasatuz eta Alcock hobia zeharkatuko du perinera heltzeko.[14]
Kanpoko arteria pudendoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Izter arteria batuaren adarra izango da eta eskrotoa eta ezpainak irrigatuko ditu. Hori dela eta, eskrotoa irrigatuko dituen adarrak emango ditu.
Bulboko arteriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputz arola (erraboila) irrigatuko dute.
Arteria kabernotsuak edo zakil-arteria sakonak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bi gorputz kabernotsuetan daude, eta barneko arteria pudendotik datoz. Adar hauen funtzio nagusia gorputz kabernotsuak odoleztatzea izango da, hori dela eta, erekzio prozesuaren eragile izango dira.[14]
Arteria dortsalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskumako eta ezkerreko arteria dortsalak ditugu, azalerago kokatzen direnak, hau da, azaleko fasziaren eta faszia sakonaren artean, zakilaren alde dortsalean.[14]
Arteria dortsal hauekin, bi zain dortsal sakona doaz. Nahiz eta sakonak deitu, azaletik doaz, bi faszien artean. Bi zain dortsal bereizten dira:
- Azaleko zain dortsala. Azalerago kokatuta dago, larruazalaren eta azaleko fasziaren artean.
- Sakoneko zain dortsala. Sakonago kokatuta dago, azaleko fasziaren eta faszia sakonaren artean.
Inerbazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio eragilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio eragilea nerbio sistema autonomoaren bidez jasoko du. [14]
Inerbazio sinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuntz sinpatikoak L1-L2 mailetatik aterako dira. Zuntz hauek plexu intermesenterikora bideratuko dira eta ondoren, goiko zein beheko plexu hipogastrikoetara abiatuko dira. Azkenik, plexu prostatikotik igaroz, zuntzek gorputz esponjotsua eta bertako guruinak inerbatuko dituzte, azken hauen jariapena estimulatuz eta eiakulazioa gauzatuz.
Inerbazio parasinpatikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuntz parasinpatikoak S2, S3 eta S4 mailetan sortuko dira. Zuntzak beheko plexu hipogastrikora abiatuko dira, eta hemendik aterako den plexu prostatikotik igaroz, zuzenean gorputz kabernosoetara bideratuko dira. Zuntz hauek erekzioa edo zuta eragingo dute.
Hala ere, garrantzitsua da jakitea erekzioaren kontrol gehiena mekanismo psikologikoetan oinarrituko dela; hau da, erekzioaren ohiko arazoetan, ez dira anomalia anatomikorik ikusten. Normalean, estresaren edo erruduntasunaren ondorioz sortzen diren ezintasunak izaten dira.
Inerbazio sentikorra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Inerbazio mota hau batez ere nerbio pudendoaren bidez jasoko du. Nerbio pudendoa plexu sakroan sortuko da (S2, S3, S4 mailetan hain zuzen) eta zulo ziatiko txikitik irtengo da. Lotailu sakrotuberosoa igaro ostean perine aldean agertuko da, eta hemen adar eragileak emango ditu hainbat muskulurentzat: muskulu uzki-jasotzailea, muskulu bulboesponjotsua, uretraren esfinter boluntarioa… Azkenik zakilaren nerbio dortsala emango du eta honek zakilaren gorputzaren sentsibilitatea hartuko du, batez ere glandearena. Nerbio hau arteria dortsalen alboan aurkituko da.
Beste aldetik, zakilaren oinaldearen sentsibilitatea edo aferentzia nerbio ilioinginalak eta nerbio iliohipogastrikoak hartuko dute.
Funtzioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakila gernua kanporatzeko, harreman sexualak mantentzeko eta hauetan plazerra sentitzeko erabiltzen den gizonezkoen kanpoko organoa da.
Zakila, uretraren bitartez, gorputzetik gernua eta semena kanporatzeaz arduratzen da.
Erekzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arrek harreman sexualak burutzeko erekzioa gertatu behar da lehendabizi.
Gorputz kabernotsuen barnean odol desbiderazio batzuk egongo dira arterien eta zainen arteko anastomosi sortuz. Sexu eszitazioan arterien dilatazioa emango da, itxita dauden arteriak ere irekiz. Ondorioz, odola gorputz kabernotsuetan pilatuko da presio handiz, eta horrek zainen konpresio pasiboa eragiten du, odola zakilean metatuz. Zakilaren neurria handitu, eta albuginea ezin bada gehiago zabaldu, zainak kolapsatu egingo dira erekzioa mantenduz.
Eszitazioa pasatzean, arterietan basokonstrikzioa emango da, odola zainetatik irten egingo da eta hauetara iritsiko den odol bolumena txikiagoa izango denez zakilak bere gogortasuna galduko du eta atseden egoerara itzuliz.
Patologia nagusiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Epispadia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zakil-buruaren bi aldeak ez dira ondo fusionatuko (fusio partziala). Ondorioz, uretra agerian geratuko da zakilaren dortsaldean. Akatsa isolatua ala gernu-maskuri atrofiarekin batera ager daiteke.
Agerrera 1/30.000 jaioberrien artean emango da. [17]
Hipospadia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uretra-tolesen fusio partziala ematen da eta, ondorioz, uretraren irekigunea zakilaren bentraldean izango dugu. Hau ere gizonezkoen sasihermafroditismoan agertzen dira askotan. Isolatuak zein anitzak izan litezke: zakilaren buruan, gorputzean, hurbileko aldean edota eskroto aldean sor daitezke.
Agerrera 0,5/100 jaioberrien artekoa izango da, epispadiak baino ohikoagoak. [18][19]
Zakil-eskroto hipospadia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uretra tolesak eta ezpain-eskroto tolesen fusio eza emango da eta, ondorioz, zakil eta eskrotoan arrailduran agertzen dira. Gainera, kanpoko genitalek ezpain-nagusien antza hartze dute.
Zakil txikia (mikropene)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gutxi garatuko da, normalean androgeno kinada eskasagatik. Hipogonadismo primario zein sekundarioarekin erlazionatuta dago.[20]
Zakil bikoitza (bifidoa)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ernal-tuberkuluaren banaketagatik gertatzen da.[21] [22]
Peyronieren gaixotasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erekzioa gertatzean kurbadura bat sortzen da zakilean.[23]
Erekzioaren disfuntzioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erekzioaren disfuntzioa edo inpotentzia harreman sexualak burutzeko nahiko sendoa den erekzioa sortzeko eta mantentzeko ezintasuna da.[24]
Kausak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizonezkoen eszitazio sexuala burmuina, hormonak, emozioak, nerbioak, muskuluak eta odol-hodiak bere baitan hartzen dituen prozesu konplexua da. Erekzioaren disfuntzioa faktore horietako batekin erlazionatutako akats baten ondorioa izan daiteke. Bestalde, estresa, urduritasuna, depresioa edota antsietatea (gaixotasun mentalak) erekzioaren disfuntzioaren jatorria izan daitezke, edo ezintasuna okerrarazi dezakete.
Zenbaitetan, disfuntzioa arazo fisiko eta psikologikoen konbinazioen ondorioa da. Esate baterako, garrantzi gutxiko gaixotasun fisiko batek gizonezkoaren erantzun sexual geldoagoa sorraraz dezake, eta horrek, aldi berean erekzioa mantentzearekiko antsietatea eragin dezake. Antsietate hau, bere baitan, erekzioaren ezintasuna sor edo okerrarazi dezake.
Fimosia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fimosia zakilaren egoera bat da, non prepuzioaren zuloa glande edo zakil-mokoari irteten uzteko estuegia den. Beste era batean esanda, fimosia duen zakil batean, prepuzioa ezin daiteke guztiz atzeratu glandearen gainetik.
Pazientea 10 urte edo gutxiago izatekotan, fimosi fioslogikoa kontsideratuko da eta ez du inolako tratamendurik beharko. Izan ere, arazoa pubertaroan zehar desagertuko da. Dena dela, ume zein helduetan, fimosiak arazo larririk eragiten ez duen bitartean, normalean funtzionatzen duten tratamendu ez kirurgikoak erabiliko dira, ebakuntza azken aukera izanik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Giza anatomiako atlasa. Universidad del País Vasco, Servicio Editorial = Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua D.L. 2014 ISBN 9788498609677. PMC 892534072..
- ↑ L.,, Moore, Keith. The developing human : clinically oriented embryology. (10th edition. argitaraldia) ISBN 9780323313483. PMC 908336364..
- ↑ 1940-, Jones, Richard E. (Richard Evan),. Human reproductive biology. (Fourth edition. argitaraldia) ISBN 9780123821850. PMC 898491808..
- ↑ (Ingelesez) Mondaini, Nicola; Gontero, Paolo. «Idiopathic short penis: myth or reality?» BJU International 95 (1) doi: . ISSN 1464-410X. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ a b (Ingelesez) Wylie, Kevan R.; Eardley, Ian. (2007-06). «Penile size and the ?small penis syndrome?» BJU International 99 (6): 1449–1455. doi: . ISSN 1464-4096. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ «Penis Myths Debunked» Live Science (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ (Ingelesez) Veale, David; Miles, Sarah; Bramley, Sally; Muir, Gordon; Hodsoll, John. «Am I normal? A systematic review and construction of nomograms for flaccid and erect penis length and circumference in up to 15 521 men» BJU International 115 (6) doi: . ISSN 1464-410X. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ a b Wessells, Hunter; Lue, Tom F.; McAninch, Jack W.. (1996-09). «Penile Length in the Flaccid and Erect States: Guidelines for Penile Augmentation» The Journal of Urology 156 (3): 995–997. doi: . ISSN 0022-5347. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ (Ingelesez) Promodu, K; Shanmughadas, K V; Bhat, S; Nair, K R. (2007-06-14). «Penile length and circumference: an Indian study» International Journal of Impotence Research 19 (6): 558–563. doi: . ISSN 0955-9930. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ (Ingelesez) Chen, J; Gefen, A; Greenstein, A; Matzkin, H; Elad, D. (2000-12). «Predicting penile size during erection» International Journal of Impotence Research 12 (6): 328–333. doi: . ISSN 0955-9930. (Noiz kontsultatua: 2018-06-03).
- ↑ (Gaztelaniaz) T. W., Sadler. (2012). Embriología médica de Langman. Lippincott Williams & Wilkins ISBN 978-84-15419-83-9..
- ↑ a b c d Drake RL, et al (2015). Gray, Anatomía para estudiantes. (3ª ed.) Ed. Elsevier, Madrid.
- ↑ a b Netter FH (2019). Atlas de Anatomía Humana. 7ª edición. Ed. Elsevier, Barcelona
- ↑ a b c d e f g h Schünke M. et al (2015). Prometheus. Texto y Atlas de Anatomía. Obra completa (3 vols.) 3ªedición. Ed. Panamericana, Madrid.
- ↑ Paulsen F., Waschke J. (2018). Atlas de Anatomía Humana, de Sobotta. Obra completa (3 vols.). 24ª edición. Ed. Elsevier, Madrid.
- ↑ Platzer W et al. (tomo I), Frisch-Kühnel (tomo II), Kahle-Frotscher (tomo III) (2010) Atlas de Anatomía con Correlación Clínica. Obra completa (3 vols.). 9ª edición. Ed. Panamericana, Madrid.
- ↑ «MedlinePlus Enciclopedia Médica: Epispadias» www.funsepa.net (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hipospadias: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ «Hipospadias - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ «Micropene» carefirst.staywellsolutionsonline.com (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «¿Qué es la difalia? | La enfermedad de los dos penes» La Vanguardia 2019-08-16 (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) genitales, DifaliaProsopagnosiaAgente transmisor:Enfermedad congénitaRegión de origen:Formación de los órganos. «Difalia - EcuRed» www.ecured.cu (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Pene: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
- ↑ «Disfunción eréctil» medlineplus.gov (Noiz kontsultatua: 2020-11-28).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]