Alea iacta est
Alea iacta est latinezko esaera da eta euskaraz hitzez hitz «dadoa botata dago» esan nahi du. Hala ere, «zoria jadanik jokatua dago» esamoldeaz ere itzultzen da.[1] Patua edo gertatu beharreko zeozer aldagaitza edo atzeraezina denean erabili ohi da, sarritan arrisku edo erronka bat.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suetoniok esaera hau Julio Zesarri egozten dio,[2] Zesarrek Italiaren eta Galia Zisalpinoaren arteko muga zen Rubikon ibaia zeharkatzeko unean aipatu omen zuen (Senatuak Zesarri probintzia hori izendatu baitzion). Zeharkatze horrekin, Zesar Senatuaren aginteari aurre egin eta Ponpeio eta Optimates zirelakoen aurkako guda luzeari hasiera eman zion. Bertsio batzuen arabera, Zesarrek agintezko jaci aditza erabili zuen, «jacta est» («Bota ezazue dadoa!» edo «Joka ezazue zoriaǃ») aditz pasiboaren ordez. Rubikon igaro esamoldea ere erabiltzen da, arrisku handiko erabaki bat irmoki hartzen denean.
Bestalde, Plutarkoren arabera, Menandro komediografoaren bertso baten zeharkako-aipamena eginez, baliteke esaldia grekeraz esan izatea (ἁνερρίφθω κύβος).[3] Dirudienez, egile hori Zesarren bi gogokoenetako bat zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «alea iacta est» Lur Hiztegi Entziklopedikoa (Noiz kontsultatua: 2020-05-28).
- ↑ Suetonio. Hamabi zesarren bizitzak. 32.
- ↑ Plutarko. Βίοι Παράλληλοι (Bizitza paraleloak). Julio Zesar.