Aiete jauregia
Aiete jauregia | |
---|---|
Eraikitako euskal ondasun nabarmena | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°18′20″N 1°59′31″W / 43.30553°N 1.99201°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIX. mendea - |
Eraikuntza | 1878 |
Arkitektura | |
Estiloa | Arkitektura neoklasikoa |
Ondarea | |
EJren ondarea | 1335-1 |
Aiete jauregia Donostia hiriko Aiete auzoan dagoen jauregia da. Aiete jauregia 74.400 bat metro koadroko lorategi-barrutia den Aieteko parkean dago. Multzo horretan jauregia bera nabarmentzen da, kapera, zaintzailearen etxea, usategia eta antzinako zalditegiak bezalako eraikuntzak osagarri dituela.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun jauregia eta izen bereko parkea dagoen lursailetan Erdi Aroan Hayet edo Aiete gaskoi leinuak etxaleku bat eraiki zuen.
Bere kokaleku estrategikoarengatik (Donostia eta Hernani elkartzen zituen bidearen bazterrean eta gain batean), helburu militarretarako erabili zen etxe edo baserri hau. 1719an Berwick-eko dukeak hantxe jarri zuen bere koartel nagusia Donostia erasotzeko[1] eta 1813an Graham britainiarrak ere bai.[2] Karlistaldietan izandako borroketan (Lugarizko gudua) nahiko hondatuta suertatu zen Aiete baserria.
1878an Castaños jeneralaren ondorengo zen Eduardo Carondelet Donado Bailengo III. dukeak eta bere emazteak - Jose Manuel Collado oligarka donostiarraren alaba - lursail horiek erosi eta baserri zaharra eraitsiz, bertan jauregi bat eraiki zuten. Eraikina, neoklasiko estilokoa, Adolphe Ombrecht arkitekto frantsesak diseinatu zuen. Hortaz, izaera frantziarreko eraikina[3] dela esaten da. Bertan Alfontso XIII.a eta Maria Kristina Austriakoa Espainiako errege-erreginek ostatu hartu izan zuten. Hainbat jaberen eskuetatik igaro ondoren, 1939an Donostiako Udalak jauregi hau Quirósko Markesari eta Romili Kondesari 850.000 pezetatan erosi eta Francisco Franco diktadoreari udako egoitza gisa eskaini zion eta 1975 urtera arte xede hori bete zuen. 1946 eta 1973 urte bitartean, 28 Ministro Kontseilu ospatu ziren han. Urte honetan berriz ere Donostiako Udalaren eskuetara itzuli zen eta honek harreraleku gisa erabili eta lorategiak jendeari ireki zion 1977ko uztailaren 20an[4].
Gaur egun Aiete auzoko Kultur Etxea ere badago bertan eta jauregiaren alboan lur azpian eginiko eraikinean. 2006ko urriaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna [5].
2011. urtean eraikin honetan Donostiako Nazioarteko Bake Konferentzia ospatu zen, gaitzat Euskal Herriko gatazkaren konponbidea zuena. Konferentzia horretan nazioarteko hainbat politikari eta bakegintzako ekintzaile bildu ziren, besteak beste Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powell.
Jauregia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fatxadak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizitegi-eraikin nagusia, jauregia, oinplano angeluzuzenekoa da eta bere konposizioan erdiko gorputza eta bere bolumenean nabarmendutako bi muturrak ditu bereizgarri, tarteko gorputz sekundarioen bitartez lotuak. Erdisotoa, etxabea, lehen solairua eta estalkipea ditu. Estalkia mantsarda gisakoa da, arbelezko teilaz estalia, presentzia bolumetriko handikoa eta erdialdea pixka bat goratua du.
Iparraldeko luzetarako fatxada etzana da, simetrikoa, zati batean kuxindutako akabera zurikoa, eta erdiko ardatz nabarmena du eta bi gorputz fatxada nabarmentzen duten muturretan. Hierarkia azaltzen du bai garaieran bai garapen horizontalean. 9 bao-ardatz bertikal ditu, 1-2-3-2-1 hutsuneen erritmoko konposizio-eskemari erantzuten diotenak, diferentziak markatuz hormatalaren edo fatxada-gorputzaren arabera. Hala, fatxada-garaiera osoa okupatzen duen eta fatxada baino irtenagoa den erdiko gorputz erdioktogonalak bao-ardatz bat du aurpegi bakoitzean, atzeraxeago dauden alboetako hormatalek bina ardatz dituzte, eta fatxada errematatzen duen azken gorputzak ardatz bakarra. Etxabeko baoek giltzarri nabarmenduko erdi-puntuko arkuak dituzte erdiko gorputzean, landare-motiboz dekoratutako giltzarridun arku beheratuko hauts-babesak alboetan eta hainbat troxatako leihoburu zuzena, dekorazio gutxiago eta leiho maineldunak muturretako hormataletan. Garapen bertikal handiko leihoak dira, beheko ertzean idulki nabarmenak dituztenak. Etxabea terraza baten bitartez komunikatzen da lorategiarekin; harmailadi zuzena du zokaloan integratua, erdiko gorputzean kokatua. Lehen solairua inposta baten bitartez bereizten da etxabetik. Bere baoek hauts-babesak dituzte behealdean zatitutako frontoi txiki batekin erdiko gorputzean, hauts-babes zuzenak alboetan eta frontoi triangeluar klasikoa muturretan. Muturrek zein erdiko gorputzak burdinazko balkoiak dituzte. Erdiko gorputzekoa balkoi jarraitua da. Lehen solairuaren eta estalkipearen artean erlaitz dentikulatua dago, bloke kubiko edo dentikulu txikiz osatua. Landuagoa da erdiko tartean eta muturretan. Estalkipeak bao-ardatzekin jarraitzen du, baina tamaina eta presentzia txikiagokoak eta homogeneoagoak dira. Bao guztiek kurbatua dute goiko aldea eta erdiko ardatzekoa bere frontoi kurbatuagatik nabarmentzen da. Fatxada kareharrizko harlanduzko zokalo txiki baten gainean sostengatzen da; konposizioaren ardatzak mantentzen dituzten eta sotoari zerbitzu egiten dioten bao angeluzuzenak ditu.
Hegoaldeko luzetarako fatxadak antzekotasun handiak ditu konposizioan iparraldekoarekin, baina baita aldaketa formalak ere. Simetria azaltzen du, erdiko ardatz nabarmena du eta bi gorputz fatxada nabarmentzen duten muturretan, eta hierarkia bai garaieran bai garapen horizontalean. Honek ere hormatalaren edo fatxada-gorputzaren arabera bereizten diren 9 bao-ardatz bertikal ditu, 1-2-3-2-1 eskemari jarraituz. Alabaina, fatxada zatikatu eta heterogeneoagoa da, muturretako hormataletan diferentziak nabarmentzen baititu material-aldaketarekin, zarpiatu zurikoak baitira, eta fatxadaren gainerakoa hareharrizko harlanduzkoa. Erdiko gorputza neurriratu egiten da erdioktogonoa utziz eta bere ordez hormatal leuna erabiliz. Gorputzen arteko bereiztea markatzen duten angeluak pilastrak osatzen dituzten kuxindurak erabiliz nabarmentzen dira. Erdiko gorputzak presentzia handia mantentzen du eta fatxada-garaiera osoa okupatzen du hiru bao-ardatzekin, atzeraxeago dauden alboetako hormatalek bina ardatz dituzte, eta azken gorputzak ardatz bakarra. Baoen tratamenduak antzekotasun handiak ditu iparraldeko fatxadarekin, baina muturretako leiho maineldunak desagertu egiten dira. Etxabeko baoak arku beheratuko hauts-babesekin estaltzen dira, landarezko dekorazio eta moldadurekin. Erdiko gorputzeko erdi-puntuko hiru arkuek dekorazio handiagoa dute, giza aurpegien irudiak eta landare-motiboak giltzarrietan. Erdiko hiru bao horiek eraikinerako sarrera nagusia osatzen dute eta bi atal kurbatu eta erdiko atal zuzen bat dituen harmailadi bikoitz bati egiten diote zerbitzu. Harmailadi simetrikoa da, abiaburuaren muturretan harrizko txakur banak apaindua eta burdinazko habeek sostengatutako burdinlan eta beirazko markesina batek estalia. Etxabearen eta lehen solairuaren artean inposta bat dago. Lehen solairuan baoek frontoi triangeluarreko hauts-babesak dituzte eta pilastrak muturretan, eta hauts-babesak zuzenak baina frontoirik gabekoak dira alboetan. Erdiko gorputzean, lehen solairuan, friso erlaizduna antolatzen da frontoi triangeluar zatituarekin, armarri bat hartuz hiru baoen erremate gisa. Erdiko gorputzeko bao horiek pilastrekin eta erdizutabe jonikoekin markoztatzen dira. Solairu horretako bao guztiak burdinlanezko karela duten arrasean jarritako balkoiak dira. Erdiko gorputzeko balkoia jarraitua da. Estalkipearekiko bereiztea erlaitz dentikulatu handi baten bidez egiten da. Erdiko hormatalean, erlaitzaren gainean, elkartutako zinta kurbatuen begizta-sarea egiten da. Estalkipean bao-ardatzek jarraitzen dute, baina tamaina txikiagokoak dira eta goiko aldea kurbatuta dute. Erdiko ardatzean begizta-sarea eteten duen eta pilastra artean frontoi kurbatu batekin errematatzen den baoa nabarmentzen da.
Alboetako zeharkako fatxadak zuriz zarpiatutako hormatal leunak dira, baoen dekorazio, dimentsio, inposta eta dentikuluekin eraikinaren estiloari jarraitzen diotenak, baina dekorazioa soilagoa da, beren bigarren mailako izaeraren adierazgarri. Bi fatxadek atal zuzeneko eskailera bikoitz txiki bat dute erdialdean. Ekialdera orientatutakoak 1-1-1 bao-konposizioa du. Traza zuzena nagusi duten bao lau eta soilak dira. Mendebaldera orientatutakoak bao-ardatz berak ditu, baina erdikoak tamaina handiagoko baoak ditu bi mainelekin.
Barrualdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barrualdean bi solairu nagusi, sotoa eta estalkipea ditu jauregiak. Etxabea eta lehen solairua eraikineko solairu nagusiak dira eta komunikazio-sistema bikoitza dute. Solairu nagusietan gela guztiak elkarrekin lotzen dituen komunikazio perimetrala dago, gela bakoitzetik aldamenekora sar baitaiteke. Horrez gain, zerbitzuko korridore bat dago lehen solairuan. Bi solairuetan argi eta garbi islatzen da karga-hormen bitartez fatxadetako gorputz desberdinen konposizio-eskema. Izan ere, zati batean bakarrik eteten da jauregiaren mendebaldean komunikagune bertikal trinkoa bere baitan hartzeko. Komunikagune horrek elkarri bizkarra ematen dioten eta oso kontzeptu desberdinei erantzuten dieten bi eskailera hartzen ditu bere baitan. Bata jauregi-moldeko eskailera nagusia da, garapen kurbatukoa, etxabeko atondoa goiko solairu nagusiko logelekin bakarrik komunikatzen duena, 4,76 metroko altuera gaindituz. Eskailera-begia berunez loturiko beirazko argizulo batek koroatzen du estalkian. Beste eskailera zerbitzukoa da, atal zuzenetan garatzen da eta eskailera nagusiaren atzean dago, ezkutuan, mendebalderantzago, eta solairu guztiak elkarrekin komunikatzen ditu. Bestalde, hirugarren eskailera bat dago ekialdeko hegalean, lehen estaiko solairu nagusian hasi eta estalkipera igotzen dena. Solairu nagusiak moldadura, plafoi, oholtza eta kasetoidurekin ugaritasunez dekoratuta daude, eraiki zireneko garaiko estiloari eutsiz. Etxabea jauregiko espazio publikoa da eta dimentsio handieneko aretoak hartzen ditu bere baitan. Hiru fatxadatara orientatuta dagoen areto bakarra nabarmentzen da ekialdeko muturrean. Erdiko gorputzeko iparralde-hegoalde ardatzak ez du zuzeneko komunikazioa, bi aretotan zatituta dago-eta: bata iparraldera begira dago eta hegoaldera bestea. Mendebaldeko hegala zatikatuago dago, eskaileragune bikoitza, tamaina txikiagoko gelak eta zerbitzuak hartzen baititu bere baitan. Ez dago aretoak banatzen dituen korridorerik. Lehen solairuan logela nagusiak kokatzen dira erdiko korridore zabal baten inguruan. Beren komunikazio perimetrala mantentzeaz gain, logelek korridore horretara ematen dute. Sotoa eta bigarren solairua bigarren mailakoak dira. Gela ugari dituzte eta zerbitzuak eta mirabeen gelak zeuden bertan. Geletara korridore baten bitartez sartzen da.
Lorategia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lorategiek 74.400 metro koadroko azalera dute eta Pierre Ducasse errege-lorezainak diseinatu zituen. Lorategiak hiru zati bereizi ditu.
Lehen zatia jauregitik hurbil dagoen zatia da, iparraldekoa. Lorategi erregularra da, trazadura geometriko zuzeneko parterreak dituena, ebakitako landare-motiboek (esferikoak batzuk) edo zuhaitz-ilara zuzenek markatzen dituzten bide erregularrak ezarriz. Bideak bat datoz jauregiaren ardatz nagusiekin. Erdian glorieta bat duen iparralde-hegoalde ardatza nabarmentzen da. Muinoko eremu horretan soropila, ordena geometrikoa eta inguruak mendean hartzen dituen jauregiaren ikuspegia dira nagusi.
Parterreen arteko desnibelei harmailadien bitartez ematen zaie irtenbidea. Parterre baten erdian tenplete klasiko bat dago. Lorategiko bigarren eremua azalera handiagokoa da eta hori ere muinoaren goiko aldean dago, baina jauregiaren hegoaldean. Jauregiko sarrera nagusirantz, hegoaldeko fatxadan, erdian estatua bat duen urmael bat, oroitzapenezko monolito bat eta landare-elementuak daude. Espazioa bidezidor kurbatuz, urmael bihurgunetsuz eta perspektiba desberdinak sortzen dituzten elementuz hornitzen da, jauregiaren ikuspegi partziala eskainiz. Eremu horretan daude eraikin osagarri gehienak eta lorategirako hegoaldeko sarreraraino iristen da; beranda txiki bat dago bertan. Garaiko lore-espezieak ezartzen dira, hala nola udaberri-loreak, lilipak, tulipak eta hiazintoak, presentzia handiagoko zuhaitzekin batera, hala nola itsas pinua, pago barietateak, sagarrondo txinatarrak, ezkiak, urkiak, platanoak, makalak, ginkgoak eta palmondoak. Lorategiko hirugarren eremua muinoaren beheko aldea da, ekialderantz orientatua, lur irregular eta malkartsukoa. Paisaia transformatu egiten da, landaredia oparoagoa da, oihantsuagoa, bidezidor irregular kurbatuak, zubiak, haitzulo artifizialak, ur-jauziak eta abar agertzen dira eta jauregiaren ikuspegia desagertu egiten da. Haitzulo artifizial txiki bat dago hainbat zuhaitz-multzoren ondoan. Horien artean bi sekuoia luze eta sekuoia erraldoi daude, Lawson altzifre bat, araukariak, idi-bihotz arbola eta likidanbarra, eta jende gutxien ibiltzen den aldean bertako zuhaitzez osatutako basoa, batez ere astigar zuriek, ereinotzek, lizarrek, haritzek eta hurritzek osatzen dutena.
Eraikin osagarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Muinoaren goiko aldean kokatutako eraikin lagungarriak kapera, tenpletea, zaintzailearen etxea, usategia, antzinako zalditegiak, lanabesak gordetzeko etxolak, oroitzapenezko monolitoa, beranda mehea eta abar dira. Eraikin lagungarriek jatorrizko jauregiaren berezko giroa birsortzen laguntzen dute eta monumentu-multzoaren osagaiak dira.
Kaperak kokapen adierazgarria du, jauregia ipar-ekialdeko angeluan inguratzen duten bideen ikus-erremate gisa, eta angeluetako batean estalki piramidala duen dorre oktogonal liraina du bereizgarri. Garaiera handiko eta harri izaerako etxabeak eta goiko gorputz arinak osatzen dute.
Harlanduz eraikitako tenpletea kaperaren iparraldeko fatxadatik hurbil dago, kota txikiagoan, eta kupula erdiesferiko bat sostengatzen duten 4 zutabek osatzen dute.
Zaintzailearen etxea mendebaldeko sarreraren ondoan dago eta etxabe eta solairu bateko eraikina da. Harlanduzko uztarriak ditu eskantzu eta baoetan, fatxada ordenatuak, apaindura eklektiko fina eta maileta-babesak estalkiko teilatu-hegaletan.
Usategia solairu bakarreko eraikin lineala, eklektikoa eta pintoreskoa da. Sarrerako ate-sorta erregularra du, eta erdiko ardatza dorre txiki batekin nabarmendua. Maileta-babesak ditu teilatu-hegaletan eta arbelezko estalkia.
Antzinako zalditegiek bolumen handiagoa dute, forma konplexuagoa eta etxabea eta solairu bat.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ http://www.diariovasco.com/prensa/20061119/san_sebastian/palacio-aiete_20061119.html
- ↑ https://web.archive.org/web/20140228235853/http://meta.gipuzkoakultura.net/bitstream/10690/75558/1/AM_354530.pdf. 462. orria
- ↑ "Izaera frantseseko eraikuntza...". Kulturweb.
- ↑ (Gaztelaniaz) El Palacio de Ayete, El Diario Vasco, 2012-06-03.
- ↑ Izendapena EHAAn
Ikus gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Aiete jauregiaren argibidea
- Aiete jauregia Kulturweb webgunean
- Aieteko jauregia. Ibilbideak Euskadin. Eusko Jaurlaritzako Turismo webgunea[Betiko hautsitako esteka]
- Historia: http://aietebizirik.wordpress.com/auzoko-historia/
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |