Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Edukira joan

Aitor Esteban

Hau artikulu on bat da. Egin klik hemen informazio gehiagorako.
Wikipedia, Entziklopedia askea

Aitor Esteban


Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2019ko abenduaren 3a -
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2019ko azaroko Diputatuen Kongresuko hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2019ko maiatzaren 14a -
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2019ko apirileko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2016ko uztailaren 12a - 2019ko maiatzaren 21a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2016ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2016ko urtarrilaren 4a - 2016ko uztailaren 19a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2015eko Espainiako hauteskunde orokorrak
EAJren taldeburua Diputatuen Kongresuan

2012ko abenduaren 18a -
Josu Erkoreka Gervasio

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2011ko abenduaren 2a - 2016ko urtarrilaren 13a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2011ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2008ko martxoaren 25a - 2011ko irailaren 27a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2008ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2004ko martxoaren 30a - 2008ko urtarrilaren 15a
Barrutia: Bizkaia
Hautetsia: 2004ko Espainiako hauteskunde orokorrak

Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria

1995eko maiatzaren 28a - 2003ko maiatzaren 25a
Antxon Aurre - Ana Madariaga
Bizitza
JaiotzaBilbo1962ko ekainaren 21a (62 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Familia
Ezkontidea(k)Itxaso Atutxa
Hezkuntza
HeziketaDeustuko Unibertsitatea
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, unibertsitateko irakaslea eta legelaria
Lantokia(k)Madril
Enplegatzailea(k)Deustuko Unibertsitatea
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Eusko Alderdi Jeltzalea

Facebook: aitor.esteban.3 Twitter: AITOR_ESTEBAN Edit the value on Wikidata

Aitor Esteban Bravo (Bilbo, Bizkaia, 1962ko ekainaren 21a) politikari jelkidea da. Lanbidez unibertsitateko irakaslea da, Deustuko Unibertsitatean. Ibilbide akademiko zabala du, eta Zuzenbidean doktorea da. Gaztetatik sartu zen politikan, lehenik EGIn eta gero EAJn.

Aurrena Bizkaiko Foru Aldundian ibili zen, eta gerora Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari izatera iritsi zen. 2004tik aurrera Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua da EAJren taldean, Bizkaian hautetsia. 2013az geroztik EAJren Kongresuko taldearen bozeramaile lanetan dihardu. Alderdi bereko Itxaso Atutxa du emazte.

Bizitzako lehen urteak eta gaztaroa Bilbon eman zituen. Gurasoek, Obdulia Bravo Gallegok eta Jose Luis Esteban Elorriagak, frankismoaren legeak behartuta "Luis Aitor" izena jarri behar izan zioten, baina ez zuen sekula izen hori erabili, agiri ofizialetan izan ezik, eta 1985ean ofizialki aldatu ahal izan zuen.

Ama Soriako Cañamaque herrikoa da. Aitak ez zuen euskaraz egiten, baina euskal gramatikaren berri zuen, eta 10 urte zituela, Aitorrek irakasteko eskatu zion. Egunero klaseak ematen zizkien Amaia arrebari eta berari, Xabier Peñaren Euskal Irakasbide Laburra metodoarekin. Beraz, euskararekin izan zuen lehen kontaktua bizkaierarekin izan zen, eta egun ere berau darabil.[1]

Lehenengo Mariaren Bihotza ikastetxean ikasi zuen, eta batxilergoa Institutu Zentralean egin zuen, 1980an unibertsitatera iritsi zen arte. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, 1980/81 ikasturtean hasita eta 1984/85 ikasturtean bukaturik.

Ikasketak bukatuta, 1986an Tecsan, nagusiki trenbideen azpiegituren eraikuntzaz eta mantentzeaz arduratzen den enpresan, hasi zen lanean. Aholkulari juridiko gisa jardun zuen bertan urtebetez, harik eta 1987an Bizkaiko Batzar Nagusietako abokatu postua lortu zuen arte. Lau urtez segitu zuen postu horretan, 1991 arte.

Irakasle jarduna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1987az, geroztik Deustuko Unibertsitateko irakaslea da. Bertako Zuzenbide Fakultatean euskarazko klaseak eman zituen bigarren irakaslea izan zen, Xabier Arzalluzen ondoren. Irakatsi dituen ikasgaien artean, Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Konstituzional Alderatua, Administrazioko Zuzenbidea eta Euskadiko Erakunde Sistema daude. Zuzenbide klaseak euskaraz ematen hasitako irakasleen artean lankide izan zituen Andres Urrutia, Abel Muniategi, Josu Erkoreka eta Rikardo Gatzagaetxebarria.[2] Mugarria ezarri zuten euskara juridikoaren garapenean; Estebanek Euskara, zuzenbidearen hizkera lanean lagundu zuen, eta Andres Urrutiari Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877 obrarekin lagundu zion.[3]

1990 eta 1996 bitartean doktore-tesia egin zuen, Pablo Lucas Verdú katedradunak zuzendua. Tesiaren izenburua “La Institucionalización de un País: Nacionalismo e Instituciones Vascas” da (euskaraz, Herri baten erakundetzea: abertzaletasun eta erakunde euskaldunak); bertan EAEren sare instituzionalaren oinarriak azaltzen ditu, foru-erakundeen estatus juridikoa ardatz hartuz. Analisi historiko sakon bat eginez Sabin Aranaren ideien eta egungo euskal erakunde-egituraketaren artean lotura estua dagoela defendatzen du, besteak beste.[4]

Deustuko Zuzenbide Fakultatean egindako lanaz gain, 1998tik 2000ra Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatean aritu zen Ipar Amerikako eta Mesoamerikako Historia eta Kultura Indigena ikasgaia ematen. 1997 eta 2000 bitartean, Deustuko Unibertsitateko doktoretza-programako kidea ere izan zen.

Horretaz gain Pedro Arrupe Institutuak Nazio Batuen Erakundearekin batera gauzatutako lider indigenentzako giza eskubideen programako irakaslea da 2000 urteaz geroztik, eta Euskadiko Zuzenbide Publikoko masterreko irakaslea ere izan da.

Irakasle jardunean zehar distantziako irakaskuntza-ekimenak gauzatu ditu internet bidez, Amerikako euskal komunitateekin Zuzenbidearen arloan, eta zenbait unibertsitate amerikarrekin Zuzenbidearen eta antropologiaren arloan.

Gaur egun eszedentzian dago.[5]

Ibilbide politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1978an, 16 urte zituela, EAJko kide egin zen, hain zuzen ere alderdikide izateko gutxieneko adina bete zuenean. Garai honetan ezagutu zuen gerora bere emaztea izango zen Itxaso Atutxa. Urte batzuk geroago, 1983an, EGIren Aberri Kontseiluko Idazkari Nagusi hautatu zuten, eta postu horretan iraun zuen 1987ra arte. 1984ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-ren Bizkaiko hautagaitzan 24. postuan aurkeztu zen. 1985ean alderdiaren Aberri Batzarreko ahalduna bilakatu zen, eta 1991n utzi zuen kargua, Bizkaiko Foru Aldundira joan zenean.

Bizkaiko Batzar Nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991n Bizkaiko Foru Aldundiko Presidentziako idazkari nagusi eta bozeramaile izendatu zuten, eta horretan jardun zuen 1995erarte. 1994ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Bizkaiko EAJren zerrendan 15. postuan joan zen. 1995eko foru hauteskundeetan jeltzaleen zerrendaburua izan zen Durango-Arratia barrutian, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari izendatu zuten, Antxon Aurre ordezkatuz. Bi legealdiz (V.a, 1995-1999 eta VI.a, 1999-2003) jarraitu zuen bertan.

2000ko martxoaren 16an, Esteban lehendakari zela, Batzar Nagusiek Durangoko merindadean kokaturiko Gerediaga muinoko baselizaren jabetza eskuratu zuten. Gerediagan egin ohi ziren Durangoko merindadeko Batzar Nagusiak, hau da, garai batean lurraldeko erakunde propioen egoitza nagusia izan zen. Lagatze hori Antton Mari Aldekoa-Otarola Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Juan Loizatek, Gerediagako baselizaren jabeen izenean, egindako kudeaketen emaitza izan zen. Batzar Nagusien Bilboko egoitzan sinatu zuten lagatzea 1844an jabetza eskuratu zutenen oinordekoek, Bilboko Gotzaintzaren oniritziarekin. Sinatze horretan Aitor Estebanek eskuratu zuen jabegoa Batzar Nagusien izenean, eta Jesus Landia arkitektoari baseliza zein bere inguruko esparrua berreskuratzeko agindua eman zioten.

2003ko martxoaren 13an Batzar Nagusiak Gerediaga muinoan batzartu ziten historian lehen aldiz, Aitor Estebanek zuzendutako bilkuran, multzoa berreskuratzeko lanei hasiera emanez.[6]

2003an politikako lehen lerrotik aldendu zen aldi baterako, Zuzenbide ikasketetan sakontzeko asmoz, eta Ana Madariagak hartu zuen bere lekua Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaritzan.

Espainiako Diputatuen Kongresuan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004ko Espainiako hauteskunde orokorretan diputatu hautatu zuten. Besteak beste bere taldearen Batzorde Konstituzionaleko, Hezkuntza batzordeko, Kanpo Ekintza batzordeko eta Kultura batzordeko bozeramailea izan da. Berriz ere diputatu hautatu zuten 2008an, eta 2008-2011 legealdian Euskal Taldearen bozeramaile ondoko izendatu zuten. 2011ko hauteskundeetan ere diputatu hautatu zuten. 2012an Josu Erkoreka taldeburua Eusko Jaurlaritzara joan zenean EAJ-k Esteban izendatu zuen bere ordezko, eta 2013ko urtarrilean bozeramaile lanetan hasi zen.[7]

Ordutik EAJ-PNVren Kongresuko taldearen bozeramailea da, eta Bizkaiko zerrendaburua izan zen 2015 eta 2016ko hauteskunde orokorretan. Azken legealdietan bere protagonismoa handitu egin da Estatuko komunikabideetan, bere zenbait mintzaldik diputatu askoren txaloak jaso baitituzte eta oihartzun handia izan baitute sare sozialetan. Bereziki PP eta Ciudadanosek babesten duten espainiar batasunaren ideiari aurre egin dio, eta irmo babestu ditu euskaldunen zein katalanen erabakitzeko eskubidea eta nazio izaera. Behin baino gehiagotan aldarrikatu du Kataluniako auziari konponbide politiko bat bilatzeko beharra, 155. artikuluaren erabilera deitoratu du, eta kataluniar preso politikoak aske uztea eskatu du, inolako deliturik egin ez dutela esanez.[8]

2017ko abenduaren 14an Parlamentuko Kazetarien Elkartearen eskutik (APP, Asociación de Peiodistas Parlamentarios) "Emilio Castelar" Hizlari Onenaren saria jaso zuen.

VIII. legealdia (2004-2008)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitor Esteban Iñaki Anasagasti ordezkatuz iritsi zen Kongresura, eta bere lehen legealdian Euskal Taldearen bozeramailea izan zen Hezkuntza Batzordean, Kultura Batzordean eta Batzorde Konstituzionalean, besteak beste. Horretaz gain Valentziako Erkidegoko, Kataluniako, Andaluziako, Balearretako, Aragoiko, Kanarietako eta Gaztela eta Leongo autonomia-estatutuen erreforma-proposamenen batzorde txostengileetako kidea izan zen.[9]

2004ko maiatzaren 25ean egin zen saioan hartu zuen lehen aldiz hitza, PSOEk hezkuntzaren LOCE legeari buruz aurkeztutako legez besteko proposamen baten aurrean EAJren posizioa azalduz. Lehen hitzak euskaraz egin zituen, eta era horretan bildu zituen Kongresuko bilkuren egunkariak ere:[10]

« Mahaiburuorde Andrea, jaun-Andreok. Labur-labur bilduko dot nire taldearen iritzia. »

2004ko ekainaren 1ean egindako saioan Eusko Alkartasunako Begoña Lasagabaster diputatuak euskal kirol selekzioen ofizialtasunaren aldeko mozio bat aurkeztu zuen. Aitor Estebanek azaldu zuen EAJren botoaren zentzua, baiezkoa, hasi aurretik honakoa adieraziz:[11]

« [...] gai hau zalantza barik gure herriarentzat ezinbesteko eskaera dogu. Lehenago edo geroago euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen dauan helburua, nazioarteko kiroletan ordezkaritza eukitea, lortuko dana ziur nago ta. »

2004ko azaroaren 2an Kirol Legea aldatzeko lege-proposamena aurkeztu zuen, nazioarteko lehiaketetan euskal selekzioentzako ofizialtasuna aldarrikatuz. Bere hitzaldian zehar euskal futbol selekzioaren elastikoa erakutsi zuen tribunatik.

2005ean Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politiko Berria edo "Ibarretxe Plana" delakoaren alde bozkatu zuen, eta 2007an Andaluziako estatutu berriaren proiektua aurkeztu zenean honakoa aurpegiratu zien ordezkari andaluziarrei, "Ibarretxe Plana" ukatu ondoren euskal abertzaleen babesa beharrezko izan baitzuten estatutu berria onartzekoː[12][oh 1]

« Bitxia da nola Andaluziako Estatutuaren proposamen hau, “Chaves plan” hau, Estatua hautsi nahi duten abertzale ez-solidario horien botoei esker aterako den aurrera. »


2006ko apirilaren 27an Kongresuko gainerako talde politikoekin batera 2006 "Oroimen Historikoaren Urtea" izendatu zuten. Proposamena talde guztiek onartu zuten PP-k izan ezik, eta Aitor Estebanek II. Errepublika diktaduraren pare jarri izana aurpegiratu zien, trantsizioa frankismoko aktore askorentzat zuriketa politiko bat izan zela salatuz.[13]

IX. legealdia (2008-2011)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bigarren legealdian Kanpo Gaien Batzordeko, Justizia Batzordeko eta Araudiaren Batzordeko bozeramaile izendatu zuten, Batzorde Konstituzionaleko, Hezkuntza Batzordeko eta Kultura Batzordeko lanarekin jarraitzeaz gain. Gaztela-Mantxako eta Extremadurako autonomia-estatutuen erreforma-proposamenen batzorde txostengileetako kidea ere izan zen, eta besteak beste ingurumenaren, lurralde-politikaren eta administrazio publikoen batzordeetako kidea izan zen.[14]

2008ko irailaren 20an legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen pertsona transexualen defentsan, erregistro zibilean zein nortasun agirian euren izena aldatzeko 2 urtez hormonatu beharra ekiditeko. Adierazi zuenez, izenaren aldaketa sexu psikosozialari loturik egon behar da, ez sexu fisikoari. Adingabeko transexualei indarrean zegoen legeak larritasun handia sortzen ziela salatu zuen, eta transexualen onarpenean pausoak eman behar zirela aldeztu zuen.[15]

2010eko otsailaren 2an ABC egunkariak Picassoren Gernika margolana Madrilgo Sofia Erregina Museotik Pradoko museora lekualdatzeko asmoak zeudela zabaldu zuen, eta horren aurrean Aitor Estebanek ordurarte artelana Euskadira ez eramateko justifikazio faltsuak salatu zituen, eta Euskadin egon beharko lukeela adierazi zuen, margolan bat izateaz gain Euskal Herriaren historiaren parte ere badela esanez.[16]

2010eko urriaren 26an berriz ere eskatu zuen euskal selekzioentzako nazioarteko ofizialtasuna, baina talde abertzaleek baino ez zuten babestu, eta Kongresuak atzera bota zuen.[17] 2010eko azaroaren 10ean saharar herriaren aurka Marokok egindako erasoak gaitzetsi zituen, eta Espainiako Gobernuak Marokorekiko zuen jarrera otzana kritikatu zuen gobernuari eginiko kontrol-saioan.[18]

2011ko otsailaren 15ean Aitor Estebanek aurkeztutako lege-proposamen bat onartu zen, jeltzaleek "lorpen historikotzat" hartu zutena, EAEko lurralde historikoen izendapenari zegokiona. Ordurarte Espainiako legerian "Vizcaya", "Guipúzcoa" eta "Álava" bezala idazten ziren, baina proposamena bozkatu ondoren "Bizkaia", "Gipuzkoa" eta "Araba/Álava" izen ofizialak onartu ziren.[19] Izan ere, lurralde bakoitzeko Batzar Nagusiek jada borondate hori adierazi zuten 1985 (Gipuzkoa), 1986 (Bizkaia) eta 1989 (Araba) urteetan, baina ildo berean zihoazen EAJren proposamenak ukatuak izan ziren 1991, 1992, 1996, 2004 eta 2006 urteetan.[20]

2011ko martxoaren 22an Kongresuko araudia aldatzeko lege-proposamena babestu zuen IU, CiU, ERC, BNG eta NaBai alderdiekin batera. Proposamen horretan, Senatuan jada onarturik zegoenari jarraiki, Estatuko hizkuntza koofizialen erabilera onartzen zen. Bere txandan ia osotasunean euskaraz mintzatu zen, proposamena onartzeko borondate politikoaren falta salatuz. Kongresuko presidenteak, José Bonok, ez zuen bere hitzaldia moztu, baina amaitu zuenean ohartarazi zion legez Kongresuan espainieraz hitz egin beharra zegoela, eta ez zuela bere hitzaldia moztu Kongresuan askatasuna zegoela frogatzeko.[21][22]

« Ez al litzateke, normaltasunaz haratago, aniztasuna eta nazioaniztasuna aitortzea, Ganbera honetan gauden ordezkari askok sentitzen dugun moduan? Hala uste dugu eta ez dugu uste jardun honek inori kalte egingo liokeenik, baina beste gauza batez oso konbentziturik ere bagaude; nahiz eta proposamen hau eta antzekoen defentsan eztarria urratu, nahiz eta aldeko argudio guztiak bata bestearen atzetik aipatu eta nahiz dugun denbora guztian zehar zuek konbentzitzen saiatu, zuek gor jarraituko duzue, aurretik erabakia hartua duzuelako, eta erabaki hori geure hizkuntzan mintzatzeko eskubidea ukatzea da, alajaina. Horregatik, ziurrenik onena behingoaz eskubide hau erabiltzea izango dela uste dut (Bere hitzaldia euskaraz jarraitzen du-—Diputatu batzuek entzuten ez diren hitzak ahoskatzen dituzte). Eskerrik asko, presidente jauna. »

—Kongresuko bilkuren egunerokoak era honetan bildu zuen Estebanen hitzaldiaren euskarazko pasartea[23][oh 2]


X. legealdia (2011-2015)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Diputatuen Kongresuko saio bat 2014ko ekainean, Aitor Esteban EAJren taldeburua zelarik

2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren Iñigo Urkulluk lehendakaritza eskuratu zuen eta Josu Erkoreka, EAJren Kongresuko taldeburua, Herri Administrazio sailburu eta Jaurlaritzaren bozeramaile izendatu zuen. Hori zela eta bere Kongresuko jarlekuari uko egin zion, eta EAJ-k Aitor Esteban izendatu zuen taldeburua. 2013ko urtarrilean hasi zen Euskal Taldearen bozeramaile lanetan.[24]

2013ko otsailaren 21ean, Nazioaren Egoeraren Eztabaidan, Mariano Rajoyren politika zentralista salatu zuen, baita gobernuaren politika ekonomiko eta soziala ere. Estatuko ustelkeria kasuei errepasoa egin zien, non bereziki azpimarratu zituen Bárcenasen afera eta monarkiaren egoera. Gobernuaren lege zentralistak kritikatu zituen, hala nola Hezkuntza Legea eta Udal Administrazioaren Legea, euskal autogobernuari kalte handia egiten ziotela adieraziz. Azkenik, Euskadi eta Kataluniaren berezitasuna aitortzeko beharra plazaratu zuen, aldebiko harreman bat ukatuz gero lurraldeen eta Estatuaren arteko tentsioak gora egingo zuela ohartaraziz.[25] Hilabete berean, EAJren Bizkai Buru Batzarreko lehendakari berri Itxaso Atutxa (Aitor Estebanen emaztea) hautatu zuten alderdikideek, Andoni Ortuzar (EBB zuzentzera igaro zena) ordezkatuz.[26]

2013ko irailaren 25ean legez besteko proposamena aurkeztu zuen, Gernikako estatutuari jarraiki, Espainiako polizia eta Guardia Zibilen kopurua murrizteko. Estebanek estatutuaren 17.1 artikulua urratzea leporatu zion Espainiako Gobernuari, ETAren aurkako borroka aitzaki hartuta, eta mila biztanletik 5 polizia edo guardia zibileko ratioa zegoela ekarri zuen gogora, gehiegizkotzat joz. CiU eta Amaiur taldeen babesa izan zuen, baina PP, PSOE, UPD eta UPN-k aurka bozkatu zuten eta beraz ez zen onartu.[27]

2013an "Emilio Castelar" Hizlari Onenaren Saria eskuratzeko finalisten artean egon zen, Parlamentuko Kazetarien Elkarteak izendatua, baina azkenean IUko Gaspar Llamazaresek irabazi zuen.[28]

2014ko apirilean 8an Kataluniako Parlamentuko ordezkaritza bat (Jordi Turull, Marta Rovira eta Joan Herrera) joan zen Diputatuen Kongresura, Kataluniako Generalitatearentzat erreferendum kontsultibo bat egiteko baimena eskatuz. Proposamena ez zen onartu, alderdi abertzaleek eta IU-k soilik onartu baitzuten. Aitor Estebanek bere txandako lehen hitzak katalanez egin zituen, eta Madrilgo klase politikoari Kataluniako aferan izandako utzikeria aurpegiratu zion, Artur Masi negoziazio-prozesu bat ukatu ondoren kontsultarekin aurrera jarraitzea baino beste biderik ez ziotela utzi esanez.

2014ko ekainaren 10ean, Juan Carlos I.aren abdikazioaren eta Felipe VI.aren koroazioaren harira, koroazio-zeremonian Felipe VI.ak armadako buruzagiaren uniformea janzteko aukera kritikatu zuen, beste garai batzuen ezaugarri zela esanez, eta zeremoniara zibilez jantzita joan beharko lukeela adierazi zuen.[29]

XI. legealdia (2015-2016)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2015eko Espainiako hauteskunde orokorrek Kongresuko panorama politikoa aldatu zuten, ordurarteko bipartidismoaren amaiera ekarri baitzuten. Aitor Esteban EAJren zerrendaburua izan zen Bizkaian, eta hauteskundeak irabazi zituen, Bizkaian zerrenda bozkatuena izan baitzen, 3 eserleku lortuz. Hala ere EAEn Ahal Duguk jeltzaleek baino boto gehiago eskuratu zituen. Aitor Estebanek euskal gizartea aurreko legealdiko PPren gobernuarekin ez zela gustura bizi izan esan zuen, eta alderdi guztiekin hitz egiteko prestutasuna adierazi zuen.[30]

Pedro Sánchez inbestidura-saiora aurkeztu zen Ciudadanosen babesa eskuratu ondoren, baina Aitor Estebanek EAJk ezezko botoa emango ziola iragarri zuen, "euskal agenda"-ri erreferentziarik ez egiteaz gain Ciudadanos bezalako alderdi batekin egindako akordioaz ez zirelako fidatzen, eta Sánchezi bestelako itunak egiten saiatu ez izana aurpegiratu zion.[31][32] Inbestidura-saio horretan Estebanek izandako lapsus linguae batek oihartzuna izan zuen sareetan, "Bilbado" deitu baitzion Bilbori, eta umoretsu berak nola esan jakin beharko lukeela adierazi baitzuen.[33][34]

XII. legealdia (2016-2019)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2016ko hauteskunde orokorretako EAJren boto-papera Bizkaian, Aitor Esteban zerrendaburu

2016ko hauteskundeetan Aitor Esteban izan zen berriz EAJren zerrendaburu Bizkaian, alderdiak aurreko hauteskundetan aurkeztutako lantaldean aldaketarik ez egitea erabaki baitzuen. EAJ bigarren indarra izan zen Euskadin, baita Bizkaian ere, Ahal Dugu eta IUren aliantzaren mesedetan eserleku bat galdu baitzuen. Hala ere legealdi honetan EAJren 5 jarlekuak giltza izan ziren zenbait auzitarako, eta Estebanek taldearen posizioa babestu zuen espainiar Estatuaren historia politiko hurbila markatu duten saioetan.

Ez zuen Mariano Rajoy babestu inbestidura-saioan, baina saio horretako eztabaidan zehar oihartzun handieneko pasarte baten protagonista izan zen. Mariano Rajoy-k esaera zaharrak gogoko zituela jakitun, bere babesa lortzeko "euskal agenda"-ri erreparatu beharko ziola esateko honakoa aholkatu zionː

"Benetan maite banauzu, Mariano, emadazu egur gutxiago eta ale gehiago"[oh 3]

Eta horrela erantzun zion Mariano Rajoy-k, beste erantzunik bururatu ez zitzaiola esanezː

"Aleak nahi badituzu, Aitor, nire traktorea lagako dizutǃ"[oh 4]

Ateraldi honek oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, diputatu asko barrez hasi ziren eta aurrerago egin diren saioetan ere aipatu izan du Aitor Estebanek.[35]

Mariano Rajoyren gobernuarekin 2017ko aurrekontuak adostu zituzten, baita kupoa eguneratzeko legea ere. Aurrekontuen negoziaketan "euskal agenda" mahai gainean jarriko zutela adierazi zuten, eta 36 puntuko akordioa sinatu zuten Espainiako Gobernuarekin.[36] Akordioak euskal hiritargoarentzat onura handiak ekarriko zituela esan zuten, zenbait aldarrikapen historiko betetzen baitzituen, besteak beste "Euskal Y" AHT sarea, euskal industrien tarifa elektrikoan onurak eta Ertzaintzaren koordinazioan hobekuntzak.[37]

2017ko urriaren 17an eztabaida gogorra eduki zuen Toni Cantó diputatuarekin Kataluniako hezkuntza-sistema publikoko doktrinamendua salatzen zuen proposamen baten eztabaidan, Cantóren alderdiak (Ciudadanos) aurkeztua eta berak babestua.[38] Cantók egindako hitzaldiari irmo erantzun zion, berearekin bat ez zetozen pentsaerak onartzeko gai ez zela esanez. Euskal zein kataluniar abertzaletasunak hezkuntza-sistema doktrinamendurako erabiltzen dutela ukatu zuen, eta espainiar nazionalismoaren hasiera eskolan kokatzen dela ekarri zion gogora. Azkenik, "arrazista" zela aurpegiratu zion bere diskurtsoan erabilitako argudiaketagatik, non espainiar eta kataluniar jatorriko abizenen artean bereizketa egin zuen. Honen ondoren Toni Cantók hitza eskatu zion Ana Pastor presidenteari, Estebani "arrazista" hitza erretiratzeko eskatuz eta Sabin Aranaren alderdiko kide izatea aurpegiratuz. Aitor Estebanek ez zuen hitza erretiratu. Bai bere hitz-tartean zehar bai azken erantzunaren ondoren diputatu askoren txaloak jaso zituen Aitor Estebanek, eta gertaerak oihartzun handia izan zuen sarean.[39]

2018ko aurrekontuen negoziaketa Kataluniako egoerak markatu zuen. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren eta hurrengo asteetako gertaeren ondoren Rajoy-ren gobernuak 155. artikulua jarri zuen indarrean, Kataluniako Gobernuko kideak kargugabetu zituen eta horietako zenbait espetxeratuak izan ziren. Egoera horretan, EAJ-k elkartasuna adierazi zien espetxeratuei eta ez zuela inolaz ere negoziaketarik hasiko adierazi zuen, 155. artikuluak autogobernuari eraso egiten ziolako. Hartara, Rajoy-ren gobernuaren etorkizuna kolokan zegoela zabaldu zuten zenbait komunikabidek, eta aurrekontuak onartuko ez balira hauteskundeak aurreratuko zirelako ideia hedatu zen, EAJ alde batetik zein bestetik presionatuz.

2018ko apirilaren 17an Aitor Estebanek Jordi Sànchez bisitatu zuen Madrilgo Soto del Realgo espetxean, eta ordubete inguruko solasaldia mantendu zuen Junts per Catalunya-ko politikariarekin. Bi politikariak lagunak dira, eta bilera Sànchezek eskatuta egin zen. Estebanek "oso lasai, sendo eta indartsu" ikusi zuen Sànchez, eta haren elkartasuna zein babesa agertu zizkion. Ez zuten Estatuko aurrekontuen negoaziaketaz hitz egin, bai ordea Kataluniako egoera politikoaz, eta 155. artikuluaren indarraldia amaitzeko Kataluniako Gobernu egonkor bat eratzeko beharrean bat etorri ziren, 2017ko hauteskundeen ondoren ezarritako blokeo-egoera bideratzeko.[40][41][42][43]

Gauzak horrela, azkenean EAJ-k akordioa lortu zuen 2018ko aurrekontuak ere onartzeko. Adierazi zutenez alderdi katalanekin etengabeko kontaktuan egon ziren, eta 155. artikuluaren amaiera oso hurbil zegoela baiezta zezaketen. PPren gobernuarekin Euskadirentzat 540 milioi euroko inbertsioak adostu zituzten, baina pentsiodun guztien pentsioak igotzeko akordioa izan zen negoziaketa bideratu zuena.[44] Aitor Estebanek Kataluniako autogobernua berreskuratzeko ahal zuten guztia egin zutela adierazi zuen, baita oso sakon hausnartutako erabakia zela ere, Euskadiko herritarren interesak alderdiaren interesen gainetik jarriz. “Aurrekontuak ez onartzeak eragingo lukeen krisi politikoak 155. artikuluaren aplikazioa luzatuko luke eta hori da, hain justu, guk saihestu nahi duguna”, adierazi zuen.

2018ko aurrekontuak onartu eta hurrengo egunean, maiatzaren 25ean, Auzitegi Nazionalak Alderdi Popularraren aurkako epai gogorra ebatzi zuen Gürtel afera zela eta. Honen aurrean, PSOEk zentsura mozioa aurkeztu zuen Kongresuan, eta gainerako alderdiei Pedro Sánchez babes zezaten eskatu zien. Aitor Estebanek PP-k ustelkeria arazo larria zuela eta Sánchezekin hitz egiteko prest zegoela adierazi zuen, eta Euskadirekiko zein planteamendu zuen jakiteko beharra azpimarratu zuen.[45] Zentsura mozioaren eztabaida-saioa maiatzaren 31n egin zen, eta EAJk ordu gutxi batzuk lehenago zabaldu zuen Sánchezen alde egingo zuela, egonkortasunaren mesedetan.[46] Aitor Estebanek hitz egiteko izan zuen tartean euskal herritarren gehiengoak eskatzen ziena egingo zutela esan zuen, eta oso kritiko agertu zen Espainiako egoera politikoarekin, alderdi handiek akordioetara heltzeko zuten ezintasuna eta Estatuko gobernagarritasuna 5 diputatu jeltzaleren esku utzi izana deitoratuz.[47]

2019ko otsailaren 2an Aitor Estebanek bere alderdiak ez ziela 2019ko aurrekontuei osoko zuzenketarik aurkeztuko argitu zuen.[48]

2019ko otsailaren 12an 2017ko gertakarien harira auzipetutako buruzagi katalanen epaiketa hasi zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Auzipetuei babesa adierazteko Auzitegi Goreneraino bertaratu zen eta leporatzen zitzaizkien karguak zentzugabeak zirela esan zuen, haien kontra ezarritako presoaldi prebentiboa gaitzetsiz. Elkarrizketaren aldeko jarrera azpimarratu zuen, eta epaiketaren ondoren auzipetuak kargurik gabe geratzeko nahia adierazi zuen.[49]

2019ko otsailaren 13an Diputatuen Kongresuan urte bereko aurrekontuen harira egindako eztabaidan aurrekontuaren tramitazioa onartzea babestu zuen, Gobernuak horretarako babes ziurrik ez zuela. PP eta Ciudadanos kritikatu zituen gobernuaren aurka hartu zuten jarrera oldarkorragatik, eta hauteskunde deialdi berri baterako aitzakia bila baino ez zirela ibili esan zien, horretarako Vox eskuin muturreko alderdiarekin elkartuz. Era berean, Kataluniako ERC eta PDeCAT alderdiei euren aurkako jarrera berriz pentsatzeko deia egin zien. Aurreko egunean bertan hasi zen 2017ko gertakariengatik preso zeuden politikari katalanen aurkako epaiketa Auzitegi Gorenean, eta arazoak konpontzeko bide bakarra elkarrizketa eta politika zirela adierazi zuen, lehenago edo beranduago erreferendum bat egin beharko zela azpimarratuz. Hala ere panorama eta momentu politikoak ulertzen jakin behar dela esan zien, eta aurrekontuak onartzea eskatu zien "elkarrizketarako sinbolo gisa".[50]

Azkenean alderdi independentistek osoko zuzenketak babestu zituzten, eta aurrekontuak bertan behera geratu ziren. Honen aurrean Pedro Sánchez presidenteak hauteskundeak aurreratuko zituela iragarri zuen otsailaren 15ean, apirilaren 28rako. Egun berean Aitor Estebanek hauteskunde deialdiaren balorazioa egin zuen prentsaurreko batean, eta EAJ hauteskundeetarako prest zegoela esan zuen. Politika asko egin beharko zela adierazi zuen, eta euskal gizarteak bere taldeak Madrilen Euskadiren alde egindako lana aintzat hartzen jakingo zuela konbentziturik agertu zen. Era berean lehen aldiz Espainiako Gobernuak Euskadiren hainbat transferentzia bete gabe daudela onartzea ekintza positibotzat hartu zuen, eta Pedro Sánchezek hauteskunde-data EAJrekin kontsultatu ez arren euren marra gorria errespetatu zuela esan zuen, alegia, hauteskunde orokorrak maiatzaren 26ko hauteskundeekin ez batzea.[51]

XIII. legealdia (2019-)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2019ko otsailaren 3an, oraindik hauteskunde data iragarrita ez bazegoen ere, EAJren Aberri Batzarrak Estatuko hurrengo hauteskunde orokorretarako zerrendak onartu zituen. Azkenean 2019ko apirilaren 28rako iragarri ziren, eta Aitor Esteban izango da Bizkaiko zerrendaburua Kongresurako.[52]

Bizitza pertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkonduta dago eta bi seme ditu, Aritz eta Oier.[53] Bere emaztea Itxaso Atutxa da, EAJren BBBko lehendakaria. Gaur egun Zeberion bizi da bere familiarekin, eta astero Madril eta Bizkaia artean joan-etorrika ibiltzen da. Batez beste, astean zehar 3 gau igarotzen ditu Madrilen.

Aitor Esteban 2012ko ekainean Elgoibarko Ziardamendin, 1936an eroritako gudarien hilotzak ateratzeko indusketa-lanetan Aranzadi Elkartearekin

Oporretan bere amaren herrira joan ohi da (Cañamaque, Soria), 168 m2-ko etxea eta korta bat ditu bertan. Baina udan atseden hartzeko aukeratzeaz gain, ikerketa-lan baterako gai gisa ere aukeratu zuen Cañamaque. "El señorio de Serón. Una aproximación genealógica (siglos XIV-XIX)" lanean (euskarazː Serongo jaurerria. Hurbilketa genealogiko bat (XIV-XIX mendeak)) 1398ko dokumentu bat aurkitu eta Serongo lehen jauna izan litekeenaren izena ematen du (Lope Fernández de Padilla), baita jaurerriak zuen foru-erregimenaren berri eman ere.[35][54]

Kirolzalea da, gaztetan errugbian aritutakoa, eta errugbi zalea izateaz gain, Athletic futbol taldearen jarraitzailea ere bada. Ildo horretan, askotan aldarrikatu du euskal kirol taldeen ofizialtasuna. Bestetik, Amerikako indioen tribuak oso gustuko ditu, bere lanean euren legeria berezia ikertu eta aztertu baitu. Tribu indigenen AEBetako erreserbak bisitatu ditu eta zenbait lagun indigena ditu. Estebanek lortu zuen Espainiak NBEren Herri Indigena eta Tribuei buruzko OIT 169 Hitzarmena berrestea.[55]

Hizkuntzak maite ditu, “bereziki hizkera ezberdinen soinua”, eta euskaltegi batean irakasle izandakoa da zenbait urtez.[1] Euskara eta gaztelania ditu ama-hizkuntzak, baina ingelesez ere ondo moldatzen da (esan duenez, Amerikako kultura indigenei buruz publikatzen zen guztia irakurri ahal izateko ikasi zuen). Horretaz gain, frantsesez ere badaki, alemanaren eta arabieraren oinarrizko ezagutza du, eta gai da sioux hizkuntzaz zerbait esateko.

Etengabe ari da ikerketa lanean, gogoko ditu antzinako mapak, agiriak eta paperak. Oroimen historikoa ere bada bere pasioetako bat, sarritan lankidetzan aritu izan da Sabino Arana fundazioarekin eta Aranzadi Elkartearekin, eta besteak beste ‘Goazen Gudari danok...’ Guda Zibilean abertzaleen parte hartzea azaltzen duen historia liburua egiteko prozesuan parte hartu izan du (bere senide bat aurkitu zuten 2012ko ekainean Zirardamendi mendiko hobi komun bateanː Sabin Atutxa Olabarri, Itxaso Atutxaren osaba).[56][57][58] Istorio hori kontatuz 2014ko Baleuko ekoiztetxearen Goazen gudari danok dokumentalean parte hartu zuen, Iban Gonzalezek zuzendua, ETB 1 eta ETB 2n emititu zena euskaraz zein gaztelaniaz. Ildo beretik, ez du baztertu egunen batean liburu propioren bat argitaratzeko aukera “hasita daukadana amaitzeko denbora dudanean”.

  1. Es curioso que esta propuesta de Estatuto de Andalucía, este “plan Chaves”, va a salir gracias a los votos de esos nacionalistas insolidarios y egoístas que quieren romper el Estado
  2. ¿No sería un reconocimiento, más allá de la normalidad, de reconocimiento de pluralidad y de plurinacionalidad, que es como lo sentimos muchos de los representantes que estamos en esta Cámara? Creemos que sí y creemos que no dañaría a nadie este ejercicio, pero también estamos absolutamente convencidos de una cosa, y es que por mucho que nos desgañitemos en la defensa de esta proposición o de otras similares, que desgranemos argumento tras argumento, que consumamos todo el tiempo que tenemos establecido para intentar convencerles, ustedes van a tener los oídos sordos, porque ustedes ya lo han decidido de antemano y han decidido, nada más y nada menos, que negarnos el derecho a hablar en nuestra lengua propia. Así que, probablemente, creo que lo mejor va a ser utilizar por una vez este derecho. (Continúa su intervención en euskera.—Varios señores diputados pronuncian palabras que no se perciben.) Muchas gracias, señor presidente.
  3. Si bien me quieres, Mariano, da menos leña y más grano. Estebanek gaztelaniazko Si bien me quieres Juan, tus obras me lo dirán (Benetan maite banauzu, Juan, zure ekintzek erakutsiko didate) esaeraren moldaketa propio bat zela esan zuen.
  4. ¡Si quieres grano, Aitor, te dejaré mi tractor! (gaztelaniaz euskaraz ageri ez den errima-jokoa du).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b (Gaztelaniaz) «Aitor Esteban respon a Osoigo: "¿Cuándo aprenderás euskera?" vía @osoigo» Osoigo (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  2. Alkorta, Itziar. (2004). «Andres Urrutia Badiola Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko irakaslea, notarioa eta Euskaltzainburua» Eria: 91-96. (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  3. Urrutia, Andres. «"Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877" liburuaren hitzaurrea» www.habe.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  4. (Gaztelaniaz) «Ficha de tesis» Teseo (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  5. (Gaztelaniaz) Esteban Bravo, Aitor. «Aitor Esteban Bravo | LinkedIn» LinkedIn (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  6. Irazabal Agirre, Jon. (2008). Gerediagana. Gerediaga Elkartea, 21,22 or. ISBN 9788493616816..
  7. (Gaztelaniaz) «Aitor Esteban sustituye a Josu Erkoreka como portavoz del PNV en el Congreso» El Mundo 2012/12/18.
  8. (Gaztelaniaz) Congreso, EAJ-PNV. (2018). «.@AITOR_ESTEBAN @LasMananas_rne: "No nos confundamos, los líderes políticos catalanes encarcelados lo único que han intentado es que la ciudadanía pudiera meter un papel en una urna. Son presos políticos"» @EAJPNV_Congreso Twitter (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  9. (Gaztelaniaz) «VIII. legealdiko fitxa Kongresuko webgunean» Congreso de los Diputados.
  10. (Gaztelaniaz) Congreso de los Diputados. «Diario de Sesiones» (PDF) Diario de Sesiones.
  11. (Gaztelaniaz) Congreso de los Diputados. «Diario de Sesiones del Congreso de los Diputados» (PDF) Diario de Sesiones.
  12. Barros García, Pedro & Barros García María Jesús, 2007. "Descortesía en el lenguaje político" in Las Hablas Andaluzas y la Enseñanza de la Lenguaː Editorial Universidad de Granada
  13. (Gaztelaniaz) 20Minutos. (2006-04-27). «El Congreso declara al 2006 como "Año de la Memoria Histórica" para homenajear a las víctimas de la Guerra Civil» 20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  14. (Gaztelaniaz) «IX. legealdiko fitxa Kongresuko webgunean» Congreso de los Diputados.
  15. (Gaztelaniaz) Rivera, Sylvia. (2008). El PNV propone en el Congreso que los transexuales puedan cambiar de nombre en el DNI sin necesidad hormonarse dos años. Asociación de Transexuales de Andalucía (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  16. (Gaztelaniaz) Reyero, Itziar. (2010-02-05). «PNV: "Donde tiene que estar el "Guernica" es en Euskadi" - Cultura - ABC.es» ABC (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  17. (Gaztelaniaz) EuropaPress. (2010). «'No' a las selecciones autonómicas en competiciones internacionales - MARCA.com» www.marca.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  18. (Gaztelaniaz) Press, Europa. (2010). «Sáhara.- El PNV condena el "asalto violento" de Marruecos y exige al Gobierno que tome partido» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  19. (Gaztelaniaz) «Por fín: de “Ourense”, “Lleida” e “Illes Balears” a “Araba/Álava”, “Bizkaia” y “Gipuzkoa”» Blog de Josu Erkoreka 2011-02-15 (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  20. (Gaztelaniaz) Razón, La. (2011-02-15). «Las tres provincias vascas llevarán el nombre en euskera» www.larazon.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  21. (Gaztelaniaz) Europa Press. (2011). «PNV y ERC intervienen en euskera y catalán en el Congreso» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  22. Euzkadi Buru Batzarra. (2011). «Aitor Estebanek euskaraz jardun du Kongresuan» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  23. (Gaztelaniaz) (PDF) Diario de Sesiones del Congreso de los Diputados, sesión plenaria núm. 221. (Noiz kontsultatua: 2011-03-22).
  24. (Gaztelaniaz) REYERO, I.. (2012-12-18). «Aitor Esteban, nuevo portavoz del PNV en el Congreso» ABC.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  25. (Gaztelaniaz) Europa Press. (2013). «PNV muestra su escepticismo ante Rajoy, le pide diálogo y un "nuevo marco" para el País Vasco y Cataluña» www.europapress.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  26. (Gaztelaniaz) EFE. (2013-02-21). «Itxaso Atutxa, presidenta del BBB» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  27. Berria.eus. (2013). «PPk eta PSOEk ez dute onartu Espainiako poliziak gutxitzeko eskaera» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  28. (Gaztelaniaz) Ganadores Premios Parlamentarios 2013 | Periodistas Parlamentarios. (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  29. (Gaztelaniaz) Ubarretxena, Aitor. (2014). «El PNV critica que Felipe VI pueda proclamarse rey vestido de militar» El Periódico (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  30. (Gaztelaniaz) «Aitor Esteban, diputado del PNV: "La sociedad vasca no ha vivido a gusto esos cuatro años de gobierno del PP"» laSexta.com (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  31. (Gaztelaniaz) infoLibre. (2016-03-02). «El PNV votará 'no' porque el pacto no contempla una agenda vasca» infoLibre.es (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  32. (Gaztelaniaz) EITB. (2016-03-02). «Aitor Esteban: 'En el acuerdo no hay ninguna referencia a Euskadi'» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  33. (Gaztelaniaz) ELMUNDOTV. (2016-03-05). «A Aitor Esteban, portavoz del PNV, se le cuela un 'Bilbado'» ELMUNDOTV (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  34. (Gaztelaniaz) 20Minutos. (2016-03-04). «Twitter se burla del "bilbado" del diputado del PNV: "Se supone que yo sé cómo decirlo"» 20minutos.es - Últimas Noticias (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  35. a b (Gaztelaniaz) Iglesias, Leyre. (2017-05-09). «El botín de Aitor Esteban, el abanderado del Cupo vasco» El Mundo (Noiz kontsultatua: 2019-01-08).
  36. (Gaztelaniaz) Eusko Alderdi Jeltzalea. [https://www.eaj-pnv.eus/es/adjuntos-documentos/18556/pdf/2017rako-estatuko-aurrekontu-orokorrak «EAJ-PNVk Espainiako Gobernuarekin hitzartu duen akordioa 2017rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestera begira»] (PDF) www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2017).
  37. Euzkadi Buru Batzarra. (2017-05-23). «EAJ-PNVk aurrekontuei buruzko ituna hitzartu du euskal hiritargoarentzat oso ona dena eta akordio politikoak eta autogobernuari eta inbertsioei buruzkoak barnean hartzen dituena» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  38. (Gaztelaniaz) Mayor Ortega, Leonor. (2017-10-17). «Esteban explota contra Cantó y le llama racista por decir que en las escuelas catalanas se adoctrina» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  39. (Gaztelaniaz) «Diario de Sesiones de Pleno y Diputación Permanente, sesión plenaria núm. 78» (PDF) Diario de Sesiones del Congreso de los Diputados (Noiz kontsultatua: 2017-10-17).
  40. EITB. (2018-04-19). «Katalunian Gobernu egonkorra osatzeko itxaropena agertu dio Sanchezek Estebani» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  41. (Gaztelaniaz) Villameriel, Miguel. (2018-04-19). «Aitor Esteban visita a Jordi Sànchez en la cárcel para tantear las opciones de que haya Govern» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  42. (Gaztelaniaz) Vallín, Pedro. (2018-04-19). «Aitor Esteban y Jordi Sánchez coinciden en la urgencia de que haya Govern» La Vanguardia (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  43. (Gaztelaniaz) «Aitor Esteban visitó a Jordi Sànchez en la cárcel a petición del dirigente catalán» EL MUNDO 2018-04-19 (Noiz kontsultatua: 2019-01-09).
  44. Euzkadi Buru Batzarra. (2018-05-23). «Euzko Abertzaleak taldeak Aurrekontuak babestearekin bermatuko da pentsioak orokorrean igotzea eta Euskadira 540 milioiko inbertsioak ekartzea» EAJ-PNV Kongresua www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  45. Euzkadi Buru Batzarra. (2018-05-25). «Aitor Estebanek aditzera eman duenez EAJ-PNV prest legoke Pedro Sánchezekin zentsura mozioaz hitz egiteko» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  46. Euzkadi Buru Batzarra. (2018-05-31). «EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak zentsura mozioaren alde bozkatzea erabaki du» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  47. Euzkadi Buru Batzarra. (2018-05-31). «Aitor Esteban: “'Baiezkoa' bozkatuko dugu euskal hiritargoaren gehiengoak eskatzen duenari erantzuten diolako”» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  48. Batzarra, Euzkadi Buru. «Aitor Estebanek iragarri du EAJk ez diela Aurrekontu Orokorrei osoko zuzenketarik aurkeztuko» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  49. Batzarra, Euzkadi Buru. «Aitor Esteban Auzitegi Gorenean: “Auziperatuak kargurik gabe eta libre geratzea espero dugu”» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  50. Batzarra, Euzkadi Buru. «Aurrekontuak izapidetzea eskatu du Aitor Estebanek, “elkarrizketaren aldeko sinbolo gisa”» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  51. Batzarra, Euzkadi Buru. «Aitor Esteban: “A-28ak EAJ hartu du 'prest', zerrendak eginda eta euskal hiritargoak Madrilen egin dugun lanari eman dion abalarekin”» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  52. Batzarra, Euzkadi Buru. «EAJ-PNVren Aberri Batzarrak Izaskun Bilbao Barandica izendatu du zerrendaburu maiatzaren 26an Europako Parlamentua aukeratzeko egingo diren hauteskundeetarako» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-02-15).
  53. Euzkadi Buru Batzarra. «Gure Burukideak: Itxaso Atutxa Atutxa» www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  54. Esteban Bravo, Aitor, 2001. "El señorío de Serón: Una aproximación genealógica (siglos XIV-XIX)" in Celtiberia nº94ː 309-335
  55. Euzkadi Buru Batzarra. «Gure Taldea AITOR ESTEBAN BRAVO» EAJ-PNV Kongresua www.eaj-pnv.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  56. (Gaztelaniaz) Zabala, Aitor. (2014-01-28). «Identificados dos de los cuerpos de la Guerra Civil exhumados en Aiastia» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).
  57. (Gaztelaniaz) Gorriti, Iban. «La fosa de los gudaris marcada por el ADN» (PDF) Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2014-07-14).
  58. Sabino Arana Fundazioa. (2014-09-16). «“Goazen gudari danok…”ek San Migeleko guduaren bost ikuspuntu bildu ditu liburu batean» www.sabinoarana.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-07).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]