Agadirko krisialdia
Agadirko krisialdia | |||
---|---|---|---|
Frantziar tropak Marokon Agadirko krisialdian | |||
Data | 1911ko apirila – azaroa | ||
Lekua | Agadir ( Maroko) | ||
Koordenatuak | 32°N 6°W / 32°N 6°W | ||
Emaitza | Fezko ituna | ||
Gudulariak | |||
| |||
Agadirko krisialdia 1911ean Frantzia eta Alemaniaren artean gertatu zen gorabehera militarra eta diplomatikoa izan zen. Gertaera Alemaniako itsas armadak Marokoko Agadirko badiara SMS Panther kanoiontzia bidali zuenean gertatu zen.[1] Lehen Mundu Gerra piztu eta hiru urtez aurreratu zezakeen gertakari honek, ez zuen ondorio larririk izan behinik behin.
Arrazoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XX. mendearen hasiera, Frantziak Aljeria gobernatzen zuen eta ardura sortu zitzaion mendebaldean Marokorekin zuen mugaren segurtasunaren inguruan. Maroko, garai hartan, oraindik kolonizatua izan ez zen Afrikako herrialde bakarrenetako zen, eta horrek, europar herrialdeen arteko lehia sortu zuen, bereziki, Frantzia eta Alemaniaren artean, azken horrek kolonizazioaren lasterketan atzerapenez abiatu baitzen.
1904an Frantziak eta Erresuma Batuak adostasun adeitsua delako akordioa sinatu zuten: Frantziak eskuak libre utziko zizkion Erresuma Batuari Egipton, eta ordainean, Frantziak Marokon protektoratua ezartzeko aukera izango zuen.
1905eko martxoan, Marokoren gainean zituen asmoen erakusgarri, Gilen II.a enperadoreak Tangerren lurreratu zen eta Moulay Abd al-Aziz sultanarekin bildu zen. Honi Tangerko krisialdia deitu zitzaion eta tentsioak sortu zituen europar potentzien artean. Tentsio horiek baretzeko, 1906an nazioarteko konferentzia bat egin zen Algecirasen. Alemaniak Marokoren aferen inguruko interesaren onarpena lortu zuen eta Frantziak eta Espainiak Marokoren gaineko zenbait eskubide lortu zituzten polizia eta bankuen alorrean.
1911ko martxoan, Moulay Abd al-Hafid sultanak, matxinada baten mehatxupean zegoena, laguntza eskatu zuon Frantziari. Maiatzean frantses armadak Rabat, Fez eta Meknes okupatu zituen. Alemaniak hori Algecirasko akordioaren hausturatzat hartu zuen eta ekiteko erabakia hartu zuen.
Gertakariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Soussko haraneko alemaniar enpresak babesteko aitzakiarekin (artean lau alemaniar baino ez zeuden lurralde osoan, horien artean Mannesmann elkartekoak),[2] 1911ko uztailaren 1ean Alemaniak SMS Panther kanoiontzia Agadirko badiara bidaltzea erabaki zuen. Uztailaren erdialdetik aitzina, Pantherra SMS Berlin kruzeroarekin eta SMS Eber kanoiontziarekin txandaka aritu zen.
Alemaniak Frantziak Marokon egiten ari zen zabalkuntza kolpez gelditu eta Erresuma Batuaren eta Frantziaren arteko adostasun adeitsua ahuldu nahi zuen, baina Agadirren egin zuen operazioak ezusteko erreakzioak sortu zituen. Erresuma Batua berehala Parisen alde lerratu zen eta Berlin mehatxatu zuen. Frantziako gobernua, iritzi publikoaren laguntzaz, irmo mantendu zen eta erantzun militarraren aukera ere kontuan hartu zuen. Alemania eta Frantzia elkarren arteko gerra hasteko kinka larrian paratu ziren.
Joseph Caillaux Frantziako presidentearen gobernuak, gerraren ondorio larriez jabetuta, negoziatzearen alde agertu zen. Negoziazioetan, Frantziarren aldetik egon ziren Joseph Caillaux bera eta Jules Cambon, Frantziako enbaxadorea Berlinen, eta Alemanen aldetik, Kinderlen, Alemaniako kanpo arazoetarako ministroa. Negoziazio hauen ondorioz, Alemaniak uko egin zion Marokon presentzia izateari eta ordainean 272.000 km2 eskuratu zituen Frantziako Afrika Ekuatoretik, Gabondik, Kongo Frantsesetik eta Oubangui-Charitik, Kamerungo alemaniar koloniari batu zitzaizkionak.[3]. Akordio horretara urriaren 11ean iritsi ziren eta tratatu franko-aleman ofiziala Berlinen sinatu zen 1911ko azaroaren 4an. Azkenik, 1911ko azaroaren 28an Alemaniak bere itsasontziak Agadirretik erretiratu zituen, eta ondorioz, Frantziak ez zuen lehiakiderik izan Marokon egiten ari zen zabalkundean.
Ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1912ko martxoan, Fezko itunaren eraginez, Frantziak Moulay Abd al-Hafid sultanari bere protektoratua inposatu ahal izan zion. Ordutik aitzina, Marokoren independentzia itxuran baino ez zen geratu. Lyautey jenerala "egoiliar orokor" izendatu zuten, hau da, Marokoko gobernadore. Guzti honen ondorioz, Frantzia Afrikako ipar kostaldeko erdia baino gehiago kontrolatzera pasa zen.
Frantzia eta Alemaniaren arteko lehiakortasun hau Lehen Mundu Gerraren iragarle izan zen eta Frantzia eta Erresuma Batuaren arteko aliantza saiatzeko balio izan zuen. Era berean, Alemaniak Erresuma Batuarekiko zuen etsaitasuna areagotu zuen, 1914 eta 1918 bitarteko gerra hiru urte lehenago leher zatekeen ez balitz Joseph Caillauxeren trebetasunagatik eta Alemaniako burtsen izuagatik. [4],[5],[6]
Halaber, Frantziarentzat aukera izan zen 1870eko gerra franko-alemanean izandako porrotaren ondoren, oraindik Alsazia-Lorrena okupatzen zituen Alemaniari arrakastaz aurre egiteko. Alta, zenbait historialarik, esaterako Serge Berstein eta Pierre Milza,[5] uste dute emaitza nagusia «alemaniar inperialismoa indartzearen aldekoa» izan zela.
Garaiko Alemaniako prentsa nazionalistak arbuiatzen zuen gerra pizteko horrelako arriskuak hartu izana Kongoko urmaelangatik. Halere, Henry Kissinger nazioarteko harremanen adituaren arabera, Alemaniaren arazo nagusia zen hainbat urteetan inguruko herrialde asko gerrarekin mehatxatu zituela inongo helburu argi eta jakinik azaldu gabe, eta horrek, bere aurkako koalizioak bultzatu zituela bere koalizio propioak sortu gabe. Agardirkoaren beste ondorio ez zuzena izan zen britainiarrek eta frantsesez euren artean babestu beharreko itsaso eremuan banatu zituztela: lehenengoek Atlantikoa izan zuten, eta bigarrenek Mediterraneoa, eta egoera horrek are gehiago behartu zuen Erresuma Batua Lehen Mundu Gerran sartzera. [7].
Oswald Spengler filosofoak adierazi zuen gertaera hauek inspirazio iturri izan zirela Der Untergang des Abendlandes (Mendebaldearen gainbehera, 1918) entsegua idazteko.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) Jean-Claude Allain. (1976). Agadir 1911. Une crise impérialiste en Europe pour la conquête du Maroc. Paris: Université de Paris I Panthéon-Sorbonne ISBN 2-85944-004-6...
- ↑ Alfred Colling. (1949). La Prodigieuse Histoire de la Bourse. Paris: Société d'éditions économiques et financières..
- ↑ Neukamerun deitu zitzaion, bitartean Frantziak « Bec de Canardeko » mendebaldea bereganatu zuen .
- ↑ Joseph Caillaux, Mes Mémoires, 1943, tome 2, p.170 : Joseph Caillaux rapporte avoir obtenu des financiers français de banques allemandes qu'ils coupent les lignes de crédit lorsque l'ambassadeur allemand fait des demandes importantes. En même temps, il fait retirer du marché les disponibilités russes du marché allemand grâce à l'attaché financier de l'ambassade de Russie.
- ↑ a b Histoire de la France au XXème. , 223-227 or..
- ↑ Alban Dignat. 16 mars 1914, Mme Caillaux tire sur Gaston Calmette. ..
- ↑ Henry Kissinger, Diplomacy, 196-197. or.