Abbas Kiarostami
Abbas Kiarostami (persieraz: عباس کیارستمی; Teheran, 1940ko ekainaren 22a - Paris, 2016ko uztailaren 4a) irandar zinema-zuzendari eta gidoigilea izan zen. Arte Ederretako ikasketak egin zituen. Pintore eta diseinatzaile grafiko gisa jardun zuen lanean. 60ko hamarkadan, sormen handia erakutsi zuen publizitate-zinemagintzan, eta iragarki asko egin zuen. 1969an, Haur eta Nerabeen Adimen Garapenerako Institutuan sartu zen. Institutu horren babespean, hainbat film labur egin zituen, gehienak didaktikoak, adibidez, Nan va kuche. Iraultza Islamiarra baino lehen, bi film luze egin zituen. Iraultzaren ondoren, Iranen geratzea eta institutu horretan jarraitzea erabaki zuen. Haurren mundua islatzen dute Kiarostamiren film askok. 1987an, Jâne-ye dust koŷâst? filma grabatu zuen. Locarnoko 1989ko Jaialdian, oso harrera ona izan zuen, eta ospea eman zion nazioartean. Beste film aipagarri batzuk hauek dira: Avvaliha (1985), Mashq-e shab (1989), Nama-ye nazdik (1990), Zendegi va digar hich (1991), Olibondoetan zehar (1993), Gerezien zaporea (1997). Azken film horri Urrezko Palma eman zioten 1997ko Canneseko Zinemaldian. 2010ean, Copie Conforme (Copia Certificada) filmak Urrezko Galburua irabazi zuen Valladolideko Semincin, eta filmeko protagonista Juliette Binochek, Emakumezko Aktore Onenaren Saria, Cannesko Zinemaldian.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Abbas Kiarostami IMDb