Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Academia.eduAcademia.edu

Euskal komunikabideak Interneten

1998

KAZETARITZA Euskal komunikabideak Interneten Javier Díaz Noci, Koldo Meso Ayerdi EHUko irakasleak Saio honen helburua euskarazko kazetaritzak Interneten nolako presentzia duen adieraztea da. Gure arteko komunikabideak berandu eta lotsati samar sartu dira sareen sarean, eta haien egituran, lurralde aurreratuetako produktu elektronikoekin konparatuta ere, eskasiak badaude. Hala ere, mundu fisikoan gertatzen den legez, ziberespazioan ere euskarazko komunikazioak zenbait esparru konkistatzeko lanean dihardu. Testu honetan Interneten dauden euskal hedabideen historia egiteaz gain, haien ezaugarriak, haien proiekzioa eta etorkizunerako antzematen diren joerak ere azaltzen dira, beti ere mundu osokoekin parekatuz. In this essay, we explain which is the presence of the Basque-language journalism in Internet. Our media reached the Net late and fearful, and, if we compare them with those media of the most advanced lands, we can check that our digital journalism presents some important lacks. Nevertheless, as it happens in the physical world, also in cyberspace Basque-language journalism tries to conquer some space of its own. In this text we trace the history of the media present in Internet that uses the Basque-language, their characteristics, their projection and thein trends for the future, comparing them with the situation of the on-line journalism in the world. UZTARO, 27 - 1998, 23 - 32 23 Lehen pausuak Duela urte batzuk, 1989-1990ean alegia, orduan CERN laborategi europarreko eta orain hain ospetsua den Estatu Batuetako Massachusetts Institute of Technology-ko zientzia-gizona den Tim Berners-Leek programa bat asmatu zuen informazioa gordetzeko eta hipertestuaren aukerak aprobetxatzeko. «Hipertestu bat», zioen Berners-Leek, «alde guztiekiko erreferentziak dituzten loturak egitekoa da, horregatik, testu arrunt batekin konparatuta, oso agiri indartsua egin daiteke» (Berners-Lee, 1997: 10). Urtebete geroago, 1991eko udan, zientzialari honek bere asmakizuna jarri zuen Interneten: World Wide Web zuen izena (Mundu Osoko Amarauna). Ordudanik, hasieran Estatu Batuetako armadak asmatutako sare bat zena (Arpanet) eta gero batez ere akademikoen zera bat izan zena guztientzako tresna bihurtu zen, orain dela bost mende Mendebaldean inprentaren asmakizuna izan zenarekin pareka daitekeena. Gaur egun, 90eko hamarkadan, Internet, beste zerbitzu batzuek ere osatuta bada ere, WWWrekin identifikatzen da. Gure artean ere, Asociación para la Investigación de Medios de Comunicación (AIMC) delakoaren ikerketa baten arabera, Interneteko erabiltzaileen % 95,3 WWWra sartuak ziren 1996an eta 1997an, eta % 79,8 posta elektronikora (AIMC, 1997). Jauzi kualitatibo hau gertatu zen Tim Berners-Leeren programak edizio elektronikoaren (digitalaren) multimedia-aukerak inoiz baino hobeto erabiltzen zituelako, hau da, informazio ikusizkoa, soinuzkoa eta testuala batzen zituelako, eta informazio-kopuru eskergak, hipertestu edo hipermedia kontzeptuaren bitartez hierarkikoki eta organikoki antolatu eta erlazionatuta bideratzea posible egiten zuelako. WWWaren erakargarritasunak Interneteko beste zerbitzu batzuk baztertu egin ditu ia, hala nola Gopher, Archie edo Telnet, eta edukien edizioan iraultza oso bat ekarri du. Mendebaldeko kulturan hain erroturik zeuden kontzeptu batzuk, testu sekuentziala, irakurketa-modua edo masa-komunikazioa adibidez, gaur egun krisian daude, beraien indarra, dudarik gabe, oraindik handia bada ere. Argi dago beraz, Interneten eta batez ere WWWren zabalkundea egokia dela kazetaritza berria sor dadin, kazetaritza elektronikoa (batzuetan “multimedia eta interaktibo” hitzak gehitzen dira, irratitik, telebistatik eta teletestutik bereizteko batez ere) eta, hitz anglosaxoia erabiltzearren, online kazetaritza. Kazeta eta bestelako hedabideak sarera igaro dira, baina ez dira oso azkarrak izan: uholde handia 1994an eta 1995ean gertatu zen, informazioa erabili eta eskaintzen duten enpresa handiak Interneten beren produktuak jartzea erabaki zutenean. Lehenengo Estatu Batuetan, handik gutxira Europan, baita Espainian ere eta, berandu samar, Euskal Herrian. Erdarazkoak eta euskarazkoak. Une honetan, argitalpen periodistiko elektronikoak (zaila da guztiei “aldizkari” deitzea, guzti-guztiek ez baitute aldizkakotasunik) milaka dira munduan. Europan ere ehundaka ditugu. Euskal Herrian, dozenaka. Hala ere, gurean arrakasta erlatiboa da. Euskal Herriko enpresen kontserbadurismoaren ordainez kazetaritza elektronikoa berandu samar agertu da. Arrazoi enpresarialengatik, ez teknikoengatik, adieraz daiteke ahulezia hau. Euskal Herriko oso produktu gutxi saiatzen dira Interneteko edizioaren aukerak agortzen, askoz gutxiago euskarri fisikoko edizio elektroniko aberatsagoa: ez dugu euskal CD-ROM periodistikorik, Argia-rena izan ezik, UZTARO, 27 - 1998 24 eta hori ere 1997an. Ezin dugu inolaz ere konparatu Euskal Herriko egoera Kataluniakoarekin, adibidez. Han oso goiz egin zuten jauzia, eta ausartak ere izan dira: munduko egitasmo aurrerakoienetariko bat burutu dute El Periódico de Catalunya-koek, newspad izenekoa, hau da, erabat multimedia den egunkari elektroniko bat jasotzeko xafla elektroniko harigabeko bat. Gure testu honetan, laburki bada ere, euskarazko hedabide elektronikoen azterketa egingo dugu, eta euskararen erabilera Euskal Herriko komunikabideetan. Historia egiteaz gain, gaurko gure komunikabideak nolakoak diren eta zein diren beren ezaugarriak ere azalduko dugu. Ez dugu ikuspuntu kritikoa baztertu behar, kritika latz-latza ez bada ere. Hauxe da gure abiapuntua: konparaziorik egin gabe –oraingoz produktu ohikoak, batez ere inprimatuak, eta elektronikoak, ez dira behar bezala bereizi– aztertuko dugu ea informazioko produktu elektronikoak moldatu diren komunikabide berri-berria eta iraultzailea den Internetera eta edizio elektronikora. Inprenta asmatu zenean ere, eskuizkribuak eta liburu inprimatuak ez ziren hain ezberdinak, baina urte batzuen buruan, hala ere, monasterioko kopisten eta haien tekniken ordez beste lanbide bat sortu zen, inprimatzailearena. Bilakaera hartan, dudarik gabe, monasterio batzuetan tipo mugikorreko inprentak sartu ziren, baina, batez ere, enpresa berriak sortu ziren. Eta hauek zaharrak alboratu zituzten, monasterioek, printzipioz, sektoreko aurrerapenei aurre egiteko prestatuagoak baziruditen ere. Azterketa hau euskal komunikabide elektronikoen miaketa enpirikoan datza. Espainiako hedabide elektronikoen datu-base bat osatu dugu 1995etik, eta halako tipologia bat ere egin dugu. Interneten kontsulta daiteke datu-base hori (http://www.pd.lp.ehu.es/Website/Revistas/Propia/index.html) Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza II sailaren webgunean alegia. Egunero hedabideren bat sortzen da, baita Euskal Herrian ere. Ez dugu, haatik, gure hedabide elektroniko guzti-guztien zerrenda eman behar, hain aldakorra da eta. Hala ere, nahi duenak gure datu-base elektronikora jo dezake. Bigarrenik, 1997ko udan eta udazkenean galdera batzuk prestatu genituen eta Euskal Herriko komunikabideetako arduradunei bidali, fitxa morfologikoa egin eta enpresa-egituraren zenbait zehaztasun jakin ahal izateko. Datuok osatzeko, Interneten erabilerari buruzko AIMCren aipatu inkestaz baliatu gara, eta zenbait komunikabideren hedapenari buruzko datuak ezagutzeko Oficina de Justificación de la Difusión (OJD) delakoaren ikerketa ere erabili dugu. Bibliografiari dagokionez, kazetaritza elektronikoaren joeren berri edukitzeko batez ere Estatu Batuetako materialak erabili ditugu, haiek bideak markatzen dituztelakoan. Oso esanguratsua iruditu zaigu New Yorkeko Columbia Unibertsitateko John V. Pavlik irakasleak koordinaturiko artikulua. 1. Interneten erabilera Euskal Herrian Lehenik eta behin, azpimarratu behar dugu Interneten erabilera Euskal Herrian ezin dela konparatu Europako gainerako lurraldetakoarekin, askoz gutxiago Estatu Batuetakoarekin. AIMCk dioenez, 1996an eta 1997ko lehen erdian biztanleen % 3,8k bazuten Interneterako sarbidea, Espainian baino gutxixeago. Nafarroan UZTARO, 27 - 1998 25 % 5 dira Internet erabiltzeko aukera duten biztanleak. Hala eta guztiz ere, benetan Internet erabiltzen dutenak 92.000 lagun dira, Hego Euskal Herriko biztanleria osoa bi milioitik gorakoa izanik, hau da, euskaldunen % 2,7k erabiltzen dute Internet. Alemanian edo Suedian, aldiz, portzentaia hori % 6-8koa da. Beste datu batzuk: Dympanel izeneko enpresa batek Microsoft Ibéricarentzat egindako ikerketa batek dioenez, Euskal Herriko biztanleen % 16k erabiliko du Internet 2000. urtean, baina Suedian edo Ingalaterran, adibidez, % 30ek erabiliko du (Gutiérrez, 1998: 6). Alde handia, beraz. Kazetaritzari dagokionez, AIMCk aipatzen dituen Espainiako ehun webgune erabilienen artean Euskal Herriko bat ere ez da agertzen, ez eta egunkari irakurrienak ere (El Correo eta El Diario Vasco, adibidez). Espainiako egunkari elektroniko garrantzitsuenak, aldiz, badaude zerrenda horretan: bost webgune bisitatuenetan, Microsoft eta Yahoo bilatzailearekin batera, El País, ABC eta El Mundo daude. 2. Interneten dauden euskarazko komunikabideen sailkapena Ikus dezagun zein den euskarazko komunikabideen panorama Interneten. 1998ko lehen hiruhilabetean Euskal Herrian 60 bat komunikabide elektroniko zeuden. Horietatik dozena bat euskara hutsezkoak dira, eta beste 18k badute euskaraz zer edo zer. Hau da, ikertutako komunikabideen erdian euskarak badu presentziarik. Beste gauza bat da nolako komunikabideak diren eta zenbatek irakurtzen duten. Hala ere, nahikoa esanguratsua iruditzen zaigu kopuru hori, kontuan harturik gainera, hedabide tradizionaletan ez bezala, erakunde publikoen dirulaguntzarik ez dagoela. Beraz, gaur egun Interneten dauden Euskal Herriko komunikabide guztiak ekimen pribatuari esker –aldizkari ofizialak izan ezik, jakina– daude sarean. Horixe da, hain zuzen ere, beste datu interesgarri bat, bi arrazoirengatik: bata, benetako egoera eta indarren banaketa nolakoa den zinez ikus daitekeelako neurri handi batean, eta bestea, Interneti buruzko apustu eskasa eta beldurtia euskal erakundeen aldetik. Salbuespen batekin: Eusko Ikaskuntzaren Euskonews izenekoa, Akitania-Nafarroa-Euskadi fondoaren laguntzarekin bi urtetarako ibilbidea 1998ko lehen hilabeteetan hasi zuena. Sailkapena egiteko, irizpide batzuk erabil daitezke. Alde batetik, orain arte erabiliena, hau da, komunikabide-motaren arabera (idatziak, ikusentzunezkoak, eta haien barruan irratia –soinua nagusi– eta telebista –irudia nagusi– daudela), eta maiztasun edo aldizkakotasunaren arabera. Badago beste irizpide bat, oraingoz oso gutxi azaltzen dena, baina aurrerantzean –eta hau azpimarratzeari funtsezkoa deritzogu– nagusitu behar dena Interneteko komunikazioak arrakasta lortuko badu: medio berrira egokitutako eta berez pentsatutako komunikabideak izatea. Azken irizpide hau kontuan harturik, oso gutxi dira Euskal Herrian –munduan ere portzentualki oraingoz gutxiengo dira– bertsio elektronikoa baino ez duten komunikabideak. Euskaraz eta ingelesez, erdibana, agertzen da Gorka Jagobe Palazio Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearen Basque Media Mirror izeneko hilabetekaria. Honek ere, beraz, maiztasuna badauka –zeina hedabide tradizionalen baldintza eta ezaugarria da–, 1997ko udan sortu zenez geroztik. Gainerakoak (De bat a bat, Synapsis, Sprinet News, Bitniks eta Imagen Vasca) erdarazUZTARO, 27 - 1998 26 koak dira. Lerro hauek idazten ditugunean ia prest dago Eusko Ikaskuntzaren Euskonews izeneko zerbitzu informaziokoa, Iñaki Azkoagaren zuzendaritzapean. Bertan Euskal Herri osoko informazioa ematen da, eta Interneten ezaugarri berrietara egokitzen saiatzen da. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egina da, diasporako euskaldunengana ere iritsi nahian. Euskal Herriko hedabide elektroniko gehienak, bestalde, batez ere testualak dira. Arrazoi teknikoengatik –soinuak eta irudiak bidaltzea askoz ere mantsoagoa da testu hutsak bidaltzea baino– eta hedabide tradizionalekiko mendetasunagatik. Badago salbuespenik: oraingoz Interneten dagoen Iparraldeko komunikabide periodistiko bakarrak –Xirrixta eta Kometa haurrentzako komikien webgunea iragarki bat baino ez da–, Frantziako Telebistaren webguneak (France 3 Bayonne) alegia, badu irudi mugikorrik. Bestalde, sarean dauden gainerako hedabide ikusentzunezkoek, irratiak (Euskadi Irratia, Irola Irala Irratia, Radio Donosti eta Tas Tas Irrati Librea) zein telebistak (ETB, Bizkaia Telebista, Teledonosti, Canal 4 Navarra) testualak dira, hau da, betiko produktuen iragarkiak. Mundu osoan zehar bezalaxe, Interneten dauden komunikabide gehien-gehienak paperezko egunkari zein aldizkarien bertsio elektronikoak dira. Horregatik, nahitaez jarraitu behar dugu betiko sailkapena, aldizkakotasunaren eta motaren arabera. Hala ere, badirudi edizio fisikoaren ezaugarri hau desagertzear dagoela ziberespazioan, El País Digital-aren arduraduna den Mariló Ruiz de Elvirak dioenez: Llegará un día en que los diarios que se han adentrado en el ciberespacio (...) dejen de responder a la definición que de ellos hace el diciconario: “periódico que se publica todos los días” para pasar a ser “periódico que se publica a todas horas” (Ruiz de Elvira, 1997: 8). Hori ez da gaur egun Euskal Herriko prentsa elektronikoaren kasua. Hasteko, egunkari guztiak ez daude Interneten. El Diario Vasco eta El Correo, lehena nahiko goiz (1995eko abuztuan), bigarrena nahiko berandu (1996ko azaroan) egon badaude. Euskaraz ezer gutxi –batere ez El Correo-n, zer edo zer Diario-n, paperezko bertsioan bezalatsu–, baina behintzat Gipuzkoan hegemonikoa den egunkariak badu produktu elektroniko nabarmenik, belaunaldi berrien aldeko apostu garbia dena, eta euskarari esparruaren erdia edo eskaintzen diona: DV Ikasnet. Bada zerbait. Bestalde, egunkari “elebidunak” (elebiduntzat har badaitezke euskaraz %25 baino gutxiago argitaratzen dutenak) ez daude sarean: Egin eta Deia ezin dira kontsultatu Interneten. Nafarroan dauden bi egunkarietatik bat bakarrik dago ziberespazioan, berriena alegia, Diario de Noticias. Paperean bezala, badu zertxobait euskaraz, baina gehien-gehiena erdaraz dago. Euskara hutsezko egunkari bakarra gelditzen zaigu. Euskaldunon Egunkaria-k ahaleginak egiten ditu, egunkari osoa Interneten ez badago ere. Hasiera sorpresa bat izan zen, irakurle batek (Josu Azanzak) bere kabuz lehen orrialdeko titularrak eta sarrerak jarri baitzituen Interneten. Orrialde ez ofiziala da, beraz. Gero Estatu Batuetako zerbitzari batean, Geocities-en, toponimo-zerrenda bat eta igandero argitaratzen ziren Gerra Zibilari buruzko erreportaiak (gehi horri buruzko material argitaragabe batzuk) jarri zituzten. Azken hauek kendu zituzten liburu batean UZTARO, 27 - 1998 27 argitaratu zirenean, 1997ko bukaeran, arrazoi komertzialak zirela medio. Aski esanguratsua iruditzen zaigu gertaera hau, merkatu digitalaren ahuleziaren eta enpresa tradizionalek duten ikuspuntuaren eta jarreraren isla direlako. Hala ere, sarearekiko interesa mantentzen dute –Luis Fernándezek mantentzen du batez ere, hari esker egin baitira aipaturiko pausoak–, horren seinale igandero bertsio inprimatuan Interneti buruzko atala, “Nabigatzen” izenekoa. Edukiak ere Interneten aurki daitezke, artxibo moduan. Bestalde, asko erabiltzen omen da Internet iturri gisa Euskaldunon Egunkaria-n, Martxelo Otamendik Euskal Herriko Unibertsitateko Kazetaritza II sailak antolaturiko jardunaldi batzuetan azaldu zuenez (Peñalva eta Del Hoyo, 1997: 139-142). Zenbait kasutan testuak eta irudiak bidaltzeko ere erabili izan dute, adibidez Atlantako Joko Olinpikoetan edo Estatu Batuetako hauteskundeetan. Esanguratsua da zuzendariak hizkuntz politikari buruz esandakoa: «Gaur egun, Egunkaria-k Internetera bidaltzen dituen komunikazioak dira, ordena honetan, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz» (Peñalva eta del Hoyo, 1997: 141). Badirudi, beraz, hain nazioartekoa den merkatu honetan euskara bultzatzeko beste hizkuntza batzuk ere erabili behar direla. Nola eta zein neurritan, denboraren poderioz jakingo dugu ziur aski. Badago beste datu interesgarri bat: Internet ez ezik, Intranet kontzeptua ere bereganatu dute, eta egunkari barruan Interneteko teknologiaz –eta irudimenaz ere– baliatuz argazkien artxiboa antolatu dute. Beste datu bat: 1997an Jalgi zerbitzaria sortu zen. Partaideak Eusenor (Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak osatua) eta laster gehitu zitzaien Euskaldunon Egunkaria, euskal “amarauna” bultzatu nahian (Sagarna, 1997: 63). Egunkari boteretsuagoek egindakoa baino askoz gehiago eta aurrerakoiago, dudarik gabe. Euskararen interesa ziberespazioaren munduan nabarmena da. Baita kazetaritzan ere. Beste kasu paradigmatiko bat Argia astekariarena da. Gainera, haiek sortu dute euskarri fisikoan, CD-ROMean, lehen produktu periodistikoa (1997an! baina Estatu Batuetan eta gainerako lekuetan 1990. urteaz gero bazeuden horrelako produktuak merkatuan) Euskal Herrian, aldizkarian 1963tik 1997 bitartera argitaraturiko elkarrizketa guztiak biltzen dituena. Hori ere, bilaketa-motore batekin batera, bere webgunearen ardatza da, baina badirudi etorkizunean beste gauza batzuk ere jarriko dituztela, astekariaren edukiak adibidez. Argia-koek egin dute besteek egin ez dutena, balore gehigarria ematea produktu elektronikoari. Bestela, jai dute enpresek negozioa egin nahi badute Interneten. Aldizkariak, bestalde, askoz gehiago dira egunkariak baino. Tokian tokikoak gero eta gehiago dira Interneten ere. Ziberespazioan, berriro ere, mundu fisikoan gertaturiko fenomenoak errepikatzen dira. Lehenengoa Ttipi-ttapa nafarra izan zen, gero Santimariñe bizkaitarra, eta ondoren Otamotz, Aretxagazeta eta Bidasoaldeko Mobidak. Badakigu Getxoko Bizarra Lepoan aldizkariak kontuan hartu zuela ziberespaziora igarotzea, baina azkenean lehenago paperean agerturiko kantutegi bat baino ez zuen digitalizatu, 1997ko azkenaldian. Argi dago, ordea, zerrenda gehituz joango dela: ordenadore pertsonalak eta autoedizio-programek errazago eta merkeago egin bazuten paperezko edizioa aldizkari txiki batentzat, teknologia informatiko berdinak are errazago eta merkeago egiten du edizio digitala. AbantaiUZTARO, 27 - 1998 28 lak badaude, nabarmenak gainera: irakurleak gehiago dira –adibidez herri horretatik kanpo bizi den bertako jendea–, paperezkoak bezalaxe dohainik izaten jarraitzen dute, baina ekoizlearentzat merkeagoak, ez baitira inprimatu (ale fisikoak multiplikatu) behar, ez eta banatu behar. Are gehiago: aurrekoen artxiboa eta bilaketa-sistema eskain daiteke, paperezkoan egin ezin daitekeena. Berdin beste mota batzuetako aldizkariekin: kontrakulturalak (Eztanda, adibidez), edo Unibertsitatekoak (gehienak, ordea, erdarazkoak). Badago arlo bat garatu ez dena gure artean: iragarki laburrena. Estatu Batuetan, adibidez, merkatu ezin hobea da (hor dago San Jose Mercury Center-en kasua). Demagun pertsona bat produktu bat bilatzen ari dela, ezaugarri batzuekin eta salneurri zehatz batean. Paperean banan banan ikusi behar ditu iragarki guztiak. Modu elektronikoan, berriz, badaude bilaketa-sistemak operazio hori erraz eta azkar egiten dutenak. Aldea badago, beraz. Kultur aldizkarientzat ere Internet oso landa aproposa da. Zientzi aldizkarien kasuan, are gehiago. Badute oso publiko zabala (esan nahi da, leku urrutietan ere dagoen publikoa), baina gutxiengo batek osatua. Zabalkunde fisikoa garestia da, are gehiago ale-kopuru murritz baterako. Publiko horrek, bestalde, berri zientifikoak oso arin jakin behar ditu. Ale-kopuruen erreprodukzioaren eta banaketaren kostua desagertu egiten da Interneten. Hala ere, Euskal Herrian zientzi eta kultur aldizkariak urriak dira. Badaude euskara ikasteari buruzkoak, Aizu! eta Euskaltzale. Badirudi Eusko Ikaskuntzaren aldizkariek bertsio elektronikoa izango dutela, PDF formatoan, eta ziberespazioan egongo direla (artxiboa ere bai) digitalizatuak. Hori bai, paperezkoen berdinak izango dira, eta beranduago agertuko dira. Paperezko aldizkarien produkzio informatizatua aprobetxatzeko modu bat da, eta eskergarria, baina berez ez dira Interneterako pentsatuak izango. Berdin gertatzen da Euskal Herriko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Zer aldizkariarekin. Aldi berean agertu ziren paperezko bertsioa eta digitala. Badago datu ezin interesgarriago bat: paperean 500 bat ale agertzen dira, eta ehun bat harpide ditu. Bertsio digitalak, aldiz, 1997an (lehen hiru zenbakietan) 8.500 kontsulta izan zituen. Kontsulta bakoitzeko 4-8 orrialde ikusten direla onartzen badugu ere, horrek esan nahi du Zer digitalak mila edo bi mila irakurle dituela. Edo gehiago: kontuan harturik zientzi aldizkarietan irakurleek artikulu bat edo bi, gehien-gehienez, irakurtzen dutela, eta artikulu bakoitza web orri bat dela, baliteke irakurleak sei mila bat izatea, hau da, bi mila zenbaki bakoitzeko. Gainera, 1997ko irailetik urrira sarbideen kopurua bikoiztu egin zen. Are garrantzitsuago, Zer digitala kontsultatzen duten askok eta askok ez lukete bestela aldizkaria irakurriko, edo testu zehatz batzuk baino ez zaizkielako interesatzen, –ez aldizkari osoa– edo aldizkaria banatzen ez den lekuetan bizi direlako –eta garestia izango litzateke ale fisikoak eramatea–. Bere zuzendaria den Carmelo Garitaonaindiak 1997ko azaroko Deia-n dioenez, kontsulten erdia Espainiatik zetorren, eta gainerako % 40a Estatu Batuetatik. Argi dago, beraz, kultur aldizkariek beren merkatua izugarri zabaltzen dutela Internetera igaroz, nahiz eta txikiak izan. Euskaraz badago zerbait, gehiena gaztelaniaz eta testuren bat (gero eta gehiago, merkatuak hala eskatuta), ingelesez. Egia da, jakina, arlo geografikoa handitzean ingelesa nagusitzeko joera agertzen dela, baina hizkuntz aniztasuna ere posible da: espazio fisiko aldetik (paperezko bertsioetan ez bezala) mugarik ez dagoenez, testuak hizkuntza bat baino gehiagotan eskain daitezke. UZTARO, 27 - 1998 29 Azkenik, Euskal Herriko produktu periodistiko digitalen tipologia agortzeko, aldizkari ofizialak aipatu behar dira. Espainian ere, orain desagertu den El Temps aldizkari valentziarraren bertsio digitalarekin batera, ziberespazioko lehena Boletín Oficial del Estado izan zela. Honek, joera ia unibertsalaren aurka, hasiera-hasieratik kobratzen du, informazio ofiziala dohan eskaini beharrean. Badirudi aldizkari ofizialetan joera hori nagusituko dela. Euskal Herrian ez daude sarean aldizkari ofizial guztiak, baina bai mordoska bat: Euskal Herriko Aldizkari Ofiziala, Gipuzkoakoa eta Nafarrokoa badaude, guztiak, dakigunez, elebidunak. Bizkaikoa eta Arabakoa falta dira, beraz. Eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (HAEE-IVAP) aldizkari euskarazkoa ere badago: Administrazio Euskaraz Aldizkaria. 3. Euskal komunikabideak eta teknologia berriak, etorkizunari begira Argitalpen elektroniko guztiek, baita euskarazkoek ere, gehienak teknologia berrien aurrean nahiko beldurtiak direnek, laster aukera batzuei aurre egin beharko diete: lehena, erabaki ea Interneteko informazioa era tradizionalean nahi duten –batez ere inprimatuan– eskaintzen zituzten edukien laburpena izatea edo harantzago joatea, edukiak sarean in extenso emanez, eta horregatik lortzea bere zabalkundearen zati garrantzitsua igorpen elektronikokoa izatea (De la Serna, 1997: 36). Hori lortzeko, dudarik gabe, edizio elektronikoak eskaintzen dituen aukerak agortu behar dira, esperimentatu egin behar da. Betetzen al dute Euskal Herriko hedabideek eskakizun hori? Hasteko, multimedialitatea eskasa da. Ikusentzunezko hedabideek ez dute ez soinurik ez irudi mugikorrik zabaltzen. Azken hauek, egia da, arazo teknikoak ematen dituzte. Ez horrenbeste, ordea, soinuak. Irudi mugikorrak ordenadore batean ikusi ahal izateko, Internetetik hartzeko, denbora luzea behar da. Gure artean, bakarrik France 3 Bayonnek esperimentatzen du aukera horrekin. Gainera, ordenadorean ikus daitezkeen irudiak telebistakoak baino askoz txarragoak izaten dira. Soinuen kasuan, berriz, ez da horrenbeste ulertzen zergatik inork ez dituen Euskal Herrian eskaintzen, ez aldi berean, betiko irratiak egiten duen bezala, ez artxibo moduan, gure ordenadorera ekartzeko aukera alegia, azken hau irrati konbentzionalak eskaini ezin dezakeen aukera izanik. Oso eskasak dira bilaketa-sistemak, Java applets direlakoak, eta oro har, euskarazko komunikabideetan –erdarazkoetan bezalaxe– testualitatea nagusi da. Horrek, aldi berean, oso interaktibitate baxua dakar, apenas posta elektronikoaren bidez hedabidearekin komunikatzeko aukera, ia inoiz ez kazetariekin; beraz erabiltzaileak eduki dezakeen eragina komunikabidearenganakoa da, ez kazetariarenganakoa. Honetan ere hedabide inprimatuen sistema zaharra jarraitzen dugu. Edukien etengabeko berriztapena ere ez dago. Batez ere egunkarien kasuan inor ez da ausartzen produktu elektronikoa inprimatua baino lehenago argitaratzera. Munduan zehar horixe da joera, zertxobait mugitzen den arren, baina Euskal Herrian erabat nagusi da. Hona hemen Mariló Ruiz de Elviraren hitzak, gure ustez ezin esanguratsuagoak: Hoy por hoy, la mayoría de los diarios presentes en Internet siguen siendo fieles a su nombre, es decir, la información que ofrecen en la red se actualiza una vez al día, al ritmo de sus ediciones impresas, por más que esporádicamente se incluyan UZTARO, 27 - 1998 30 grandes noticias de última hora. Evidentemente, se trata de una revolución difícil de digerir para los medios tradicionales, ya que un exclusiva periodística que aparezca antes en la red que en los quioscos mina, aunque sea muy levemente, las ediciones en papel (Ruiz de Elvira, 1997: 8). Hala ere, duela asko ikusentzunezko komunikabideek, batez ere irratiek, azkartasun-kontuetan aurrea hartu zieten inprimatuei, eta orain, berriro hedabide testualek galduta zuten borroka horretan garaile suerta daitezkeela ematen duenean, beldur omen dira. Hona hemen gakoa: oraingoz, enpresa periodistiko handiek mesfidantzaz ikusten dituzte beren produktu digitalak, betikoen arerioak bailiran, paperezko edo uhinezko produktuen “anaia txikiak” izatera behartuta. Produktu digitalak dituzte konpetentziak ere badituelako, ez produktu berririk sortzeko asmoa dutelako. Berriz ere Mariló Ruiz de Elviraren hitzak (bera ere produktu digital beldurtiaren buru) errepikatu behar ditugu: El contenido y la marca son los reyes en Internet y la competencia que ya empieza a desatarse en el ciberespacio acabará provocando que ese contenido salte a la luz digitalizado en el momento en que esté listo para publicarse. Hasta ahora eso no era posible; con Internet ya se ha materializado y, además, con el enriquecimiento que suponen los recursos multimedia (Ruiz de Elvira, 1997: 8). Hedabide elektronikoek beren nortasuna, beren erretorika sortu behar dute, ez dago beste biderik negozio bideragarriak eta errentagarriak nahi baditugu. Balore erantsia, gaur egun, hemeroteka mugatu bat izaten da euskal hedabide elektronikoetan. Handiena, Argia-rena. Egunkarien kasuan, noiz hasiko dira beren artxibo eskerga eskaintzen, batez ere berriak, hasiera-hasieratik dena ordenadorez egin baitute beren bildumak digitalizatzea erraz eta merke samar egin dezaketenak? Horrekin batera, jakina, bilaketa-sistema bat. Horretan Argia eredu dugu. Oso gutxi dira online kazetaritza hedabide zaharrentzako igorpen-sistema berria baino gehiago dela sinisten dutenak. Horietako bat New Yorkeko Columbia Unibertsitateko John V. Pavlik irakaslea dugu. Honek nahiago du albiste-mota berri bat sortu behar dela pentsatzea, irakurketa norberaren gustuetara egokitua, komunikabide pertsonalizatuak eraikiz, hedabide zaharrek eskain ezin dezakaten aukera (Pavlik, 1997: 30). Paradigma berri hori ez da inondik ere gure artean agertzen, idiliko bezain kontserbadore diren gure parajeetan, batez ere enpresa boteretsuenen artean. Etorkizunik badago kazetaritza digitalean, audientzia berrietan dago. Irakurle berriak zortzi edo hamar urte ditu, eta bideojokoekin jolasten du. Hau da, ordenadoreekin ibiltzen da, informazioa beste era batera jasotzen du, badaki zer den interaktibitatea, informazio-mailak. Bere jarrera aktiboa da. Aurreko belaunaldien ohitura kulturalak eta informazioa jasotzeko moduak oso ezberdinak dira: gaurko gure gazteak medio pasiboetara ohituta daude, irratira eta, batez ere, telebistara; helduxeagoak, ordea, egunkari eta liburuen kulturakoak dira, informazio modu sekuentzialez jasotzera ohituta. Azken batean, apustua multimedialitatearen aldekoa, interaktibitatearen aldekoa, arintasunaren eta aldi berean sakontasunaren –eta pertsonalizazioaren– aldekoa izan behar da. Agian produktu berriak, publiko berriarentzat, ez daude enpresa zaharren eskuetan, irudimena duten kazetari eta enpresa berrien eskuetan baino. Nork daki. UZTARO, 27 - 1998 31 Bibliografia Armañanzas, E.; Díaz Noci, J. eta Meso Ayerdi, K. (1996): El periodismo electrónico. Información y servicios multimedia en la era del ciberespacio, Ariel, Bartzelona. Asociación para la Investigación de Medios de Comunicación-Estudio General de Medios (1997): Macroencuesta a usuarios de Internet, Asociación para la Investigación de Medios de Comunicación (URL: http://www.aimc.es), Madril. Berners-Lee, T. (1997): “Y el hombre creó la World Wide Web”, World Media Network, El País-en gehigarria, 1997ko abenduak 18, 10-11. De la Serna, V. (1997): “Periódicos en la red”, El Mundo, urriaren 7a. Madril, 36. Díaz Noci, J. eta Meso Ayerdi, K. (1997a): Medios de comunicación en Internet, Anaya Multimedia, Madril. Díaz Noci, J. eta Meso Ayerdi, K. (1997b): “Tipología de los medios de comunicación en Internet. Génesis y desarrollo de un nuevo paradigma comunicativo. El caso vasco”, Eusko Ikaskuntzen XIV. Kongresura aurkezturiko komunikazioa, Bilbo, 1997ko azaroaren 27an. Fernández, L. (1997): “Euskararen espazioa informazioaren autobidean”, Jakin, 102, 29-46. Gutiérrez, M. (1998): “Conectados desde casa”, Nuevo Trabajo, El Correo-ren gehigarria, urtarrilaren 11, 6. Oficina de Justificación de la Difusión (OJD) (1997): Avance mensual difusión WWW, OJD (URL: http://www.ojd.es, 1997ko abenduaren 5ean gaurkoturiko datuak), Madril. Pavlik, J. V. (1997): “The Future of Online Journalism. Bonanza or Black Hole?”, Columbia Journalism Review, July/August, Columbia University, 30-37, New York. Peñalva, J. L. eta Del Hoyo, M. (arg.) (1997): De la prensa tradicional al desafío cibernético. Primeras Jornadas de Prensa Vasca, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo. Ruiz de Elvira, M. (1997): “En pugna con los diarios”, World Media Network, El País-en gehigarria, 1997ko abenduaren 18, 8-9. Sagarna, A. (1997): “Jalgi euskarazko komunikazio-zerbitzaria”, Jakin, 102, 47-60. UZTARO, 27 - 1998 View publication stats 32