Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Nazionalismo

nazio baten interesak sustatzen dituen ideologia eta mugimendua

Nazionalismoa nazioa edo egitate nazionala azpimarratzen duen jokabide, doktrina edota ideologia politikoa da. Kontzeptu honek forma desberdinak hartu ditu eta, beraz, nazionalismo motez hitz egiten da nazionalismoaz baino.

Nazio kontzeptuaren jatorrizko adibide gisa Herodotok bere Historiak idazlanean jaso zuen grekoen haurridetasuna aipatu daiteke. Herodotok jatorri eta hizkuntza amankomunak, erlijio edo kultura berdina eta ohitura berak izatearekin lotzen du hori. Nazioaren kontzeptu kultural gisa hartu daiteke baina baita kontzeptu politiko gisa ere, Atenasko hiriaren interes partikularraren gainetik haurridetasun grekoa egongo litzateke atzerritarren edo barbaroen aurrean[1].

Kontzeptuaren garapen historikoa

aldatu

Estatu modernoak monarkia absolutuekin eratzen joan ziren baina ez derrigor ikuspegi nazionalista batekin; nahiz eta zantzuak badauden horrenak, Espainiako nazionalismo linguistikoaren hastapenek erakusten duten bezala.

Lehen nazionalismo linguistiko espainola

aldatu

Espainiaren estatu egitura Errege-erregina Katolikoen garaian politikoki eta inperialki garatzen hasi zen garaian, ekarpen teoriko handi bat ere gertatu zen, Antonio de Nebrijak 1492 urtean idatzitako Gramática sobre la lengua castellana lanarekin.[2] Isabel erreginari zuzendutako hitzaurrean, Nebrijak hizkuntzaren balio politikoa azpimarratu zuen, bere asmoa ere "gure nazioaren gauzak handitzea" izan zelarik.[3] Beste esaldi ospetsu bat ere utzi zuen hitzaurrean Nebrijak, "hizkuntza beti inperioaren lagun izan zen".

 
Hizkuntza, beti inperioaren lagun.

Apologista batzuen arabera, klasizismoari eta Erromari egindako erreferentzia da hori; ez Espainiak edo Gaztelak ezarri behar zuen hegemonia politikoari. Hala ere, gramatikaren argitalpenaren baino lehenago ere, 1487an, lanaren beharra azpimarratzean erreginari, beste hizkuntza batzuen aipua egina zuen Nebrijak:

« ...mas los vizcaínos, navarros, franceses, italianos y todos los otros que tienen algún trato y conversación en España y necesidad de nuestra lengua, si no vienen desde niños a la deprender por uso, podrán la más aína saber por esta mi obra »
Antonio de Nebrija, 1487

Eta hitzaurrean bertan ere aski argia da hizkera:

« Después de que Su Alteza haya sometido a bárbaros pueblos y naciones de diversas lenguas, con la conquista vendrá la necesidad de aceptar las leyes que el conquistador impone a los conquistados, y entre ellos nuestro idioma; con esta obra mía, serán capaces de aprenderlo, tal como nosotros aprendemos latín a través de la gramática latina »
Antonio de Nebrija, 14892

XXI. mendeko Juan Carlos Moreno Cabrera ikertzailearen arabera, nazioanalismo linguistiko espainolaren eta kolonialismoaren hastapenetan funtsezkoa izan zen Nebrijaren lana.[4] Mendeen buruan, Moreno Cabreraren aburuz, Espainian dagoen nazionalismo linguistiko bakarra espainola izaten jarraitzen du.[5]

Erdi Aroan jada nazioari bere hizkuntza dagokiola esaten zen. Espainiara mugatuz, aurrekari bila Joxe Azurmendik VI-VII. mendeko Isidoro Sibiliakoa eta bere Etimologiak aipatuko ditu. Bertan, IX. liburuan, Isidorok esaten du norbere herriko hizkuntza ez dakiena aberea baino kaskarragoa dela. Azurmendik, hizkuntzaren gaiaz aparte, ondoren Espainian garatuko den nazionalismo erlijioso-politikoaren aitzindari gisa Isidoro hori bera, bere anaia Leandro eta Toledoko III eta IV kontzilioak ere aipatuko ditu[6].

Nazionalismo linguistiko frantsesa

aldatu

Frantziako Erresuman XVI. mendean hasten da nazionalismo linguistikoa. Frantzisko I.a Frantziakoak 1539ko abuztuaren 10ean sinatutako Villers-Cotterêts Ordenantzaren arabera latina baztertu eta frantsesa ezarriko da gorteko hizkuntza bezala. Horrek bide eman zuen erreinuko beste hizkuntzak “patois” bezala gaitzesteko. Era berean, garai horretan, Pleiadea poeta taldeak frantsesa aldezteko lanari ekin zion[7].

XVI. mendetik aurrera dogma bat izango da Frantzian frantsesaren gailentasuna azpimarratzea. Modernitatearen hasieran gramatika arrazionala eta naturala berdinduko dira eta Louis Meigret gramatikariaren ustez, adibidez, frantsesak izango luke egitura natural hori. XVII. mendean Vaugelasek frantsesaren argitasuna azpimarratuko du munduko beste hizkuntzen aldean. Voltaire edo Diderot bezalako XVIII. mendeko frantses ilustratuentzat arrazoimenaren hizkuntza frantsesa izango da. Rivarolek ere frantsesaren bikaintasuna goretsiko du eta beste hizkuntzen ezintasuna nabarmendu. Era berean, hizkuntzen ugaritasuna jeinuarentzat kaltegarria dela esango du eta komenigarritzat joko du kulturako jende guztiarentzat hizkuntza bakarra izatea. Hizkuntza hori frantsesa da, izan ere: “la langue française, c`est la langue humaine”. Frankofonia unibertsalaren aldezleak XIX. mendean jarraituko dute Victor Hugo bezalako autoreekin.[8]

Hizkuntzari dagokionez, XVI. mendean hasitakoak Iraultza ondoren izango du bultzada.

Frantziako Iraultzaren ondorengoak

aldatu

Funtsezko lerratze bat nazionalismorantz Frantziako Iraultzarekin batera hasi zela jotzen da, eta XIX. mendean hedatu zen industria-iraultza, zerbitzu militar eta nahitaezko eskolatzearekin batera. beren mugen barruan nazio bakarraren ideia zabaldu nahi izan duten estatuen nazionalismoaren arketipikoa da kasu frantziarra XIX. mendean zehar.[9]

Frantziar Iraultzak eta haren ondorengo estatu frantziar berriak bereziki bultzatu zuena izan zen estatu-politika nazionalizatzailea: estatuek biztanleen nazio – sentimendua eta aberriarekiko harrotasuna garatzea nahi zuten, eta horretarako hainbat ekintza aurrera eramaten hasi zituzten, hala nola, hezkuntzan hizkuntza ofiziala erabiltzea, ohituren eta historiaren kodifikazioak, banderak, ereserki, eta abar sortu eta herrialdearen sinbolo bihurtu...[10]

 
Siziliako 1848ko matxinada, urte hartako iraultza prozesuan kokatzen dena, baina aldi berean Italuako Risorgimento delakoan pizgarri izan zen ebento historikoetako bat.

Eredu iraultzaileak ere izan zituen Europako historian oihartzunak, hala nola 1820, 1830 eta 1848ko iraultza prozesuak. Era berean, Inperio batzuen ahultzeak ekarri zituen nazionalismo independentista batzuen piztutzea, lehenbizi Turkiako Inperiotik Grezia, Serbia, Errumania, Montenegro, Bulgaria eta Albania independizatu zirelarik, eta geroago Austria-Hungariaren kasuan, zeina XIX. mendean zehar bateratuta efin zen arren, aldarrikapen independentistak izan zituen.

Nazionalismo zentripetoak ere egon ziren XIX. mendean, kasu argiak direnez Alemaniako eta Italiako bateratze-prozesuak.[11]

Nazionalismoa I. Mundu Gerra ostean heldu zen bere gorenera Europaren eta munduaren militarizazio handi baten erdian eta, burgesiaren ideologia izatetik, indar kontserbadoreak eta internazionalismo sozialista nazionalismora lerratu ziren aurkako posizioetatik. Nazio-estatuen doktrinaz gain, askapena bilatzen duten herrien ideologia adierazten du, eta II. Mundu Gerra osteko deskolonizazio mugimenduaren bultza-indarra izan zen.

 
Viriatoren heriotza, José Madrazo (1807): Espainia ezer izan baino lehenagoko gai bat, lusitaniar aurre-erromatarraren Viriato buruzagiaren heriotza, arte nazional eta nazionalista baterako ikur bihurtua.

XVIII. mendetik nazionalismoa agertu zen beste esparru bat artearena izan zen, bereziki Europan garatua; arte nazionalaren ideia. XVIII. eta XX. mendeen arteko aldian, orientazio artistiko berri bat nazionalismoaren doktrinatik hartua izan zen, nazioa, komunitate historikoa eta etniko-kulturala idealizatu zituen filosofiatik. Estatu nazionalismoak garatu zituzten herrialdeetan, arte bisualak ideia nazionalaren ibilgailu ahaltsuak izan zitezkeela ikusi zuten elite agintariek. Baina aldi berean artista batzuek egin zituzten artelanak "nazioaren" adierazpide gisa onartuak izan zitezen ahalegina egin zuten, komunitate zabalago eta kulturalaren arnasa ilsatu nahi zuten lanak, eliteena baino gehiago herriaren adierazpide izan zitezen. Artistek beren kultur komunitatearen "izpirituarekin" bat egin zuten kontzienteki, beraz.[12]

Espainiako kausan, arte nazional/nazionalista hori babestu zen monarkiatik XIX. mendearen erdialdean antolatu ziten "erakusketa nazionalen" bitartez. Gai historikoak formatu handian margotuz nabarmendu ziren hainbat artista, baina historia ez zen horrenbeste historia unibertsala, baizik eta Espainiaren historia epiko bat nagusiki.[13]

Arte mota honek erabilpen didaktiko bat ere izan zuen, Espainiako nazio-ideiaren indargarritzat erabili zen, mende hasierako inbasio napoleonikoaren ondoren eta Amerikako kolonia gehienak galtzeak Espainiako monarkiari eragin zion krisia gainditzeko tresna argi bat izanik.

Modernismoa

aldatu

XX. mendearen bigarren zatian, Nazionalismo Ikerketen baitan Modernismoa izendatu den ikuspegia gailendu zen. Horren arabera nazioak fenomeno modernoak lirateke, XIX. mendekoak, eta ez antzinako elementu iraunkorrak. Modernitateak antolamendu gisa nazioa behar zuelako sortu ziren orduan eta nazionalismoak estatu-nazioak eraiki nahiko ditu. Ikuspegi horretan kokatzen dira Ernest Gellner edo Eric Hobsbawm. Teoria horien testuinguru historikoa XX. mendeko deskolonizazio prozesuak eta Gerra Hotzaren azken urteak dira. Teorilari horien oinarri filosofikoan Globalizaziorantz doan hazkunde etengabeko gizarte eredua dago. Zenbait ikerketen arabera ikuspegi horrek jada ez du balio naziotasunari lotutako fenomenoak ondo ulertzeko.[14]

Modernismoaren arabera, nazionalismoa estatu modernoa eraikitzeko mugimendua litzateke eta elementu kulturalak, berriz, estatu hori eraikitzeko asmakizunak edo manipulazioak. John Hutchinsonek ikuspegi horri, izaera politkoa ukatu gabe, ‘’nazionalismo kulturala’’ kontrajarriko dio. Ikuspegi honen arabera kulturalistek elementu kulturalak biziberritu, eraldatu eta modernizatu nahiko lituzkete. Eraberritze horren eragileak, politikariak baino, hizkuntzalariak, historialariak, kazetariak edo idazleak dira. Nazionalismo kulturalaren ekarpena hiritarraren eta nazio-estatuaren artean komunitate kulturala kokatzea da. Nazionalismo Ikerketetan bide berri bat ekarri du horrek, nazio bat noiz, nola zer prozesuri erantzunez sortu den galdetu beharrean komunitate bat nola birsortzen den galdetzen da orain.[15]

Hrochen hiru epeak

aldatu

Miroslav Hroch (Praga, 1932) pentsalari txekiarraren arabera, ideologia nazionalista baten garapenean hiru epe leudeke, A-B-C terminologiarekin definitu dituenaj.[16] A fasean, esnatze kulturala, non intelektual abertzaleek beren herriko hiostoria, kultura eta ohituren azterketan eta erreibindikazioan jarriko luketen indarra. Hurrengo fase batean, B delakoan, nazionalismo kulturala politiko bihurtzen da, eta intelektualez gain beste talde sozial batzuk ere biltzen dira korrontera. Hirugarren epe edo C estadioan, mugimendu nazionalista masa-fenomeno bihurtuko litzateke.[17] Horchen fasekako ikuspegi zurrun horren aurka Hutchinsonek nazionalismo kulturalaren araberako zuzenketa proposatzen du. Pizkunde kulturala ez litzateke hasierako fase bat bakarrik eta horri izaera errepikakorra gehitzen dio.[18]

Hroch lan konparatiboak ere egin ditu, mugimenduak aztertuz Norvegia, Bohemia, Finlandia, Estonia, Lituania, Flandria eta Danimarkan, eta ondorioztatu zuen ez dagoela talde sozial jakin bat funtsezkoa denik mugimendu nazionalista baten indartzerako, baizik eta parte-hartze zabal bat beharrezkoa dela. Hala ere, faseetan desberdintasunak badaude, eta bere iritziz B fasean nekazariak ez dira hain inportanteak, baina bai gero C fasera igarotzekotan.[19]

Nazio handien nazionalismoa

aldatu

Estatu-nazio handietan, nazionalismoak behin estatu modernoak eratuta gorpuztu dira, estatu barneko komunitate ezberdinak nazio bakarrera eramateko helburuarekin.[9] Baina hori formulazio politiko desberdinekin egin izan da. Europako kultura politikoan nazionalismoa bi eredu nagusitan banatu izan duen ikuspegia, akademian arrakasta izan duena, Joxe Azurmendi filosofoak aztertu eta kritikatu du. Ikuspegi horrek Frantziako nazionalismoa zibikotzat hartzen du eta Alemaniako nazionalismoa etnikotzat. Azurmendik ikuspegi horri kritika bere obra guztian zehar egiten badio ere nabarmentzekoa da Historia, arraza, nazioa saiakera. [20]

Nazionalismoaren askotariko ikuspegietatik abiatuz, nazionalismoaren azterketa akademikoa gizarte zientziek burutu dute batik bat, zientzia politikoak, soziologiak eta historiak bereziki. Azterketa horietan, sailkapen klasiko bat erabili ohi da, maila teorikoan erabilgarria dena baina praktikan forma puruan ematen ez dena. Sailkapen horren arabera, nazionalismoa etnikoa edo zibikoa izan daiteke, edo berdina dena, nazionalismo mota jakin batek (etnikoa deitu ohi denak) ezaugarri kultural objektibo batean edo zenbaitetan (hizkuntza, arraza...) jarriko du indarra. Besteak, berriz, 'zibikoa' deitutakoak, borondate politikoa hartzen du oinarri.

 
Askatasuna herria gidatzen, Eugène Delacroix-en koadroa.

Nazionalismo etnikoa tradizo alemanean kokatu ohi da, eta zibikoa, ordea, Frantziako Iraultzatik eratorritako tradizio liberaleanErnest Renanek Sorbonan emandako Zer da nazioa? konferentzia jotzen da eredu zibiko horren lehen teorizaziotzat. Hala ere, askotan bereizketa hori nazionalismo jakin bat deskalifikatzeko erabili izan da, X nazionalismo bat etnikotzat joz eta azterketa akademikotik urrunduz. Era berean, aipatutako nazionalismo eredu bi hauek errealitatean era nahasian ematen dira.[20] "Frantsesek berek ideializatu eta edertu egin dute beren nazionalismoa, baina nazionalismo frantsesa Europan egon diren nazionalismo itsusienen eredu da", Espainiako nazionalismoaren eredu ere bai neurri batean, Azurmendiren ustez.[21]

Ildo horretan, kontzeptuen anbiguotasunagatik, hainbat autorek nazionalismo etniko eta zibikoaren arteko bereizketa baztertzea proposatu dute. Horien ustez, Ernest Renanek Zer da nazioa? konferentzian aurkeztu zuen nazionalismo zibikoa idealizazio hutsa da. Era berean, Renanek erabiltzen dituen argudioak ez lirateke koherenteak bere pentsamendu arrazista eta antidemokratikoarekin (antiliberalarekin). Tesi hori defendatzen dutenen arabera, Renanen nazionalismo ustez zibiko hori Frantzia-Prusia Gerra ondoren Frantziak Alsazia eta Lorrena berreskuratzeko aldarri nazionalista eta oportunista soilik bide da.[20]

Nazionalismoen ulerpen binario gehiago

aldatu

Azken batean, Azurmendik deskribatutako Alemania eta Frantziako nazionalismoen bereizketa beste formulazio batzuek ere ikusi dute, estatu hauetatik kanpo ere zabalduz irakurketa: nazionalismo zibiko eta etniko (are, "tribal") baten arteko bereizketa, estatu-nazionalismoa eta kultura-nazionalismoa definitu direnak, ekialde-mendebalde ardatz europar baten inguruko bereizketa bat ere. Eta bereizketan are gehiago indartuz, batzuena delarik nazionalismoa, bestea patriotismoa izango zelarik.[19]

Frantzian XXI. mendera arte pentsamendu jarraitu eta beharbada nagusia, baita ezkerrean ere, hauxe litzateke, eurena patriotismoa dela eta ez beste kontu lohi hori.[22] Hego Euskal Herrian ohikoa da ez-nazionalistatzat aurkeztea bere burua korronte argiki nazionalista espainolak (ikus beherago).

Nazio txikien nazionalismoa

aldatu

Noski, estatuaren nazioarekin identifikatzen ez diren nazioak aldarrikatu dira, nazio-estatu propioa eraikitzeko ahaleginarekin. Ezin da nazio kontzeptuaren sorrera ulertu estatua kontuan hartu gabe; baina bi kontzeptuen arteko harremanaren arabera, nazionalismo ezberdinak egon dira. Alde batetik, gorago aipaturiko estatu handien nazionalismoa dago, eta beste aldetik, estatua nahi duten nazioen nazionalismoa. Horren ondorioz, nazionalismo zentripetoen eta periferikoen edo sezesionisten arteko gatazkak gertatzen dira.[9]

Nazionalismoaren ikuspegi pluralista eta are "ekologista" bat planteatzen duenik ere bada, hala nola C. Ulises Moulinesen idatzietan, non dioen, "pluralismoaren berezko balioaren printzipio ekologista garbian sinetsiz gero, etniak eta nazioak babestu beharreko zerbait dira inori kalte egiten ez dioten neurrian". Moulinesek aldarri egiten du: "(Makurtuta eta irainduta zaudeten) mundu guztiko naziook: bat egizue (Estatu hegemonikoen aurka)".[23]

 
Ukrainar nazionalismoaren irudi teatral bat, alde batera zapaltzaile poloniarrak, beste aldera zapaltzaile errusiarrak, 1920. urtea.

Baina estatu hegemoniko horietatik,"Estaturik gabeko nazioen nazionalismo periferiko irrazionaltasun, esentzialismo metafisiko, esklusibismo etnizista, elkartasunik eza eta beste hainbat maska eratxekitzen zaizkie."[24]

Miroslav Hrochek ere handi/txiki bereizketa batzuk egin zituen bere azterketetan. Bere aburuz bi egoera desberdin funtsezko daude, estatu propioa duten nazio handiena, eta nazio zapaldu txikiak, zeinetan ez dagoen elite agintari propio egituratu bat, edo unitate politiko beregain bat. Tarteko egoerak ere badaude Hrochen iritziz, hala nola Hungaria edo Poloniako nazionalismoen garapenean, zeintzuetan kapitalismoaren hastapenean fase nazionalista formatibo bat egon zen, baina gero nazio azpiratu izatera pasatu ziren.[19] Europan komunismoaren gainbeheratik aurrera (1989tik aurrera) independentzia lortutako estatuetan ere, estaturik ez baina Sobietar edo Jugoslaviar estatuen barriko egitura federal sendoak zeuzkaten independentzia lortu zuten estatuek, erreferendumak egiteko gaitasunarekin edo bertako polizien kontrol efektibo batekin; eta hortaz Hrochen tarteko modelo horretan sailka daitezke, ez-handi, ez-txiki.

Kontzeptua Euskal Herrian

aldatu

Euskal Herriaren alde ekiten duen nazionalismoaz aritzeko, normalean, abertzaletasun terminoa erabili ohi da. Euskal abertzaletasunak, oinarrian, Euskal Herriaren nazio izaera aldarrikatzen du. Era berean, eta maila ezberdinetan bada ere (maila sinbolikotik independentzia proposamenetaraino), Euskal Herriaren lurralde batasuna aldezten du, Euskal Herriaren lurralde eremua zehaztean terminoaren usadiozko definizioa hartuta.[25]

Hrochen hiru estadioak euskal kasuan

aldatu

Ludger Meesen arabera, Miroslav Hrochen nazionalismoaren garapen historikoaren hiru faseek (ikus gorago) izan dute islarik euskal abertzaletasunaren kasuan, baina Meesen iritziz eredu teoriko horri zuzenketa batzuk egin beharko litzaizkioke.[16]

 
Sabin Arana espetxean Bilbon, 1895ean.

Lehen epea, 1876-1890 urteen artekoa izango zen, bigarren karlistaldiaren ondorengo foruen galeraren kontestuan kontzientzia nazionalaren lehen pizkunde bat gertratu zenean, baina Hroch-en ereduarekiko desberdintasun bat, non eta ekialdean pizkunde kulturala elite intelektualekin lotu zen batik bat, euskal kasuan ahozko literaturarekin, nekazal esparru batekin lotu zen. Aldi berean, proto-nazionalismo honek hasieratik izarera politiko bat izan zuela uste du Meesek, fuerista gutxienez, non eta Hoch-en eskeman hori bigarren epe batean, B fasean gertatzen den.

B faserako saltoa, Meesen ustez (1890-1917 epean), Sabin Aranaren formulazioan egon zen, euskal historiaren berrinterpretazio bat eskaini zuena, 1839 baino lehenagoko egoera erabat independentea izan balitz formulatuz. B fase honetan, gainera, Bilbo inguruko gerriko industrialean iraultza ekonomiko eta sozial bat gertatu zen, eta kontestu horretan Aranaren separatismoak burgesia txikiarentzat erakargarri bihurtu zen.

C fasea 1918-1937 tartean kokatzen du Meesek azkenik. Euzko Alderdi Jeltzalean gorpuztuta nagusiki, euskal mugimendu nazionalistaren zutabe estrukturalik garrantzitsuenak mantendu ez ezik, indartu egin ziren epe honetan (alderdiaren aparato moderno eta eraginkorra; jarraitzaile gehiago bereganatzeko iharduera eta talde politiko-kulturalak gazte, emakume eta umeen artean; eragin handiko prentsa; batzokiak, eta abar).

Euskara eta euskal abertzaletasuna

aldatu
 
Txillardegi, euskal nazionalismoa euskararekin lotu zuen.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Txillardegi ulertzeko gakoak

Sabin Aranaren inguruan formulatu zen euskal nazionalismo politikoaren definizioetan, lehenago aipatzen zen arraza, hizkuntza (euskara) baino. Hizkuntzak bazuen paper inportante bat, baina sinbolikoa batik bat, hizkuntzaren bereizgarritasun apartekoak euskal arrazaren originaltasuna eta garbitasuna frogatzeko balioa zuen. Horrek hizkuntzaren garapen eta sustapenarekin erlazioa zeharka zuen izatez, faktore negatiboz ere tindatu zitekeen: elementu bereizle gisako tresna zenez, euskara euskal arrazako pertsonen artean zabaldu behar zen, eta ez zitzaien utzi behar maketoei ikasten.

Aranaren garai bertsuan, XIX. mendearen amaieran, beste euskal pentsalari batzuek ere naziotasuna lotu zuten hizkuntzarekin. Arturo Kanpionen iritziz, hizkuntza zen "lekukotasun bizi eta agerikoena geure independentzia nazional sekula menderatu gabearena; elementu horrek bereizten gaitu eta ematen digu fisonomia berezkoa". Ideia horretan oinarritura Aristides Artiñano bizkaitarrak normalizazio politika bat aldarrikatu zuen 1887a, kosta ala kosta eutsi, eta are "zabaldu medio guztiekin, bere oihartzunak itzaldu diren tokietan".[26]

Aranismoak estali zituen Kanpion eta Artiñanoren ideiak nolabait, nahiz eta euskaltzaleak ere izan ziren abertzaleen artean XX. mendearen lehen erdian. Eraldaketa eta ikuspegi erradikalki desberdina ekarri zuen abertzaletasunera Txillardegik XX. mendearen erdialdean. Haren nazionalismo pragmatikoan, nazioko kide edo partaide izateko irizpideak ez datoz jaiotzatik (nazionalismo etnikoa) ez sinesmen soiletik (zibikoa), baizik eta euskara hitz egitetik.[27]Nazionalismo Ikerketen baitan nazionalismo kulturala esaten den horretatik hurbil dabil ikuspegi hori.[28] Euskararen zentralitatearen diskurtsoa hizkuntzaren filosofiaren bitartez garatu zuen Txillardegik, eta hizkuntza herri identitatearen eta eraikuntzaren erdigunean jarri zuen. Euskarak egiten gaituela euskaldun zioen Txillardegik, euskara herrigintzaren eta kulturgintzaren ardatz hartuta. Era berean, euskal abertzaletasuna euskararekin lotzeaz gain, mundu modernoan eta ezkerreko ikuspegian errotu zuen ikuspegi abertzalea.[29]

Ez-nazionalismoa Euskal Herrian

aldatu

"Ez-nazionalista" gisa agertzen dira halaber, XX. mendearen azken laurdenetik, beste sektore batzuk, baina hauek Hego Euskal Herrian bederen, espainiar nazionalismoarekin lotu daitezkeela uste dute pentsalari abertzaleek. Floren Aoizen iritziz, "badaude nazionalistak eta ez nazionalistak, identitarioak eta ez identitarioak. Sakonean, zibilizatua versus basatia dikotomia da, supremazismoa kolonialismoa eta inperialismoaren jarraipena baita. (...) Kontakizun supremazista espainiarrak nahasketa bilatzen du, abantaila handiak eskaintzen baitizkio, esaterako, espainieraren nagusitasuna lainotu eta euskararen inposizioa salatzeko. Horrela, supremazistek besteak aurkezten dituzte supremazista gisa. Halako mozorratze operazioak hitz magikoen inguruan egituratzen dira, adibidez: aniztasuna. Espainiera derrigortzea zibilizatua eta modernoa da, eta beraz, ez du talkarik egiten aniztasunaz. Euskarari ofizialtasun mailak eman nahi izateak, alta, aniztasuna urratzen du. "[30]

Nazionalismo zibiko frantsesa eta etniko alemana bereizten dituen ikuspegiaren beste erpin bat nazionalismo alemana erromantizismoarekin lotzea izan da eta hori gero nazionalsozialismoarekin. Hego Euskal Herriko ez-nazionalista akademiko batzuek, euskal abertzaletasuna maiseatzeko, erromantizismo alamanaren oinordeko gisa aurkezten dute, ezkutuan nazismoarekiko antzekotasunak iradokiz. Joxe Azurmendiren esanetan Bigarren Mundu Gerra ostean, Parisen, erromantizismoa kritikatzea kapitulu obligatua bihurtu zen nazionalsozialismoa kritikatzeko orduan. Gaur egun, orduko guda propagandistikoa, aurreiritzi akademiko bezala jarraitu du: “Hala da Madrilen, askoz sinpleago, pentsamendua Paristik kopiatzen delako eta Euskal Herrian hala da, Madrilgo kopiaren kopia izan ohi delako hemengo erudituen zientzia”.[31]

Beste adibide bat: Aurelio Arteta irakaslearen pentsamendu ustez anti-nazionalista kritikatzen du halaber, Josu Txapartegik.[32] "Antinazionalista izatea (eta benetako demokrata eta benetako liberala, berdin) Artetaren hitzetan nazionalismoaren irrazionaltasuna borrokatzea da. Nazionalismoren bat salbatzekotan, guztiak ere arriskutsuak izanagatik, nazionalismo politikoa da libratu daitekeena, ez inolaz ere nazionalismo etnikoa. Nazionalismo politikoa mendeetan eraikiz eta osatuz joan diren estatuetan loratu da." Hau da, Espainiako Estatuarena, nazionalismo salbagarri bat da. Artetaren iritziz "nazio espainola da ona, berezkoa, zibikoa, demokrata, liberala... eta nazio euskalduna da gaiztoa, asmatua, bortizkeriazkoa, ez-demokrata, ez-liberala". Nazionalismo espainiarrari lerratutako ideiak deritze hauei Txapartegik.

Euskal nazionalismoaren aurka ez-nazionalistek erabili izan duten beste argudio bat da Euskal Herria erreala baino asmatua dela. Horretarako Benedict Anderson ikertzaileak Imagined Communities liburuan landutako “komunitate asmatuak” ideia erabili izan dute, adibidez, Jon Juaristi edo Mikel Azurmendik. Bi autore horiei buruz Joxe Azurmendik zehaztu du Andersonen erabilera okerra egiten dutela. Izan ere, Andersonentzat, komunitate asmatuaren ideiak ez du zentzu negatiborik eta, gainera, Frantzia edo Espainia bezalako Nazio-estatuei aplikatzen zaie[33].

Hizkuntzarekin lotzean nazioa ere, batzuenak (euskaldun eta katalanena adibidez) "nazionalismo linguistikoa" baina gaztelaniaz hitz egiten dutenena "internazionalismo kulturala" da, Espainiako Errege Akademiako Juan Luis Cebrianen iritziz.[34] Eta aldiz, frogak agerikoak dira patriotismo edo estatu-identitate zibiko horiek, Cebrianek aldarrika ditzakeenak, funtsean linguistikoak ere badirela. "Estatu bat, hizkuntza bat" leloa Europan zabaldu zuen indar ideologikoa Frantziako Iraultzaren ondorengo jakobinismo linguistikoa izan zen. XIX. eta XX. mendeetan Europan bereziki eleaniztasuna suntsitzeko ahaleginak ikusi dira, estatuen aldetikoak.[35][36]

Nazionalismo batzuk

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Azurmendi, Joxe (2014): 503 or.
  2. Fernando, Lázaro Carreter. (1974). Lengua española : historia, teoría y práctica. Ediciones Anaya ISBN 84-207-0726-0. (Noiz kontsultatua: 2022-05-02).
  3. (Gaztelaniaz) «La lengua, compañera del imperio» Tierra Adentro 2022-08-18 (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).[Betiko hautsitako esteka]
  4. Moreno Cabrera, Juan Carlos. (2014). «3. Nacionalismo lingüístico y colonialismo.» El nacionalismo lingüístico : una ideología destructiva.. ISBN 978-84-9942-353-1. PMC 892486517. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  5. Ferragut, Mar. (2019-06-05). «Juan Carlos Moreno Cabrera :"El español es el único nacionalismo lingüístico que existe en España"» Nabarralde (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  6. Azurmendi, Joxe (2023): 19-31.or.
  7. Azurmendi, Joxe (2023): 95-101.or.
  8. Azurmendi, Joxe (2007): 151-156 or.
  9. a b c Etxebarria Respaldiza, Eki. (2018). «Globalizazioa eta nazionalismoa: Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren kasua» Uztaro: giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (Uztaro 104): 61–84. ISSN 1130-5738. (Noiz kontsultatua: 2023-04-28).
  10. Nazionalismoaren garapena eta hedapena XIX. mendean. 2015-08-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  11. «Kappo Storias: El nacionalismo: Las unificaciones de Italia y Alemania» Kappo Storias (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).
  12. (Ingelesez) Leoussi, Athena S.. (2004-01). «The ethno-cultural roots of national art*» Nations and Nationalism 10 (1-2): 143–159.  doi:10.1111/j.1354-5078.2004.00160.x. ISSN 1354-5078. (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
  13. (Gaztelaniaz) Higueras, Manuel. (2019-12-27). «Pintura española de historia del siglo XIX» Descubrir la Historia (Noiz kontsultatua: 2023-08-27).
  14. Azurmendi, Haritz (2023): “Zergatik itzuli orain Modernitate aurrera” in Joxe Azurmendi: Europa bezain zaharra, Andoain, Jakin. 7-17 or. ISBN 978-84-949758-6-8
  15. Azurmendi, Haritz. (2019). «Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala:» Jakin (Jakin) 233/34: 215-37..
  16. a b Mees, Ludger. (1991). «Europako herri txikien esnatzea - Jakin.eus» Jakin 66 (Noiz kontsultatua: 2023-04-28).
  17. (Ingelesez) Bakke, Elisabeth; Breuilly, John; Hutchinson, John; Kolář, Pavel; Kriel, Mariana; Leerssen, Joep; Malečková, Jitka; Malešević, Siniša et al.. (2022-07). «Symposium for Miroslav Hroch» Nations and Nationalism 28 (3): 737–759.  doi:10.1111/nana.12851. ISSN 1354-5078. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  18. Azurmendi, Haritz. (2019). «Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala:» Jakin (Jakin) 233/34: 215-37..
  19. a b c (Ingelesez) Maxwell, Alexander. (2010-11). «Typologies and phases in nationalism studies: Hroch's A-B-C schema as a basis for comparative terminology» Nationalities Papers 38 (6): 865–880.  doi:10.1080/00905992.2010.515970. ISSN 0090-5992. (Noiz kontsultatua: 2023-05-24).
  20. a b c Azurmendi, Joxe (2014)
  21. liburutegia. Joxe Azurmendi: «Nazionalismo frantsesa Europako nazionalismo itsusienen eredu da» | EIBZko liburutegia. (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  22. (Frantsesez) «Non au nationalisme, oui au patriotisme | L'Humanité» www.humanite.fr 2016-08-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-25).
  23. «manifestu nazionalista, are separatista esango nioke, estutuz gero. C. Ulises Moulines. Elkar.eus» www.elkar.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  24. Zallo, Ramón. (2001). «D2001-3 Euskal auzia, abertzaletasuna eta ezkerra» MRA Fundazioa (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  25. «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena». Euskaltzaindia, 137. araua («Euskal Herria izena»).
  26. «https://twitter.com/KikeAmonarriz/status/1667982861226455040» Twitter (Noiz kontsultatua: 2023-07-04).
  27. Urla, Jacqueline. (2009). «Hizkuntza eta nortasuna Txillardegiren lanean: ondaretik praktikara» Bat: Soziolinguistika aldizkaria (71): 73–82. ISSN 1130-8435. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  28. Azurmendi, Haritz. (2019). «Joxe Azurmendiren abertzaletasun kulturala:» Jakin (Jakin) 233/34: 215-37..
  29. «Txillardegiren ekarpena - Jakin.eus» www.jakin.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-08).
  30. Aoiz, Floren. «Supremazismoaren itzal luzea -» euskalerriairratia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  31. Azurmendi, Joxe (2007b): 70, 79 or.
  32. (Gaztelaniaz) Txapartegi, Josu. (2007). «Zer gordetzen digu Artetak ez-nazionalista mozorroaren atzean?:» Jakin (Jakin) 162: 41-68. (Noiz kontsultatua: 2023-04-09).
  33. Azurmendi, Joxe (2014): 525. or.
  34. (Gaztelaniaz) Cebrián, Juan Luis. (2023-04-10). «Guerra y paz de las lenguas» El País (Noiz kontsultatua: 2023-04-11).
  35. (Gaztelaniaz) Branchadell, Albert. (2016-04-08). ««Un Estado, una lengua»» elperiodico (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  36. Bell, David A.. (1995). «Lingua Populi, Lingua Dei: Language, Religion, and the Origins of French Revolutionary Nationalism» The American Historical Review 100 (5): 1403–1437.  doi:10.2307/2169864. ISSN 0002-8762. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu