Mishna
Mishna, euskaraz «errepika», juduen ahozko legeen bilduma da, hebrearren Bibliako legeen osagarria, Gemara iruzkinarekin batera, Talmud erlijio-liburua osatzen duena.
Bibliarekin batera, juduen bizitzaren eta pentsamenduaren oinarrizko liburua da. Lege-bilketa K.a. I. mendean hasi zen, eta Judah ha-Nasi jakitunak edo tannaimak burutu zuen K. o. III. mendearen hasieran. Ondoren, Palestinan eta Babilonian Mishnari buruzko bi iruzkin egin ziren, bi Gemara hain zuzen, eta ondorioz, bi Talmud liburu daude, Mishna bera, baina Gemara desberdina dutenak.
Mishna sei sail nagusitan banatua dago: Zera'im (Haziak) edo nekazaritzari buruzkoa, Mo'ed (Jaialdia) edo ospakizunei buruzkoa, Nashim (Emakumeak) edo ezkontzari buruzkoa, Neziqin (Kalteak) edo Zuzenbide Zibilari eta Penalari buruzkoa, Qodashim (Gauza Santuak) edo erlijio-zuzenbideari buruzkoa eta Tohorot (Garbikuntza) edo garbitasun-errituei buruzkoa.
Mishna hizkuntza askotara itzuli da, eta eragin handia izan du erlijio askotan.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.