Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Lehen Internazionala edo Langileen Nazioarteko Erakundea langileak biltzeko sortu zen nazioarteko erakunde sozialista izan zen.1864an sortu zen Londresen. Horren barruan langileen partaidetza politikoaren aldeko doktrina sozialisten (Karl Marx) eta estatuaren aurkako jarrera anarkisten (Mikhail Bakunin) arteko liskarrak sortu ziren.

Lehen Internazionala
Datuak
Izen laburraAIT, AIT eta IWA
Motapolitical international (en) Itzuli eta erakundea
Jarduera
Kide kopurua6.500.000
Agintea
Egoitza nagusi (–1873)
Egoitza nagusi (1873–)
Historia
Sorrera1864ko irailaren 28a
Sortzailea
Ordezkatzen duLiga Komunista
Desagerpena1876

Partaideak

aldatu

1864an Londresko Langile Elkarteen ordezkari talde batek (Britainia Handiko Trade Unions-ekoak, Frantziako Proudhonen jarraitzaileak, Alemaniako Langileen Elkarteko kideak, erbesteratu poloniarrak, hungariarrak, italiarrak, eta abar) Langileen Nazioarteko Elkartea (LNE) sortzeko erabakia hartu zuten; elkarte horri esaten zaio I. Internazionala.

Ordezkarien biltzarrak 21 ingelesek, 10 alemanek (horien artean Marx zegoen), 9 frantsesek, 6 italiarrek, 2 suitzarrek eta 2 poloniarrek osaturiko behin-behieneko komitea aukeratu zuen. Horien artean, sindikalistak, kartistak, joera guztietako sozialistak, Proudhonen jarraitzaileak eta, laster, Marxen haserrerako, marxista izena hartuko zutenak zeuden.

Marxen eragina

aldatu

Marxen nortasunak, hasiera hasieratik, eragin handia izan zuen LNEn. Hasierako manifestua eta antolaketa-estatutuak berak idatzi zituen, eta bere pentsamenduaren barruko funtsezko bi elementu sartu zituen:

  • Askatasuna langileek eurek lortu behar zuten.
  • Langileen klaseak politikan parte hartu behar zuen, agintea konkistatzeko eta, horrela, gizartea aldatu ahal izateko.

Erabakiak

aldatu

"Kontuan hartuta: Langileen emantzipazioa eurek lortu beharrekoa dela, beren emantzipazioa lortzeko ahaleginak ez duela pribilegio berriak sortzeko helbururik izan behar, denentzat eskubide eta betebehar berdinak ezartzeko baizik.

Langilea kapitalaren menpe izatea morrontzaren iturri dela: politikoa, morala, materiala.

Horregatik, langileen emantzipazioa dela mugimendu politikoek izan behar duten helburu nagusia (...).

Orain arteko ahalegin guztiek huts egin dutela batetik herri bakoitzean lanbide ezberdinetako langileen arteko elkartasun faltagatik eta bestetik eskualde ezberdinetako langileen artean batasunik izan ez delako.

Arrazoi horiengatik:

Behean sinatu dutenik, Londreseko Saint-Martin´s Hallen 1864ko irailaren 28an egindako batzarrean aukeratutako Kontseilu kideek, Langileen Nazioarteko Elkartea sortzeko behar diren neurriak hartu dituzte."

Liskarrak

aldatu

LNEren barruan, langileen mugimendua zuzentzeari buruz joera eta iritzi asko zeuden. Internazionalaren osaketa oso anitza zen, bai kideen nahiz zuzendarien jatorriaren eta bai gizarte oinarriaren aniztasunaren ondorioz. Heterogeneotasun hori arlo ideologikoan islatzen zen:

  • Proudhonen jarraitzaile frantsesek bilakaera baketsua eta apurka-apurkakoa nahi zuten, altxamenduen aurka zeuden, eta ez ziren langileek politikan parte hartzearen aldekoak, ezta Estatuak lan-arloetan esku hartzearen aldekoak ere.
  • Karl Marxen jarraitzaileak erradikalagoak ziren, eta greba borrokarako tresnatzat erabiltzearen, langile elkarteen partaidetza politikoaren eta lanaren arloko legeria sortzearen aldeko ebazpenak aurrera ateratzen zituzten: zortzi orduko lanaldia eta umeek lanik ez egitea; LNEren lehenengo biltzarretan liskar gogorrak egon ziren, eta horietan, Marxen iritziak atera ziren garaile, Proudhonen jarraitzaileen aurka.
  • Baina liskarrik gogorrenak Marxen eta Mikhail Bakuninen jarraitzaileen artean gertatu ziren. Liskar horien ondorioz, erakundea ahuldu eta zatitu egin zen. Marxisten iritziz, borroka politikoa ezinbestekoa zen, eta horretarako langileak langile-alderdietan antolatu behar ziren. Bakuninen jarraitzaileek, ordea, ez zuten antolaketa zentralizaturik onartzen, ekintza politikoaren aurkakoak ziren eta euren erasoak ez ziren Estatu kapitalistaren aurkakoak soilik, edozein estatu formaren aurkakoak baizik.
    • Garai hartan, Bakuninen aldekoei sozialista antiautoritario esaten zieten.
    • Euren ustez, bat-bateko altxamendu iraultzailea gertatuko zen, eta horren bitartez proletarioek estatua ezabatuko zuten.
    • Horren ordez, kolektibitateen federazio askea sortuko zuten.
    • Beste alde batetik, euren iritzian, industriako langileak ez ziren iraultzaren protagonista nagusiak, horiekin batera gizarteko sektore zapaldu guztiek ere parte hartu behar baitzuten: nekazariek, ikasleek, gazteek, eta abar.

1868an, Bakunin sartu zen LNEn; urtebete geroago, marxistekiko gatazka ideologikoa agerian gelditu zen Basileako biltzarrean. Polemikaren eragile nagusia langileek politika instituzionalean izan beharreko partaidetzaren ingurukoa zen, Bakuninen aldekoak guztiz ukatzen baitzuten eskuhartze hori. Marxek, berriz, LNEren gehiengoa langileen alderdia antolatzeren aldekoa izatea lortu zuen, eta alderdi horrek ez zuen alderdi liberal eta errepublikanoen modukoa izan behar, aurkakoa baino.

Istiluak 2. kongresuko hitzaldian, 1868

aldatu

Komunistenganako ideologikoki zuen ezberdintasuna, ondo azaltzen du Bakuninek hitzaldi honetan:

"Gorroto dut komunismoa, askatasunaren ukapena delako eta ez dudalako askatasunik gabeko gizateriarik ulertzen. Ez naiz komunista, komunismoak gizarteko indar guztiak biltzen eta irensten dituelako. Estatuaren izenean; jabetza Estatuaren esku uztera jotzen duelako ezinbestean. Ni, berriz, Estatuaren abolizioaren aldekoa naiz, Estatuaren agintea eta babesa behin eta betiko erauztearen aldekoa, hain zuzen. Izan ere, Estatuak, gizakiak moralizatzeko eta zibilizatzeko aitzakiarekin, orain arte esklabu bihurtu, jazarri eta galbideratu baino ez ditu egin. Gizartea eta taldeko zein gizarteko jabetza behetik gora antolatuta egon daitezen nahi dut, elkarte askearen bidez; eta ez goitik behera antolatuta, agintearen bidez, edozein motatako agintea bada ere."

Langileen Nazioarteko Erakundea eta politika

aldatu

"Jabeen klasekoen indar kolektiboaren aurkako borrokan, proletarioek euren burua alderdi politiko berezi moduan antolatuta baino ezin dute jokatu; alderdia klase menperatzaileek eraturiko lehenengo beste alderdi guztien aurkakoa izango da; ezinbestekoa da proletarioak alderdi politiko bihurtzea gizarte iraultza eta helburu nagusia, klaseak desegitea, ziurtatzeko."

Hagan egindako LNEaren Kongresuko erabakiak, 1872ko iraila.

I. Internazionalaren amaiera

aldatu

Europako gobernurik gehienek LNE jazarri eta legez kanpo utzi zuten. New Yorken 1876an egindako biltzarrean, I. Internazionala deseginda geratu zen. Aurrerantzean, langile-mugimenduaren zatirik handienak Marxek proposaturiko bideari jarraitu zion eta Europako estatuetako politikan parte hartuko zuten langileen alderdi sozialistak sortu ziren.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu