Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Lauza[1], baita ere karro (Ipar.) edo baldosa (Heg.), eraikuntzako atal gotor, mehe eta laua da, gainazalak estaltzeko erabilia, hala nola zoladura, estalki eta hormak estali, babestu eta apaintzeko. Batez ere zeramikazkoak edo zementuzkoak, baina beste hainbat material ere erabiltzen dira, hala nola artelazkia, beira, metala edo plastikoa. Eraikin barnealdean batez ere zeramikazkoak izan ohi dira eta kanpoaldean (plaza eta espaloietan) zementuzkoak. Harrizkoak badira, "harlauza" deritze.

Lauza adibideak

Funtzio edo materialaren arabera :

  • Harlauzak: harrizkoak, batez ere zoladuran erabiliak
  • Solairu lauzak: zoladuran erabiliak, batez ere zeramikazkoak (etxe barnean) edo zementuzkoak (kale-plazetan eta, batzuetan, etxe barnean)
  • Lauza beiraztatuak: zeramikazkoak, etxe barneko zoru eta paretetan erabiliak, batez ere tradizio arabiar eta espainiar-portugaldarrean (ikus azuleju)

Historia

aldatu

Lauzatzeak tradizio arkeologiko eta artistiko luzea du eraikuntzen barrualdean, eta presentzia bereizgarria hiri-arkitekturan (kaleak, plazak, espaloiak, parkeak, harmailak, etab.).

Antzinako Ekialde Hurbila

aldatu

Adreilu beiraztatuen erabilera zaharrena, K.a. XIII. mendean Elam erresumako Chogha Zanbil tenpluan aurkitutakoak dira. Adreilu beiraztatu eta koloredunak erabili ziren antzinako Mesopotamian behe-erliebeak egiteko, Babiloniako Ixtarren Atean adibidez (K. a. 575), orain partzialki Berlinen berreraikia. Mesopotamiako artisauak Persiar Inperioko jauregietara inportatu ziren, Persepolisera kasu.

Eguzkitan lehortutako adreiluak edo pezoak erabiltzea izan zen Mesopotamian eraikitzeko metodo nagusia, non ibai-lohi ugari aurkitzen zen Tigris eta Eufrates ibaietan zehar. Bertako harri eskasia pizgarri izan zen labean egositako adreiluak fabrikatzeko teknologia garatzeko, alternatiba gisa. Eguzkitan lehortutako adreiluz egindako paretak indartzeko, adreilu egosiak kanpoko azal babesle gisa erabiltzen hasi ziren eraikin garrantzitsuagoetarako, hala nola tenplu, jauregi, harresi eta hiriko ateetan. Adreilu egosiak egitea buztingintza teknika aurreratua eskatzen zuen. Adreilu egosiak buztinezko masa solidoak dira, labeetan 950° eta 1.150 °C arteko tenperaturan berotuak. Eguzkitan lehortutako adreiluak bezala, zurezko moldeetan egiten ziren, baina erliebean apaindutako adreiluentzat molde bereziak egin behar izan zituzten.

Antzinako Persia

aldatu

Akemenestar Inperioan, adreilu lauza beiraztatuz apaintzen ziren eraikin nagusiak, hala nola Dario Handiaren Susako jauregia edo Persepoliseko hainbat eraikin[2].

Jarraieko Sasandar Inperioak diseinu geometrikoak, loreak, landareak, txoriak eta gizakiak erabili zituen, zentimetro bateraino beiraztatuak[2].

Materialak

aldatu

Zeramika

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Lauza beiraztatu»

Zeramika oso material erabilia da, akabera, diseinu eta estilo ezberdinekin merkaturatzen baita. Buztinez, urgarriz, silizez, produktu koloratzailez eta bestelako materialez osatuta dago. Akabera beiraztatuarekin edo gabe egiten da. Orban posibleetatik iragazgaizteko, lurrean jartzen denean, linazi olioz eta ozpinez tratatu behar da, oro har.

Akabera beiraztatuarekin, material iragazgaitza eta erresistentea da, lodieraren arabera. Erromatarren eraikinetako horma-lauza zaharrak, zabalak eta artistikoki landuak ez bezala, lauza modernoa txikiagoa eta landuagoa izan ohi da. Atal honetan azulejua aipa daiteke, ohikoa arkitektura islamiko eta iberikoan (Espainia-Portugalen).

Gres portzelanikoa

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Gres»

Lauza zeramikoaren aldaera bat gres portzelanikoa da; gogorra da, erresistentea eta ez oso porotsua. Salneurri handia du, beste material batzuen aldean. Erraz garbitzen da eta edozein garbiketa-produktu jasaten du.

Harria

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Harlauza»

Erresistentzia handia dutenez eta denboran zehar higadura nabarmenik jasaten ez dutenez (marruskaduraren eraginez), harlauzak, kanpoalderako oso egokiak direnak, barnealdean edo pertsonen joan-etorri handia dagoen lekuetan ere erabil daitezke.

Zoladuran, hauek dira erabiltzen diren harri mota nagusiak:

  • Granitoa: Granito leunduak oso harlauza eder eta gogorren aukera ematen du. Gainera, lodiera txiki samarra izanik, tamaina handiko harlauzak egitea ahalbidetzen du. Leundu gabe, eta tamaina handietan, espaloien eta kaleen zoladura gisa asko erabiltzen da.
  • Marmola: kareharrizko materiala da, porotsua eta nahiko delikatua da. Eragozpenak, asko: salneurri handia, garbitzeko zaila (material porotsua izateagatik, likidoak nahiko erraz xurgatzen ditu, markak utziz), erraz urratzen da eta garbitzeko produktu gutxi jasaten ditu. Abantailak: edertasuna eta kategoria sozialaren bereizgarria.
  • Arbela: Ondo leunduta, edo leundu gabe, askotan erabili izan da zoladuretan. Duela urte batzuk, ohikoa zen xake-itxurako lurrak aurkitzea, arbela eta marmol zuria konbinatuz.

Zementua

aldatu

Zementuzko lauzak, edo lauza hidraulikoak, zementu konpaktuz eginda daude. Gainazala pigmentuekin koloreztatzen da, kolore bakarrekoak edo marrazkiak osatuz. XIX. mende amaieratik aurrera sortu eta erabili izan dira Mediterraneo inguruko hiriguneetan: Frantzian, Iberiar Penintsulan, Italian eta Iparraldeko Afrikako eta Latinoamerikako kolonia europarretan.

Metala

aldatu

Gutxiago erabiltzen direnez, metalezko lauzak sukaldeko babes-paneletan eta gai kimikoak isurtzeko arriskua dagoen lekuetan erabiltzen dira, erraz garbitzen direlako eta urratzen ez direlako.

Erreferentziak

aldatu
  1. Lauza hitza Arkitektura Hiztegian. EHU (Noiz kontsultatua: 2020-03-05).
  2. a b Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman HistoryOfIranianTile izeneko erreferentziarako

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu