Kangxi
Kangxi enperadorea Txinako enperadorea izan zen, Qing dinastiakoa (1654-1722). 1661ean, zazpi urterekin, Shunzhi bere aitaren lekua hartu zuen, lau enperadoreorderen babespean. 15 urterekin hartu zuen aginpidea, azken enperadoreordea, Oboi, baztertu ondoren, diktadore gisa jokatzen baitzuen.
Kanpoko politika
aldatu1681ean, armada ahaltsu batez, hegoaldeko hiru errege feudal, Yunan eta Funkienen nagusi zirenak eta inperioaren egonkortasunari mehatxu egiten ziotenak, menderatu zituen. 1683an, Taiwango Txeng dinastiaren barruko liskarrez baliatuta, uharteari eraso zion, eta bere inperioari erantsi. 1689an Petri I.a tsarrarekin Nertxinskeko ituna izenpetu zuen, Txinaren eta Errusiaren arteko muga zehaztu zuena. Haren ondoren, Mongolia Kanpoaldekoa beretu zuen (1696). Gudarosteak Gobiko basamortua gurutzatu behar izan zuen, eta enperadoreak berak hartu zuen gudarosteen gidaritza. Hogei urte bakean eman ondoren, 1717an Kangxik Tibetera jo zuen, eta hiriburua, Lhasa, hartu zuen.
Administrazioa
aldatuMilitar bikaina izateaz gainera, gobernari artatsua zen Kangxi. Txosten guztiak irakurtzen zituen, eskribauen ortografia ere zuzentzen zuen, eta oharrak egiten zizkien, gerra-garaian egunean 400 bat txosten irakurri behar izanda ere. Kangxik garrantzi handiko lanak egin zituen Huang Ho ibaiaren ibilguan uholdeak saihesteko, eta Ubide Handia, Hunag Ho eta Yangtze ibaiak elkartzen zituen elkarbide nagusia, hobetu zuen. Bizitza pribatuan neurritsua zen; bere agintaldian asko gutxitu ziren konkubinak eta eunukoak. Ez zituen zergak inoiz goititu, ezta gerra-garaian ere; jaitsi ere egin zituen behin baino gehiagotan.
Kultura
aldatuIrakurketarako zaletasun handia zuen. Garrantzi handiko obrak idatzarazi zituen bere erreinaldian: Ming dinastiaren historia ofizial bat; Txinako letren hiztegia, ia 42.000 letra biltzen zituena; eta bi entziklopedia handi, haietako bat 10.000 atalekoa, bere agintaldian bukatu ezin izan zuena. Europako teknologia eta jakintza eskuratzeko misiolari jesuitez baliatu zen. Behatoki Inperialeko zuzendari Ferdinand Verbiest jesuita izendatu zuen; hark inperioko egutegi ofiziala egin zuen. Gerbillon eta Bouvet enperadorearen matematikariak izan ziren, eta Jartoux eta Regisek inperioko atlasa egin zuten. Jesuitei ekarpen haiek eskertzeko 1692tik aurrera Kangxik kristautasuna Txinan zabaltzeko baimen ofiziala eman zien. Frantziskotar, domingotar eta agustindar askok hartu zuten egoitza Txinan, baina haien irakaspenak ez ziren jesuitenak bezalakoak, jesuitek uzten baitzieten Txinako katolikoei beren errituak gordetzen. Hori zela eta, Kangxik Aita Santuaren ordezkariari eta jesuiten jokabideari jarraitzen ez zioten misiolari guztiak Txinatik kanpora egotzi zituen. 1720an enperadoreak Aita Santuaren beste ordezkari bat izendatu zuen. Laugarren semea, Yinchen, izan zen Kangxiren ondorengo.
Erreferentziak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kangxi |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.