Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Jesus Atxa Agirre (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1920ko maiatzaren 28a - 2007ko urriaren 24a) Bizkaiko eta Nafarroako ikastolen sortzailea izan zen.

Jesus Atxa
Bizitza
JaiotzaAretxabaleta1920ko maiatzaren 28a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza2007ko urriaren 24a (87 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista
Jasotako sariak
KidetzaEuskaltzaindia

Inguma: jesus-atxa-agirre-1920-2007

Dozenaren bat ipuin euskaratu eta argitaratu zituen, Jon Oñatibiarekin.

2003an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria irabazi zuen.

Bizitza

aldatu

Hamalau urte bete arte herriko eskolan ikasi zuen. 14 urterekin Durangoko jesuitetara joan zen ikastera, eta han egon zen bi urtez. Gero, 1936an, gerra garaian, Belgikara joan zen, Jesuitetara. Jesuita artean egin zituen hurrengo zazpi urteak: zazpi hilabete Belgikan nobizio eta beste hamasei hilabete Caracasko nobiziatuan, bi urte Kolonbiako Santa Rosako Seminarioan, eta beste hiru urte Bogotako jesuiten Unibertsitatean, Filosofia eta Letrak ikasketak egiten. Pedagogia ikasketak ere eginak zituen. 1942. urtean, 23 urte zituela, Jesuitak utzi zituen eta Caracasera itzuli zen. Aldi batean, bere kabuz aritu izan zen lanean.

Caracasko Eusko Etxean topo egin zuen Jon Oñatibiarekin eta bere laguntzaile izan zen Argia aldizkarian. Caracasen izan zen bitartean, Eusko Etxeko abesbatzako partaidea izan zen.

1945ean, Euskal Herrira itzuli zen: Elorrio eta Aretxabaleta artean igaro zuen urte pare bat edo, eta beste askoren artean Juan Luis Izagirre eta Lontxo Peña izan zituen adiskide; UDA izeneko elkartea sortu zuten eta Atxak futbolerako eta mendizaletasunerako barruan zeukan grinari ere irtenbidea eman zion. 1960an erabat murgildu zen Euskal Kultur eta ikastolen munduan. Bilbon, EDILI (Edición de Libros) erakunde euskaltzaleko zuzendari izan zen. Aretxabaletako ikastola sortu zuen, Sarasua eta Angel Gabilondorekin batera. Garai horretan, Bizkaiko Zeruko Argia aldizkariaren arduraduna izan zen.

Bestetik, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren sorreran parte hartu zuen. Horren harira, beste hiri batzuetako kultur asteak eta egunak zirela medio, eratzen ziren liburu eta disko azoken antolatzailea izan zen, hala nola Eibarren, Arrasaten, Bergaran, Gasteizen, Iruñean eta Zarautzen.

Bizkaiko lehendabiziko ikastolen bultzatzaile sutsua izan zen Jesus Atxa: Ondarroa, Ermua, Berriz, Olakueta, Zornotza, Galdakao, Durango eta Bilbo. Gipuzkoako herri batzuetan ere lan bera egin zuen eta Gipuzkoako Ikastolen Elkartea sortu aurretiko bileretan eta ekimenetan ere parte hartu zuen.

Lehendik Bizkaian izan zen bezala, gero ere Nafarroan, ikastolen munduan sortzaile, bultzatzaile eta irakasle izana da Jesus Atxa: 1970. urtean Iruñeko San Fermin ikastolako zuzendari izendatu zuten eta bertan ihardun zuen 1984 arte, alegia, jubilatu zen arte: "Suertea eta ohorea niretzat -horrela esaten zuen berak- euskararen alde lan egin ahal izatea". Bitarte horretan, gainera, herrietan sortzen ari ziren ikastolen suspertzaile izan zen: Etxarri-Aranatzen, Altsasun, Tafallan, Lizarran, Beran, Lesakan... Gurasoekin bilerak egitea eta irakasleak bilatzea, besteak beste, egiten zuen Atxak.

1977an Nafarroako Ikastolen Elkarteko sorreran parte hartu zuen.

1978an, Karlos Santamariaren gidaritzapean, Eusko Kontseilu Nagusian, Hezkuntza Sailean, hartu zuen parte.

1990ean Nafarroako Ikastolen Historiarako Artxiboetako arduradun aukeratu zuten, Ikastolen Elkartearen babesean.

Orain gutxi arte ordu batzuk ematen zituen Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan, "geroari begira, Ikastolen Historiari dagozkion paper artean buru-belarri sartua, bide batez ikastola bakoitzaren historiatxo liburuak idatziz". Izan ere, ikastola batzuetako historia laburpenak argitaratuak ditu.

Euskaltzaindiak 1967ko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen eta euskaltzain ohorezko, berriz, 1998ko apirilaren 24an.

"Zeruko Argia" aldizkariaz gain, "Txistulari" eta "Anaitasuna" agerkarietan ere kolaborazioak argitaratu zituen. Iruñera joan baino lehen, haurrentzako hainbat pelikula euskarara bikoizten ere aritu zen, askotan Xabier Kintana euskaltzainarekin batera.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu