Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Hondarribia

Gipuzkoako udalerria

Hondarribia, Gipuzkoa ipar-ekialdeko udalerria da, Txingudiko ezkerraldean kokatua, Bidasoa ibaia itsasoratzen den lekuan, eta Ipar Euskal Herriarekiko nahiz Lapurdirekiko mugan. Izan ere, parez pare du Bidasoaren beste aldean —ekialdean— Hendaia.

Hondarribia
 Gipuzkoa, Euskal Herria
Hondarribia, Hendaiatik ikusita.
Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaGipuzkoa
EskualdeaBidaso Beherea
Izen ofizialaHondarribia
AlkateaIgor Enparan Araneta (Abotsanitz)
Posta kodea20280
INE kodea20036
Herritarrahondarribiar
Ezizenabikingoak
Kokapena
Koordenatuak43°21′45″N 1°47′29″W / 43.3624°N 1.7915°W / 43.3624; -1.7915
Map
Azalera28,63 km²
Garaiera16 m
Distantzia19 km Donostiara
Demografia
Biztanleria16.887 (2023)
−17 (2022)
Dentsitatea5,9 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 8,4
Zahartze tasa[1]% 21,27
Ugalkortasun tasa[1]‰ 48,05
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 77,92 (2011)
Genero desoreka[1]% 7,13 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 8,75 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 58,67 (2010)
Kaleko erabilera [2]% 24.6 (2016)
Etxeko erabilera[3]% 46.06 (2016)
Datu gehigarriak
Sorrera1203 Donostiako Forua
Webguneahttp://www.hondarribia.eus
Hiri senidetuakPeníscola

Mugakide dituen Irun eta Hendaiarekin batera Txingudiko metropoli-eremua osatzen du, 90.000 biztanle dituena eta Espainia eta Frantzia estatuen artean banatua. 1203an Alfontso VIII.a Gaztelakoak hiribildu titulua eman zion, eta Donostiako Forua.

17.092 biztanle zituen 2016. urtean. Haren jarduera nagusiak zerbitzu sektorea, turismoa, arrantza eta nekazaritza dira. Haren kokagune estrategikoagatik, bertan gaztelu bat eraiki zuten eta hesi batez inguratu, hiri-erdiguneak bere Erdi Aroko urbanismoa gorde du urteen joanean. Alde Zaharretik kanpo dago Portu auzoa, arrantzaleen auzoa.

Gipuzkoako turismo, aisialdi eta oporgune garrantzitsu izateaz gain, udalerrian Donostia-Hondarribia aireportua dago.

Udalerriaren izen ofiziala, Hondarribia (bertakoen hizkeran,[4] Hondarbi edo Hondárbi(y)a), «hondar» eta «ibi» hitzen elkarketatik letorke, eta historialarien arabera antzinako herriaren kokalekuarekin zerikusia izan dezake.

 
1335ko Hondarribiko zigilua, irudiko baleak udalerrian bale-arrantzak zuen berebiziko garrantzia argi adierazten du.

Historia zehar hainbat modutan idatzia izan da, tartean Hundarribia, Ondarribia edota Ondarrabia. Idatzizko erregistro zaharrena XII. mendean agertzen da, aldiz, gaur egungo aldaera lehenbiziko aldiz XVIII. mendearen amaierako agiri batean agertzen da.

Beste teoria baten arabera, izena gaskoitik letorke, antzinako gaskoiz «hond» hitzak «iturri» esan nahi baitu eta «arrabia» hitza frantsesezko «ravine» hitzaren parekidea da, hots «labar» edo «amildegi».[5]

Erromantzerazko Fonterrabia edota Fuenterrabía izenek XVIII. mendean jatorria dute, Fontem Rapidam izendapenean.

1980an, Hondarribiko Udalak erabaki zuen udalerriaren izen ofiziala hizkuntza guzietan Hondarribia izango zela. 1989tik aurrera Hondarribia udalerriaren izen bakartzat onartua da, eta bide seinale nahiz agiri guzietan izen bakar hori agertzen da.

Hondarribia izenaren bukaerako –a artikulua da. Hortaz, honela deklinatzen da: Hondarribia, Hondarribiarekin, Hondarribian...; baina Hondarribiko, Hondarribitik, Hondarribira... Era berean, izen honek bere azken –a galtzen du ondoan beste determinatzaile bat edo adjektiboa daramanean; adibidez: Hondarribi maitea, Hondarribi osoan, Gure Hondarribi hau...[6]

Herritarrak hondarribiarrak dira. Bertako zaharrek eta gazte askok ere euskaraz herriari Hondarbi eta Hondárbi(y)a esaten diote,[4] eta herritarrei hondarbitar.[7] XX. mende erdialdean-edo Irungo euskaldunak Honddarbi esaten hasi zitzaizkion, eta horren eraginez, euskarazko -dd- bustidura ahoskatzen ez zekitenak gaztelaniaz Honyarbi eta Oñarbi ere esaten hasi ziren. Ahoskatze trakets hori arrunt zabaldu denez, azkenaldian zenbait euskaldunek ere Onyarbi (Honddarbi beharrean) deitzen diote, eta herritarrei onyarbitar (honddarbitar esan beharrean)[8] ahoskera okerra den arren. Bestalde, herritarrak bikingoak ezizenaz ere ezagunak dira, berrikitan asmatutako istorio batek dioenez bikingoen erasoaldien ondorioz hondarribiarren artean inguruko udalerrietako biztanleen artean baino ilehori gehiago omen dago eta. Aitzitik, bikingo ezizen hori jatorriz portuarrei –Portu edo erdarazko La Marina auzoko bizilagunak– bakarrik erantsi izan zaie, baserritarrei eta kaletarrei ez.

 
Hondarribia, Hendaia eta Txingudiko aireko ikuspegia.

Geografia

aldatu
 
Hondarribiaren NASAren satelite bidezko ikuspegia.

Hondarribia Txingudi badiaren mendebaldean kokatua dago. Badia hau Bidasoa ibaiaren bokaleak osatzen du eta Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria nahiz Gipuzkoa eta Lapurdi arten luzatzeaz gain, bere azken zatia Espainia eta Frantzia estatuen arteko muga da. Antzinean, itsasadar honetako azalera gehienak padurez osatuak zeude. Ibaiadarraren azken tartean, itsasoari hasiera ematen zioten hondartza azalera zabalak hedatzen ziren.[9] Badia honen inguruan Hondarribia (mendebaldea), Irun (hegoaldea) eta Hendaia (ekialdea) udalerriak daude, hiruek Txingudiko metropoli eremua osatzen dutelarik.

Antzinako Hondarribiaren kokalekua badiaz gaindiko muino batean zegoen, nahiz eta gaur egun udalerria inguruko lur lauetara ere hedatu den. Hurbileko lursail hauek antzina padurak eta hondartzak ziren, baina idortuak izan ondoren bertan baratzak jarri ziren. Gaur egun demografia nahiz etxebizitza berrien eraikuntzaren presiopean daude. Halere, bertan antzinako eremuaren aztarnak, nahiz zenbait zingira eta kanal ere mantendu izan dira. Hego-ekialdean udalerria garaiera txikiko muino baxuez osatutako eremu batean zehar hedatzen da, eremu honetako lursailak Bidasoren ibaiadarra den Jaitzubia erreka eta ibarraren urek bustitzen dute.

Ipar-ekialdean, ikuspegia guztiz ezberdina da, bertan Jaizkibel mendi baitago. Mendi hau bataz-besteko 400 metroko garaieraz eki-mendebaldeko noranzkoan Kantauri itsasoari paralelo doa, bere gunerik garaiena 547 metrotan dago, hain zuzen ere, Hondarribiko mendebaldeko mugan. Mendiaren iparraldeko magala Bizkaiko Golkora begira eta itsaslabarrez osatua dago, noizbehinka badia edo senai txikiren bat tartekatzen delarik. Hegoaldeko magala nahiko maldatsua da, ekialdeko zatia Hondarribian dago, eta mendebaldekoa Lezo eta Pasaian.

Jaizkibel mendiaren ipar-ekialdean Higer lurmuturra dago. Hondarribiko herrigunetik hurbil dagoen lurmutur honek Txingudi badia, Hondarribiko portua eta Hondarribiko hondartza itsas enbata eta Kantauri itsasoaren haserrealdietatik babesten ditu. Kokaleku hau Jaizkibel mendiaren hasiera da (edota amaiera), gainera Pirinioetako hasiera edo amaieratzat ere jo ohi da, bertan GR 11 eta Talaia ibilbidearen hasiera edo amaiera egoteaz gain, Kostaldeko Done Jakue bidea ere igarotzen da. Lurmuturrean Higerko itsasargia, Amuitz uhartea, kanpin-eremua eta jatetxea daude.

Hondarribiak Higer lurmuturra eta herrigunearen artean hondartza handi bat ere badu, garai batean udalerriaren eremu zabala osatzen zuten hondartzen aztarna da, gaur egun Ramon Iribarren ingeniari prestigiotsuak diseinatutako barra batek mugatzen du.

 
Txingudi: Hondarribia eta Hendaia.

Mugakideak

aldatu

Hondarribiak honako udalerri hauek mugakide ditu: hego-mendebaldean, Pasaia eta Lezo, haiekin Jaizkibel mendia elkarbanatzen du; hegoaldean, Irun; eta ekialdean, Hendaia et Txingudi badia. Iparraldean Bizkaiko Golkoa du. Hondarribia eta Irun artean 4,5 km daude eta Hondarribiko herrigunetik Hendaiako herrigunera errepidetik joan ezkero 6,5 km besterik ez daude, aldiz, itsasoz edo Bidasoa ibaia zeharkatu ezkero parez-pare daude.

Ingurune naturala eta klima

aldatu

2011. urtean, Europako Justizia Auzitegiak ebatzi zuen Hondarribiak (Irunekin batera) oraindik ez zituela hondakin urak arazten. Eginbehar hori 2000. urterako bete beharrekoa zen.[10]

      Datu klimatikoak (Hondarribia, Malkarroa (1971-2000))      
 Hila   Urt   Ots   Mar   Api   Mai   Eka   Uzt   Abu   Ira   Urr   Aza   Abe   Urtekoa 
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) 24.6 18.4 29.0 32.4 36.6 39.8 40.4 40.0 38.0 33.4 28.2 26.0 40.4
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) 12.8 13.9 15.4 16.8 20.0 22.3 24.7 25.2 23.7 20.4 15.8 13.7 18.7
Batez besteko tenperatura (ºC) 8.6 9.5 10.9 12.4 15.7 18.2 20.6 21.0 19.0 15.8 11.5 9.6 14.4
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) 4.4 5.1 6.4 8.0 11.3 14.0 16.4 16.7 14.3 11.2 7.2 5.5 10.0
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) -12.0 -13.0 -5.2 -1.2 3.0 5.3 7.8 8.4 4.6 0.8 -5.8 -8.4 -13.0
Euria (mm) 168 150 144 168 138 96 98 112 138 174 186 167 1738
Euri egunak (≥ 1 mm) 13 12 12 14 12 10 9 10 10 12 13 12 140
Elur egunak (≥ 1 mm) 0 1 0 0 0 0 0 0 0 0 0 0 1
Eguzki orduak 91 104 139 148 174 185 202 194 167 136 100 82 1724
Hezetasuna (%) 75 73 72 72 73 74 75 77 76 76 77 76 75
Iturria: Agencia Estatal de Meterología[11]

Auzoak

aldatu
 
Portuko auzoko etxe koloredunak.
Bi gune historikoak
aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Alde Zaharra (Hondarribia)» eta «Portu auzoa (Hondarribia)»

Hondarribiko herriguneak bi gune edo auzo historiko ditu:

  • Alde Zaharra: Hondarribiko harresiak inguratzen duen gunea da. Muino batean dago eta interes turistiko et historiko handiko eraikinez osatutako multzoa du. Gaur egun, bertan, 1500 lagun inguru bizi dira.
  • Portua: herriko arrantzaleen antzinako auzoa eta bizilekua zen, harresietatik kanpo eta Bidasoa ibaiaren bokalearen ertzean dago, giro herrikoia du eta bertan usadiozko arrantzaleen kolore biziko etxe ederrak daude. Auzoaren ardatza pasealekua da, bere bi alboetan taberna ugari daude.
Gainontzeko auzoak
aldatu

Historia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hondarribiko historia»

1200ean, ordu arte Nafarroako Erresumako lurraldea zen, Donostiaren mugen barruan. Orduan, Gaztelako Erresumaren tropek Gipuzkoa eta Donostia konkistatu zituzten. Alfontso VIII.a Gaztelakoak bere konkistak sendotu nahi zituen Gaskoiniarekiko lurreko lotura estrategikoa eta kostaldearen kontrola bermatzeko. Horregatik, 1203. urtean Alfontso VIII.a Gaztelakoa erregeak Hondarribiari hiri-gutuna eman zion, kostaldeko Mutriku eta Getaria eta Hondarribia hiribilduak ere garai hartakoak dira.

Edonola ere, aurretik ere kokaleku hartan bazen bertan herrixka bat, eta Nafarroako Antso VI.a Jakitunak Donostiako foruan Undarabia izenarekin aipatzen du.

 
1476ean Gaztela eta Aragoiko Errege-Erregin Katolikoen esku-sartzea aurreko udalerriaren irarlana.

1294an Alfontso X.a Gaztelakoak haren ahaide bati, Nafarroako erregeari, Donostia eta Hondarribia eman zizkion. Halaber, 1805ean Bidasoaldeko hiri hori Nafarroari anexionatu zitzaion, 1814an, ostera, Gipuz­koari batu zitzaion, eta hala jarraitu du.

Erdi Aroan Hondarribia merkataritzako portu aberatsa ere izan zen; izan ere, bertatik itsasoratzen ziren Gaztelako eta Nafarroako hainbat gai (garia, ardoa, metalak...) Flandesko eta Europako beste lurretako portu askotarako.

Hondarribia oso zabala zen: gaur egungo Irun, Lezo eta Pasai Donibane ere barne hartzen zituen. Haren kokapen estrategikoaren ondorioz, Frantziako Erresumak sarritan eraso zuen. Hondarribiko harresiaren babesean, hondarribiarrak haien burua defendatzeko gai izan ziren. Setiorik odoltsuena 1638ko udako Hondarribiko setioa izan zen. Condeko printzeak, Bordeleko artzapezpikuarekin aliaturik, bi hilabete eta hondarribiarrei gehiagoko erasoaldia egin zien, eta, bi bandoetako hildakoak aintzat hartuta, guztira hamaika mila pertsona hil ziren guztira. Hondarribiarren aburuz, garaipena Guadalupeko Ama Birjinak emandako mesedea izan zen, irudia Guadalupeko baselizatik jaitsi eta haren eskuetan jarriak baitziren. Harrez­kero, urtero irailaren 8an Hondarribiko alarde ikusgarria setioaren amaiera ospatzeko egin ohi da. Erasoa oso gogorra izan bazen ere, Domingo Egiak, setiatuen behin‑behineko buruzagiak, ez zuen haren gibel asmoa galdu, antza. Izan ere, borrokaren ondoren emazteari gutun hau idatzi zion emazteari:

« Gerra kontuez ezer asko ez dakizunez, esango dizut arerioen gudarostea lautan banatu zela: zati batekoek alde egin zuten, beste batekoak hil genituen, beste batekoak galdu genituen, eta gainerakoak ito ziren. Gera zaitez Jainkoarekin, ni Hondarribian afaltzen geratuko naiz eta. »

Mendez mende Hondarribia gotorleku ia menderaezina izan zen. Kuboz eta bastioiez babestutako harresiek hiri osoa inguratzen zuten, eta hainbat setiotan babestu zuten hiria.

 
Hondarribia eta Txingudi 1843an (Eugène de Malbos).
 
Errebote partidua Hondarribiko harresien aurrean (Gustave Colin, 1863).

XVIII. mendearen amaieran, frantsesek berriz ere Hondarribian gailentzea lortu zuten. Historiagileren batek adierazi du orduko Joakin Izarreta hondarribiar alkateak Frantziako Iraultza begi onez ikusten zuela, eta frantsesek Hondarribia mendean hartzea lortu zutela. Frantziako erasotzaileek mugatik hain gertu zeuden harresiek, kuboek eta bastioiak kaltetzen zituztela ikusi zutenean, gotorlekua —Europako hoberenetakoa jotzen zena— nahita hondatu zuten. Hondarribiaren kokapenaren ondorioz, enperadoreen, errege‑erreginen, printzesen, diplomatikoen eta goi‑kargu militarren joan‑etorri handiko hiria izan da.

XIX. mendearen hasieran Hondarribia erabat suntsituta zegoen, haren Alde Zaharrean hondamendia besterik ez zegoen. 1805ean, egoera horretatik ateratzeko, udal agintariek Nafarroarekin bat egitea proposatu zuten. Erregeak proposamena onartu zuen eta Hondarribia, Irun eta Lezo Nafarroaren barnean geratu ziren. 1810ean Thouvenot jeneralaren aginduz berriro Gipuzkoara itzuli ziren.

Napoleonen garaian hiria frantsesen menpe egon zen.

Lehen Karlistaldiaren hasieratik karlisten eskuetan erori zen, eta haiek hiria gotortu zuten. Alkateak, Jose Maria Iriartek, liberala zenez, Hendaiara alde egin behar izan zuen. 1836ko uztailaren 11n George Lacy Evans, Britainiar Legio Laguntzailearen burua, hiria menderatzen saiatu zen, karlisten eta Frantziaren arteko komunikazioa deuseztatzeko asmoz. Hala ere, ez zuen helburua lortu, eta britainiarrek atzera egin behar izan zuten. Tropa karlistek, Gibelalde buru, ingelesei erasotzea lortu zuten, eta Jaizkibelgo bidetik atzera egitera behartu zituzten, Pasaiara. Hurrengo urtean liberalak berriro saiatu ziren hiria hartzen, eta Oiartzun eta Irun konkistatu ondoren, 1837ko maiatzaren 17an Hondarribiko garnizioaren errendizioa lortu zuten.

Hirugarren Karlistaldia 1872an hasi zen, baina horren eraginak ez ziren Bidaso Beherera heldu 1874 arte. Urte horretan Karlosen tropek Iruni eraso zioten. Hondarribia ere inguratu zuten, baina ez zuten beren asmoa bete, eta setioa amaitu behar izan zuten.

Gerra bukatu ondoren, berpizkunde bat izan zen, eta, udatiarren fenomeno berria aprobetxatuz, hiri berri bat eraiki zen. Zabalgunea egin zuten, eta Portu auzoa hirigunea bihurtu zen alde harresituaren kaltetan.

 
Hondarribiko Alde Zaharrean dagoen Gipuzkoa plaza.

Ekonomia

aldatu
 
Hondarribiko portua.

Arrantza, nekazaritza (barazkiak), arrain-haztegia, industria (altzarigintza, ontzigintza), turismoa (hotelak, jatetxeak), merkataritza eta garraioa (Donostiako aireportua) dira udalerriko ekonomia jarduera nagusiak.

2017an honela banatzen ziren sektore ekonomikoak herrian: Lehen sektorea BEGaren %6,2. Bigarren sektorea %9,1. Hirugarren sektorea %78,2. Eraikuntza %6,6.[12]

Portua eta arrantza

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hondarribiko portua»

Gipuzkoako arrantza kairik garrantzitsuena da. 1999an 54 itsasontzi zeukan baxurarako eta 543 marinel guztira.

Erromatarrak Hondarribiko portua erabiltzen lehenak izan ziren, zehatzago esanda, Asturiagako ainguratoki bukolikoa erabiltzen zuten, gaur egun fraideen hondartza esaten diotena. Higer lurmuturraren eta Amuitz uhartetxoaren babesean dago.

Kirol-portua

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Hondarribiko kirol-portua»

Hondarribiko kirol-portua 2000. urtean irekitako kirol-portu bat da eta 685 amarraleku ditu.

Demografia

aldatu

Hondarribiak ez zuen izan 1950eko eta 1960ko hamarkadan bere auzoko Irunek izan zuen hazkunde handia. Horrek ez du esan nahi ez zuela hazkunderik izan; izatez, XX. mendearen bigarren erdialdean biztanleria bikoiztu zuen, eta hazkundeak jarraitu egin zuen XXI. mendearen hasierako hamarkadan. 2019an 16.937 biztanle zituen. Horietatik %22,7k 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %8,72 ziren.[12]

Bestalde, Hondarribian egoniko eraldaketa demografiko desberdinak ezin ditzakegu aldagai bakar bati egotzi. Aitzitik, amakina aldagai hartu behar ditugu aintzat, demografiaren esparruaren arabera. Egondako biztanleria hazkundearen arrazoi nagusia hirugarren sektorearen eragina edota Espainian emaniko egonkortze plana izango lirateke garaiaren arabera. Aldiz heriotza-tasaren gainbehera 1857tik gaurdaino testuinguru historikoak izan duen bilakaeraren ondorio dira. Izan ere, egoniko ezegonkortasun politiko, sozial zein ekonomikoak gatazka etapa batean murgildu zuen herrialdea matxinada, iraultza, atentatu eta abarren sortzaile izanik. Jaoitza-tasaren gainbehera ordea, eraldaketa sozial baten esku dator, alde batetik, itotasun ekonomikoaz urruntzen dira familiak, hots, ez dute lan indarraren beharrik, haurren heriotza-tasa biziki murrizten da, balio erlijiosoek indarra galtzen dute eta familia ulertzeko era berria ematen da, etxebizitza batean aurki genezakeen errealitatea aldatuz.

Biztanleriaren bilakaera

aldatu
Hondarribiko biztanleria
Datu-iturria: www.ine.es

Politika

aldatu

Udal hauteskundeak

aldatu

Borja Jauregi (Euzko Alderdi Jeltzalea) 1995 eta 2007 bitartean izan zen Hondarribiko alkatea eta Eusko Alkartasunarekin batera gobernatu zuen Hondarribia hiria. 2007ko hauteskundeez geroztik, Aitor Kerejeta Cid (Euzko Alderdi Jeltzalea) izan zen alkate.[13]

2015eko udal hauteskundeen ondoren, Txomin Sagarzazu hautatu zuten alkate.[14][15] 2019ko udal hauteskundeetan hauek izan ziren emaitzak: EAJk 3.882 boto. Abotsanitzek 1.924 boto. PSE-EEk 1.098 boto. EH Bilduk 1.053 boto. PPk 415 boto. VOXek 74 boto.[16] Txomin Sagarzazu aukeratu zuten berriro alkate.[17]

2013an, EH Bilduko zinegotzi batek Hondarribiko alarde tradizionalean parte hartu zuen. Horrek Sortu alderdian zatiketa eragin zuen, eta horrek ondorioz Abotsanitz udal taldea sortu zen.[18]

Hondarribiko udalbatza

Alderdia

2023

2019

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
Abotsanitz
7 / 17
2.834 (% 34,35)
4 / 17
1.924 (% 22,37)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
6 / 17
2.786 (% 33,76)
9 / 17
3.882 (% 45,14)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
2 / 17
1.096 (% 13,28)
2 / 17
1.098 (% 12,77)
Euskal Herria Bildu
2 / 17
979 (% 11,86)
2 / 17
1.053 (% 12,24)
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.eus webgunean
Grafiko hau ezin da une honetan ikusi, software arazo bat dela eta. Lanean ari gara ahalik eta lasterren grafikoak berriro erakutsi ahal izateko.

Alkateak

aldatu

Hauek izan dira Hondarribiko azken alkateak:

Alkatea Agintaldi hasiera Agintaldi amaiera Alderdia[19]
Alfonso Manuel Oronoz Alkain[20][21] 1979 1983 Euzko Alderdi Jeltzalea
Alfonso Manuel Oronoz Alkain[21] 1983 1987 Euzko Alderdi Jeltzalea
Alfonso Manuel Oronoz Alkain[21][22] 1987 1991 Eusko Alkartasuna
Alfonso Manuel Oronoz Alkain[21] 1991 1995 Eusko Alkartasuna
Borja Jauregi Fuertes[23] 1995 1999 Euzko Alderdi Jeltzalea
Borja Jauregi Fuertes[23] 1999 2003 Euzko Alderdi Jeltzalea
Borja Jauregi Fuertes[23] 2003 2007 Euzko Alderdi Jeltzalea-Eusko Alkartasuna
Aitor Kerejeta Cid[24][25] 2007 2011 Euzko Alderdi Jeltzalea
Aitor Kerejeta Cid[25][26] 2011 2015 Euzko Alderdi Jeltzalea
Txomin Sagarzazu Ancisar[26] 2015 2019 Euzko Alderdi Jeltzalea
Txomin Sagarzazu Ancisar[26] 2019 2023 Euzko Alderdi Jeltzalea
Igor Enparan Araneta 2023 Jardunean Abotsanitz

Aurreko alkateak honako hauek dira:

aldatu
  • 1940: Simon Munduate Maiza
  • 1941–1958: Francisco Sagarzazu Sagarzazu
  • 1959–1966: Jose Ramon Fernandez de Casadevante Raguan
  • 1967–1972: Pedro Aginagalde Oiartzabal
  • 1973–1977: Mercedes Iridoi Olaskoaga
  • 1977: Jesus María Amunarriz Urrutia
  • 1978: Jose Manuel Garmendia Olaskoaga

Azpiegiturak

aldatu

Garraioa

aldatu

Kultura

aldatu
  • Kultur etxea[27]
  • Itsas etxea auditoriuma[27]
  • Udal euskaltegia[27][28]
  • Udal artxiboa[27][29]
  • Udal liburutegia.[27] Zuloaga eraikin barrokoan kokatzen da.[30]
  • Psilocybenea aretoa[31]

Kirola

aldatu
  • Hondartza kiroldegia[27]

Hezkuntza

aldatu
  • Talaia HLHI eta BHI
  • Gaztelekua[27]
  • Saindua gaztelekua[27]

Kultura

aldatu

Euskara

aldatu
Hondarribiko hiztunen testigantzekin osatutako bideoa, Euskal Herriko Ahotsak[32][33] proiekturako egina, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Hondarribiko euskara gipuzkeraren barnean dagoen Behe Bidasoko euskaran kokatzen da gaur egun. Bidasoako hizkerak erdialdeko euskararen, nafarrera eta nafar-lapurtarraren tarteko hizkeratzat har daitezke, mende luzez nafarrerarekiko lotura estuagoa izan duen arren (horrela biltzen da Luis Luziano Bonaparteren euskalkien lehen sailkapen zientifikoan), azkenaldian erdialdeko ezaugarriak tarte handiagoa hartzen ari direla eta gehiago zabaltzen ari direla ematen du. Hala ere, oraindik adineko zenbait jendek, bereziki baserri auzoetakoek, nafarreraren Behe Bidasoko aldaeran hitz egiten jarraitzen dute. Hondarribiarekin batera, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Irun herrietako euskara ere bertan kokatzen da. 2016an herritarren %63,71 euskalduna zen.[12]

Herria

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Alde Zaharra (Hondarribia)»

Hondarribiko kaleetan, enparantzetan eta pasealekuetan murgiltzea gozamena da; baina, hainbeste gauza zoragarri dituenez, gure bisita atalka egingo dugu.

Antzinako hirigunetik hasiko gara (harresiaren barnealdeko hirigunetik, alegia). Lehen harresiak Wamba errege godoak eraiki omen zituen VII. mendearen amaieran. Jarduera militarren garapenak mugatu zituen Errege Katolikoen garaian egin zituzten zaharberritzeak. Uztarria, geziak eta Tanto monta, monta tanto ikurritzak zizelkatu zituzten lehentasunez­ko lekuetan.

Geroago, Karlos V.a Espainiakoak agindu zuen Leiba bastioia eta Erreginaren bastioia eraikitzea, eta Filipe II.a Espainiakoak San Filipe bastioia egin zuen. Gaur egun, harresi bikain horiek sinbolo eta oroigarri dira.

Sar gaitezen harresiz inguratutako eremura Santa Maria atetik. Kale Nagusia aurkituko dugu, ospela eta harriztatua, etxeek aleroi tailatuak, burdin joaz egindako balkoiak eta denboraren poderioz edertutako fatxada dotoreak dituzte. Gainerako eraikinen lerroan udaletxea ageri da, estilo barrokoa eta armarri errepikatua duena. Arma Plazarako aldapan gora berehala aurkituko dugu, gure ez­kerrean, Casadevante etxearen aurrealdea, Berpizkunde garaiko aurrealdea duena. Haren atari bitxian sinatu zuten 1638ko setioaren osteko su-etena. Kale horretan badira aipatzeko moduko etxe gehiago: Butroi, Torrealta, Ladron de Guevara, eta estilo flamenkoko etxe bitxi bat, kantoi batean dagoena.

Kirola

aldatu
 
Hondarribia Arraun Elkarteko arraunlariak 2011an Plentzian.

Hondarribiak aski ospetsua den arraun taldea du, Hondarribia Arraun Elkartea, Ama Guadalupekoa traineruaren kolorea orlegia da. Trainerilla eta aulki mugikorrean lehiatzen da, talde nagusia San Miguel Ligan. Denera 11 Kontxako Bandera, 3 TKE Liga, 4 Euskadiko Traineru Txapelketa eta 2 Espainiako Traineru Txapelketa irabazi zitu. Gaur egun, Hondarribian Hondarribiko Bandera gizonezkoen traineruen estropada eta Txingudi Bandera emakumezkoen traineruen estropada ospatu ohi da, iraganean aldiz, Sagarzazu Memoriala eta Pryca Bandera ere ospatu ziren.

Txingudi SBE emakumezko saskibaloi taldea ere badu, Espainiako Emakumezkoen Saskibaloi Ligan eta europar txapelketetan jokatu izan du. Azken hamarkadan Ama Guadalupekoa judo elkarteak ere modalitate honetan nahiz borrokan domina kopuru handia izan du.

Udalerria Andrés Vilariño eta Ander Vilariño aita-seme auto-gidarien bizilekua ere bada.

Hondarribiko golf-zelaian hazi zen Jose Maria Olazabal hondarribiarra munduko golfari onenen artean dago. Bestalde, udalerrian Hondarribiko kirol-portua dago, bertan Iker Martinez de Lizardui kirolariak bere lehen urratsak eman zituen.

Azkenik Hondarribia Futbol Elkartea gaur egun Gipuzkoako Ohorezko Erregionalean jokatzen du.

Hondarribiarrek oso ondo gordetzen dituzte haien festak eta ohiturak, eta zirraraz gainez­ka ospatzen dituzte jaiegunak. Ostegun Santua: Eraistearen irudikatzea eta Ehorz­keta Santuaren prozesioa harresiz inguratutako hirigunean. Kutxaren festak ehunka urte ditu; arrantzaleek Santiago egunean ospatzen dute, eta, horrenbestez, aldez aurretik San Pedro egunean hautatutako abade nagusi berriari agintea ematen diote. Guadalupeko Ama Birjinaren ohorez ospatzen dituzten festak (irailak 8) nazioartean ospea dute. Ekitaldi ikusgarriena Hondarribiko alardea da: ospakizun herritarra, erlijiosoa eta militarra, 1638ko setioaren amaiera gogora ekartzen duena. Izan ere, foru‑eskubideak zirela‑eta tokiko autoritateen aurrean egiten zuten armen ikuskatzea urtero gogora ekartzeko konpromisoa hartu zuten hondarribiarrek. Bolboraz­ko apoteosia, ez­kilen errepika, txistua eta danborra, eta ilara diziplinatuak alardearen jeneralaren agindupean.

Gastronomia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Euskal gastronomia»

Hondarribia turismo eta aisialdi gune garrantzitsua denez, gastronomiak garrantzi handia du, eta udalerria ospetsua da bertako tabernetako pintxo eskaintza zabal eta anitzarengatik.

Bestalde, bertakoak dira gaur egun telebistari esker aski ezagunak diren David de Jorge eta Ramon Roteta sukaldariak.

Urtero, apirilaren 25ean, San Marko egunez, ama pontekoek beren seme-alaba besotakoei San Marko opila oparitu ohi diete.

Musika taldeak

aldatu

Ondasun nabarmenak

aldatu

Hirigunea oso garatua dago, oin laukizuzena eta erregularra dauka eta kale paralelo eta elkarzut edo perpendikularrez osatua dago. Hiriguneko kale garrantzitsuena Kale Nagusia da hain zuzen ere. Kale horrek lotzen ditu Santa Maria Arkua eta Arma Plaza. Hegoaldetik iparraldera doan kalea da eta bertan daude hiriko eraikin garrantzitsu eta bereizgarrienak, hala nola, udaletxea, eliza eta, hirigunearen lekurik garaienean, Karlos V.aren gaztelua edo jauregia.

Kale Nagusiarekiko paraleloak dira hirigunearen bide sarea osatzen duten kalerik gehienak, hau da, Apezpiku, Panpinot, Eguzki, Ubilla, Juan Laborda, Iparralde eta Harategi kaleak Etxenagusia Margolaria, Denda, San Nikolas eta Satarka kaleak ekialdetik mendebaldera gurutzatzen dituzte kale horiek San Nikolas kalea nabarmenduz, kale hori baita hirigunearen kale behinenetako bat, bertako eremu publiko garrantzitsuena (Arma Plaza) eta kanpoko aldea bi ate nagusietako baten bitartez komunikatzen dituelako.

Txantelketa gotikoa hobekien gordetzen duten etxeak, hau da, fatxada gutxi, sakonera asko eta mehelin bera duten etxeak, hirigunearen hego-ekialdean daude, batez ere Apezpiku kalean, Kale Nagusian eta Panpinot kalean, bai eta Arma Plaza eta San Nikolas eta Denda kaleetako ekialdean ere. Alde horietako etxe askok mehelin mailakatua daukate fatxadan.

Etxe gehien-gehienek beheko solairua eta bi edo hiru solairu gehiago dauzkate, harlangaitzezkoak (edo harlanduzkoak, beheko solairuetan) eta zurezko nahiz adreiluzko egituradunak. Egindako etxe-ordezkapenak lehendik zeuden etxeen eskema zaharra gordez egin dira, beraz hirigunea oso homogeneoa da.

Harresi barruko gainerako espazioei buruz aipatu beharra dago lorategi, orube huts eta denbora pasarako eta jostatzeko leku asko dagoela. Kaleek ere hirigunearen antzinako itxurari eusten diote, haien zoladura galtzadarri laukizuzenez egina baitago.

Dudarik gabe, harearrizko morkaitz izugarri handiz egindako harresia da hiriguneari itxura monumentala ematen dion elementurik garrantzitsuena, XVI. mendean hiria babesteko eraiki eta oraindik ere, hein handi batean, zutik dirauena.

 
Hondarribiako ikuspegia (zati bat), (Luis Paret, 1786, Bilboko Arte Ederren Museoa)

Hauek dira eraikin nabarmenak:

2000ko apirilaren 4an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen Hirigune Historikoaren Esparru Arkeologikoa, Sailkatutako Kultura Ondasuna.[35]

 
Txingudi badia eta Hendaiaren ikuspegia Hondarribiko gaztelutik.

Ibilbideak

aldatu

Guadalupeko baseliza eta Jaizkibelera bisita

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Guadalupeko baseliza»
 
Guadalupeko baseliza.

Guadalupeko Ama Birjinaren santutegiak herritarren debozioa erakartzen du. Ama Birjinaren irudia kolorez­ko tailu gotikoa da, Hondarribiaren zaindaria. Joan Sebastian Elkano itsasgizonak urrez­ko sei dukat utzi ziz­kion testamentuan.

3 km aurrera egiteak merezi du, Jaiz­kibelgo paradorea zegoen lekura iristeko. Harriz­ko atril hori Lapurdiko eta Gipuzkoako zeruertzaren bereizgarri da, eta handik begiratuta, Jaizubia harana nahiz Txingudi nadiaren gure oinetan iango dugu, Lapurdi eta Gipuz­koa, nahiz Hondarribia, Hendaia eta Irun udalerriak, eta Aiako Harriak eta Larrun mendia begien aurrean.

Jaizkibeldik barrena zeharkaldia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Talaia ibilbidea» eta «Kostaldeko Done Jakue bidea»

Oinez­ko ibilaldia Jaizkibel mendikatearen ipar‑ekialdetik ipar mendebaldera Talaia ibilbidea eta Kostaldeko Done Jakue bidea jarraituz: Higer lurmuturra edota Guadalupeko baselizatik Pasai Donibanera. Lau orduz atsegin emango digute itsasoko eta lehorreko bista bikain haiek. Eragindako suteen erasoa behin eta berriz pairatzen duen mendi horren gailurrean harrizko dorre handiak daude, karlistadetan eraikiak, zelatarien artean seinale bidez­ko komunikazio‑sistema erabiltzeko. Orientazio‑mahaiari begiratzea eta bista ederrez gozatzea ezinbestekoa da. Kotarik altuena 543 m‑koa da.

GR 11 ibilbidea: Pirinioetako ibilbidea

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «GR 11»

Pirinioetako hegoaldeko isurialdea aldenik zeharkatzen duen GR 11 ibilbidea udalerri honetatik igarotzen da. Ibilbidea burutzen duen mendizalearen norantzaren arabera Higer lurmuturrean hasi edo amaitzen da.


Hondarribiar ospetsuak

aldatu

Bertan jaiotakoak

aldatu

Herritik kanpo jaiotako hondarribiarrak

aldatu

Hondarribiak bere ingurune eta lasaitasunagatik betidanik jende asko erakarri du bertan bizitzera. Haien artean honakoak:

Senidetutako hiriak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. a b «hondarbi» bilaketa, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren webgunean.
  5. Galmés de Fuentes, 2000
  6. Euskaltzaindia. (PDF) 140. arauaː Gipuzkoako udal izendegia. .
  7. «hondarbitar» bilaketa, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren webgunean.
  8. https://www.blagan.eus/tag/hondarbiya/
  9. Narbarte, Josu; Iriarte, Eneko; Díez Oronoz, Aritz; Quirós Castillo, Juan Antonio. (2023-03-15). «Tracing the legacies of anthropogenic landscape transformation in the Iberian atlantic margin: Historical and geoarchaeological investigations in the Bidasoa estuary (Basque Country)» Continental Shelf Research 257: 104970.  doi:10.1016/j.csr.2023.104970. ISSN 0278-4343. (Noiz kontsultatua: 2024-07-04).
  10. «El Tribunal de Justicia Europeo declara que España incumple la Directiva de Tratamiento de Aguas Residuales», iAgua, 2011-04-15. Eskuratze data: 2011-04-26.
  11. Aemet. Balio Klimatologiko Normalak. Hondarribia, Malkarroa. (Noiz kontsultatua: 2013-8-19).
  12. a b c «Web Eustat. Hondarribiko datu estatistikoak» eu.eustat.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  13. «Aitor Kerejeta izango da Hondarribiko alkatea - Bidasoko Hitza» Bidasoko Hitza 2011-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  14. «Txomin Sagarzazu, Hondarribiko alkate» Bidasoko Hitza 2015-06-13 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  15. «Larunbatean hautatuko dute Txomin Sagarzazu alkate» Bidasoko Hitza 2015-06-11 (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  16. www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  17. «Txomin Sagarzazu, alkate izango da beste lau urtez.» Antxetamedia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  18. (Gaztelaniaz) «El conflicto del Alarde deriva en una escisión de Sortu en Hondarribia: AbotsAnitz» www.naiz.eus (Noiz kontsultatua: 2020104-05).
  19. (Gaztelaniaz) «Base de datos de Alcaldes y Concejales:: Ministerio de Política Territorial y Función Pública ::» www.mptfp.gob.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-27).
  20. (Gaztelaniaz) «Hondarribia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  21. a b c d (Gaztelaniaz) «Insignia de Oro de la Ciudad» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  22. (Gaztelaniaz) «Oronoz Alkain, Alfonso Manuel - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  23. a b c (Gaztelaniaz) «Fallece Borja Jauregi, alcalde de Hondarribia entre 1995 y 2007» Noticias de Gipuzkoa 2014-07-28 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  24. (Gaztelaniaz) «Aitor Kerejeta, alcalde de Hondarribia» El Diario Vasco 2007-06-17 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  25. a b (Gaztelaniaz) «Kerejeta (PNV) no se presentará a la reelección como alcalde en Hondarribia» Noticias de Gipuzkoa 2014-03-31 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  26. a b c (Gaztelaniaz) «Txomin Sagarzazu confirma que no se presentará a la reelección en mayo» El Diario Vasco 2022-11-09 (Noiz kontsultatua: 2023-01-04).
  27. a b c d e f g h «Udal-bulego eta Zentro guztiak» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  28. «Hondarribiko Udal Euskaltegia» Hondarria Udaleuskaltegia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  29. «Artxibo historikoa» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  30. «Zuloaga Etxea - Liburutegia» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  31. «PSILOCYBENEA ARETOA ☆» www.psilocybenea.com (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  32. «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  33. Ahotsak Ahozko Ondarea. (2017-06-02). Hondarribiko ahotsak. (Noiz kontsultatua: 2018-06-01).
  34. «Jaiak 2019» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  35. Monumentu-multzo izendapena EHAAn

Kanpo estekak

aldatu
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa