Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Errepideko txirrindularitza

Errepideko txirrindularitza zolatutako bideetan bizikletaz egiten den kirol txirrindularitzako modalitatea da. Hainbat motatako lasterketak bereizten dira lurzoruaren, profilaren, luzeraren, arautegiaren zein lasterketa egituraketaren arabera. Horien artean, askotariko material eta estrategiak darabiltzaten lasterketak daude, hala nola erlojupekoak, gravela (legarrean) edota mendiko etapak. 1900. urtean UCI (Union Cycliste Internationale) sortu zen,[1] txirrindularitzako modalitate guztiak barne hartuta. Gaur egun, bizikletako modalitate horietara beste hainbat batu dira.

Frantziako Tourreko tropela, 2005ean.

Errepideko txirrindularitza Olinpiar Joko modernoen parte izan da hasieratik, nahiz eta hainbat aldaketa izan dituen. Errepideko txirrindularitza bereziki Europa mendebaldean zabaldu zen hasieran (Belgika, Espainia, Frantzia, Italia, Herbehereak), baina 1980ko hamarkadaren erdialdetik aurrera mundu osora zabaldu da.

Historia

aldatu
 
Txirrindulari bat, 1936. urteko Frantziako Tourrean.

Sorrera

aldatu

Gaur egun ezagutzen dugun errepideko txirrindularitza XIX. mendearen amaiera aldera hasi zen osatzen. 1868an hasi zen kirol antolaketa sortzen. Europa mendebaldean hasi zen indarra hartzen: Italian, Frantzian, Belgikan eta Espainian. Garai haietako lehen lasterketak dira, hain zuzen, gaur egungo egutegiko probarik garrantzitsuenak. Honako hauek daude haien artean: Liège-Bastogne-Liège (1892an), Paris–Roubaix (1896an), Milan–San Remo eta Giro di Lombardia (1905an), Italiako Giroa (1909an), Volta a Catalunya (1911an), Flandriako Tourra (1913an).[2] Horietaz gain, 1903an, L'Auto-Vélo egunkariak babestuta, Frantziako Tourraren lehen edizioa antolatu zen, gaur egun arte txirrindularitzako probarik esanguratsuena izan dena.

Txirrindularitza ezagunago egiten zen heinean, gero eta talde profesional gehiago agertzen hasi ziren, bizikleten egileek babestuta.

Eboluzioa

aldatu

Mundu mailan

aldatu
Krisia
aldatu

XIX. mendearen erditik aurrera, Europako ekonomiak gora egin zuen eta hiriak urbanizatuz joan ziren. Jendea, bizikletak erosi ordez, motorrezko ibilgailuak erosten hasi zen, bizikleten fabrikazioa jaistera behartuz. Gertaera horrek zuzenean eragin zion txirrindularitzari, talde profesionalen diru sarrerak mugatuz. Hala ere, 1954tik aurrera, krisi egoerara egokitzeko, bizikleten industriarekin zerikusirik ez zeukaten babesleak bilatzen hasi ziren.

 
Miguel Indurain, nafar txirrindularia, bost Frantziako Tourren irabazlea.

Krisi hau gertatzeko beste arrazoi bat, txirrindularitza ezagutzera emateko zailtasuna zen. Beste "estadioetako" hainbat kirol ez bezala, txirrindularitzaren irudiak telebistan ematea ez zen batere erraza. Fenomeno honek kriteriumak hedarazi zituen, zeukaten ikusgarritasunagatik.

Itzuli handiek (Frantziako Tourra, Italiak Giroa, Espainiako Vuelta) indarrean jarraitzen zuten, izan ere proba horiek ziren txirrindulariei prestigio gehien ematen zietenak.

Indarberritzea
aldatu

1980ko hamarkadan, txirrindularitzak gorakada izugarria eduki zuen mundu mailara zabalduz. Globalizazio hau lasterketen antolatzaile eta babesleen markei esker etorri zen, izan ere hauek izan zien txirrindularitzara aldaketak ekarri zituztenak. Konturatu ziren itzuli handien audientzia igo egiten zela urtetik urtera ibilbidea aldatzen bazuten, beste herrialde batzuetatik pasatuz eta herrialde horietako audientzia bilatuz. Honela, txirrindularien taldeak ere dibertsifikatzen hasi ziren, herrialde desberdinetako txirrindulariak bilduz. Lasterketetan gero eta kanpotar gehiago ikusten ziren, mundu osotik etorritako kirolariak.

Horrekin guztiarekin batera, telebistako bideoaren kalitatea hobetuz joan zen, babesleen balio ekonomikoa handituz. Audientzia gehiago ekarri zuen, kirola indartuz. Gainera, 80ko hamarkadako telebistaren liberalizazioak kate pribatu askoren sorrera ekarri zuen.

Gaur egungo txirrindularitza
aldatu

Gorakada hori ikusita, lasterketen antolatzaileak etapa laburrago eta korapilatsuagoak prestatzen hasi ziren itzuli handietarako, honela, ikusgarritasuna lortu zuten. 90eko hamarkadan, Greg LeMond eta Miguel Indurain bezalako txirrindulariak arrakasta izaten hasi ziren, gaztetatik bizikleta gainean ibiltzera espezializatuak. Ordura arte txirrindularitza profesionalean sartzea ez zen lan erraza, ikasketa edota beste lanbide batekin tartekatu behar baitzen kirol karrera. Orain, ordea, taldeek helburu zehatzak bilatzen dituzte txapelketen egutegian eta horretarako txirrindulari espezializatuak bilatzen dituzte, lasterketa zehatzetara egokitzen direnak.

 
Orbearen ziklo-kros taldea.

Euskal Herrian

aldatu

Euskal Herrian txirrindularitzak kirol horren hastapenetatik izan du indarra. Txirrindularitzaren hasieratik aritu dira euskal herritar txirrindulariak lasterketa profesionaletan, baina batez ere bizikleten industria izan da Euskal Herriko txirrindularitzaren indarra. 1840. urtean Eibarren sortutako arma lantegiak (Orbea Hermanos) 1930. urtean armak ekoizteari utzi zion, bizikletak fabrikatzeari ekiteko, betiere bertako txirrindulariekin elkarlanean.[3] XX. mendearen erdialdea igarota, urte askoan txirrindularitza profesionalarekin erlaziorik ez izan eta gero, Orbeak Mallabira aldatu zuen egoitza nagusia, Eibarko fabrika txikiegia zitzaiolako jadanik.[4]

Hainbat izeni esker, 1970eko hamarkadan berriz ere pelotoi profesionalean hartu zuen lekua. Euskal Herriko hainbat txirrindulari —Marino Lejarreta, kasu— aritu ziren Orbearen babesean, baina 1985. urtean izan zen benetako erakustaldia, Pedro Delgado madrildar txirrindulariak Gin MG-Orbea eta Seat Orbea taldeetako maillotekin Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra irabazi zituenean.

1990eko hamarkadara helduta, aipatzekoa da Euskaltel-Euskadi taldea, Euskal Herriak eduki duen maila goreneko txirrindularitza taldea. Talde hartan izen handiko hainbat txirrindulari aritu ziren, euskal herritarrak zein kanpotarrak. Haien artean ditugu Iban Mayo, Samuel Sánchez, Roberto Laiseka, Egoi Martínez eta Haimar Zubeldia.

Lasterketak

aldatu

Egun bateko lasterketa

aldatu

Egun bateko lasterketak, egun berean hasi eta amaitzen diren lasterketak dira, sarritan klasikoak ere deituak. Lasterketa hauen distantzia, orokorrean, itzulietako etapena baino luzeagoa izaten da, 290 km-ra arteko distantziekin. Lasterketa hauek normalean udaberri edota udazkenean izaten dira.

Udaberri aldera Belgika eta Herbeheretan antolatzen dira klasiko gehienak, ohitura handia baitago bertan. Edukitzen duten ezaugarri berezienetako bat harbide segmentuak izan ohi dira, lasterketaren izaera aldatzen dutenak. Horien artean honakoak aurkitu ditzakegu: Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, E3 Harelbeke, Gante-Wevelgem, Omloop Het Niewsblad eta Kuurne-Bruxelles-Kuurne. Hala ere udaberrian badira bestelakoak, Ardenetako klasikoak adibidez (Amstel Gold Race, La Flèche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja) edota Italiakoak (Strade Bianche, lurbideetan, eta Milan-San Remo).

Udazkenera jotzen badugu, Italiako klasikoak ospatzen dira gehienbat: Giro Dell'Emilia, Milan-Turin, Piemonteko Giroa eta Lombardiako Giroa. Denboraldi amaieran beste hauek ere topatzen dira: Paris Tours eta Paris-Brusela.

Azken urteotan, Monumetu izenpean, aipaturiko bost klasiko bildu dira, prestigio handieneko egun bateko lasterketak bilakatuz: Milan-San Remo, Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, Lieja-Bastogne-Lieja eta Lombardiako Giroa. Lasterketa hauek izen berezia hartu dute daukaten ibilbide historikoagatik.

 
Frantziako Tourreko sailkapenen maillotak: berdea (erregulartasuna), horia (sailkapen nagusia), zuria (gazterik onena) eta puntuduna (mendiko sailkapena).

Euskal Herrian ere badago profesionalen lehen mailako klasiko bat, emakume zein gizonezkoen kategoriako lasterketak antolatzen dituena: Donostia Klasikoa. Urtero maila altueneko txirrindulariak Gipuzkoako hiriburuaren inguretara ekartzen ditu.

Etapazko itzulia

aldatu

Etapazko itzuli bat zenbait egunetan egiten diren lasterketez osatzen da. Etapa bakoitzak bere sailkapena izateaz gain, itzuli guztiko sailkapenak ere badaude. Gainera, datozen etapetan jarraitu ahal izateko denbora muga baten barruan burutu behar da ibilbidea.

Etapa bakoitzaren egitura ere oso aldakorra izan daiteke: bakarkako erlojupeko, taldekako erlojupeko, mendiko etapa, etapa lau edota etapa aldapatsuak. Horrez gain, tarteko helmugak erabiltzen dira sailkapen desberdinak antolatzeko. Esaterako, kategoria desberdineko mendateen goialdera heltzen diren lehen hirurei mendiko puntuak ematen zaizkie mendiko sailkapenerako. Bestalde, tarteko helmuga gehiago jarri ohi dira eremu lauetan, esprintean jokatzeko eta erregulartasunaren puntuak lortzeko. Horiez gain beste bi sailkapen egoten dira: Sailkapen nagusia (etapa guztietako denborak batu eta gutxien behar izan duena), gazteen sailkapena (25 urtetik beherako sailkapen nagusiko lehena) eta talde sailkapena (taldekide guztien denborak batuta egiten den sailkapena).

Profesionalen egutegia begiratuta, hiru itzuli handi daude: Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta. Itzuli hauek 21 etapaz osaturik daude, tartean 2 edo 3 atseden egun daudelarik.

Horiez gain, astebeteko itzuliak ere badaude (4 eta 15 etapa arteko itzuliak). Itzuli horien egitura itzuli handienaren parekoa da, nahiz eta laburragoak izan. Astebeteko itzuli nagusiak hauek dira: Giro Rosa (Emakumetan), Tirreno Adriaico, Paris-Niza, BinckBank Tour, Critérium du Danphiné, Suitzako Tourra eta Euskal Herriko Itzulia. Azken hori da Euskal Herrian antolatzen den lasterketarik ezagunena.

Emakumeen kategorian Grande Boucle Féminine Internationale (Emakumeen Frantziako Tourra bezala ezagutua) antolatu izan zen 2009. urtera arte. Azken urteotan berriz ere antolatzeko saiakerak egiten ari dira.

Kriteriuma

aldatu

Zirkuitu labur bati (800m - 10km) bira kopuru bat ematean datzan lasterketa mota da. Normalean lasterketa hauen iraupena egun batekoena baino laburragoa izaten da (ordubete ingurukoa), intentsitate altuko esfortzu ugari elkartuz. Irabazlea, lehenengo amaitzen duena izango da, baina bira kentzen dioten txirrindulari oro (doblatua izan) deskalifikatua izango da. Bira kopurua lasterketa hasi aurretik zehaztuta egongo da.

Sarritan hainbat sailkapen mota erabiltzen dira, ikusgarritasuna handitzeko eta profil desberdineko txirrindulariek beren gaitasunak erakusteko. Horretarako, pistako txirrindularitzako puntuen lasterketako egitura erabiltzen dute: aurrez zehaztutako buelta zehatz batzuetan esprinta jokatzen da puntuak banatzeko. Amaieran puntu gehien batzen dituenak sari bat eskuratzen du. Beste lasterketa mota bat kanporatze lasterketa da, hainbat itzulitako helmuga zeharkatzen duen azken txirrindularia kanporatuz, bakarra gelditu arte.

Kriteriumek arrakasta izan dute daukaten ikusgarritasun eta antolatzeko erraztasunagatik. Herrialde askotan amateur mailako txirrindularitzan asko erabiltzen dute (Estatu Batuetan edota Erresuma Batuan esaterako), kategoria edo maila desberdinetako lasterketak antolatuz.

 
Tom Dumoulin, herbeheretar txirrindularia, erlojupekoan espezialista

Azken urteotan arrakasta lortzen ari den beste modalitate batek ere kriteriumen munduan bere txokoa bilatu du: piñoi finkoko txirrindularitza. Balaztarik gabeko eta garapen bakarreko bizikleta horiek tradizionalki hirian ibiltzeko erabili diren arren, kriteriumak antolatze hasi dira honelako bizikletekin: Rad Race eta Red Hook zirkuituak adibidez. Lasterketa horietan teknikak berebiziko garrantzia hartzen du, arriskuzko kirola bilakatuz. Fabian Cancellara, palmares ikaragarriko txirrindulari ohia (txapeldun olinpikoa batik bat), piñoi finkoko lasterketetan dabil, profesional zenetik erretiratuta.

Erlojupekoa

aldatu

Erlojupekoa zirkuitu bat ahalik eta denbora gutxienean burutzean datzan lasterketa da, txandakako irteerekin ateraz. Txirrindulariek beraien txandarako itxaron behar dute atera ahal izateko eta ibilbidea beraien kabuz burutzera behartuta daude, nahiz eta ibilbidean beste parte-hartzaileren batekin gurutzatu (ezin diote elkarri lagundu, ez eta oztopatu). Normalean, bizikleta eta ekipamendu bereziak eraman ohi dira proba hauetan, inoren babesa ez edukitzean, mugatzaile oso handia baita airearen erresistentzia.

Txirrindularien irteerak sailkapenaren arabera egin ohi dira, lasterketako sailkapenaren alderantzizko ordena jarraituz (lehen sailkatua azkena da ateratzen). Irteeren artean, bi minutu inguru utzi ohi dira baina erlojupeko luzeagoetan tarte handiagoak ere utzi izan dira; dena den, antolatzaileek denbora hori aurrez zehazten dute, txirrindulari bakoitzari beren ordutegia ezarrita.

Erlojupekoen luzera oso aldakorra izan daiteke, hala ere, egun bateko lasterketak edo itzulietako ohiko etapak baino laburragoak izaten dira. Itzulien hasieran aitzinetapak egin ohi dira (5-15 km inguru) adibidez. Bestalde, munduko txapelketan 40-55 km inguruko erlojupekoak ikusi ohi dira sarritan.

Erlojupeko motak

aldatu
 
Herbehereetako taldeko emakumeak, 2019ko munduko txapelketako taldekako erlojupeko mistoa jokatzen.

Hasteko, erlojupekorik ohikoena bakarkako erlojupekoa da, non txirrindulariak bere kabuz ahal duen denbora gutxienean osatu behar duen ibilbidea. Munduko txapelketen eta Olinpiar Jokoen parte dira.

Taldekako erlojupekoak ere antolatzen dira, gehienbat itzulietan. Proba horien egitura bakarkakoena bezalakoa izaten da, baina taldekide guztiek elkarri lagundu diezaiokete, errelebo deritzenak emanez (gainerakoen aurrean jarri eta airearen erresistentzia gutxitzea). Bertan talde estrategia desberdinak erabiltzen dira denek beren energia era efizienteenean erabili dezaten. Izan ere, lehen lau taldekideak dira helmugan denbora gelditzen dutenak (laugarrena pasatzen den momentuan amaitzen du erlojupekoa taldeak), beraz, gainerako taldekideek ez dute zertan proba amaitu. Munduko txapelketetan ere antolatu ohi da.

Azkenik, taldekako erlojupeko mistoa dago, 2019ko munduko txapelketan sortutako formatu berria. Hiru gizon eta hiru emakumek osatzen dute taldea. Hasieran, gizonek egiten dute lehen bira (taldekako erlojupeko moduan), jarraian, bigarren gizonak bira amaitzen duen momentuan, emakumeak ateratzen dira bigarren bira egiteko. Denbora bigarren emakumeak gelditzen du.

Ultramaratoia

aldatu

Bizikletan ultradistantziaz hitz egiten dugunean, century ride deritzon distantzia, hau da, 100 milia (160 km) baino luzeagoa den lasterketei buruz ari gara. Hala ere, egun bateko lasterketa profesional askok gainditzen dute distantzia muga hori, beraz ezingo genuke zehazki definitu. Dena den, ultramaratoi edo ultradistantziak denbora askoko probak izan ohi dira. Lasterketa horiek formatu askotakoak izan daitezke, etapaka, libreak, laguntzarekin edo gabe, lurzoru desberdin askotakoak... Erakunde bakar batek erregulatu gabekoak direnez, lasterketa bakoitzak bere arau eta bereizitasunak dauzka.

Ultradistantzia lasterketetan ezagunena Transcontinental Race (TCR) da. Lasterketa horretan, txirrindulariek 4000 km inguruko ibilbidea osatzen dute, Europa zeharkatuz. Parte-hartzaileka kontrolatzeko, GPS-a eraman behar dute txirrindulariek eta kontrol puntu batzuetatik pasatu behar dute kanporatuak ez izateko. Ibilbidea beraien aukera da. Lasterketa honen antolakuntzak ez du hornidurarik eskaintzen, hau da, lasterkari bakoitzak eraman behar du bere jatekoa eta arropa guztia gainean. Lasterkariek ezin diote elkarri lagundu eta arautegiaren arabera "mugimendu guztia gizakiak eragin behar du" (debeku dira motorrak eta antzeko aparatuak).[5]

 
EF Education First taldeko txirrindulariak, Dirty Kanza gravel lasterketan.

Beste hainbat lasterketa ere ezagunak dira: Race Across America, Red Bull Trans-Siberian Extreme, Race Across The Alps edo Dirty Kanza (Gravel formatoan) adibidez.

Gravel

aldatu

Gravel modalitatea, euskaraz legar bezala itzuliko genukeena, zolatu gabeko bideak eta errepideak tartekatzen dituen txirrindularitza modalitatea da. Izenak dioen bezala, legarra dagoen bideetan egiten da normalean. Ziklo-kroseko modalitatetik datorkigu, ziklo-kroseko bizikletei moldaketak egin eta bizikleta espezializatua sortu zen: gravel bike delakoa. Hasiera batean bizikleta hauek bikepacking (abentura moduko ibilaldi luzeak) egiteko sortu ziren, bide desegokietan errepideko bizikleta baino hobeto moldatzen delako eta mendiko bizikleta baina azkarragoa delako. Gaur egun, ordea, lasterketa ugari sortu dira gravel modalitatean eta txirrindulari profesional asko ari dira lasterketa hauetan murgiltzen. Ultradistantziako lasterkari askok ere gravel bizikletak erabiltzen dituzte sarritan, errepide guztietara egokitu ahal izateko.

Lasterketa ezagunenak honakoak dira: Dirty Kanza, Barry-Roubaix, Dirty Reiver, The Queens Stage Race, The Silk Road Mountain Race.

Munduko txapelketa

aldatu
 
Erlojupeko eta errepideko munduko txapeldunaren ostadar maillotak.

Errepideko txirrindularitzako munduko txapelketak urtero ospatzen diren lasterketak dira. UCIk antolatzen ditu eta honako modalitateak ospatzen dira: egun bateko lasterketak, bakarkako erlojupekoak, taldekako erlojupekoak eta taldekako erlojupeko mistoak.

Munduko txapelketa denboraldiaren amaieran ospatzen da eta modalitate bakoitzeko irabazleak ostadar maillota eramateko aukera edukiko du datorren denboraldian zehar. Horrekin batera, bizikleta eta kaskoa ere pertsonalizatzea ohitura bilakatu da. Hori bai, irabazi duen modalitateetan bakarrik janzten ahalko du munduko txapeldunaren maillota.

Olinpiar Jokoak

aldatu

Errepideko txirrindularitza lehenengo Olinpiar Joko modernoetatik antolatu da. Munduko txapelketen antzera, bai egun bateko lasterketak eta bai erlojupekoak antolatzen dira, baina kasu horretan bakarkako modalitateak bakarrik.

Txapeldun olinpikoek ere beren sinbolo berezia eraman dezakete datorren olinpiada guztian zehar (hurrengo Olinpiar Jokoak jokatu arte): urre koloreko ukituak maillotaren mauka eta lepoaldean. Sarritan kaskoan eta bizikletan ere urre koloreko ukituak eramaten dituzte txapeldun olinpikoek.

Antolaketa

aldatu

Erakunde internazionalak

aldatu

UCI (Union Cycliste Internationale)

aldatu

UCI mundu mailako txirrindularitza arautzen duen erakundea da. Egoitza nagusia Suitzan dago kokatuta, Aiglen zehazki. Alde batetik txirrindularitza profesionala erregulatzen du baina erakundearen helburuak haratago doaz: bizikletaren erabileraren promozioa, gizartearen jasangarritasuna eta jendearen bizi kalitatea hobetzea ditu helburuak.[6] Hala ere, UCIren ekintza nagusia kirol profesionalean zentratzen da. Txirrindularitzako modalitate guztiak hartzen ditu barne: mendi bizikleta, ziklo-krosa, pistako txirrindularitza, errepideko txirrindularitza, BMX lasterketak, estilo libreko BMX, trial-a eta eremu estaliko txirrindularitza (txirrindularitza artistikoa eta cycleball).

UCI da errepideko txirrindularitzaren maila guztiak zehazten dituen erakundea, arau eta erregulazio guztiak sortuz eta betearaziz. Maila profesionaletarako betekizunak, kirol garbia (dopina) eta kalitate kontrolak dagozkio erakunde suitzarrari.

Velonek (errepideko) txirrindularitza profesionaleko sistema ekonomikoa aldatzea du helburu nagusi, txirrindularitza taldeek lasterketen antolatzaileekin partekatu ditzaten lasterketatik ateratako irabaziak. Erakundea 2014ko azaroaren 25ean sortu zen, garai hartako txirrindulari talde batzuen eskutik: Belkin, Garmin-Sharp (gaurko EF Education First), Lampre-Merida (gurko UAE Team Emirates), Lotto-Belisol (gaurko Lotto-Soudal), Omega Pharma-Quick Step (gaurko Deceunick Quick-Step), Orica-GreenEDGE (gaurko Michelton Scott), Giant-Shimano, Sky (gaurko Ineos), Tinkoff-Saxo eta Trek Factory Racing. Gaur egun beste hainbat talde batu dira erakundera eta indarra hartzen ari da WorldTourraren barruan. Hala ere, hainbat talderen zuzendariak ez daude ados bide horrekin edo oso urrun ikusten dute aukera hori.

Erakunde honek, Hammer Series delakoa antolatzen du, hiru lasterketaz osatutako taldekako txapelketa bat. UCI Europe Tour-aren parte da, UCI-ren Europako liga kontinentalarena, beraz, maila horretako txirrindularitza taldeek har dezakete parte.

Azkenik, Velon-en ekintzetako bat lasterketetako informazioa bildu eta eskaintzea izan da, hainbat teknologia erabiliz. Horrek arazoak ekarri dizkio UCI-rekin, izan ere, Velonek UCI salatu du, Velonek eskuratutako datuak UCI-k bere intereserako erabili izanaz. UCI-ko partaide ohi batek, hala ere, ASO-ri (Amaury Sport Organization) pasatu dio karga hori, errudunak beraiek direla esanez.[7]

Amaury Sport Organisation lasterketen antolatzailea da. Izatez, EPA (Éditions Philippe Amaury) komunikabide talde frantsesaren parte da. ASO hainbat lasterketa antolatzeaz arduratzen da, txirrindularitzan zein beste hainbat kiroletan: automobilen lasterketak (endurance, rallyak...), golfa, bela eta korrika lasterketak. Hala ere, ezaguna da Frantziako Tourra, Espainiako Vuelta, Paris-Roubaix, Paris-Niza, La Madrid Challenge (emakumeetan), Emakumeen Tour of Qatar eta beste hainbat maila goreneko lasterketa antolatzeagatik.

Espainiako federazioa

aldatu

Espainiako txirrindularitza federazioa (RFEC) Espainiako txirrindularitzako kirol modalitate guztien arduraduna da. Lasterketak erregulatu, txapelketak antolatu (lasterketa eta itzuliak antolatzeaz beste erakunde pribatu batzuk arduratzen dira) eta selekzioa osatzea dira erakundearen egiteko nagusiak. Txirrindularitzaren promozioa (emakumeen txirrindularitzarena bereziki) eta formakuntza ere bere eginkizun nagusiak dira.

 
Remco Evenepoel, 2019ko Donostia Klasikoa irabazi zuenean.

Euskal Herriko federazioak

aldatu

Euskadiko Txirrindularitza Federazioa da Euskal Herrian maila goreneko erakundea. Horren eginkizunak, Espainiako federazioaren antzekoak dira: lasterketak erregulatzea (UCI eta Espainiako federazioaren baldintzak kontuan hartuz), euskal selekzioaren osaketa eta txapelketak antolatzea. Formazioa eta teknifikazioa ere eginkizunen barruan daude.

Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren barruan, foru aldundi bakoitzaren federazioak daude: Arabako Txirrindularitza Federazioa, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa eta Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa.

Kirol kontzeptuak

aldatu

Oinarrizko arautegia[9]

aldatu

Txirrindularitzako arautegi guztia erakunde eta federazioek zehazten dituzte, goitik beherako eskala batean (UCI, Nazio mailako federazioak, eskualde mailako federazioak...). Hala ere, lasterketak ulertu ahal izateko hainbat arau kontuan hartu behar ditugu:

  • Bizikletak geometria oso zehatzak eduki behar ditu, hau da, forma eta material muga zorrotzak daude.
  • Ezin dira gainontzeko txirrindulariak oztopatu.
  • Lasterketa hasieran ezingo da antolatzailearen autoa aurreratu, baimena eman arte.
  • Bizikleta txirrindulariak mugiarazi behar du, hau da, ezin da automobil, motor, ikusle edota beste kanpoko laguntzarik eduki.
  • Lasterketaren azken 20 km-etan (etapa edo egun bateko lasterketetan) ezingo zaie inongo hornidurarik (edaririk, janaririk...) eskaini txirrindulariei.
  • Txirrindulariak ezingo du ibilgailuen laguntza aerodinamikoa erabili, hau da, tarte nahikoa utzi beharko du ibilgailuekiko. Bakarkako erlojupekoetan ezingo du beste txirrindulariekin gauza bera egin. Hala ere, arau honek malgutasun handia dauka, ez baita beti aplikatzen. Izan ere, txirrindulari bat erori bada edota arazo mekaniko batengatik atzean gelditu bada, pelotoiraino bueltatzen uzten zaio sarritan, beste alde batera begiratuz. Era horretan lehiakortasuna mantentzen da, kanpoko eragileak gutxituz.
  • Helmugan, elkarrekin heldu den talde guztiak denbora berdina edukiko du (azken momentuko mugimendu arriskutsuak ekiditeko). Hala ere, postuak helmugaratzearen arabera zehaztuko dira, nahiz eta denbora berbera eman. Postua bizikletaren aurreko gurpilak erabakiko du.
  • Bizikleta aldatu daiteke, ordezko batengatik zein taldekide batekin. Hau normalean arazo mekanikoak daudenean egiten da.
  • Ezin da kaskoa inongo momentuan kendu.
  • Ekipamendua eta janzkera ere mugatuta daude, galtzerdien luzera eta arroparen materialak adibidez. Gainera, lasterkariaren zenbakia bai bizikletan eta bai txirrindulariaren arropan ikusgarri egongo da, baldintza zehatzak betez.

Txirrindulari motak (espezialistak)

aldatu
 
Marco Pantani, Alpe d'Huez mendatea igotzen, 1997an.

Eskalatzaileak

aldatu

Eskalatzaile deitzen zaie igoeretan (mendateetan normalean) ondo moldatzen diren txirrindulariei. Normalean txirrindulari arinak izaten dira, pisua mugatzaile handia baita malda gora ibiltzean.

Hauek dira eskalatzaile ezagun batzuk: Marco Pantani (il pirata bezala ezaguna), Nairo Quintana, Albero Contador, Amanda Spratt, Gilberto Simoni, Mikel Landa edota Mikel Nieve.

Sarritan, eskalatzaile trebeek itzulietako sailkapen nagusietan emaitza esanguratsuak lortzen dituzte, espezialista ez direnek denbora asko galtzen baitute. Hala ere, beste hainbat ezaugarri behar dira itzulien garaipena jokatzeko.

Erlojupeko espezialistak

aldatu
 
Chloé Dygert, munduko txapelduna bakarkako erlojupekoan.

Erlojupeko espezialistak bakarka ondo moldatzen diren txirrindulariak dira, normalean ibilbide lauetan. Horregatik, routier onak izan ohi dira. Hala ere, txirrindulari horien ezaugarri nagusiak aerodinamika eta potentzia egonkorra mantentzeko gaitasuna dira. Normalean txirrindulari handiak izaten dira erlojupekoan espezialistak, baina badaude salbuespenak (Remco Evenepoel edota Victor Campenaerts adibidez).

Erlojupekoan txirrindulari espezialista batzuk hauek izan dira: Tony Martin, Rohan Dennis, Chloé Dygert, Lisa Brennauer, Vasil Kiryienka, Abraham Olano edota Haimar Zubeldia.

Esprinterrak

aldatu

Etapa lauetan irabazteko gaitasuna daukaten txirrindulariak dira. Pelotoia amaieraraino elkarrekin iristekotan helmuga zeharkatzen lehenak izan ohi dira, daukaten abiadura puntagatik. Txirrindulari handi eta indartsuak izan ohi dira, pisu handiagokoak. Pisuagatik, hain zuzen, mendateetan arazoak eduki ohi dituzte tropelean mantentzeko.

Esprinter ezagun batzuk hauek izan dira: Mark Cavendish, Mario Cipollini, Djamolidine Abdoujaparov, Elia Viviani, Anna Meares, Marta Bastianelli edo Jon Aberasturi.

Esprinter asko pistako txirrindulari ohiak izan dira, modalitate horrek daukan antzekotasunagatik.

Klasikomanoak (ehiztariak)[10]

aldatu

Klasikomano edo ehiztariak etapa eta klasikoen garaipenak bilatzen dituzten txirrindulariak dira. Txirrindulari hauek ibilbide guztietara egokitzeko gaitasuna daukate. Normalean mendate txikiak erraz pasatzeko gai dira eta aldi berean esprinterako gaitasuna daukate. Klasikomano espezialista desberdinak ere badaude, batzuk itzulietako etapetan hobeto moldatzen dira eta beste batzuk klasiko berezietan. Harbideetako eta lurbideetako espezialistak (Greg Van Avermaet edota Philippe Gilbert adibidez) bereizi ditzakegu gainerako ehiztariengandik.

Historiako klasikomano batzuk hauek dira: Fabin Cancellara, Tom Boonen, Sean Kelly, Roger De Vlaeminck, Elisa Longo Borghini edo Gorka Izagirre.

Gregarioak

aldatu

Gregario (edo domestique) deritze taldekideen beharretarako dauden txirrindulariei. Izatez ez da espezialitate mota bat, taldean hartzen duten rol bat baizik. Era guztietako lanak egin ohi dituzte beraien lider edo faboritoentzako: Autotik hornidura ekarri, haizetik babestu, arazo mekanikoak edukiz gero bizikleta utzi, eroriko posibleetatik babestu edota beste hainbat estrategia jokabide.

Txirrindulari hauek ez dute emaitza edo garaipenik lortzeko aukera handirik izaten eta taldearentzako egiten dute lan. Askotan garairik onena amaitu zaien txirrindulariak izan ohi dira gregarioak, beste batzuk ordea, txirrindularirik gazteenak izaten dira, esperientzia lortu arte lanean dihardutenak. Beraien gaitasunen arabera lan bat edo besterako izango dira egokiagoak.

Adibidez, abiadura handiko txirrindulariek (maila baxuagoko esprinterrak, ulertzeko) esprint bideratze lanak egiten dituzte sarritan, taldeko esprinterra ahalik eta leku onenean kokatzeko eta helmugatik ahalik eta gertuen eramateko (Mark Renshaw edo Maximiliano Richeze adibidez). Beste batzuetan errodatzaile onak izaten dira, pelotoiaren aurrean erritmo bizi bat jartzeko edo ihesaldi batean sartu eta beraien liderra lan egitetik libratzeko (Tony Martin, Luis León Sanchez edo Tim Declercq). Azken hori estrategia konplexuagoa da.

Itzulietako espezialistak

aldatu
 
Annemiek Van Vleuten, 2018ko munduko erlojupeko txapelketa irabazi ostean.

Txirrindulari batzuen gaitasuna egun bat bestearen atzetik errendimendu gorenean ibiltzea da, hau da, hainbait etapatan beren gaitasuna mantentzea. Txirrindulari horiek, etapa garaipenak baino, sailkapen nagusia daukate helburu eta horretarako konstanteak izan behar dute egunero.

Itzuli baten garaipena jokatzeko, zenbait gaitasun batu behar dira: mendateak erraz pasatzeko gai izatea eta erlojupekoetan denbora askorik ez galtzea gehienbat (hauek baitira denbora galera gehien ekartzen duten etapak). Horregatik, itzuliak jokatzen hasten diren txirrindulariak mendira egokitu diren erlojupeko espezialistak (Tom Dumoulin edo Miguel Indurain adibidez) edota erlojupekoetan denbora askorik galtzen ez duten eskalatzaileak (Vincenzo Nibali edota Carlos Sastre). Batzuetan bi espezialitateetan ondo moldatzen diren txirrindulariak agertzen dira (Christopher Froome, Alberto Contador edota Annemiek Van Vleuten).

Astebeteko itzulietan, itzuli handietako (Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta) garaile asko ikusi izan dira, baina beste profil bateko txirrindulariak ere agertzen ari dira: Michal Kwiatkowski, Julian Alaphilippe edo Maximilian Schachmann.

Euskal Herrian Ion Izagirre, Pello Bilbao eta Mikel Landa aipa ditzakegu gaur egungo itzuli espezialista gisa.

All rounder

aldatu
 
Eddy Merckx, 1966an.

Ingelesez all rouder (edo rouleur) gaitasun asko batzen dituztenei deitzen zaie. Txirrindularitzako edozein modalitatetara ondo egokitu diren txirrindulariak biltzen ditugu multzo honetan. Txirrindulari horien gaitasunen artean klasikoak, itzuliak, erlojupekoak zein mendiko etapak daude. Batzuetan esprintak ere bai.

Emakumeen txirrindularitza profesionalean, espezializazio maila baxuagoa denez (ez dago ia emakumerik guztiz espezialista denik), oso garbi ikusten da maila altuko txirrindulariek lasterketa mota guztietan lortzen dituztela emaitzak (Annemiek Van Vleuten, Anna Van Der Breggen edo Marianne Vos). Ezaugarri horrek ematen dio emakumezkoen txirrindularitzari daukan ikusgarritasuna, urrunetik egindako eraso arrakastatsu gehiago ikusten baitira (Annemiek Van Vleutenen 2019ko munduko txapelketakoa adibidez).

Gizonezkoen kasuan berriz, espezializazioa oso ohikoa da eta zaila da lasterketa desberdinetan emaitza asko lortu dituzten txirrindulariak topatzea. Hala ere, badaude adibideak: Alejandro Valverde eta Eddy Merckx dira garbienak. Jens Voigt edo Sylvain Chavanel, Michal Kwiatkowski eta Julien Alaphilippe era aipa ditzakegu. Gaur egun, Remco Evenepoel gazteak horrelako profila eduki dezakeela dirudi.

Erreferentziak

aldatu
  1. (Ingelesez) «History» UCI (Noiz kontsultatua: 2020-03-27).
  2. (Ingelesez) Mignot, Jean-Francois. (2015). The Economics of Professional Road Cycling. Springer International Publishing ISBN 10.1007/978-3-319-22312-4_2..
  3. «1840/1929» Orbea (Noiz kontsultatua: 2020-03-23).
  4. «1969/1982» Orbea (Noiz kontsultatua: 2020-05-11).
  5. (Ingelesez) Rules. (Noiz kontsultatua: 2020-04-10).[Betiko hautsitako esteka]
  6. (Ingelesez) «Mission, Vision, Values» UCI (Noiz kontsultatua: 2020-04-13).
  7. (Ingelesez) «Under the hammer: Velon vs the UCI» Cyclist (Noiz kontsultatua: 2020-04-15).
  8. (Ingelesez) «A.S.O - Official website Amaury Sport Organisation» www.aso.fr (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
  9. (Ingelesez) BASIC SUMMARY OF CYCLE RACING RULES. Cairns Cycling Club.
  10. (Ingelesez) «The kings of one day racing | The ten greatest Classics riders of all time» Road Cycling UK (Noiz kontsultatua: 2020-04-19).

Kanpo estekak

aldatu