Domitila de Carvalho
Domitila Hormizinda Miranda de Carvalho (Travanca da Feira, 1871ko apirilaren 10a – Lisboa, 1966ko azaroaren 11) medikua, irakaslea, idazlea eta politikaria, Coimbrako Unibertsitatera joan zen lehen emakumea izan zen, eta han Matematikan, Medikuntzan eta Filosofian lizentziatu zen. Horrez gain, Portugalen hautatutako lehen hiru emakume diputatuetako bat ere izan zen, 1934an União Nacional erakunde politikoak Asanblea Nazionaleko lehen legegintzaldirako aukeratutako diputatuen zerrendan baitzegoen.[1] Poeta eta Lisboako Zientzia Akademiako kidea ere izan zen.
Domitila de Carvalho | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Travanca (en) , 1871ko apirilaren 10a | ||
Herrialdea | Portugal | ||
Heriotza | 1966ko azaroaren 11 (95 urte) | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | medikua eta politikaria |
Biografia
aldatuLehen urteak eta ikasketak
aldatuDomitila Hormizinda Miranda de Carvalho Travanca da Feiran (Aveiro) jaio zen. Aita lehen hezkuntzako irakasle zuen, baina Domitilak urtebete besterik ez zuela hil egin zen. Castelo Brancon egin zituen bere lehen ikasketak, eta bertako institutuan hasi zen bigarren hezkuntzako ikasketak egiten, geroago Bragança eta Leiriako institutuetan jarraitu eta 1891n amaitu zituenak.
Bigarren hezkuntza emaitza bikainekin amaituta, Domitilaren amak eta irakasleek Coimbrako Unibertsitateko Erretore Magnifikoari eskaria egin eta bertan 1772ko unibertsitate erreformaren ondoren onartu zuten lehen emakumea izatea lortu zuen, 1891eko urrian matrikulatua izanik. Errektoreak berak adierazi zuenez, onartzeko baldintza zuen beti modu urrian janztea, arropa beltzarekin eta kapela sotil batekin, gizonezko ikaskideen artean nabari ez zedin, haiek ere kapa eta botoidun sotanaz janztera behartuta baitzeuden. [2]
Matematika eta Filosofiako ikasketak hasi, eta 1894an eta 1895ean, hurrenez hurren, amaitu zituen emaitza bikainekin. Ondoren, Medikuntzan matrikulatu zen eta 1896ra arte Unibertsitateko ikasle bakarra izan zen. 1904an Medikuntzako doktoretza so arteko notarekin lortu zuenean, Orléãesko D. Amelia erregina izan zuen amabitxi. [3]
Ibilbide profesionala
aldatuUnibertsitateko ikasketak amaitu ondoren, praktika klinikoari ekin zion Lisboan, Tuberkulosoarentzako Laguntza Nazionaleko mediku gisa, baina laster irakasle finko izatea aukeratu zuen eta Liceu de D. Maria Pia-n, Portugalen emakumezkoentzat sortu zen bigarren hezkuntzako lehen ikastetxean, lan egin zuen. Ikastetxe horretan Ikastaro Orokorra baino ez zen ematen, beraz, Ikastaro Osagarria egin nahi zuten neskek gizonezkoen bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egin behar zuten matrikula. Matematika irakasgaia ematen hasi zenez, Domitila de Carvalho, Matematikan lizentziatu zen lehen emakume portugaldarra izateaz gain, gai horretako lehen emakume irakasle portugaldarra ere izan zen.
Matematikako irakaslea izateaz gain, 1906ko otsailaren 23an sortu zenetik 1912ko azarora arte, Liceu D. Maria Pia ikastetxearen errektorea izan zen. Erretiroa hartu zuen arte, matematika irakasten jarraitu zuen bigarren hezkuntzako eskola berean, 1917ko abenduaren 24an bigarren mailako eskola zentralaren kategoria jaso zuena, Liceu de Almeida Garrett izenarekin eta geroagao Liceu Maria Amália Vaz de Carvalho izenarekin.
D. Maria Pia Lizeoan hainbat irakasgai eman zituen, baina ikastetxeak Liceu Maria Amália Vaz Carvalho izena hartu zuenetik aurrera, Matematika irakasgaia baino ez zuen eman.
Idazlea
aldatuIrakasle eta mediku lanaz gain, idazteari ere ekin zion. Poema liburu batzuk argitaratu zituen, horietako bat Coimbran 1909an inprimatua eta Afonso Lopes Vieiraren hitzaurrearekin. Literatura eta hezkuntza gaiei buruzko hitzaldiak ere ematen zituen. Bere ospeari esker, Lisboako Zientzien Akademiako kide izendatua izan zen, eta baita Instrukzio Publikoko Goi Kontseilukoa ere. Portugalgo Catholic Doctors erakundeko eta Eliza Katolikoarekin eta ongintzako mugimenduekin lotutako hainbat erakundetako kide nabarmena ere izan zen. 1936an, Obra das Mães pela Educação Nacional ( OMEN ) erakundearen zuzendaritzako kide izendatu zuten.
Bere kolaborazioak Serões [4] aldizkarian (1901-1911) eta Mocidade Portuguesa Feminina: boletim mensal-ean[5] (1939-1947) aurki daitezke.
Politikaria
aldatu1931ko apirilaren 11n, Instrukzio Publikoaren Ordenaren Komendadore gradua eman zioten. [6]
1934an, União Nacional erakunde politikoak Estatu Novoaren Asanblea Nazional sortu berriaren I. Legegintzaldian diputatuetarako hautagaien zerrenda bakarrean parte hartzeko gonbidatu zituen hiru emakumeetako bat izan zen. Hauteskundeak 1934ko abenduan izan ziren, eta bi legealditan (1934-1938 eta 1938-1941), Maria Guardiola eta Maria Cândida Parreirarekin batera diputatua izan zen. 64 urte zituen Asanblea Nazionaleko diputatu kargua hartu zuenean .
Domitila de Carvalho, monarkikoa eta kontserbadorea izanik, hasieratik atxiki zitzaien Estatu Novoaren printzipio politiko-ideologikoei eta nabarmendu egin zen salazarismo jaioberriaren alde egin zuen emakumezkoen elite txikiaren artean. Monarkikoa zenez, Salazarren eta Amélia de Orleães erregina ohiaren arteko bitartekari lana egin zuen, harekin gutunen bitarteko harremana mantentzen baitzuen.
Inoiz ezkondu ez bazen ere, eta seme-alabarik izan ez arren, beti erakutsi zuen interes handia haurren eta familiaren arazoetan. 1936ko maiatzean "Komunismoa, haurren aurka" hitzaldia eman zuen. Hitzaldi hartan, familiaren hezkuntza-eginkizuna defendatu zuen eta "estatu kolektibistaren fanatismoa" gaitzetsi zuen, haurrak gurasoei lapurtzen baitzizkien. Asanblea Nazionalean haurren heriotza-tasa handiari buruz esku hartu zuen eta emakumeentzako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetan higiene orokorreko eta haurtzaindegiko derrigorrezko ikastaroak ezartzea lortu zuen. Carneiro Pacheco Hezkuntza ministroak (1936) zuzendutako hezkuntza-erreformari buruzko eztabaidan ere parte hartu zuen. Han, lehen eskoletan gurutzea derrigorrez jartzea defendatu zuen eta hezkuntza laikoaren aurka agertu zen, bere ustez, Europa liberala suntsitzen ari zen jaiotza faltaren erantzule baitzen. [7]
Argitaratutako lanak
aldatuDomitila de Carvalhok, besteak beste, honako lan hauek idatzi zituen:
- Para o alto . Porto: [sn], 1957.
- Maria Amalia Vaz de Carvalho. Lisboa: [sn], 1930.
- Versos. Coimbra: F. França Amado, 1909.
- Terra de amores. Coimbra: Coimbra ed., 1924.
- Lição às alunas do Liceu de Garrett, no 30.º dia do falecimento do Sr. Dr. Sidónio Paes. Lisboa: Oficinas Gráficas Editoras, 1919.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Domitila de Carvalho» artikulutik itzulia izan da, 2020-08-01 data duen 58924566 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2020-08-01 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ Flunser-Pimentel, Irene. História das organizações femininas do Estado Novo. Lisboa : Temas e Debates, 2001, 419. or.
- ↑ Samara, Maria Alice. Operárias e Burguesas. As Mulheres no Tempo da República. Lisboa : Esfera dos Livros, 2007.
- ↑ Remédios, Maria José, "Domitila Hormizinda de Carvalho" in Zília Osório de Castro & João Esteves (koordinatzaileak), Dicionário no Feminino. Lisboa: Livros Horizonte, 2005, 284-285. or.
- ↑ Rita Correia. (24 de Abril de 2012). Ficha histórica: Serões, Revista Mensal Ilustrada (1901-1911).. Hemeroteca Municipal de Lisboa.
- ↑ (Portugesez) Roldão, Helena. (2014). Ficha histórica: Mocidade Portuguesa Feminina : boletim mensal (1939-1947). Bibliotecas Municipais de Lisboa - Hemeroteca Municipal.
- ↑ Cidadãos Nacionais Agraciados com Ordens Portuguesas. Presidência da República Portuguesa.
- ↑ Nota biográfica de Domitila de Carvalho. historiaeciencia.weblog.com.pt..