Nothing Special   »   [go: up one dir, main page]

Baikorrix

Aquitanian god or godess

Baikorrix edo Baigorrix erromatar garaian Akitanian gurtzen zen jainkoa izan zen.

Baigoriso deo aldarea. Luishongo museoan, Sacaze bildumakoa
Baigoriso deo aldarea. Balestarren aurkitu zen eta gaur egun Luishongo museoan dago eta Sacaze bildumakoa da.

Inskripzioetan honela agertu izan da: Baigoriso deo, Baigorixo deo, Baicorixo deo eta deo Buaicorixe, Garona Garaiako aldareetan. Teonimoaren amaierako "O" hizkia, latinaren datiboa denez ( jainkoei eskaintzan zaien aldareetan ohikoa den kasua eta euskaraz Nori edo Norentzat galderei erantzuteko kasua litzatekeena, hau da, euskal datiboa edo destinatiboa), ulertu izan da absolutiboan (Nor, deklinaziorik gabe) Baikoris, Baigorix, Baicoix edo Buaicorix izango zela. Latinezko C, K soinua zuen. X letra, latinez ez zegon antzinako eusko-akitanierazko fonema bat idazteko erabili bide zuten.

Teonimoaren esanahia

aldatu

Hainbatek Baigorri eta Bigorra toponimoekin lotzen dituzte. Baigorri Ibai gorri hitzekin lotua izan da, eta zaila zaigu daturen faltan etimologia zuzena zehaztea. Bestalde, Bernardo Estornes Lasa eta beste zenbait ikerleen arabera, baliteke inskripzioetako etnonimoa behi gorri hitzekin zer ikusia izatea. Horrela balitz, interesgarria da kontuan hartzea erromatarren garaiko hilarrietan zezen edota behien irudiak usu azaltzen direla: Uxuen, Aibarren, Narbaxan, Artaxonan, Eslaban, Okarizen, Gastiainen... Ikerle batzuek zezenei edo behiei mantendutako antzinako gurtza ikusten dute abelgorrien irudi ugaritasun honen atzetik, eta bestalde, Zibeleren gurtzarekin erlazionatu da.

Dena den, Bernardo Estornesen proposamenak arazo bat du: "Deo" (jainko) hitzarekin agertzen da. Beraz, jainko maskulinoa da eta horrek zalantzan jartzen du lehen osagaiak (Baigorixo, Buaicorixe etab.), behiarekin lotzea.

Inskripzioak

aldatu

Euskal-akitanierazko teonimoak dituzten inskripzio hauetan agertzen da:

  • baigoriso / deo / Geminus E/dunnis f(ilius) / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito). Katalogazio identifikadoreak: CIL 13, 00162 = D[1] 04520a = CAG-31-02, 124 or. Secazeren katalogoko 214. zenbakidun idazkuna da, 267. orrian. Balestarren aurkitua (Erromatar garaiko Lugdunum Convenarum hiriaren lurraldean). Beste irakurketa batzuk izan ditu lehen lerroak: Baigorisco eta Baicorisco.
  • baigori/xo deo / Vernus / Serani / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito). Katalogazio identifikadoreak: CIL 13, 00092 (4, 2. or.) = D 04520 = CAG-31-02, 172. or. Huosen aurkitua.(Erromatar garaiko Lugdunum Convenarum hiriaren lurraldean). Secazeren katalogoko 210. zenbakidun idazkuna da, 263. orrian.
  • baicor[r]ixo deo / Hannaxus / Axionnis fil(ius) / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito). Katalogazio identifikadoreak: CIL 13, 00323 = CAG-31-02, 147 or. Cier-de-Luchonen udalerriko Montmajou herriko elizaren horman aurkitua. Secazeren katalogoko 344. zenbakidun idazkuna da, 424-425 orrietan. Sacazek Baicorrixo Deo irakurri zuen.
  • baicorixo / deo / c sev / ex voto. Katalogazio identifikadoreak: CIL 13, *00037 = CAG-64, 152 or. Oloroe-Donamarian aurkitua (Erromatar garaiko Iluro hiria).
  • deo buai/corix/e Andossu/s Piandos/sonni fil(ius) / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito). Katalogazio identifikadoreak: CIL 13, 00124 (4, 2. or.) = CAG-31-02, 176 or. Labarthe-Rivieren aurkitua (Erromatar garaiko Lugdunum Convenarum hiriaren lurraldean). Secazeren katalogoko 167. zenbakidun idazkuna da, 234-235 orrietan. Buaigorixe ere irakurri izan da.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Behigorri

Kanpo estekak

aldatu